Ibaetako Foroak euskal preso politikoen eskubideak errespetatu eta bizi den prozesuan haien partehartzea aldarrikatu du. Aldi berean, urtarrilaren 7rako manifestazioa deitu du Bilbon sakabanaketaren aurka eta presoen eskubideen alde. Entzun behintzat, gero eta gehiago entzuten da presoek prozesuan parte hartzeko eskubideaz, nahiz eta ez dagoen argi hori nola gauzatu litekeen. Argi dagoena da bake prozesu desberdinetan funtsezkoa izan dela presoen parte hartzea. Irlandakoa da kasurik gertuenekoa, baina han haien parte hartzea funtsezkoa izan zen prozesuak aurrera egiten zuela irudikatzeko. Hemen ere, kolore oso desberdinetako eragile politiko garrantzitsuek behin baino gehiagotan adierazten ari diren bezala, presoekiko keinuren batek biziki lagunduko lioke prozesuaren sinesgarritasunari. Lizarra Garaziko garaian moduan, gaia gero eta garrantzi handiagoarekin agertzen ari da eszenatoki politikoan, nahiz eta oraindik ez duen sasoi hartako isla sozialik. Urtarrileko manifestazioak kalearen garrantzia ere azpimarratuko du.
Hilaren batean Lazkaon Azkar garraio enpresaren aurka egindako atentatuarekin ETAk garbi utzi du oraingoz bere azken hilabeteetako jarduera moldearekin jarraitzen duela. Aurtengoan gisa horretako 15 atentatutik gora egin ditu. Atentatuok eragiten dituzten gaitzespenak beste azpimarratzen da hildakorik ez eragiteko linean daudela. Baina halakoren batek nahi gabe eragin dezakeen balizko hildako batek ekar ditzakeen ondorio latzak ere azpimarratzen dira. Su-etenari buruzko zurrumurru eta ika-mikak bederen errotik mozten dituzte atentatu hauek. ETAren diru iturri garrantzitsuenetakoa bide da zerga iraultzailea deitzen duena eta fronteren batzuk itxita baditu ere, hori hor dagoela argi eta garbi adierazten die berak mehatxatutako eragile ekonomikoei.
ETA eta Gobernuaren arteko mahaia martxan ari dela eta hala segituko duela adierazi berri du ETBko elkarrizketa batean Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak. Pentsatzekoa da halakorik esateko izango duela arrazoirik, nahiz eta hauek ez aireratu. Alderdien mahaiari dagokionez, ostera, honen eraketa korapilatsuago ikusten du. PSE-EEk ere dagoeneko ez du inon adierazten ez duela honetan parte hartuko, iradokitzen du baietz, han izango dela, baina aldez aurretik eduki baldintzarik ez bada; nagusiki subjektuaren erabaki ahalmenari buruzko baldintzei egiten die erreferentzia. Eta garbi iradokitzen du ETAren su-eten barik ez dela inongo mahaian eseriko. Jeltzaleen barrenak ondo ezagutzen dituen Izaronewseko Juan de Etxanok, aldiz, EAJk 2006ko lehen hiru hilabeteetarako gertakizun garrantzitsua espero duela idatzi du. Ibarretxe lehendakariak, Madrileko mahaiari baino bertako mahaiari begiratu behar zaiola iradoki du bere ibilbidea hasi berri duen Martin Ugalde Foroan. Europako Legebiltzarrean, bestalde, laguntza eskatu du Hitzarmenerako Mahaiak eta emaitza ez da txarra izan mugitu duen europarlamentarien kopurua eta izaera ikusita. Jose Borrell ganbarako lehendakari espainiarrak bitartekaritza kontuetan ez dela sartuko adierazi du, baina Europako Batzordeko Segurtasun, Askatasun eta Justizia komisario Franco Frattiniren esanetan, Espainiako Gobernuak onartuz gero, bitartekaritza lana egin dezake Europako Batasunak.
Mikel Asurmendi
Bake prozesuan laguntzaile izan nahi duzuela esan duzu Berrian. Irudi luke Aralar ez dela lehen mailako alderdia.
Guk geure burua beste alderdien aldean maila berean daukagu, baina bake prozesuan, eta oso logikoa da, gure eginkizuna beste bat da, ez dugu besteek duten protagonismoa eta ez dugu hartu nahi ere.
Prozesuan alderdien mahaia ahalik eta arinen eratzea beharrezkoa ikusten duzue. Alderdi guztiek, antza, ez dute hori berdin ikusten.
Zenbat bider aipatu dugu une historiko batean gaudela? Ordea, azkenean une historiko hori ez da historikoa izan, une galdutakoa izan da edo gaizki erabilia behintzat. Alde horretatik luzamenduetan ibiltzeak ez du ezer onik ekarriko. Ekartzekotan, gura edo gura barik, prozesua bertan behera gelditzea ekar lezake. Guk bakoitzak bere erantzukizuna hartu behar duela eta prozesua sendotzen hasi beharra dagoela diogu, eta horretarako, zenbat eta arinen ibili hobe.
ETAk dagoeneko su-etena erabakia zuela esan zenuen orain aste batzuk. Hori iskanbila! Zer balorazio egin duzu gertatuaz?
Hori gure alderdiaren batzarraren aurkezpenean esan nuen, beraz, bere testuinguruan ulertu behar da. Aralarrek etorkizunerako planteamenduan "Euskal Herriko agertoki politikoa indarkeriarik gabekoa dela" dio. Kazetari batek "ea agertoki politikoa nola ikusten genuen" galdetu zigun eta egungo testuinguru horretan, gure kalkuluetatik «ETAk su-etenaren erabakia dagoeneko hartu duela» adierazi genuen. Eta horretan geratzen da dena. Guk ez dugu esan su-etena datorren astean, hilabetean edo udaberrian indarrean izango dela. Baldin eta batzuek esaten duten bezala alderdien mahaia 2006rako osatuko bada, une politiko honek, nahitaez, indarkeriaren desagerpena ekarriko duela diogu guk. Norbaitek alderdien mahaia su-eten barik osa daitekeela pentsatzen badu oker dabil.
Ondoren ETAren agiria heldu da. Nazioarteari euskal gatazkaren konponbidean esku hartzeko eskatu dio ETAk. Zer balorazio egiten duzu?
Gure ustez nazioartearen esku hartzeak azken fasean etorri behar du, lor daitekeen akordioaren bermatzaile bezala. Parte hartzekotan, nazioartearen esku hartzeak horrela izan behar du. Baina horretara ailegatzeko urratsak, gatazkan parte aktibo eta zuzena dutenek eman behar dituzte. Ezin dena da, norberak etxeko lanik egin ez eta besteei lanak egitea eskatu. Alde horretatik, ondo legoke bai ETAk bai Madrilgo Gobernuaren aldetik urratsak ematea prozesuan aurrera egiteko. Nazioarteko laguntza edo esku hartzea orduan etorriko da, etorri behar badu.
Espainiako Gobernua PSOEren esku izaki, nola ikusten duzu PSOE?
Espainiako Gobernua gatazkaren irtenbide bila ari dela dirudi. Besterik da PSOEren barruan dauden ezberdintasunak eta tirabirak. PP bien artean dago nolabait, eta esparru guztietan oso gogor ari da. PPren estrategia sendotasun itxura ematea da. Bien bitartean, PSOEk Kataluniako Estatut-aren prozesuari eta hezkuntza legearen erreformari ekin nahi die, besteak beste, eta lanak ditu eurei eusten.
18/98 kasuko epaiketa burutzen ari da. Auzi honek zein neurrian jar dezake kolokan balizko bake prozesua?
Epaiketa honek ez dio bake prozesuari mesederik egiten eta horrek agerian uzten du prozesamendu mota hauen arriskua. Judizialak bezala agertu nahi dituzten arren, prozesu hauek politikoak dira erabat, Auzitegi Nazionalak bultzatuak. Espainiako Gobernuak prozesua indargabetu beharko luke lehenbailehen.
Datorren urterako aurrekontuak lantzen ari zarete Eusko Legebiltzarrean. Zein da Aralarren jarrera?
Eusko Jaurlaritzarekin berbetan ari gara. Gure abiapuntua osoko zuzenketak ez egitea da, zuzenketa zehatz asko egingo dugu ostera. Zentzu horretan Ibarretxeren inbestidura saioan [Aralarrek ezezko botoa eman zuen] esan genuena mantentzen dugu, Aralarren botoa gura duenak gure planteamendu batzuk bere egin behar ditu.
Zein arloko zuzenketak egingo dituzue?
Guk errealismo politikoa egin gura dugu. Eusko Legebiltzarrean gure indarra zein den ezagutzen dugu eta alde horretatik gure asmoa oso argia da: esparru estrategikoetan eragiten ahaleginduko gara. Guretzat, arlorik arlo, euskararen arloa ardatza da, oso garrantzizkoa da, baita arlo soziala ere. Gure indarraren arabera bereziki bi eremu horietan eragin gura dugu eta gure babesa gura duenak aldaketak onartu beharko ditu.
Nafarroara joanez, Aralarrek zeinekin du arazo gehiago EArekin edo Batasunarekin?
Nafarroan Batasunak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek duten arazoa UPN da. Hiruron arazoa UPN da, UPNren Gobernua, euskalduntasunaren aurkako bortizkeria eta hitz batez bere politikaren eragin atzerakoia.
2007ko hauteskundeetan Nafarroa Bai izango al da abertzale guztien aukera?
Nafarroa Bai 2003ko hauteskundeetan aurkeztu zen plataforma da, Madrilgo Parlamentuan abertzaleen ordezkaritza izateko helburu zuen, baita abertzaleon aspaldiko asmoa bete ere. Nafarroa Bai-k Espainian barrena ez zegoen Nafarroaren beste irudia zabaldu du, bere asmo eta helburu politikoak bere batzarraren bidez erabakitzen dira. Esaterako, Estatuko aurrekontuetan abstenitu egin izana batzarrean hartutako erabakia da. EAJ eta EAk aurrekontuak babestu nahi zituzten, Batzarrek eta Aralarrek ostera, ez. Nafarroa Bai aurreko hauteskundetarako eratu zen, 2007ko hauteskundeetarako Nafarroa Bai egin barik dago: nola egituratuko den, zerrendak nola egingo diren, udalerrietan aurkeztuko ote den edo ez erabakitzeke dago. Bere programa egin barik dago eta horregatik uneon hauxe esan dezakeguna: UPN da guztion arazoa, beraz saia gaitezen UPN oposiziora eramaten.
Alternatiba izan dadin PSNren jarrera funtsezkoa da, baita Batasuna hauteskundeetan parte hartzea ere. Nafarroa Bain agian?
Hauteskundeetan Batasuna egongo balitz hobe, eta Nafarroa Baik Batasuna barne balu askoz hobeto. Aralar poztuko litzateke, horrek ekarriko bailuke Nafarroa Bairen baitan ezkerreko independentistak indartsuagoak izatea.
Iparraldea hizpide azkenik. Posible ikusten al duzu alderdien arteko elkarrizketa mahaiak hiru lurraldeetan osatzea?
Ikusten al duzu UDF mahai politiko batean Euskal Herriko gatazka politikoa konpontze aldera? Hau da, lehenik eta behin urratsak Hegoaldean eman behar dira, eta gero mahaia edo mahaiak osatuko dira. Nazio Eztabaidaguneak bere planteamendua du, Eginoko mahaiak beste bat eta Ibarretxek berea izango du. EAEn mahaia osa daitekeela ematen du, Nafarroan Aralarrek ahalegina egingo du eta Iparraldean besterik da. Tira, alderdien mahaian eseri gura dutenak eseriko dira finean, eta mahaiak aurrera egingo du parte hartu gura dutenekin. Zenbat mahai izango den ez da oraindik erraz antzematen.
Iparraldean EAJ, EA eta Batasuna alderdiak daude. Aralar ez. AB al da zuen alderdi kidekoa?
Guk ez dugu zalantzarik, bake prozesuaren barruan Iparraldean alderdien mahaia osatuko balitz Aralarren ahotsik ez litzateke egongo. Lan hori Iparraldeko ezker abertzalearen bilgune den ABrena litzateke. Aralarrek ezkerreko proiektu politikoa gauzatu nahi du, eta besteak beste, ez du abangoardiaren rola onartzen. Aralarren jardun esparrua Hegoaldea da eta ABrena Iparraldea. Alderdi biek uztartze lan politikoa aurrera eramateko planteamendu politikoetan bat eginez gero aurrera egingo dugu, hori da lehen premisa. Lan horretan ari gara, maila bereko alderdiak izanik, are eguneroko diren esparruetan eta zereginetan ari gara lanean, biok horrela gura dugunean.
Zihara Enbeita
Kataluniako Generalitateak eta 19 udalek katalanaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko Hizkuntzaren Normalkuntzarako Patzuergoa sortu zuten 1989an. Gaur egun Generalitateak berak, 81 udalek, 37 consells comarcals-ek eta Girona, Lleida eta Tarragonako diputazioek osatzen dute. Patzuergoak era deszentralizatuan egiten du lan, 22 zentroren bitartez. Hauetako bat da Vic-ekoa. Vic Bartzelonatik 60 kilometrotara dago, Osona eskualdean. 60-70 hamarkadetan Espainiako Estatuko etorkin gutxi joan ziren Osonara, baina gaur egun asko dira kanpotik datozenak. Vic-en, adibidez, 30.000 biztanle inguru bizi ziren bere garaian eta orain 40.000 bat izango dira. Iazko abenduan %22 etorkinak ziren Vic-en. Momentu honetan %40a dira. Manlleu herriak, bestetik, 15.000 bizilagun zituen eta orain 20.000 ditu.
Ez da harritzekoa beraz, Voluntaris per la llengua ekimenaren helburua etorkinek katalana ikastea eta herrian integratzea, biak izatea. Helburu horrekin sortu dira hizkuntza bikoteak. Katalana ikasten ari den bat eta katalanez badakien beste bat elkartzen dituzte. Azken hau non jaio den kontuan hartu gabe. Helburua elkarrekin katalanez mintzatzea da.
Bi xede nagusi ditu egitasmo honek. Alde batetik, katalana komunikazio hizkuntza bihurtzea, eta hizkuntza hori erabiltzea, bertakoen eta etorkinen artean. Eta beste aldetik, parte-hartzaileen arteko elkar-ezagutza. Ez hori bakarrik, etorkinen hitz-jarioa hobetzea ere bada helburua edota ingurunea ezagutzea: toki-izenak, kale-izenak...
Parte hartzen dutenek hartu beharreko konpromisoak hiru dira: beti katalanez hitz egitea, astean behin elkartzea eta zuzenketarik ez egitea. Ikasleek beraiek eskatu ezean zuzenketarik ez egiteko eskatzen dute arduradunek eta zuzentzekotan ere, sotilki.
Hizkuntza bikoteak osatzerakoan, ordutegien bateragarritasunaz gainera, adina, ikasketak, sexua eta zaletasunak hartzen dituzte kontuan. Orokorrean bikoteak dira, baina noizbehinka hirunaka -bertako bi ikasle batekin- edota taldeka ere biltzen dira.
Voluntaris per la llenguak abesbatza, antzerki taldea zein zenbait irteera ere antolatu ditu hizkuntza bikoteek parte hartzeko.
Daniel Udalaitz
Munduko Merkataritza Erakundeak, 48 herrialde biltzen dituen organismoak, berebiziko desafioa dauka: goi-bileran ardatz izango duen funtsezko arazoak -nekazaritzaren munduko merkataritza liberalizatzeari buruzko negoziazioa, alegia-, behin eta berriro egin du porrot, herrialde aberatsak eta pobreak ez datozelako bat. Herrialde aberatsek, Amerikako Estatu Batuak buru direla, baldintza "liberalizatzaileak" ezarri nahi dizkiete herrialde pobreei, baina, bien bitartean, berek, hain liberalak direnek, tinko eutsi nahi diote protekzionismo propioari, milaka milioi dolarren kontura, beren merkataritzako interesak kaltetu ez daitezen. Doha-ko Garapenerako Agendaz geroztik, 2001etik, herrialde aberatsek behin eta berriro agindu dute neurri praktikoak jarriko dituztela abian, globalizazioaren etekinak zintzoago banatzeko. Baina data horretatik aurrera ere lehengoan iraun du arazo nagusiak: traba berek galarazten dute barruko merkataritza lehen eta orain, nekazaritzako subsidioak (protekzionismoa) gorantz doaz eta herrialde aberatsak beren arauak ("liberalizatzaileak") ezartzen ahalegintzen dira inbertsioetan, zerbitzuetan eta jabetza intelektualean, munduko ezberdintasuna areagotzeko zorian jarriz.
MMEren porrotak
MMEko kideek uste dute 2006. urterako amaituko dituztela negoziazioak. Horregatik, abenduko Hong Kongeko Gobernu goi-bilera gune erabakigarria dela uste dute lau urteko negoziazio alferrik galduetan onerako bira egiteko. MMEren Cancungo Gobernu goi-bikeraren kolapsoaz geroztik, AEBak eta Europako Batasuna merkataritzari buruzko elkarrizketa etenak berpizten saiatu dira, Doha-ko Garapenerako Agenda entzutetsua inbokatuz. Garabideko herrialdeek, Cancúnen, kezka zehatzak azaldu zituzten nekazaritzako merkataritzari buruz. Besteak beste, Estatu Batuen eta Europako Batasunaren tarifak murrizteko formula izan zuten aipagai, eta herrialde horien esportazioei subsidioak kentzeko nahi eskasa ere azpimarratu zuten. Bada, oraingoz, ez da agertu orduko kezkei erantzungo dien proposamen benetakorik, eta erakunde horien "egingo dugu" promesa errepikatuak dirau indarrean.
Joan den uztailean, MME erakundeak beste goi-bilera bat egin zuen Txinako Dalianen. Brasil, India eta Txina herrialdeek, besteak beste, baztertu egin zituzten Estatu Batuek eta Europako Batasunak tarifak murrizteko eta merkaturatzeko planteatzen zituzten eskakizunak. Nekazaritzan produkzio handia duten herrialde horiek galarazi zuten Estatu Batuak, Europako Batasuna eta nekazaritza liberalizatzetik etekina ateratzen duten korporazio multinazionalak planetako milioika lagunen kontura onura zitezen. Europako Batasuneko arduradunak oso kezkati daude. Meter Mandelson Europako Merkataritzako Komisarioak honela idatzi zuen Madrilgo El País egunkarian (urriak 2): «...funtsezkoak dira MMEren abenduko Hong Kongeko Gobernu goi-bilerarako falta diren asteak. Hong Kongen hitzartu beharra daukagu behin betiko akordiorako jardun-esparrua». Ez da samurra izango akordioa!
Plan alternatiboa
Herrialde pobreetako eta garabideko herrialdeetako erakunde sozial, politiko eta sindikal ugari ari dira mobilizatzen. Negoziazioa eta eztabaida MMEtik kanpo ateratzeko eskatzen dute, ezen, beren iritziz, multinazionalen interes komertzial korporatiboen esanera dago erakunde hori. Egokiago ikusten dute beste foro multilateral batzuk aprobetxatzea, hala nola Merkataritzari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzia (UNCTAD), Elikadurarako eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO) eta Nazio Batuen Ingurumenerako Programa (NBIP/UNEP).
MMEren goi-bilera dela eta segidako testua dator munduko 35 erakundek izenpetu duten nazioarteko manifestuan: «Nekazaritzari buruzko eztabaidak Herrien Subiranotasun Alimentarioa izan behar du ardatz, merkataritza alde batera utzita. Laborantza da munduko herri gehienen enplegu-iturri handiena; batik bat, garabideko herrialdeetan. Ezin da izan gutxiengo baten irabaz-asmoen gatibu. Funtsezkoa da gobernuek esku hartzea, elikatzeko segurtasuna, enplegu duina, osasuna eta ingurumenari buruzko begirunea bermatzeko». Gobernuen esku hartzeaz ari direla, gaineratzen dute ezen beste alderdi hauek ere bermatu behar dituela: baserritarrek eta laborari eta arrantzale txikiek lurra, haziak, ura, kreditua eta teknologia bezalako produkzioko baliabideak erdiesteko modua izatea; inportazioen kontrola, barruko prezioak produkzioko kostuak estaltzeko moduan egonkor daitezen; produkzioaren kontrola, soberako produkzioa eta dumpinga galarazteko; oinarrizko produktuei buruzko akordio nazioartekoak eta neurri nazional osagarriak, eskaintza kontrolatzeko eta kafea, kotoia... bezalako esportazioko laborantzan aritzen diren laborari-produktoreei prezio juxtuak bermatzeko; laguntza publikoa, baserritarren eta laborari txikien produzitzeko eta merkaturatzeko sistemak indartzeko eta hobetzeko...
Manifestuan jasotzen denez, MMEko oraingo negoziazioek dilema faltsuen bidetik daramate mundua. Nahiz eta kontu argia izan garabideko herrialdeek, herrialde aberatsekin eta garatuekin konparatuta, ezberdintasunezko eta desabantailazko posizioan negoziatzen dutela, gorabehera hori bezain argia da garabideko herrialdeek gaur egun boterezko desorekak konpontzeko egiten dituzten proposamenek ez dietela babesik ematen beren herrialdeetako laborari txikiei, arrantzaleei, langileei eta ekonomikoki ahulenak diren komunitateei. Estatu Batuei eta Europako Batasunari eskatzen diete utz ditzatela presiozko eta oldarrezko taktikak, horien bitartez bermatu nahi baitizkiete enpresa multinazionalei nekazaritzaren kontrola eta munduko produkzioa.