Xabier Gurrutxaga
Anoetako proposamenaren urteurrena zela-eta zurrumurru ugari zabaldu ziren orain dela bi aste ETAk eman beharko lukeen su-etenaz. Aitzitik, inork ulertzen ez dituen ekintza koxkorretan ari dira orain espezializatzen. Momentuz ez dago su-etenik, baina guztiok dakigu, Otegiren baimenarekin, borroka armatuaren etorkizunari buruz ETAren baitan eta ezker abertzaleko gune garrantzitsu eta eragin handikoetan gogoeta egin eta erabakiak hartu direla.
Aralarreko koordinatzaileorde Mikel Basabek zioenez, beraien ustez, ETAk jada hartua du su-etena aitortzen duen erabakia. Hori esan bezain pronto axolagabe eta fribolotzat jo dituzte hitz horiek. Kritikarik gogorrena eta mespretxugarriena Batasunaren ahotik etorri zaie: «Espekulazio hutsa da. Beste proposamen hobeagoen faltan, ezer ez dakiten gauzez ari dira hitz egiten, horrela bere arduragabekeria bistan utziz». Ez dakit Batasuneko bozemaileek zer dakiten eta zer ez ETAren erabakiez, baina garbi dagoena zera da: ez dutela nahi beste inork jakitea beraiek dakitena eta are gutxiago norbaitek aurre hartzea gai honetan. Batasunaren aldetik badago, normala da bestalde, ETAren eskutik etor daitezkeen berri onak monopolizatzeko eta ahalik eta errenta eta protagonismo gehien lortzeko jarrera ezkutaezina. Batasunak jakin badaki zer-nolako indar politiko eta elektorala eman dion Sinn Feini IRAren menia amaigabeak, eta zer-nolakoa emango dion borroka armatua behin betiko uzteak. Horregatik ez du utziko «bere oilategian» inor sar dadin arrautza bila, eta are gutxiago «oilategiko» kontuei buruz hitza hartu nahi duena duela gutxi arte oilarren taldekoa izan bada. Altxor preziatua da ETAren amaiera ezker abertzalearentzat eta notizia ikaragarri ona denez euskal gizartearentzat eta Estatuarentzat, ezinbestekoa da bukaera horrek berarekin dakartzan abantailak norentzat izan behar duten ongi kontrolatzea. Alegia, gure artean Batasunarentzat, eta Estatu mailan Zapaterorentzat. Bidezkoa da horrela pentsatzea eta hori nahi izatea, besteei zilegitasuna aitortu behar zaien bezala dakitena eta uste dutena ere publikoki esan ahal izateko, inoren aldetik «sargento primero» baten erantzuna jasotzeko beldurrik izan gabe.
Nik uste dut ezker abertzalearen baitan hausnarketa luze eta sakon bat egin dela borroka armatuari buruz, eta, batez ere, honen komenigarritasunaz ezker abertzalearentzat. Hau da, jada mesederik egiten al dio ezker independentistari ETAren borroka armatuak, gaur eta hemen? Ezker abertzale horrek duela hamar urte esaten zituenak kontuan hartu eta duela urtebetetik hona esaten ari denarekin alderatzen badugu, argi dago egindako hausnarketak ondorio nagusi bat duela. Alegia, ezker abertzalearen egitasmo politikoak ez duela gaur beharrezkotzat jotzen ETAren borroka armatua. Beraz, ondorio horri dagokion erabakirik koherenteena honako hau litzateke: hobe da guk geuk borroka mota honen amaiera modurik duin eta egokienean bideratzea, gauza garrantzitsuagoak desagertze arriskutik aldenduz. Beste kontu bat da gogoeta eta erabaki horrek barrura eta kanpora begira hartu behar duen itxura eta jarri behar zaion jantzia. Hala ere, garrantzitsua edukia da eta Anoetako proposamenarekin ados dagoenak ezingo luke gaur arrazoirik aurkitu ETAren jarraipena defenditu ahal izateko. Negoziazio bikoitzaren teoria da, hain zuzen, ETAren ez zilegitasun politikoaren adierazle nagusia. Gure gizarteko arazo politikoen eztabaida eta soluziobideak herri honen ordezkaritza demokratikoa duten alderdien esku utzi behar bada, utzi behar den bezala, eta erakunde armatuak langintza horretan ez badu esku sartzerik, garbi dago ETAren beharrik ez dutela somatzen Anoetako proposamenarekin ados daudenek. ETAk berea egin badu proposamen hori, jakitera eman zuen bezala, nik uste dut garbi esan daitekeela erakunde horrek ez duela su-etena erabaki, borroka armatuaren amaiera elkarrizketatua baizik. Uste hori daukat eta geroz eta sendoagoa bihurtzen zait Rafa Diezi eta Arnaldo Otegiri entzuten diedanean bakerako bidean artekaritzak zehazturik daudela eta edukiak ongi definiturik. Ez dut frogarik, baina ez da oso azkarra izan behar konturatzeko Zapatero jaunak zurrumurruek eskaintzen dutena baino berme gehiagoko zerbait duela esku artean sartu den uretan sartzeko. Beste gauza bat da erabaki hori ETAk zer baldintzetan hartu duen eta atzera bueltarik duen ala ez.
Ander Lipus
Orain dela gutxi, antzerki ofizioko zenbait, mahai-inguru batean geunden, antzerkiaren hezkuntzari buruz jarduten. Unibertsitate baten beharraz hain zuzen.
Nik dakidanez, ofizioa ez da espiritu santuaren graziaz ikasten. Gure herrian antzerkigintzak hezkuntzan ez dauka tokirik. Antzerkiaren mekanismoak ulertzeko hezkuntza beharrezkoa da. Antzerkigintzaren historia, estetika, dramagileak... eremu handia hartzen du. Normala orduan antzokiak hutsik egotea. Hezkuntzarik gabe ez dago gozamen artistikorik ezta estetikorik ere, ez dago ez jakin-min ez jakin dohainik ere.
Gogoratzen naiz, gaztetan antzerkia ikasi nahi eta ikastolan ikasle, guraso eta irakasleak elkartzen gintuzten unibertsitateko karrerei buruz hitz egiteko. Enpresa bat etortzen zen informazioa ematera. Enpresa horretako profesionalek informazio ugari zuten eskuartean. Etorkizun oparoa izango zuten lanbideei buruz hitz egiten ziguten: psikologia, zuzenbidea, medikuntza eta abar. Gaztetan ere buru gogorra nintzen eta nik antzerkia egin nahi nuen. Baina antzerkiarekiko ez zegoen ezelako informaziorik. Beno bai, periodiko orri baten fotokopia bat eman zidaten, eta kito. Uste dut, gaur egun, hemezortzi urteko gazte batentzat gauzak ez direla gehiegi aldatu.
Hala ere, han joan nintzen ni, amaren marmarrak entzuten eta periodiko zati bat besapean. Harrezkero, ofizioa ikasi nuen eta oraindik ikasten nabil. Baina ikasitakoa abian jartzeko oztopoak baino ez ditut aurkitu. Telebistak ere ez dio asko lagundu gure ofizioari. Izan ere, edonork egin al dezake pertsonaia bat edozein espaziotan? Telebistan agertzen zaizkigun pertsonaia interpretatzeko modu horiek klixez beterik daude, eta aurpegi pixka bat jarrita nahikoa da, famaren kontua giza masaren arabera doa.
Ostera, nik nahi nuena lortzeko, hau da, bufoi, komediante, aktore, zarapastrero, ergel, gezurti, ametsen lapur, ijito eta antzezle izateko, mila gauza gehiago ikasi eta egin behar izan ditut. Antzerki obra bat aurrera eramateko zenbat gauza behar diren lehenago jakin izan banu! Eta sortze prozesua gau orduetan egiten den kontua bihurtu zait. Ez luke horrela izan behar, baina hala da.
Enpresa bat eraiki, talde bat sortu, aurre ekoizpena martxan jarri, zuzendaritza, musika, testua, jantziak, eszenografia, aktoreen lana, argiak, atrezzoa, aurrekontua, ekoizpena garatu, entseguen lokala alokatu, proiektua defendatu, dramaturgia ezberdin guztiak bideratu, komunikabideekin kontaktuan jarri, estreinaldia prestatu, elkarrizketak egin, web orria zaindu, taldearen gestioa ondo eraman, distribuzio lana bideratu, antzoki guztietako programatzaileekin hitz eginà azkenean, ohean sartu eta almoadari galdetuko diot: Bihar plater bero bat izango al dut?
Utz iezadazue tropoekin jolasten: arrantzalea naiz, atun bila ateratzen naiz itsasora, baina itsasontzia behar dut, baita lan talde bat ere. Ezin dut edozein garaitan atun bila irten, itsasontzia mantentzea gastu handia da eta petrolioa geroz eta garestiago dago, inoiz ez dakit zenbat atun hartuko dudan, bueltatzen naizenean saldu egin behar dut, horretarako beste enpresa bat sortzea beharrezkoa da, langile gehiago, produktua merkatuan sartu behar da, distribuzio egokia egin behar zaio produktuari, eta agian lan asko egin ondoren atun lataren bat salduko dutà azkenean, ohean sartu eta almoadari galdetuko diot: Eta itsas pirata egiten banaiz?
Gaurko gizartean, ez luke horrela izan behar baina, kultura ere burtsaren merkatuan barrenetaraino sartua dago, eta nahiko debaluatuta dagoela ikusten dut. Hemezortzi urte nituenetik gauzak ez dira asko aldatu. Beno bai, pirata izateko ilusioa oraindik ez dut galdu.
Behin, kargu publiko garrantzitsua betetzen zuen politikari batek zera esan zidan: "Nik, nik ez naz Olentzero". Beste behin, eta inoiz baino serioago ari naiz, antzerki lan bati buruz galdezka nindoala, zera erantzun zidaten: "Teatroa! Teatroa! Zera! Nahikoa teatro dago nire etxean!".
Ondorioa: Arrandegian arrain ona, freskoa eta kalitatezkoa oso preziatua izaten da. Antzerkian kalitatea bilatzen dutenak -erosleak, programadoreak- gutxi dira.
Teloia.
Rosa Martin Sabaris
Poltsa beltz xume batekin iritsi zen. Uztailaren hasieran ikusi nuen lehen aldiz gorputz xukoa, alanbrezko hankak, eta aurpegian begirada erraldoia zuen umea. Nola erreparatuko nion poltsa zikin hari. Izen ahoskagaitza zen harrera egiteko egin nezakeen hitz bakarra, eta indarrik gabeko esku txikiari eustea berotasuna emateko bururatu zitzaidana. Ez nion poltsari kasurik ere egin lehen une haietan. Gizakumeak eta ez beren ondasunak direlakoan garrantzitsuagoak; ondasunak askotan txartasunetik ateratzen direlakoan; eta garenak, eta ez daukagunak, axola duelakoan.
Batek daki noiz kiroletako poltsa izandakoa zen. Beltza, eta kanpoan hainbat poltsiko zuena. Puntada luze eta zatarren bidez jositako kremailera zuria zeukan itxigailu gisa. Eta giltzarrapo txiki bat bazterrean. Eta zelo marroi zabala inguru guztian. Bidean lapurrak aurkitzeko beldurraren seinale, edo halako txikikeria harrapakin bihurtzeko pobrezia nahikoa izatearena.
Ez zen, ez, huskeria han zetorrena. Hurrengo goizean, lepoan zintzilikatuta zekarren giltzatxoa hartu, eta arreta handiz zabaltzen hasi zenean erakutsi zuen harrotasunak kikildu ninduen. Zorro zarpail hartan, basamortuan erbesteratuta bizi den herri baten eskuzabaltasuna zekarren Hafdallah-k. Inoiz jantziko ez nituen oihalak, eta inoiz jarriko ez nituen bitxiak, lurrik ere ez duen herri hartatik oparotasun-erreinu honetara opari. Etxean zeukan apurretik gehiena bidali zuen poltsa hartan Hafdallah-ren amak. Eta asko daukatenetik apur bat ere bai: hegoaldeko haizea zekarren poltsak, inoiz ez usaindutako lurrinak, eta sirokoaren hondar xeheak.
Amaitu zen uda, eta bueltako bidaiarako, hegazkinean alferrikako pisurik ez eramatearren, ez zuen maleta onik eraman. Etxe ondoko txinoan erositako errafiazko poltsa erraldoia baizik, ijitoek kaleko postuetan salgaiak biltzeko erabiltzen dituzten horietakoak. Plastiko usaina zuen.
Poltsa beltz hura egongelako bazter batean egon zen zenbait egunetan. Garbitu eta gero ere, lurralde arrotzen usain gazi-gozoa gordetzen zuen. Zertarako erabili ez nekiela, eta zakarrontzian nola jarriko nuen horrenbeste on ekarri zidana. Eta orduan, Gabrielak: ea poltsa hura oparitzeko mesedea egitea asko eskatzea zen, Luis Fernandorentzat nahi zuela, Durangoko lantegi bateko makinak garbitzera joaten zela larunbatetan, eta bere hatu guztiak ekartzeko eta eramateko ondo etorriko litzaiokeela.
Esku boliviarretara, hegoaldeko eskuetara, itzuli da berriro poltsa. Samurtu zaizkit nire ideia tinkoak; daukaguna ez ote den garenaren erakusgarri, galdetu diot neure buruari, egindako bidearen eta egiteke dugunaren agerkai. Eta erantzunaren bila hausnartzen ari nintzela, Durangoko lantegia itxi dute. Hegoalde guztietatik harantzago, hegoaldea.
Ez dakit non dabilen orain hondar bitxiz xartatutako zakutxoa. Harea bezala, gaur hemen, bihar han, aleatorioa dirudien mugimenduan. Baina harea, inguruari moldatzeko ahalmena izan arren, beti ezegonkor, likidoen portaera duen solidoa da; fluidoen mekanikaren arauek erakusten dutenez, hondar kozkorrak mendi egin dezake, eta gainezka egin ere. Beste likidoen antzera, zubiak botako dituen uholde bilaka daiteke harea, itsasbeherarik gabeko itsasgora bihur daiteke, belardiak jaten ari den basamortu. Edo ura bezala, lurrundu.
(Udazken triste honetan, beste poltsa bi igaro dira nire begien aurrean: bata, auzoko atari batetik atera dute, eta kremailera luzearen azpian Anabel joan da; bestean, hemendik kilometro gutxitara, Aintzane jaso dute).
Hega bitez hego guztiak.
Fernando Muniozguren ( irakaslea)
Diakronia. Diakronian euskalgintzaren lehena oso antzinakoa ez denez, ehun urte; horietatik ikasteko, Antxon Narbaizak Alberdanian argitaratutako Euskaria Show liburua ekarri nahi dut, zeinetan egungo auzi askok, estatusaren eremukoak bereziki, sustrai luzeak dituzten. Hor ikus litezke oraindik ere, ehun urte pasa arren, zenbait auzik bere horretan darraitela. Joera politikoak direla eta, "sozialismoak liberalismoaren ustezko unibertsaltasuna jasoko zuen eta, bidenabar, euskararenganako axolagabekeriaren zama". Nazionalistez hauxe dio: "Karlisten oinordeko moduan, erruralismoaren baloreen alde, hiri bizitzari kontrajarriz, egin zuten, euskararen aldeko diskurtsoa erabiliz". Eta, Narbaizaren ustez, hortik dator euskaldun zenbaiten konplexua. Testuinguru horretan, gaur egunean gertatzen den moduan, udaletxeetan, ikastetxeetan borroka egin beharra egon zen, Sabino Aranaren berbak ez baitziren betetzen: "El euskara debe ser necesario y apto". Pare bat berbatan bai corpusaren bai estatusaren aldetiko ikuspegia.
Laster lotu zen euskara abertzaletasunarekin eta "euskaldun fededun"a dela eta, baita kleroarekin ere. Hor hasi zen liberalen aurkako diskurtsoa, ideologia atzerakoien aitzakiari lotuta. Testuinguru horretan aurkariak arrotzeko ondo etorri zen Unamunoren diskurtsoa. Orduan ere Euskalgintza ahul eta erantzunik emateko adore barik.
Izan ziren, jakina, irakaskuntzan ere, orain Bertondonakoen eta Sanz-Pegenauteren aitzindariak: "Para nada hace falta el vascuence para comunicar la instrucción" ziotenak.
Diakroniaren ildoari jarraituz, gatozen berri onekin, ibilbide historikoaren zertzeladak eman eta gero. Oroimen historikoa osatzeko ezinbestekoak dira, besteak beste, pare bat bilduma. Bata Bidegileakena, sasoi zailetan hainbat euskaltzale saiaturen biografiak eman baitizkigu, omen gisa.
Euskararen alpinista eta xerpa mordoa dago hor. Alde horretatik, 1987an, bere eraginez ekin zitzaionez, zorionak Mari Karmen Garmendiari.
Ildo beretik jarraituz, Antonio Zavala ere zoriondu eta eskertu behar da. Auspoa bildumaren egile eta kudeatzaileak laster denon eskueran egongo den altxorra laga baitu Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean.
Sinkronia. Diakronia adibide hartuz eta ikusita hainbat gertaerak duela ehun urte lez errepikatu egiten direla, begirada kritikoa azaldu nahi dut. Nire ustez, autokritika kulpabilitatetik hurrean egon arren, -alde instituzionalak zein jendarte-gizartekoak- bakoitzaren jarduna justifikatzeko nartzisismoaren autokonplazentzia alde batera laga eta -banderizo setatien ildotik segi barik- noria antzuaren irtenbide bako zurrunbilotik irteteko ahalegina egin behar da ezinbestez. Euskarari berandu baino lehen benetako aukera-alternatiba eman diezaiogun, impassetik irteteko, denon ahotan dagoen elkarlana egikarituz -indarrak optimizatu beharrean txarto xahutzen dihardugu eta- egin-eragin bektoreak behar den bezala kudeatu behar ditugu.
Benetan demasekoa litzateke, barka ezinezkoa, politika arloan elkar muturka jardun duten alderdiek normalizazio politikoa bideratu ahal izateko ados jartzea eta euskalgintzak betiko dikotomian murgilduta jarraitzea, nahi-ta-ezinaren endogamia elikatuz, euskara zehar lerro izan dadin, bere behar izanetik abiatu beharrean. Benetan gogorra da esatea, baina une honetan horrela eskatzen didate tripek. Hori horrela gertatzen bada, nire ustez dimisioak eskatzen hasi beharko dugu alde batean zein bestean, aldeak konparagarri egin barik, deitoragarriak diren tik-joera metatuak irtenbiderako oztopo baitira. Era horretan ea arnas berrituta, sinergiaren filosofia barneratzen dugun.
Geroa. Geroa beste kolore batez irudikatzeko, jabetu egin behar dugu -norbaitek duela urte batzuk esan zuen moduan- gure Brunetea euskara-euskalgintza eta hori oinarri duen kulturgintza direla. Bada ordua aspaldi bizi-jasan dugun bat-ezinik hori bat-eginik, osotara ez bada ere, osagarritasuna bihur dadin prozesua abian jartzeko.
Badakit, jakin, lidergoarena dagoela jokoan, baina hori gainditzen hiru bat gauzek lagun dezaketela uste dut. Alde batetik, Aholku Batzordearen ordezkaritzan jendarte-gizarte arloko sektorea hobeto ordezkatuta egon dadin eta, baita ere sektore basquistei ordezkaritza zabaltzea. Era horretan askoz ere onarpen handiagoa eta konbentzimendu-sinesgarritasuna izango duen jarduna izango da hizkuntz politika. Eta horrek bai Nafarroan bai Iparraldean eragin onuragarria izango luke.
Beste aldetik, nik uste, sailburuorde berriak ere, euskalgintzaren ezagutzailea bera, lagundu behar duela eta gauzak perspektibarekin ikusi, epe laburrera paseko txoria izateari lagata.
Azkenik esan dezadan, Identifikazio Fiskaleko Kodearen (IFK) igoera izango duen aurrekontuak gainditzeak ere asko lagunduko lukeela, euskara estrategikoa baita, AHTren adinakoa. Ea bada, hurrengo legegintzaldirako beste giro bat dugun, ala oraindik ere honako hau esaten jarraitzeko behar izan deitoragarri eta salagarria dugun:
"La crise du projet est avant tout la crise du 'nous', autrement dit, la difficulte croissante á definir 'un être ensemble' au profit d'une survaloratione du 'je'". (Zaki Laïdi).
Itxaro Borda
Frantziako hiri bazter-auzoetako gatazkak direla eta prentsak, politikariek eta gobernu-kideek, lotsagabeki, jendartearen zati gero eta zabalagoak jasaten duen pauperizatze fenomenoa ukatzea lortu dute. Voyoux handik voyoux hemendik ari izan da, 2007ko autokrator nahikundea agertzen duen barne-ministroa. Funtsean, aita-ezer eta ama-deusen errua baizik ez da nonbait, larderiarik aski ez dutelako beraien mila haur mukizuekin!
Afrontua ordainduko dute. Errepublikaren laguntzak selektiboak dirate eta frogatu beharko da Errepublika zenbat maite den. Dirudienez bukatua da Errepublikak, edozein izanik, haurrak eta arra-haurrak esku-ukaldi itsuz bultzatzen zituen garaia. Dena dela, ikerketen arabera populuaren parte handia neurri hautakoi horien alde dago. Ez dute nahi Sarkozy aitaizunak kriminaliza ditzan. Baina Raffarinek jada laidoztatu zituen, gobernuak 2003an erretreten erreforma indarrez pasarazi zuenean: ez al ziren orduan frantses-heldu gehienak alferrak eta sistemaz baliatzaile hutsak? Eta orain gazteak voyoux: salbamenik ez.
Sarkozyren itzalean datorren Kapitalarentzat pobrezia gaztigua da eta aberastasuna partekatzekoa ez den langiletasun prestuaren saria. Mozart, wo bist du?