Aurelia Arkotxa
Platonek, Timeoren sarreran eta Kritiasen, narratzen digu nola duela 9.000 urte Atenasko ziutate zahar paregabeak lur atlantiarrak irabazi zituen eta nola gero urak estali zituen Atlantida irlako errege eta jendeak. Erran dezagun berehala, gaurko zenbait iluminatuk atlantiar jendez kondatzen dituzten bitxikeriek ez dutela Platonek kondatzen duenarekin deus ikustekorik. Mitoa modernoa da. Platon Atenasen bi irudiez ari baitzaigu bakarrik. Bata, jainkoen gomendioak segituz bizi zen Atenas idealaz (Atenas arkaikoa) eta printzipio jainkotiarrak bazterrera utziz neurria galdu zuen Atenas inperialistaz (Atlantida). Platonen panfleto bat dugu hor 355 urte inguru Kristo aitzin idatzia, Atenasek azken hamarkadetako gerletan itsasoko armada xehatua zuelarik, inperioa hiltzorian zegoelarik. Atenasek itsasoari esker zabaldu eta gauzatu zituen anbizio beliko eta komertzial neurrigabekoak kritikatzen ditu Platonek. Berak hautuak eginak ditu: Poseidonen erreinua den Atlantida ez daiteke segurua izan itsasoa aldakorra delakotz, urak lehor handienak desagertu ditzakeelakotz. Platonek hautatzen duen Atenas ideala lurrari so dagoena da, ez itsasoari.
Ordea, Platonek Kritias edo Atlantikos narrazioan Atlantida uharteaz egiten duen deskripzio geografikoa utz dezagun bertzaldi bateko eta gaurkoz bi narrazioetan den gai nagusiaz ari gaitezen: memoriaz. Kritias pertsonaiaren ahoan Platonek ezarri duen Atenas ziutate arkaikoaren historia -eta Atlantidaren desagertzea- oroimenaren fruitu baita. Kritiasek hamar urtetan haren aitatxi zen Kritias zaharrarengandik entzun zuen kondaira, azken honek bere aita zuen Dropidesengandik errezebitua zuen, honek berriz adiskidea zuen Solon poetarengandik, azken honek Egipton egin zuen egonaldian hango apaizengandik jakina... Eta Egiptoko Sais hiriko apaizek beren tenploetan idatzi zituztelakotz duela 9.000 urte, Atenas eta Atlantidako irlaren artean izan ziren gertakari izugarriak memorian zainduak izan ziren.
Gertatu izan direnak gazteei zaharrek kondatu behar dizkiela eta denez gain, idatzi behar direla, eta ez dela Solon poeta bezala egon behar: zekien guztia bere poesietan idatzi gabe. Hori dio Platonek. Bertzenaz, memoria galtzen dela betikotz, denbora iragaten delakotz eta jendeak hiltzen direlakotz. Populu zuhurrenak historiaren zentzua zaintzen jakin dutenak direla, Egiptoko tenpluetan bezala nonbait idatziz. Memoria galtzen duena beti dela gazte. Baina ez zait iduritzen Soloni Egiptoko apaiz zahar-zahar hark ironikoki erran ziona gaur behar den bezala ulertzen dugula: "Ai Solon, Solon, zuek greziarrak haurrak zarete: greziarra sekulan ez da zahar! Arimaz gazteak zarete, ohitura zaharretik datorkizuen iritzi zaharrik eta denborak urdinarazi duen zientziarik ez baituzue". Gure garaietan, gazteak beti dira berritzaileak, eta zahartzen direlarik zakar ontzietara bezala botaz ahazten baitira, existitu ez balira bezala. Berdin eginen dugu behar bada bihar bizi izan ditugun sarraskiak zahartzen ari diren arabera, gutiago aipatuz, eta azkenean batere ez aipatuz: 1914-18ko Mundu Gerlako karnizeria, 1936-39ko gerla zibila espantagarria, bigarren gerla mundialeko nazien gas-ganbarak, haien esperientzia medikalak, Francoren diktatura... Beti gazte bizi nahi duen humanitateak ez baitu oroitzarik behar.
Eta pasan, hemen garenez, gogoraraz dezagun Platonen hiri demokratikoan emazteak gizonen berdinak direla. Atenas arkaiko idealaz ari delarik, Kritias pertsonaiak dio ziutate hartan emazteen izenak eta haiek antzinako garaietan egin zituzten ekintza aipagarriak altxatzen eta gogorarazten zituztela, gizonenak egiten zituzten bezala, Atena jainkosa zuhurraren itxura gerlariaren ikustea aski zela: "Eta gainera, jainkosaren harrizko itxurak irakasten digu bizi diren izaki guztietan espezie berdinetako arrak eta emeak izatez berdin kapable direla..." (Kritias edo Alantikos). Lehenago, eta ere Errepublikan, Atenas arkaikoa gogoan duela, hezkuntza aldatu behar dela dio Sokrates pertsonaiak Timeori: "Eta, emazteen hezkuntzaz, gogorarazi dugu -bezperan, Sokrates, Timeo, Hermokrates eta Kritias lagunek ukan duten solasaldian- haien izatea gizonenarekin harmonian ezarri behar dela, gizonena bezalatsu bilakarazi arte haien izatea, eta emazte guztiei gizonei ematen zaizkien okupazio berberak eman behar zaizkiela, izan dadin gerlarako, ala bertze edozeinendako" (Timeo).
Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)
Azkeneko hilabeteotan asko hitz egin da nazioaz eta naziotasunaz, eta esaten diren iritzi guztiz kontrajarriak ikusita, oso modu positiboan baloratu behar da horretaz eztabaidan hastea, zer azaldu eta zer adostu egon badagoela erakusten du-eta. Iritzi kontrajarri horien artean, bi agertu nahi ditut: nazio kontzeptua botere politikotik at ikustea; eta botere politikoari guztiz lotuta ikustea.
Lehenengo iritzia Espainiako Alderdi Sozialistari entzun diogu azken aldi honetan, eta egia esan, mezua ez da batere argia. Alde batetik, nazio izatea edo ez euskal herritarrek itaunketa baten bidez erabaki dezaketen auzi bat da; eskubide kolektibo helgarri bat, beraz. Hala ere, eskubide hori guztiz mugatuta geratzen da alderdi berak botere politiko iturri bakarra Espainiako Konstituzioak markatzen duela adierazten duenean. Baina estatu posible bakarra Espainia bada, eta botere bakarra Espainiarena bada, zertarako balio du, orduan, nazio izateak?
Horrela planteatuta, naziotasunak gehiago ematen du eskubide pertsonala -norberaren autoidentifikazio nazionalari dagokiona-, eskubide kolektiboa baino. Baina eskubide indibiduala bada, zer zentzu dauka gai horretaz kontsultarik egiteak? Nazioa maila horretara mugatzea aukera bat da, baina orain arteko tradizioak nazioa botere politikoari lotzen dio, maila batean edo bestean, eta horixe izan da, hain zuzen ere, nazioa dela eta horrenbesteko liskar egon izana azkeneko mendeotan. Konponbidetzat aurkeztu nahi den irtenbide honek, horrela, ez luke azpiko arazoa konponduko.
Bigarren iritzia, bestalde, Unibertsitateko irakasle batzuek (Elkarbide izeneko taldeak) plazaratu dute urrian, Gara eta Berria egunkarietan ateratako artikulu batean. Besteak beste, nazioa instituzio botereari loturik ikusten dute. Hau da, euskal naziorik ez dago alderdi abertzaleek hauteskunde gehiengoa eskuratu arte. Nazio izatea ez litzateke gauza subjektiboa, herritarraren identifikazio sentimenduari dagokiona, objektiboa baizik, jokaleku politikoan irabazten dena. Horrek, haatik, arazo bat baino gehiago planteatzen du. Nazioa hauteskunde garaipenaren ondoren eraikitzen bada, zer dago garaipen hori lortu bitartean? Hau da, zergatik sortzen dira alderdi nazionalistak, eta zer defendatzen dute?
Nazioaren ikuskera horrek eraikitako nazio-estatu historikoentzat balio dezake, horiek -Espainiak hala nola Frantziak- lehenago estatua, eta gero nazioa osatu baitzuten, baina horren ondoren, hainbat estaturik gabeko nazionalismo sortu da, eta horiek denek nazio bat errebindikatu izan dute. Argudia daiteke botere politikorik gabeko nazionalismo horiek defendatzen duten lurraldeari ezin zaiola nazio kontzeptua atxikitu, baina inkestek eta eguneroko hainbat iruzkinek argi uzten dute jende batek zinez sentitzen duela nazio bateko kide dela. Nola senti daiteke existitzen ez den gauza bat?
Lehenengo iritzian, beraz, nazioa botere politikotik aparte dago, eta bigarrenean lotuta. Nik, ordea, ez dut uste nazioa sentimendu hutsa denik, ezta botere politiko mailaren ondorio bat ere. Arrazoi desberdinak direla eta, intelektual bat edo batzuek nazioa teorizatzen dute, eta beharrezko ikusten dute botere politikoa eskuratzea nazio horren geroa bermatu ahal izateko. Hortik arrakasta desberdineko mugimendu politikoak sortzen dira, eta nazio sentimendua lantzen da. Momentu horretan, dagoeneko, nazioa eraikita egongo litzateke, baina nazionalista ez da konformatzen sentimenduarekin, bere helburua botere politikoa da-eta. Eta horri ekingo dio, nazioa etengabe eraikiz eta iraunaraziz, botere politikoaren bila.
Ramon Ibeas
Badaude zenbait biolentzia, adibidez, joan deneko asteetan Frantziako hiri handietan gertatu dena, bere dimentsio mediatiko nahiz irrazionalagatik, gizarte ezberdinak harritu eta jendeari ardura diguna. Baliteke arrazoia, agian, edozein unetan eragin gaitzaketen biolentziak izan daitezkeen ustetan egotea, batetik bereizi gabeko erasoak eta biktimak hautatzen ez dituzten erasoak direlako, eta bestetik, gizarte-bizikidetza ezegonkortzeko gaitasuna dutelako.
Baina, honek guztiak ez gaitu itsutu behar. Beste zenbait biolentzia ere gure gizartean barneratzen ari dira, non zenbaitzuk biolentzia estrukturalak bihurtzen ari diren, hala nola, lan istripuen biolentzia, emakumeenganako biolentzia, eta askotan gizakiok eragiten dugun inongo arrazoirik gabeko biolentzia. Azken kasu honekin lotuta gogoratzen dut neskatxa baten kasua, Madrilgo metroko trenbidera bota zutena. Honen ondorioz, bi hanka galdu zituen eta erasotzailea, atxilotu ondoren, ekintza hori justifikatu zuen, hori egiteko gaitasuna bere buru adoretsuari egotzi zion. Alegia, finean, berea auto-estimu arazoa zen. Bere buruari Jainkoa izateko gai dela demostratzeko beharra zuen, hots, besteen bizitza eta heriotzaren jabe zela. Agian, errekonozituak izatearen beharra, kontuan izatearen beharra, giza-beharra izan daiteke, eta horregatik jarrera exhibizionista zatekeen, baina hortik ezin daiteke justifikatu, Mark Chapman-ek esan zuen bezala, John Lennon-en hiltzailea izatea famatua izateko modu bat dela.
Orain dela hilabete bat gutxi gorabehera, Bakion eraildako Aintzane Garai izan genuen denok ahotan, orain Donostiako bortxaketa, gero auskalo zer! Kasuak auzitegian daude, ez naiz horretan sartuko, baina bigarren erreflexioa planteatzeko balio didate emakumeenganako biolentziaren inguruan.
Aitortu behar da gai honetan gauzak asko aldatu direla, batez ere jadanik ez delako arazo pribatu bat, gizarte arazoa bihurtu da, baita gizarteak horrela onartu ere. Erasotzailea estigmatizatuta dago, hala ere, hori ere ez da nahikoa zeren eta ez du eragozten biolentzia errepikatzea berriz ere.
Azken biolentzia honetan, merkataritzarekin zer ikusi handia duten jokabideak daude. Bi aldeen adostasuna eskatzen duen harremanetan nahaste moduko bat dago, zeinetan ahulena indartsuenaren ondasun bihurtzen den, gehienetan emakumeak babes gabeko egoeran geratzen direlarik, zenbaitetan heriotzara iritsiz, zehatzago izatearren, hilketara.
Eta oraindik hirugarren elementu bat geratzen zaigu. Lan istripuen hilketak suposatzen duen biolentzia estrukturala. Ez ditut erailketatzat kalifikatuko, sindikatu bateko buruzagi batek egin duen bezala, ez dira, baina askotan langilearen bizitza arriskuan jartzen da etekin ekonomikoaren alde. Granadako zubi handiaren eraikuntzan izandako istripuaz hitz egiten da azken aldian, bere dimentsioarengatik, hildakoen kopuru eta ekintzaren ikusgarritasunagatik, egunkarietan edota hedabideetan azaldu delako, baina gaitz edo orban hau uste baino gehiagotan gertatzen da.
Biolentzia egoerak zenbatzen segi genezake, mobinga, bullinga eta abar. Beren soluzioa ez da erraza, hezkuntzarekin zerikusi handia dute, giza harremanekin, erlazio ekonomikoekin. Benetan aitortu behar dizuet: ez dut -Zapaterok bezala- zortzi soluziobide zintzo, ezin dut konponbidea ekar dezakeen formula magikoa eskaini, esan dezakedan gauza bakarra da, biolentzia horiek guztiak ere presente daudela eta beraien aurrean ezin ditugula besoak gurutzatu.
Igor Elortza
Gasteizen izan ginen duela pare bat hilabete, urriaren 8an, Gaztetxearen aldeko egunean. Aspaldian jaia eta aldarrikapena batuz egin den ekimen ederrenean parte hartzeaz harro. Etxea defendatzeko, kalea hartu. Erantzun ezin hobea, udalak auzokideei zerbitzuak hobetzeko mozorropean Gaztetxeari enegarrenez egin dion mehatxuari eman zitzaiona. Alde zahar osoa gotorleku bihurtu Muinoko Etxea zaintzeko. Lau gune ezberdin, egun osoko egitaraua denetariko jendearentzat, jana, edana... Eguraldiak ere lagundu egin zuen, eta, biak izan ziren arrakastatsuak. Aldarrikapena eta jaia.
Penaz baina alde egin beharra izan nuen, Gamarrako errotondan ziaboga hartzeko gogoak eman arren, Akordan nire zain zeuden-eta. Baina zergatik ukatu, nostalgiko jarri nintzen, ikasle egunak eta estudiante gauak gogoan. Eta ez dakit hantxe ez ote nintzen konturatu beteak ditudala hogeita hamar. Aspaldi ikusi bako lagun batzuk agurtu; nire garaian gasteiztartutako bizkaitar, nafar eta giputzak zelan dabiltzan jakin; lehengo tabernetan betiko zerbeza edan... Baliteke, beraz, kotxean nirekin ekarri nituen burutazioak nostalgiak bakarrik dakien moduan ederretsirik iritsi izana Durangora. Baliteke.
Erasotzea ei da defendatzeko modurik onena. Baina gaitasuna behar da horretarako. Eta gertatu egiten da muturrekoa norberak hartzea ere. Azken urteetan zarata handiko baina indar gutxiko aldarrikapen eta festa dezentetan egotea egokitu zaigu. Konstatazio bat dela esatea gehiegi izango da beharbada, baina nire iritzia baino gehiago bada behintzat. Halako beldur txiki bat eroan nuen Gasteizera ere, baina derrepentean joan zitzaizkidan zalantzak. Gasteizko apustua irabazi egin genuen, eta markagailua zelan dagoen ikusita, ospatzeko modukoa da hori. Baina erronkak, arrazoia alde izanda ere, ez dira jartze hutsarekin gainditzen. Ilusioz, ekinez eta ondo egindako lanarekin baizik.
Alde zaharreko auzo elkartearekin elkarlana bilatu eta lortzea izan zen, nire ustez, urriaren 8ko lehenengo garaipena. Gauza hauek esateko dira politak eta errazak, baina pereza eragiten dute gauzatzeko garaian, lortuko badira malgutasuna eskatzeaz gain. Ekitaldietako eskaintza eta izenek ere itxura ona zuten, agerikoa baitzen mimoz zaindutako ideiak eta inplikazioak landu zirela. Baina niri barrua gehien poztu zidana eguerdi aldean atzera eta aurrera zebilen jendea ikustea izan zen. Mercedeseko greba zaharretako borrokalari edadetua liburu eta errebistak saltzen, handik eta hemendik etorritako gaztetxeroak egun-pasan, laurogei hamarkadako rockeroak zerbezak edaten oraindik dena ez dela pikutara joan ospatzeko, irrati-esataria Hala Bedi baino gazteagoa den semetxoa paseatzen, Gasteizko askatasunzaleak eta Bitoriako libertarioak txosnan elkarrekin beharrean... Somos los hijos de los que perdieron la guerra civil kantatzen zuen La Pollak. Mundu berria daramagu bihotzean, jarri zion izenburua Hertzainak-ek maxi bati.
Bai, lantzean behin gertatzen da kasualitateren bat, baina ez horrenbeste eta denak aldi berean. Badu Gasteizek zer edo zer berezia. Soziologo papera jokatu barik, esatera ausartzen naizena da, erdal eta euskal mundu alternatiboek bat egiten dutela han, bat eta bakarra ez izan arren -ezta beharrik ere!-. Euskaldunok erdal komunitatearen arduraz gaude aspalditxo. Aspertzen eta geure burua gutxiesten ote dugun sentsazioz ere ba ei dago bat edo beste. Zoazte Gasteizera, gomendatuko nieke nik, berriketa baino gehiago nahi baduzue. Bestelako zer edo zer merezi dugula pentsatzen duten euskaldunek zein erdaldunek elkarren beharra baitute Bitorian. Eta hortik harremana, hortik emaitzak. Batzuk edo besteak indartsuagoak diren herri edo probintzietan, kalean ere, elkar jatera jo ohi dugu. Tamalez. Elkarren beharra izanik, baina, elkarlanean eta jarrera irekiarekin jardutea beste biderik ez dago. Eta jokamolde hau berez bada aberasgarria, zer esanik ez, elkarrengandik ikasteko hainbeste dagoenean.
Azken pintzelada nostalgiko bat zilegi badut, karpetadun garai zilarrezko hartan Jon Maiarekin batera hainbat tabernatan egindako saioak datozkit akordura. Bertsolaritza eta gu geu ezagunagoak ginen tokietan egiterik izango ez genuen -edo ausartzen ez ginen- aprobak egiteko baliatzen genituen haiek saioak. Egin kontu, entzuleen artean euskaldun bakar bat ere ez zegoela aritu ginen behin, Cicatrizeko baxu-jole izandakoaren tabernan. Zirraragarriena jasotzen genuen begirunea zen. Eta ez nabil no te he entendido pero te he comprendido esanez urreratzen diren pedanteei buruz. Benetako jakin-minaz ari naiz. Harro zeuden haiek gu eurenean egoteaz, eta deitu egingo ziguten hurrengoan ere. Eta galdetu, zelan ikusten genuen hau eta hura. Eta esan, beraiek honela eta horrela pentsatzen dutela. Oraintxe ere, euskal kulturgile ugari dira Gasteizen bizi direnak, eta oso gustura, grinatsu eta emankor ikusten ditut nik.
Donostia da euskal kulturaren hiriburua. Holaxe. Euskararen erronka Bilbo irabazten dugunean gaindituko dugula aldarrikatu zuten orain zenbait urte, eta "bagabiz pausotxu batzuk emoten, apurken-apurken". Ez dut nik, ez bi horiek, ez Iruņea, ez Baiona, ez Maule elkarren kontra jartzeko inongo intentziorik. Esan gura dudan bakarra da, badaudela Gasteizen ikasi beharreko lezio batzuk ere.