Bidasoamedia.info astekari digitala sarean
Pausumedia elkarteak, Antxeta Irratiaren laguntzarekin, sortu du Bidasoamedia.info izeneko astekari digitala. Euskara hutsean da eta Hendaia, Biriatu, Pausu, Hondarribia eta Irungo informazioa sareratzen dute. Eguneroko berriak eta hainbat gai bereziri buruzko atalak irakurri ahal izango dira. Oier Imaz irundarrak eta Haritz Zubelzu hondarribitarrak filosofiari buruzko Antzerki magikoan solasean izeneko atala egingo dute, Juan Mari Sarasola irundarra nazioarteko gaiez arituko da Zokoburuko dunetatik atalean eta Iker Garaialde hondarribitarra teknologia berriei buruz arituko da Teknikaren Hackelarrea atalean.
Urruñako eta Ziburuko ikastolen aldeko jaialdiak
Urteak dira Goierriko ikastolak, Urruñako Ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioa elkarlanean ari direla. Iparraldeko ikastolen egoera zaila kontuan hartuta, hainbat jaialdi antolatu dute 1997az geroztik Urruñako eta Ziburuko ikastolak diruz laguntzeko. Goierriko ikastolek eta Hazia elkarteak abenduaren 4an Urruñako elizan kantaldia antolatu dute. Urtarrilaren 7an berriz, Ordiziako Majori kiroldegian kantaldia eta pailazoak izango dira. Lortutako dirua Urruñako ikastolari (sei gela erantsi nahi dizkiote oraingo eraikinari) eta Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioari (eraikin berria egiten ari dira) laguntzeko izango da.
16 urteko ikasleak euskara ikasita utzi behar al du eskola?
Besteren artean, galdera hori egin diote 11.984 laguni EAEn, Eusko Jaurlaritzako Euskal Gazteen Behatokiak prestatutako Gazteen Argazkiak 8 inkestan. Inkestari erantzun dion %93ak uste du derrigorrezko hezkuntza amaituta euskara jakin beharra dagoela (gaztelania jakin behar dela %98k uste du). Alabaina, %48ak baino ez du uste derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan euskaraz badakitela edo jakingo dutela.
Daniel Udalaitz
Industria de Turbo Propulsores, S.A. taldearen akronimoa da ITP. Taldeko entitate nagusia da eta Sener Aeronáutica (%53,125) eta Rolls-Royce (%46,87) dira akziodunaK. ITPren egoitza soziala eta produkzioko instalazio garrantzitsuenetakoa Zamudioko (Bizkaia) Parke Teknologikoan daude. Jarduerei dagokienez, motor aeronautikoen eta gas-turbinen ingeniaritzan, ikerketan eta garapenean, fabrikazioan eta fundizioan eta muntaduran eta entseguetan aritzen da, eta motorrak eta hegazkinak mantentzen ere bai. Munduko motor-fabrikatzaile ororentzako dagoen mantenu zerbitzu ofizial handiena dauka, gai baita urtean 400 motor baino gehiago konpontzeko. Arlo zibilean eta militarrean aritzen da lanean. Aurten, Espainiako Defentsako Ministerioarekin, beste kontratu bat izenpetu du, EJ200 motorretan 519 unitateko lotea produzitzeko. Europako Eurojet kontsortzioko kide da, eta orobat Tigre helikopteroak fabrikatzeko beste batekoa. Europan eta Amerikan, produkzioko eta fabrikazioko 11 zentro dauzka, eta baita beste zenbait Barakaldon ere. 2004. urtearen amaieran, 2.200 laguneko plantilla zeukan. Urte horretan, 379 milioi euro fakturatu zituen, 87 milioi euro inbertitu zituen I+G arloan eta 37,3 milioi eurora heldu zen irabazietan.