Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-04 14:51:37
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-12-04 -- 2018.zenb

ETAk nazioartean zabaldu duen komunikatuak bazterrak astindu ditu berriz. Ez ei da ezeren seinale, baina hala bada nekez uler daiteke eman zaion oihartzuna, horien artean Europako Batasunetik balizko bitartekaritza kontuez egin diren adierazpenak. Onuragarria litzateke halako bitartekaritza, zalantzarik gabe, eta zaila da irudikatzen halako proposamenik iradoki daitekeenik Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe. Aztien edo jakitunen eremukoa da ezagutzea kontu hauek elkarrizketa edo kontaktuen fruitu ote diren, edo halakorik ba ote den ere. Ezaguna da halako prozesu askotan zerbait ofizialdu aurrekoak ez duela existitzen. Bi adibide: joan den igandean El Diario Vasco eta El Correo-n egindako elkarrizketetan Alberto Surio kazetariak PSE eta Batasuna mahai azpian hitz egiten ari diren galdetu zion Patxi Lopezi, eta honek halakoren berririk ez zuela erantzun zion. Baina oso ezaguna da alderdi bien artean elkarrizketak izan badirela, hauei izaera ofiziala eman ala ez. Beste adibide bat nahiko aspaldikoa da -behintzat protagonistetako batek kontatzen duenaren arabera-, 98koa hain zuzen, eta Ardanza Plana eta HB biltzen ditu. Zenbaki honetan bertan egindako elkarrizketan kontatzen du Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak, nola HBk adierazi zion bere planak bazituela gauza interesgarriak eta nola lehendakariak bitartekarien bidez zera erantzun zion ezker abertzaleko erakundeari: «Bada jarraitu dezatela publikoki ezetza ematen, eurak baietza esaten hasten badira, besteek ezetza esan beharko dute eta».

Ez dute ezkutatu, Gipuzkoako egunkari handienari lehia egitea da Gipuzkoan sortu berri den egunkariaren helburu nagusia. Eta, oro har, aspalditik gogoz espero izan da Vocentoko lider gipuzkoarrari itzala egingo liokeen zerbait. Ez dute lan erraza egunkari berrikoek, baina Nafarroara begiratuz gero, DV-koek badute zertaz kezkatu, erresuma zaharrean egunkari berriaren anaia nagusiak merkatuaren mokadu esanguratsua kendu baitio Diario de Navarra-ri. Mendebalde osoan prentsa gainbehera doan garaian ez da makala ekimen berriaren ausardia. Ohikoaren kontra, oraingoan Nafarroatik hedatu da ekimena Arabara eta Gipuzkoara. Egunkari berriaren gizarte aurkezpeneko ekitaldia jarraituz, halaber, ez zen oharkabean iragan lurraldeko alderdi abertzale nagusiak egunkari berriari egindako ongi etorri berezi bezain beroa. Atrebentziagatik zorionak emateaz gain, ARGIAtik bide oparoa izan dezan opa diogu komunikazio proiektu berriari.

Onintza Irureta

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarria du Hizkunea izeneko agerkari elektronikoa. Soziolinguistikaren alorra jorratuko du eta irakurle askok izango du mamia ezagutzeko aukera; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egongo baitira edukiak.
guztia irakurri

Epaiketa hasieraren irregulartasunak ez dira oharkabean iragan. Beste kontu bat da egindako salaketek izango duten eraginik haien zuzenketan. Datozen asteetan ikusiko da. Abokatuek, beste gauza askoren artean, epaimahaia epaiketa hastera bultzatu duen zerbait dagoela salatu dute. Kuriositate gisa, joan den hilaren 21ean Nekane San Miguel epaileak Euskadi Irratian aipatutakoaren arabera, Madrilen izan berria zen lan kontuetan, eta ezagunek adierazi ziotenez Angeles Murillo epailea oso artega ikusi zuten, ezohiko jarreran, normalean epaiketak oso lasai eta kontrolpean eramaten dituenean. San Miguelek adierazi zuenez kezkatua eta harritua zegoen, berak hitz egindako jendeak akusatuak ETAkotzat jotzen zituelako, nahiz eta hau, haien esanetan, ezingo den epaiketan frogatu.

Daniel Udalaitz

Zer ekarri dio LABi Munduko Federazio Sindikaleko kide bilakatzeak?
Garrantzia handiko aitortza da gure erakundearentzat nazioarteko sindikalgintzan MFSko eskubide osoko kidea izatea. Aitortza horri esker, trukerako eta kolaboraziorako espazio gehiago izango dugu, bost kontinenteetako erakunde afiliatu eta lagunekin aritzeko. Bestalde, aurrerako urrats kualitatiboa ere bada, sindikalismo klasekoa eta nazionala, LAB sindikatuaren proiektua berezko izaera soziopolitikotik garatzen eta bultzatzen duena, balioberritzeari dagokionez. Sarritan, zaila izaten da baloratzen aitortza horren neurriko egitate bat nola konkretatzen den irudikatzea. Kontuan izan beharko litzateke urterik urte CCOO eta UGT sindikatu espainolak eta haien aliatuak -Europako Sindikatuen Konfederazioa (ESK) eta Sindikatu Libreen Nazioarteko Konfederazioa (SLNK)- nazioartean egiten ari diren lan zikina: orientazio politiko estatalista eta errepresiboetan oinarrituta, etengabe difamatzen eta itxuraldatzen dute LABen ekintza sindikaleko jarduna. Beraz, testuinguru hori dela kausa hartzen du balio nabarmena LAB MFSn afiliatzeak, zeren aitortu eta legitimatu egiten baitu gure erakundea, euskal langile-klasearen eskubide indibidualak eta kolektiboak defendatzeko beharrezko tresna gisa.

Zer eman diezaioke LABek MFSri eta zer jaso dezake LABek nazioarteko erakunde horretatik?
Apalkeriak alde batera utzita, iruditzen zait LABek MFSri ez ezik, asko eman diezaiokeela, oro har, nazioarteko sindikalgintza osoari. Dagoeneko denbora pixka bat bada LABen proiektua errealitate sindikal nazional gisa finkatu zela. Sindikatu horrekin eta Euskal Herriak errepresentatzen duenarekin inplikatuta eta konprometituta gauden gizon-emakumeok saihestezineko errefe- rentzia bihurtu gara globalizazio neoliberalaren eta euskal langileok klase eta nazio gisa pairatzen dugun opresio etengabearen kontrako borroketan. MFSri eta sindikalismo klasekoari eta progresistari, nazioarteko eremuan, beharrezko gerta dakizkieke norgehiagoketan metatu dugun esperientzia, bai injustizia sozialaren kontra eta libertateen alde egiten dugun ahalegina. MFSko afiliazioak espazioa zabaltzen digu trukerako eta kolabo- raziorako eta horrez gainera, legitimatu egiten du gure eredu sindikala, sindikalismo klaudikatzaile bereziki espainolaren xantaiaren eta lan zikinaren aurrean. Protagonismoari eta partizipazioari dagokionez, MFSren parte izateak estatus diplomatiko eta politiko polita ematen digu; besteak beste, Nazio Batuen (NBE) eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) barruan.

Noiztik ibili da LAB nazioarteko espazio sindikalaren bila?
Egia esan, LABek hasieratik izan du lanerako ildo bat nazioarteko eremuan. Nolanahi ere, esparru horretako dinamikak eta intentsitateak erakundearen eboluzioarekin eta erakundea sortuz joan den aukerekin izan dute ikuskizun beti. Horrez gainera, LAB sindikatua Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta sozialaren aldeko borrokan konpro- metitutako erakundea izanda, ezker abertzalearekin baterako gure lanak protagonismo eta erreferentzialtasun handiagoa eskatzen digu, nazioarteko espazioko aliatu berrien aurrean. Dena dela, nazioarteko espazioa eta gure MFSko afiliazioa lotu nahi badira, esan behar dugu ezen, duela hamarkada bat baino gehiagotik aurrera, LABek behatzaile gisa parte hartu duela azken bi kongresuetan; hots, 1995eko Damaskokoan (Siria) eta 2000ko New Delhikoan (India). Era berean, munduko eta kontinenteetako beste foru sozial batzuetan eta nazioarteko seminarioetan ere parte hartzen dugu.

Zergatik MFSk LAB hartu du kidetzat eta ez, adibidez, Sindikatu Libreen Nazioarteko Konfederazioak edo Lanaren Mundu Konfederazioak? Saiatu al zarete nazioarteko bi erakunde horietan? Diferentzia ideologikoak ote dira giltzarri?
MFSk kidetzat hartu gaitu, jakina, federazioko arduradunekin eta sindikatu afiliatuekin harremanak izan eta gero, LABek eskabide formala egin ziolako. Erabakia hartzeko garaian, honako hauxe izan zen faktore garrantzizkoa: MFSk, globalizazio neoliberalaren kontrako borrokan eta eredu sozial alternatibo baten eskaera etengabean, ideologia eta orientazio batzuk proiektatzen ditu munduan langile-klasearentzat eta gu identifikatu egiten gara norabide horiekin. Beste bi erakundeei dagokienez, LABek ez du afiliatzeko inolako ahaleginik egin, nahiz eta inoiz edo behin, beren barruko sindikatuekin harremanen bat egokitu zaion. Egia da MFSrekiko harremana lehentasunezkoa eta bakarra izatearen giltzarri desberdintasun ideologikoak direla. Horrek berresten du nazioartean ospe txarreko mugimendu sindikalak bizi duen banaketa penagarria.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan