Asier Agirresarobe / Muskilda Tellabide
Enkarterri kostaldeko Arena hondartzako aparkalekutik ekin diogu bizikleta ibilbideari. Mahai eta eserlekuz atondutako duna ingurutik igaro ondoren hondarretara jaitsi gara, bizikleta soinean, metro batzuk oinez egin eta metalezko zubitik Barbadun itsasadarra zeharkatu asmoz. Jende andana egon ohi da bertan uda partean, eguzkia hartzen eta paseatzen. Ez oso urrun baina, Petronor birfindegiaren biltegi erraldoiak eta sugarra darien hainbat tximinia erraldoi ageri da, paisaiaren edertasunarekin kontraste bortitza eginez.
Cobaron auzora burdinbidetik
Sorospeneko Andre Mariaren baseliza dugu ezkerreko muinoan, Pobeņa auzoa aurrealdean eta Cobaron auzora eramango gaituzten eskailerak eskuinaldean. Azken hauetatik gora jarraitu dugu, beste behin bizikleta soinean. Plano makurtuan egindako eskailera zaharrak, luze eta aldapatsu izanagatik ere, erraz igo ditugu, abiatu berritan sasoitsu baikaude. Behin goialdean, aise burutu dugu Cobaron meatzari auzora itsasertzeko trenbide zaharretik doan bi kilometrotako zatia. Zinez bide ikusgarria da, Kantauri itsasbazterreko amildegien ertzetik doa, lubakiak, flysch-ak, alga-biltokiak, aireko tranbiaren aztarnak eta ontziratoki zaharraren hondakinak diren burdinazko barra oker batzuk topatu ditugu zati horretan. Muskiz-Onton kostaldeko meatokiak zirela eta, 1877 aldera bi burdinbide txiki egin ziren inguru honetan eta 30eko hamarkadaren bukaera arte erabili ziren: El Hoyo meatokiak eta Ontoneko (Kantabria) portua lotzen zuena bata eta zeharkatu berri duguna, Mac Lennan edo Cobarongo burdinbidea.
Muņatones gaztelua setiatua
Hurrengo helburua Pobeņa izanik, bi aukera izan ditugu hara iristeko. Etorritako bide beretik itzuli, edo trafiko urriko errepidetik, gain bat igo eta jaitsi.
Behin Pobeņara iritsita, Bariko San Nikolas parrokia aurretik eta A-8 autopistaren azpitik pasatuta Muskizko San Julianera iritsi gara. Barbadun ibaia zeharkatu dugu berriro eta petrokimikaren ertzetik, Muskizko Arena hondartza eta San Juan lotzen dituen bidegorritik azken horretara iritsi gara. Hementxe dago Muņatones gaztelua eta Salazartarren gaztelua haren alboan. Baina Erdi Aroan, padurek inguratzen bazuten, egun Petronor findegi erraldoiak hiru aldetatik inguratzen du gaztelua, lantegi barruan baitago eta lantegiko bi sarrerak gainditu beharra dago haraino iristeko.
Galdames, meatze-burdinbiderik luzeena
Muskizko San Juan auzotik, Galdames eta Sopuertara doan errepidea hartu dugu kilometro eskasera Santelices industrigunera sartzeko bidegurutzeraino. Errepide estua eta zirkulazio dezente ibiltzen da, tentu handiz beraz. Errepide horretatik kilometro eta erdian aurrera segituz gero El Pobal burdinolara iritsiko ginateke.
Industrigunea ezkerrean utzi, El Campo auzoa pasatu eta asfaltodun bide estutik gora, Galdamesko burdinbidearekin egin dugu topo. Trenbide horretatik behera jarraitu dugu ondoren, lau bat kilometrotan Abanto-Zierbena udalerriko Gallartara iristeko.
Inguruko meatze-burdinbideetan luzeena zen Galdameskoa. 22 kilometroko ibilbide bihurgunetsuarekin, ibai-adarreko ezkerraldeko herriak (Sestao eta Portugalete) Enkarterrietako Atxuriagako meatzeekin (Galdames udalerria) lotzen zituen, Trianoko mendiak sigi-saga inguratuz. Bilbao River Cantabrian Railway konpainiak eraiki zuen bigarren karlistaldiaren ondoren (1876), burdingaia garraiatzeko. Baina burdin meatokiak, ez ziren nonbait hain aberatsak eta burdinbideak ez zuen arrakasta handirik eduki. Egoerari aurre egin ahal izateko, burdingaiaz gain, bidaiariak eramaten hasi zen, harik eta 1969an betiko itxi zuten arte.
Meatzeen museoa Gallartan
Behin Gallartako kaleetan, industrigunea eskuinean utzi eta Concha II burdin meatze-zulo ikusgarriaren ondotik, meatzeen museoraino hurbildu gara, izan ere, Triano mendietako meatoki aberats emankorren erdigunea, Somorrostro eta La Arboleda baziren, Gallarta zen inguru haren bihotza eta hantxe dago, bisitatzea merezi duen museoa. Burdin meatzeen, mea garbitzeko prozesuen eta garraio sistemen inguruan sakondu nahi izanez gero, museora hurbildu besterik ez duzue (Telefonoa: 94 636 36 32). Bestalde, herri honetan jaio zen, XIX. mendetik XX. mendera bitarteko urte zail haietan langile mugimenduaren buru nagusietakoa izan zen Dolores Ibarruri, "Pasionaria".
Portugaletetik abiatu, eta Ortuella eta Gallartatik pasaz, Muskizko Arena hondartzaraino doan bidegorria hartu dugu ibilbidearen azken zatia egiteko. Errepidepetik lehenik eta A-8 autopistapetik ondoren, Carcedo ibarrean behera, oinezkoentzat eta txirrindularientzat soilik den bidetik Arenako hondartzara heldu gara, nekatu samar, baina ikusi eta ezagututakoarekin aseta.