Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-04 -- 2018.zenb

Katixa Garate



Komikiarekin zita Getxon

Komiki Azoka egingo dute Getxon, abenduaren 2tik 4ra. Laugarrena dagoeneko. Hirurogeitik gora stand izango dira eta bertan fanzineek, argitaletxeek, komiki dendek jarriko dituzte euren aleak. Aurtengoan Luis del Olmo Olmo marrazkigilea omenduko dute, Don Celes pertsonaiaren aita. 25 urte bete dituen eta komiki salmentan aitzindaria den Bilboko Tótem liburu dendak ere jasoko du omenaldirik. Erakusketa ugari jarriko dituzte: Ricardo Martínezi eskainitakoa, Don Celesen ingurukoa, Tos aldizkariaren gainekoa... Getxoko udal liburutegietan komiki eskaintza berezia egingo dute eta herriko liburu dendetan komikiak erosten dituztenei Azokarako sarrerak emango dizkiete opari.



Euskal kultur astea Erroman

Euskal literatura, zinema, musika nahiz gastronomiaz gozatu ahal izango dute Italiako hiriburuan, abenduaren 3an hasi eta 11 bitarte, Assciazione Culturale Euskararen eskutik eta Erromako Unibertsitate Herritarraren Euskal Kultura eta Hizkuntza sailaren laguntzaz. Miren Artetxek bertsoak kantatuko ditu, Xabier Egidazu eta Ainitze Oruesagastik euskal dantza saioa eskainiko dute, Mariasun Landak eta haren itzultzaile italiarrak, Roberta Gozzik hitzaldia eskainiko dute, Mertxe Urteaga arkeologoa Oiassoko portu erromatarraz mintzatuko da... Eta jakina, euskal sukaldaritza dastaketari ez diote huts egingo.



L'Atabal musika gune berria Biarritzen

700 besaulkiko kontzertu gunea, entseatzeko hiru gela eta maketak grabatzeko estudio bat biltzen ditu Miarritzen zabaldu berri duten L'Atabal Egungo Musikaren Zentroak. Duela hamar urte inkesta batean agertutako emaitzari erantzun nahi dio; izan ere, gazteek musikarako bilgune bat behar zutela esan zuten. Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoak finantzatu du L'Atabal, Europako Batasunaren laguntzaz. 3,2 milioi euroko gastuari egin dio aurre. Omar Sosa eta Lee Perryren emanaldien ostean, Ken 7k hartuko du kontzertuen lekukoa abenduaren 9an.



Artista gazteak ezagutarazteko: Lasai

Ikuspegiak trukatzea, sorkuntza garaikidea hedatzea eta artistak ezagutaraztea du asmo, besteak beste, Iparraldean abiatu den Lasai egitasmoak. Topaketak egin berri dituzte Uztaritzen azaroaren hondarrean eta ekimeneko artista partaideak ezagutarazteko Lasai liburuxka plazaratu dute, Myjok plataforma artistikoaren gidaritzapean. Bertan ageri dira, esaterako, On The Moon elkarte kulturala, Isa Suarez artista eta Aldudarrak bideo elkartea.



Andres Nagelek kereila jarri du Porcelanas del Bidasoraren aurka

Andres Nagel artistak (Donostia, 1947) plagioagatik salatu du Irungo Porcelanas del Bidasoa enpresa. Nagelek dioenez, bere baimenik gabe berak diseinaturiko baxera piezak saldu ditu Irungo enpresak eta bere prototipoetan oinarritutako plagio eskasak egin. 2001ean Arzak, Duna eta Gourmet baxera sailen diseinua egiteko enkargua jaso zuen Nagelek. Egindako lana eman zion Nagelek enpresari, baina Irungo enpresak ez omen zuen kontratuan sinatutako ezer bete. Artistak adierazi zuenez, ez zioten lana ordaindu eta gainera bere izenarekin saldu dituzte berak egindakoarekin zerikusirik ez duten piezak. Epaitegietan da orain auzia.

Katixa Garate


Pruden Gartzia historialariak eskuratu du Juan Zelaia V. saiakera saria Lazarraga. Ernazimentua euskaraz saioarekin. Juan Lazarraga idazle arabarraren testuinguru historikoa eta literarioa osatu du Gartziak.

Pok ekoiztetxeak Aitzpea Goenagak idatzitako Ongi ibili antzelana estreinatuko du abenduaren 16tik 18ra Donostian. Loli Astoreka, Olatz Beobide, Miren Gojenola eta Edi Naudok gorpuztuko dute opor bidaia batetik bueltan galtzen diren lagun taldea.

Uxue Apaolaza idazle gazteak Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin liburua plazaratu du, Erein argitaletxearen eskutik. Iban Zalduak adierazi duenez, irakurlea deseroso sentiarazten duten ipuinak dira Apaolazarenak.

Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste! filmak Ikusleen Saria jaso du Madrileko Alcine jaialdian. Laburren atalean, Joxe Mari Goenagaren Sintoniak Ikusleen Saria jaso du eta Borja Kobeagaren Eramos pocos lanak Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Artistiko Onenaren sariak.

Koldobika Jauregik Altzürükü izeneko erakusketa du zabalik Donostiako Ekain galerian. 40 obra inguru jarri ditu; gehienak egurrean egindako xilografiak dira. Lanok Mikel Laboari eta Zuberoako artzaiek kantatzen dituzten basa aireei egindako omenaldia dira.

Miren Aranbururen taldeak, Miren Aranburu Ensemblek Lorategi hibridoa, laugarren diskoa, plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal zigiluarekin. Aurrekoen aldean, disko hau garaikideagoa dela adierazi dute taldekideek.


Pako Aristik Deiari esan zizkion ondorengoak: «Esango nuke Literaturak, batez ere, letxe txarra galdu duela, jendea hasarrarazteko ahalmena. Burua esnatu behar luke literaturak, baina gizartean gure pasio guztiak lokartzeko tresnak baino ez daude».

Amets Arzallusek honakoa adierazi zion Berriari: «Gure doinutegia nahiko aberatsa izaki, guk plazan gehien darabilgun doinu multzoa nahiko pobrea da. Beti antzekoetan erortzen gara, axola faltagatik askotan. Eta bestetik ofizioa bikoteka egin beharreko lana izanik, doinuarekin batera tonua ere adostu behar genuke agian. Are gehiago neska-mutilak gero eta gehiago nahasten garen garaiotan».

Lluis Pascual Arriaga antzokiko zuzendari artistikoaren hitzok jaso zituen La Clavek: «Eredu gisa asko gustatzen zaidan antzokiarekin egin dut topo Arriagan, Udal banda nahiz Nuria Espert aritzen da oholtzan, Julio Boccatik hasi eta rock abeslari bateraino. Hori oso ona da, eta antzokiek egin ez duten iraultza da, ikusleek baizik. Ikusleak, arrazoi ugari direla kausa, askoz sektarioagoak ziren duela 25 urte, Rodero gustatzen zitzaionari ezin zitzaizkion Els Comediants gustatu, bateraezinak ziruditen, eta neurri batean hala ziren».

hemeroteka

2017. zenbakia | 2005-11-27
2016. zenbakia | 2005-11-20

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan