Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2019. alea
2005-12-11
alde 0    kontra 0





Artur erregearen heriotza

Ezezaguna

Erein

127 orrialde 12,60 euro

Artur erregea eta Mahai Biribila

Idazle ezagun zein ezezagun askok kontatu eta hedatutakoak dira Artur erregearen eta Mahai Biribileko zaldunen istorioak. Juan Kruz Igerabidek egokitu duen Artur erregearen heriotza nork idatzi zuen, berriz, ez dago jakiterik. Erdi Aroan, Europa osoan zabaldu zen zalduneria, eta denen artean distira berezia izan zuten Artur erregearen, Mahai Biribileko zaldunen eta Merlinen gaineko fantasiak. Artur erregearen heriotza liburuan pertsonaia honen azken urteak kontatzen badira ere, Juan Kruz Igerabidek hitzaurrea gehitu dio lanari, non Arturren nondik norakoak emateaz gain, Ginebra emazte hartu zuenekoa, Lancelot zalduna haren bila bidali eta bikotea maitemindu zenekoa eta maitasun hark ondorio izan zuen tragediaren berri eskaintzen duen.

Mundu garaikidearen historia

Koldo Ortega, Alizia Stürtze

Gaiak

190 orrialde

XIX. mendetik gaur egun arteko historia laburbildurik

XVIII. mendearen bukaeran Ingalaterran hasi zen Industria Iraultzaren arrazoiak ematetik hasiz, XIX. mendeko eraldaketa sozioekonomikoak eta soziopolitikoak, Lehen Mundu Gerra, Errusian gertatutako iraultza, mundu zabaleko krisiari emandako erantzunak, Bigarren Mundu Gerra, 1945. urteaz geroztik izan diren nazioarteko harremanak, herrialde garatuen hazkundeak ekarri dituen ondorioak, eredu komunista jarraitzen zutela zioten herrialdeen garapena, kolonialismoa eztabaidan jarri zenetik gertatutako deskolonizazioak, gaur egun indarrean dauden garapen ereduak eta desoreka faktoreak, potentzien arteko hierarkia berriak eta beste gai asko jasorik daude liburu honetan.

Nuevas historias de corsarios vascos

Jose Antonio Azpiazu

Ttarttalo

144 orrialde 12,05 euro

Euskal kortsario zenbaiten bizitzak

XVI. eta XVII. mendeetan gure kostaldean zein urruneko itsasoetan hainbeste eragin eta indar izan zuten kortsario eta itsaslapurrak dakartza berriro Jose Antonio Azpiazu ikerlariak Nuevas historias de corsarios vascos. Biografías y vivencias liburuan. Lehenago plazaratu zuen Historias de corsarios vascos lanean alditan erregeren baten zerbitzuan eta beste batzuetan pirata moduan zebiltzan itsasgizonen mundua azaltzen ahalegindu bazen ere, oraingoan haietako batzuren bizitza eta gertaerarik aipagarrienak biltzen eta eskaintzen saiatu da legazpiarra. Hala nola Villaviciosako Joanetena, Campanario ezizenez ezaguna izan zen Pedro Agirrerena, armada britainiarrari itsasontzia lapurtu zioten oriotarrena, Antonio Besa espioiarena, Juan de Erauso moja alferiza izandakoaren osabarena...

Hizpide

Batzuen artean

Habe

108 orrialde 5,25 euro

Erlatibo aukerak euskaraz

HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak plazaratzen duen Hizpide aldizkariaren azken zenbakiak Bittor Hidalgo irakasleak euskarazko erlatiboa dela-eta egiten duen ekarpena eskaintzen du gai monografiko gisa. Lehen atalean, izen ardatzaren ezker zein eskuin hedatzen diren erlatiboaz ari da. Bigarrenean, euskaraz erlatibatzen zail edo bitxi gertatzen diren egiturak aipatzen ditu (adibidez: gizona, zeinaren etxea..., gizona zeinarekin..., gizona zeinarengan...). Hirugarrenean, berriz, aditz jokatugabe bidezko erlatiboak (izen ardatzaren ezker eta eskuin) dakartza kontura. Laugarrenean, ageriko izen ardatzik gabeko erlatibo libreetan ipini du arreta. Eta bosgarren eta azkeneko atalean, izenen mendeko diren beste era bateko esaldi izen-lagunetan.

Saiakeran saiatzeko gida

Fito Rodriguez, Antton Irusta

EIE

110 orrialde 10 euro

Saiakerak idatzi eta haiekin gozatzeko gakoak

Fito Rodriguez eta Antton Irustaren artean osatutako Saiakeran saiatzeko gida honek saiakeraren ezaugarriak, horrelako lan bat sortzeko hainbat aholku, saiakerak sortzeko orientabide praktiko batzuk eta entseguak lantzeko abiapuntu-testu zenbait azaltzen ditu. Horrez gain, euskal saiakeraren ardatzak ezartzen ere ahalegindu dira. Liburuak, saiakerak idatzi eta irakurri ahal izateko arrasto batzuk eman nahi ditu, hau da, saiakeraz gozatzeko gakoak iradoki, azpimarratuz, nolanahi ere, entsegugile adina saiakera mota dagoela, saiakera, berez, arazo jakin bati buruz idazten duenak egiten duen digresioa delako beste ezer baino gehiago, ez hurbilpen zientifiko edo filosofiko hertsia.

Ez dut irakurri nahi!

Pello Añorga

Aizkorri

36 orrialde. / 5,50 euro

Ipuin liburua paretaren kontra botatzen duen neskatoarena

Irakurtzeko batere gogorik ez daukan neskato baten gorabeherak azaltzen ditu Pello Añorgak, Jokin Mitxelenak egindako marrazkiak lagun dituela, sei urtetik aurrerako haurrentzat aproposa den Ez dut irakurri nahi! ipuinean. Arazoaren muina Maisu Lopezen etengabeko kalakan dago: «Irakurri behar duzue asko-asko» errepikatzen baitie hark bere ikasleei beti. Eta noski, Amelia kokoteraino dago kontu horrekin, eta aitatxok gomendatutako liburu bat erosten dionean, hura irakurtzeari uko egingo dio.

Egizu lo

Batzuen artean

Elkar

158 orrialde 17,50 / 14 euro

Haurrei kantatu eta kontatzeko abesti eta ipuinak

Lotarako ipuinez eta abestiz osatua dago Elkar argitaletxeak eskaintzen dituen Egizu lo liburua eta CDa. Juan Kruz Igerabideren Haurtxo hau logale da eta Bunbulun-bunbulunetetik hasita, Miren Agur Meabek, Harkaitz Canok, Anjel Lertxundik, Kirmen Uribek, Joxan Ormazabalek, Jesus Mari Olaizola Txilikuk eta Mitxel Muruak haurrei ametsen munduan murgildu aurretik konta diezazkiekegun hogeita hamabost ipuin eta poemaz osatua dago liburua. Eider Eibar marrazkilariak egindako irudi esanguratsuek hornitu dituzte ipuin eta abestiok. Idazle batek Arabiako kontakizun bat eskaintzen duen bitartean, beste batek euskal tradiziokoa kontatuko du, eta hurrengoak beldurrezkoa edo abenturazkoa. CDan, berriz, Benito Lertxundiren Egunsentiko ametsak, Oskorriren Altxalilia, Olatz Zugastiren Gure haur honen, Julen Lekuonaren Ttun-kurrun-kuttun, Imanolen Naiari, Pello Ramirezen Sahatsaren loa, Haizearen Loa-loa, Amaia Zubiriaren Lo kanta, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren Loa-loa ttuntturrun, Urretxindorraren Haurra sehaskatxoan, Niko Etxarteren Amaren bularra, Maddi Oihenarten Lo hadi aingürüa eta Aritzaren Haurtxoa sehaskan kantak aurkituko dituzue, besteak beste.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2018
 
azala2017

2019 zenbakia.
2005ko abenduaren 11a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia