Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 10:55:57
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-04 -- 2018.zenb

Jakoba Errekondo


Aspaldian baratzea abandonatu samarra daukagu eta urte sasoi hau oparoena ez bada ere badira, nahi eta nahiez, garaitsu honetan egin beharreko lanak. Marrubiak bakandu eta birlandatzea edo baba-ilarrak ereitea bezalako bitxikeriaren bat gorabehera, oraingo lan gehienak Alliazeae familia zabaleko kideei lotutakoak dira.
Lehen Liliazeae eta Amaryllidazeae familiatan sartu eta atera ibili ondoren azken sailkapenen arabera Allium genero zabalari aparteko familia baten izaera aitortu zaio. Genero bakarreko familia gutxi da landaretan eta hau da halakotako bat (Nothoscordum bezalako sinonimoak familiako dituenik ere badaā).
Alliumtarrak, Eurasian jatorria duten bostehunen bat barazki, ezagunak ditugu oso, etxekoak. Nork ez du egunero tipula edo baratxuria edo porrua edo txalota ez bada tipulina eskuartean, aho-sabaian edo pituitarioan?
Gerri-mehe eta ipurtestuak dira Alliumtarrak. Buruz behera bizi dira eta hauxe, buruan dute balioa. Geure espeziean bezala buruhandiak eta txiki askoak topatuko ditugu, baina geurean ez bezala beti beteak diren buruakā
Porruak jateko onenean diren urte garai honetan udaberrian gozatuko ditugun baratxuriak eta era guztietako tipulak orain landatzen dira. Nola berdetan freskotan paderaratzekoak hala urte osorako jaso eta lehorrak jatekoak.
Familia honek erabiltzen duen perfume ezaguna ondo berea duten sufreak dario. Negarra, atzerakoa, goragaleaā denetatik eragiten omen dute hauen usainek, txarrerako dena. Gure kulturaren beste atrofia bat, osasunarentzako ezin hobeak direla gero eta argiago dakiguneanā

Jabier Agirre


2005eko aurreneko hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan erditu ziren lau emakumetik hiru 30 urtetik gorakoa ziren. Eustat-ek kaleratutako datuen arabera, 4.747 ume jaio ziren EAEn hiru hilabete horietan, iazko denboraldi berean baino %3 gehiago. Lurralde historikoei begira, Araban 674 ume jaio ziren (hazkundea %6,4koa izan zen, iazko datuekin alderatuz), eta Bizkaian 2.468 (%4,5eko hazkundea). Gipuzkoan, ordea, jaiotza-kopurua aurreko urteko zifra bertsuan mantendu zen, 1.605 hain zuzen.
Jaiotako umeen erdia baino gehiago (2.718) aurreneko seme edo alaba izan zen; beste %36,1 kasutan aurrez senideren bat zuen familietara iritsi zen jaioberria, eta kasuen %6,7an hirugarren senidea da, edo hortik gorakoa.
Amaren adina aztertuz gero, 30-34 urte bitarteko amak izan ziren nagusi, azken urteotan argi eta garbi ikusten den joerari eutsiz: jaiotzen ia erdia (%49) alegia. Eta adin-talde horren atzetik dator 35-39 urte bitartekoena, jaiotzen %27,2. 25-29 urteko amak %17,9 izan ziren. Tarteko adin-talde horietatik aldentzen goazen heinean, jaiotzen kopuruak ere behera egiten du, eta horrela, 25 urtez azpiko amen taldea %5,2 besterik ez zen izan. Eta 40 urtetik gorako ama %4,1 egin ziren.
Bikoteak ezkonduta zeuden ala ez ere erregistratzen da Eustat-eko datuetan -arrazoi sozialengatik seguruenik, arrazoi mediko edo sanitarioei begira baino gehiago-. Eta ezkondu gabe dauden bikoteetatik jaiotako umeak %22,8 izan ziren, aurreko urteko lehen hiruhilekoan izandako tasa baino bi puntu gehiago. Bizkaia izan zen EAEko batez bestekoaren azpiko portzentajea erakutsi zuen lurralde bakarra (%22ko zifrarekin). Eta ezkontzaz kanpoko talde honetan, ama erdiberrien adina dezentez baxuagoa izan zen, 25 urtez azpikoak baitziren %15,8.

Joxerra Aizpurua



Tximeletaren teknologia

Exeter unibertsitateko Peter Vukusic eta Ian Hooper-ek, berriro frogatu dute gizakiak egiten dituen hainbat ikerkuntza animalien portaera eta fisonomia kopiatuz lor daitekeela.

Kasu honetan, tximeleta espezie batek argiarekin egiten dituen eraldaketak aztertu dituzte eta hain arrunta den DEL edo LED diodoaren portaerarekin antzekotasun izugarriak topatu dituzte. LED diodoa orain berrogei urte aurkitu zen, baina bere prozedura fisikoa orain dozena bat urte azaldu zen; hala ere, arestian aipatu tximeletak milaka urte darama gizakiak berriki aurkitu duena egiten.

Science aldizkarian argitara emandako artikuluan, Afrikaren erdialdean eta ekialdean bizi den Papilio nereus tximeleta aztertu dute eta bere hegaletako fisika harrigarria azaleratu. Tximeleta hauen ezaugarri nagusia da argia islatuz hegalek distira egitea. Eguzki argiak euren hegalak jotzean, argi hori argi urdin eta berde fluoreszente bihurtzen dute.

Hegaletan kristal itxurako materiala dute eta hauen barnean dagoen pigmentuak argiaren hainbat uhin-luzera xurgatzen ditu eta uhin-luzera handiagoko argia emititzen du. Mikroskopioan begiratuz, tximeleten hegalek zulo zilindrikoen itxura duten kristal-sortak dituzte. Kristal-zulo hauetan daude argia eraldatzen duten pigmentuak.

Zenbat urteko lana behar izan zen laborategietan LED diodoa sortzeko? Zenbat ikerketa azkartu daitezke naturari gehiago begiratuko bagenio? Galdera hauen inguruko burutazioak planteatu dituzte aurkikuntza honen berri eman diguten ikerlariek.


Gure kontinente zaharrak

Kontinenteen adina ezagutu ahal izateko, Australiako Jack Hills-eko hondakinetan dagoen zirkonioa aztertu du Coloradoko (AEB) Boulder Unibertsitateko Stephen Mojzsis ikerlariak zuzendutako ekipoak.

Ateratako ondorio garrantzitsuena zera da: mundua orain 4.600 milioi urte osatu bazen, kontinenteak 300 eta 500 milioi urte beranduago hasi zirela osatzen. Izan ere, topatutako zirkonioa sortzeko behar izan ziren baldintza atmosferikoak Lurra sortzeko behar izan zirenen antzekoak zirela ondorioztatu da.

Stephen Mojzsisek 2001. urtean argitaratu zuenez, frogatutzat eman zuen ura Lurrean orain 4.300 milioi urte bazegoela eta biziaren lehen aztarnak, gutxienez orain 3.400 urte bazirela. Hala ere, laster Groenlandiako lurrak ikertzen hasiko da bertan bizi-arrasto zaharragorik aurkitzen duen.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan