Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-04 -- 2018.zenb

Ainhoa Oiartzabal


Arroilek sortzen duten erakarpenaz oharturik, zuberotarrek, beraien altxorrak eskaintzen dizkigute guztien gozamenerako: "Betidanik jente karesantak izan beitira, züberotarrek beren herriaren aberastarzün eta edertazünak agertu nahi üken dütüe kanpotarrer". Aukera paregabea dugu, beraz, Iparraldeko lurralderik txikiena, biztanle gutxien dituena eta ezezagunena zertxobait gehiago ezagutzeko. Gaurko ibilbidea bitan banatuko dugu. Holtzarteko arroila bisitatzen hasiko gara. Ibilbidearen bukaeran, Amazonetakoa dirudien zubi ikusgarria zeharkatuko dugu. Berriz ere kotxea hartu eta Santa Engrazi herrira joango gara bertan Kakuetako arroila bisitatzeko asmoz. Bi ibilbide erraz eta egun berean egin daitezkeenak, bata goizean eta bestea arratsaldean. Biak ere aski ezagunak dira, Zuberoatik turistikoki gehien saldu izan direnak direlako. Baina honek bere abantailak ere eskaintzen ditu, ibilbideak oso prestatuak daude, bai informazioz, bai seinalez eta bai, garrantzitsuena dena, segurtasunez. Ekin diezaiogun bada gaurko ibilbideari.


Holtzarte

Holtzarteko arroilara iristeko Atharratze eta Larrau herriak lotzen dituen errepidea hartu behar dugu. Larrau herritik 3 kilometrora, eskuinera bidezidorra ikusiko dugu, Logibar aterpetxearen parean. Guztia seinalaturik dago. Kotxea aparkalekuan utzi eta abiatu gaitezen bada. Ibilbidea errekaren eskuinetik doa, pixkanaka gorantz igoaz. Ezaugarri honek bereizten du Holtzarte beste arroiletatik, goitik ikusi baikenezake, urak denboraren poderioz sorturiko mendi zintzurra. Izan ere Holtzarte, Olhado (ezker) eta Olhadubiko (eskuin) erreken bateratzetik sortua da. Arroilako landaretza lerroek ohartarazten gaituzte ibaiaren nondik norakoaz: pagoak, urkiak, elorri zuriak, haltzak... daude bertan. Berehala hasiko gara maldan gora igotzen. Hala ere, zenbait tramutan, soka muturrak izango ditugu lagungarri, baita babeserako sarez hornitutako heldulekuak ere. Basotik, altuera hartzen goazen heinean, zelai ederrak ikusiko ditugu. Eta halako batean, harkaitzen artean, Euskal Herriko zubirik txundigarriena agertuko zaigu: 1920. urtean sortua, Holtzarteko basoaren ustiaketarako. Lurretik 200 metrora eta dilindan, paisaia ezin hobea gozatuko dugu, eta hitzez esplika ezin daitekeen sentsazioa bizituko. Merezi du bertara inguratzeak. Poliki-poliki, bueltako bidea hartuko dugu aldapan behera.


Kakueta

Kotxea hartu eta Santa Engrazi herrira abiatuko gara. Larrautik Atharratzera doan errepidean, Santa Engrazi seinalatzen duen saihesbidea hartuko dugu. Euskal Herriko azken muturrean, mendi artean dago Santa Engrazi. Zuberoa eta Erronkari lotzen zituen pasabiderik zaharrenetakoa izan da herri hau, eta erromesen atseden leku. Horren lekuko, XI. mendean eraiki zen eliza erromaniko ikusgarria, hasieran erromesentzako erietxe izan zena. UNESCO erakundeak gizateriaren ondasunen artean sailkatu zuen eraikin miresgarri hau. Oraingoan, irekita topatu badugu ere, azalpenak eta ikus entzunezkoa jaso nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara deitu dezakezue: 05 59 66 11 12. Elizaren sarreran hilerria dago, ikusgarria hau ere.

Baina Kakuetarako bidea atzerago dago, beraz, eliza bisitatu -sarrera ordaindu beharra dago. Bertako ostatuan hartzen dira txartelak- eta atzerantz egingo dugu. Aldapan behera hasiko dugu bidea, lakua inguratuz. Eskailera batzuetatik, arroilako baso txikian sartuko gara. Mota askotako iratze eta goroldio berdeak, gorostiak, ezpelak, urritzak, gaztainondoak ikusiko ditugu... Ibilbidea zertxobait okertzen den heinean, segurtasun tresnak ugaritzen dira ibilbidean zehar, heldulekuak, sareak, larrialdi telefonoak... Konturatzerako arroila barruan izango gara. Harkaitzezko paretak izugarriak dira, ura ezin garbiagoa eta udazkeneko koloreek, azken ukitua ematen diote. Tunela igaroko dugu eta batzutan errekaren alde batera eta bestera eramango gaituzten hainbat zubi ere zeharkatuko ditugu. Halako batean, ur jauzi eder batera iritsiko gara, mendi barru barrutik sortutakora. Bidean, bertako bizilagunak aurkezten dizkigun informazio panelak topatuko ditugu. Metro gutxi batzuk gehiago egin ondoren kobazulora iritsiko gara. Nahiz arroilak aurrera jarraitzen duen, prestatutako bidea hemen bukatzen da. Hala ere, ausartenek aurrera jarraituz gero, Holtzarteko zubira iritsiko ginateke. Hori bai, hankak errekan busti eta ipurdiko txiki batzuk hartzea nahiko ziurra da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan