Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-04 -- 2018.zenb

Hizkunea: Soziolinguistikarentzako leiho elektronikoa

Onintza Irureta

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarria du Hizkunea izeneko agerkari elektronikoa. Soziolinguistikaren alorra jorratuko du eta irakurle askok izango du mamia ezagutzeko aukera; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egongo baitira edukiak.


Soziolinguistikaren esparrua berri samarra zaigula adierazi zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Hizkunea aurkeztu zuenean. Berri samarra bai, baina euskara biziberritzeko ahaleginean beste inon jorratu gabeko eremuak lantzea egokitu omen zaigu eta horregatik soziolinguistikaren eremuan euskaldunok aitzindari izan omen gara.

Hizkuneak lau atal nagusi ditu. Hilero soziolinguistikaren hainbat eremutako adituren baten -bertakoa zein kanpokoa- artikulua zintzilikatuko dute. Hainbat azterlan eta argitalpeni buruzko informazioa ere aurkituko dugu, hala nola, argitalpenaren azalaren argazkia, aurkibidea eta iruzkina. Gehien berrituko duten atala izango da agenda. Atal honetan bilduko da soziolinguistikan, Euskal Herrian zein atzerrian, antolatutako hainbat jardunaldi.

Orain, Hizkunean sartuz gero, hiru artikulu aurkituko ditu erabiltzaileak. Lehenengoa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduraduna den Jon Aizpurua Espinek idatzi du. Euskararen transmisioa eta erabilera. Bi kasuren azterketa konparatiboa du izenburu. Gasteizko Olabide Ikastolako eta Donostiako Santo Tomas Lizeoko ikasle ohiak hartu dituzte azterlana egiteko. Sarean dagoen bigarren artikulua Jean-Claude Iriart Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariak idatzi du. Euskararen aldeko egitura publiko berri bat Euskal Herrian du izenburua Iriarten artikuluak eta duela gutxi Iparraldean sortu den Euskararen Erakunde Publikoari buruzko informazio zehatza eman du. Hirugarren artikulua, EHUko Euskara errektoreorde Ludger Meesek euskara eta Bologna gaitzat hartuta idatzitakoa, sarean jarri berria da. Honakoa du izenburua: EHUren hizkuntza politika Europako Unibertsitate Eremuaren sorreraren aurrean.

Sarean jarri berria da baita ere, bi argitalpen hauei buruzko informazioa: Bat Soziolinguistika aldizkariaren 56. zenbakia (Euskararen jabekuntza eskolan) eta Hermes aldizkariaren 16. zenbakia (Euskararen egungo erronkak).

Segidako argitalpen hauei buruzko zertzeladak ere badituzue Hizkunean: David Crystal-en The Language Revolution, Mendebalde Kultura Alkarteak argitaratutako Egokitasuna hizkuntzaren erabileran -2004ko VIII. jardunaldietan irakurritako txostenak dira-, Jean-Baptiste Coyos-en Politique linguistique. Hizkuntza politika. Euskara, Biarno eta Gaskoinako okzitaniera eta Antxon Narbaizaren Euskaria show, besteak beste.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan