Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2005-11-27 -- 2017.zenb

Jakoba Errekondo


Aurrea aurrera dantzatzeko arriskua bai bizi poza! Sutan jartzen naute atzera begira bizi direnek, eta atzera eta gora begira bizi direnek zer esanik ez, atzeraka eta jainkoren baten peskizan... Tristea! AEBetan eboluzioaren teoria onartzen ez eta mundua gizakiak egin duela erakusten ez dira bada hasi eskoletan! Natura bere kaos konplexuan ulertzen ez eta gizakiak asmatu duen jainkoak egin omen du dena. Eboluzio hutsa onartu ezina, jakina, ezjakintasun hutsetik, moztasunetik dator.
Landareak, alajainkoa, ez dira motz. Bananaren familiako Heliconia generoari begiratu. Landare genero hau Hego Ameriketan da ugariena, baina Melanesian eta Indonesian behinik behin ere ba omen da... Tokian tokiko heliconiatarrek etorkizuna bermatu dieten estrategia desberdinak garatu dituzte, eboluzionatu dute. Edozertan legez eboluzioan ere aurkariak baino kideak izatea ederragoa dela jakitun, beste espezie batzuekin koeboluzionatu dute.
Heliconia hegoamerikarrak han ugariak diren kolibriek polinizatzen dituzte. Koeboluzioan heliconiak soilik txoriñoaren mokoa sartzeko moduko loretxea duten eta haien gustuko kolore bizizko lore deigarriak ematen dituzte. Kolibri arra eta emearen arteko aldea ere ustiatu dute; "chamake" deitzen duten Heliconia bihai-k bi barietate garatu ditu bakoitza sexu bateko kolibriek besterik polinizatzen ez duena, Heliconia caribea-k soilik emearen mokoarentzako modukoa den lorea zabaltzen du.
Heliconia melanesiarrek koeboluzioa elkarrekin burutzeko ondo bestelako kide batzuk hautatu dituzte, ondorioz kolore bizizko brakteaz inguraturiko loreak eman beharrean ikusteko ere lana ematen duten lore berde zozo-pandero askoak eraikitzen dituzte, baina nektar finez gainezka direnak, gozozale amorratuak baitira bere eboluziokideak: saguzar nektarjaleak.

Jabier Agirre


Alemaniako Heidelberg-eko Unibertsitatean egindako ikerketaren arabera, kolesterolaren odoleko maila kontrolatzeak bihotzeko gaitzaren eta iktusaren prebentzioari begira dituen eragin mesedegarriez gain -horiek nahiko ezagunak ziren mediku gehienentzat-, Alzheimer gaixotasunari aurrea hartzeko ere balioko omen luke.
Ikertzaileek agerian jarri dute odoleko kolesterol-maila nahiko lotuta dagoela Alzeheimerra garatzearekin. Zehatzago esateko, kolesterol maila altua lotuko litzake beta-amiloide izeneko proteina behar baino maila altuagoa izatearekin. Proteina horren pilaketa da, hain zuzen ere, gaitzaren ezaugarri nagusietako bat, eta ikertzaileek iradokitzen dutenez, beta-amiloidearen kontzentrazio gehiegizkoak neuronaren funtzionamendu okerra ekarriko luke, eta baita neurona horien heriotza ere, Alzheimerrean geratzen den bezala.
Egia da beta-amiloidea zelula normaletan sortzen dela, eta beraz, aspalditik ezagutzen dugu substantzia hori. Baina egia da, era berean, Alzheimerra duten gaixoetan beta-amiloidearen maila eta baita, nolabait esatearren, amiloidearen proteina aitzindariaren -APA deituaren- maila nabarmen igotzen direla. Hortik abiatuta, ikertzaileak saiatu ziren argitzen ea APAk eta baita beta-amiloideak ere eraginik ba ote zuten lipidoen metabolismoan, eta zelulak beta-amiloidearekin tratatu ondoren, kolesterolaren eta esfingomielinaren odoleko mailak normaltzea lortu zuten.
Aipatua bezalako ikerketa-lerroetara gero eta diru gehiago bideratzen du industria farmazeutikoak. Izan ere, 2025. urtean gaur egun Espainiako estatuan dauden Alzheimer gaixoen zifrak (600.000 diagnostikatuak, eta beste 800.000 ustezkoak) bikoiztu egingo direla pentsatzen da, biztanleria egunetik egunera zaharragoa baita gurea bezalako gizarte garatuan. Eta zifra horiek, latzak izan arren, errealistak dira, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen presidente den Isidoro Ruiperez doktorearen esanetan. Horregatik, egokituz joan behar dugu etengabe, ez datorkigunera egokituz bakarrik, baita gaur egungo egoerara ere. Egungo baliabideak ez baitira inolaz ere nahikoak, eta beti egongo baita ikerketa-bide berrien premia.

Joxerra Aizpurua



Uraren gainean ibiltzeko intsektuek duten sekretua

Matematikari talde batek intsektuek ur gainean azkar eta bere hankak mugitu gabe higitzeko erabiltzen duten sistema aurkitu du. Lakuetan eta putzuetan bizi diren izaki txikiei ezin zaie izaki handientzat erabiltzen diren hainbat zientzia-arau aplikatu.

Intsektuek uraren gainean nabigatzeko erabiltzen dituzten estrategiak aztertu dituzte azken lau urteotan, Massachusetts-eko Teknologi Institutuko (MIT) John Bush irakasleak eta David Hu ikasleak. Horretarako, intsektuen abiadura handiko bideoak grabatu eta irudiak digitalizatu eta aztertu zituzten.

2003an Brian Chan ikerlariarekin batera intsektu batzuk uretan nola higitzen diren ezagutzera eman zuten. Orain ura, lurra, zuhaitzak edo edozein gorputz topatzean sortzen diren olatu-aldapetan intsektuek nola egiten duten gora ezagutzera eman dute Bushek eta Huk.

Olatu-aldapak uste baino leku gehiagotan topa ditzakegu, hala nola, urontzi batean dagoen urak urontziaren hormak ukitzean aldapatxoa sortzen da eta oso txikiak diren izakientzat aldapa horiek igotzea guretzat mendiak igotzearen antzeko lana da.

Baldintza hauetan intsektuen propultsiorako sistema arruntek ez dute balio. Nola, bada, higitu? Intsektuek jarrera bereziak hartzen dituzte eta horiei esker gorantz higitzea lortzen dute: segundoko bere gorputzaren luzera baino 30 aldiz aurrera eginez. Kontutan hartu lasterketa olinpiko batean lasterkariak segundoko bere gorputzaren luzera baino bost aldiz aurrera ere ez duela egiten.

Huk eta Bushek uretako intsektuen bi espezie topatu zituzten non atzeko hankekin ura "heltzeko" gai diren eta horrela gailurrera ailega daitezkeen. Intsektuak ura zanpatu egiten du eta ur gainean zulotxoak sortzen dira, baina uraren gaineko geruzaren tentsioa gai da intsektuaren pisuari eusteko. Mugimendu horretan sortzen diren perturbazioek xurgatze-indarrak sortzen dituzte eta hauek eragiten diete gorantz intsektuei. Nolabait esateko xanpainaren burbuilak azaleratzen diren bezalako prozesua gertatzen da.


Krokodilo harrigarria

Science aldizkarian berriki azaldutako berriaren arabera, Argentinan aurkitutako narrasti fosildu bat krokodiloen familiako har badaiteke ere, dinosauru haragijaleengandik hurbil samar omen dago. Aurkitu diren garai bereko beste krokodilo batzuk itsastarrak ziren eta moluskuak eta arrain txikiak jaten zituzten.

Topatutako krokodilo hau ere itsastarra zen erabat, baina bere burua eta ahoaren itxuragatik garbi dago harrapakin handiak hartzeko gai zela.

Aurkikuntza honek krokodiloen eboluzioari buruzko kezkak sortu ditu eta hainbat zientzialari ikertzen hasi da Itsaso Barean sorturiko animalia honen zergatia, zeren eta agian gauzak ez ziren uste bezala gertatu.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan