Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-16 17:39:38
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2005-11-27 -- 2017.zenb


Anarik bakarkako hirugarren diskoa plazaratu du Metak diskoetxearekin: Zebra. Inoren Ero Ni taldeko Borja Drake eta Mikel izan ditu lagun Bonberenean grabatutako diskoan. Hirugarrengoan rockera hurbildu da gehiago.

Glu Glu antzerki taldeak Oscar Terolen Todos nacemos vascos liburua eramango du eszenatokietara urtarrilean. Galder Pérez eta Eloi Beatok egokituko dute eta, besteak beste, Gorka Aginagalde, Gurutze Beitia eta Josean de Miguelek jokatuko dituzte rol nagusiak.

Txirri, Mirri eta Txiribiton
dira abenduaren 2an zinema aretoetan estreinatuko den Pailazokeriak animazio filmaren protagonistak. Imanol Zinkunegik zuzendu du eta Joxan Muñoz eta Juanba Berasategik osatu dute Hordagok ekoitzi duen filmaren gidoia.

Agustin Ibarrola artistak Muñogalindon (Avila, Espainia) jarriko du fundazio-museoa, bere obrak erakusteko. Artadi baten alboan izango da eraikina eta artadiko zuhaitz batzuk eta harkaitz batzuk margotuko ditu.

Armiarma (www.armiarma.com) literatura atari mamitsuak jaso du aurtengo Anton Abbadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Elgar Oinka Hazparneko dantza taldeak Xango, altxa xango ikuskizuna aurkeztu berri du. Koldo Ameztoi kontalariaren Xango istorioak gidatzen du 40 dantzarien saioa.

Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr Churchill? narrazio liburua plazaratuko du aurki, Susaren eskutik. Errealismo poetikoan kontatutako hamazazpi ipuinez dago osatua. Portua eszenatoki, zamaketariak, pilotuak, arrantzaleak... ageri dira liburuan.


Alizia Sturtzek Berriari esan zizkion ondorengoak: «Kultura kontsumitzen den zerbait balitz bezala, onartu dugu, neoliberalismoaren balioek kulturan eta gure bizimoduan duten eraginaren ondoioz. Kultura industriala edo MacWorld kultura sortu da, horrenbestez. Euskal Herrian errentagarritasun ekonomikoan oinarritzen den kultura bultzatzen badugu, gureak egin du».

Aritz Gorrotxategi idazleak honakoa idatzi zuen Diario Vascon: «E-postak ordezkatuko al du genero epistolarra? Blogak zutabea? Zentzu horretan badago bi ikusmolderen arteko lehia: moda-modan dagoen komunikatzeko grina batetik eta, bestetik, barruko arkitektura intelektual eta emozionala lantzearen premia (tradizioa). Azken batean, zergatik idazten dugu? Komunikatzeko ala gure pentsamendua egituratzeko? Bateragarriak al dira biak?».

Anjel Lertxundiren hitzok jaso zituen Berriak: «Hizkuntza da gu esplikatzen gaituen eta mundua ikusteko gure modua gehien zehazten duen ekintza kulturala».

Benito Ansolak Deiari zera adierazi zion zinemagintzaz: «Pelikula handietan gertatzen den gauza bera gertatzen da gaur egun, efektu berezi asko eta promozio asko, baina mami eta gar gutxi (...) Esaten dute gosea dela ideiak eta irudimena bizkortzeko modurik onena, eta gu asetuta bizi garenez...».

Katixa Garate


Durango badator

Lan eta lan dabiltza kulturgintzako kideak egunotan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako lanak prestatzen. Aurten abenduaren 7an hasi eta 11n amaituko da urteroko hitzordu berezia. Aurtengoa berrogeigarren urtea du, baita berau antolatzen duen Durangoko Gerediaga elkarteak ere. Argizaiola saria Gotzon Garate idazle elgoibartarrari emango diote, hark egindako lan mardula eskertzeko. Azoka iritsi zain dagoenak www.durangokoazoka.com webguneari bisita egitea dauka edo bertan jarri duten Olmako tximiniatik blogean sartzea.


Arteak elkarrizketan San Telmon

Ordóñez-Falcón argazkilaritza fundazioak eta San Telmo museoak San Telmorekin elkarrizketan erakusketa zikloa abiatu dute. Zazpi hilabetetan zazpi erakusketa osatuko dituzte museoko elizaren absidean. Hilabete bakoitzean museoaren funtsetatik hautatutako obra bat eta Ordóñez-Falcón Bildumako argazki bat alderatuko dituzte eta hil bakoitzean arte kritiko batek hitzaldia emango du bi obren arteko loturaz. Erakusketa ziklo honen bidez San Telmo museoak eskulturan, pinturan, etnografian eta zeramikan duen aberastasuna erakutsi nahi dute. Une honetan Antonio Ortiz Echagüeren Desnudo de espaldas (1920-1921) eta Paul Kooiker-en Shownground (2003) daude erakusgai. Datozen hilabeteetan, margolanez gain, argizaiolak eta bitxiak alderatuko dituzte argazkiekin. Kritikoei dagokienez, Jan Manuel Bonet eta Francisco Jarautak hartuko dute parte, esaterako.


Antonio Zavalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman dio bere bilduma

berrogeita hamabi urtez herri literatura arakatu du Antonio Zavalak. Auspoa bildumaren sortzaileak artxibo erraldoia du: bertsopaperak, eskuizkribuak, grabazioak, liburuak, egunkari zatiak... Hori guztia Gipuzkoako Foru Aldundiari emango dio. Aldundiak Koldo Mitxelena kulturunean gordeko du eta digitalizatu egingo du. Bestalde, Auspoa argitaletxean oraino argitaratutako guztiaren eta hemendik aurrera argitaratuko diren dokumentu guztien kopiak emango dizkie Deustuko Unibertsitateari eta Euskaltzaindiari. Herriarengandik jasotakoa herriaren esku utziko du, hala, Antonio Zavalak.


Diseinuaren bilakaera 20 urtean

Diseinua ez da estetika hutsa. Horixe diote hogei urte bete berri dituen Diseinu Zentruko (DZ) arduradunek. Eta hori frogatzeko erakusketa zabaldu dute Bilbon, Bizkaiko Foru Artxiboaren erakusketa aretoan. Eguneroko objektuak jarri dituzte erakusgai: argazki kamerak, bihurkinak, presio-eltzeak, bizikleta kaskoak, autoak... Duela hogei urtekoak eta gaur egungoak, diseinuak izandako bilakaeraren erakusgarri. DZko arduradunen esanetan, diseinua ez da produkzioaren amaieran itxura zehatz bat emateko azken urratsa, produkzio prozesu guztian presente izan behar du eta diseinua modu integralean erabili behar dela sartu behar zaie buruan enpresei. Azaroaren 30a arte bisitatu daiteke..



Internetetik musika jaisteagatik kondenatua

Azkaindar batek 750 euro ordaindu beharko ditu, Kazaa p2p truke saretik musika jaisteagatik eta jaitsitako horiek beste batzuentzako eskuragarri jarri izanagatik. Internetetik jaitsitako musika hori besteek eskuratu dezaketelako jaso du kondena, ez beretzat jaiste hutsagatik. Akusatuak esan zuen berak ez zekiela programaren bitartez besteek berak hartutako materiala har zezaketenik.



Azkoitiko Mataderoa arriskuan

Kultur mugimendu handiko gunea da Azkoitiko hiltegi zaharrean dagoen gunea. Musika talde ugarik entseatzen dute bertan, kontzertuak eskaintzen dituzte, hainbat artista plastikoren elkargune da... Azkoitiko Udalak eraikina botatzeko asmoa du eta bertan zubi bat eraikitzekoa. Hala, bi aukera eskaini dizkio Matadero Ekintzak kultur elkarteari: Aizpurutxo auzoko geltoki zaharra edota herrian eraikiko duten Elkargunea udal kulturgunea. Mataderoko kideek geltokia erdigunetik urrun dagoela eta aparkalekurik ez dagoela argudiatu dute eta Elkargunean Udalaren kontrolpean izango liratekeela.

hemeroteka

2016. zenbakia | 2005-11-20
2015. zenbakia | 2005-11-13

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan