Xabier Mendiguren Elizegi
Zure hirugarren liburua da Vredaman. Lehenengoak uste gabeko arrakasta ekarri zizun; bigarrenak era guztietako iritziak; hirugarren honekin zer espero duzu, edo zer espero behar du irakurleak?
Sekula ez da jakiten liburu batekin. Idazten hasi aurretik, asmo bat izan dezakezu; idazten ari zarenean, beste bat, eta idazten amaitu eta errepasoan ari zarenean, beste bat beharbada. Eta horren ostean, guztiz arrotza den irakurlearengana heltzen denean, idazleak aurreikusi gabeko sentsazioa sortu dezake. Dena dela, apur bat desberdina izan da liburu honen prozesua. Aurreko biak idatzi nituenean, argitaratu egingo ziren ere ez nekien ia-ia. Honetan, ostera, aurreko bien eskarmentuarekin ibili naiz idazten: badakit noraino helduko den gutxi gorabehera eta zeri egin beharko dion aurre. Eskarmentu gehiagorekin idatzi dut, beraz. Bestetik, irakurleak gozamena topatuko duela uste dut. Ahots diferenteak, istorio diferenteak. Edonor gozatzeko liburua dela uste dut. Kolore handikoa.
Izenburu berezia oraingoan ere. Nondik sortu da Vredaman?
Van't Hoffen ilea eleberrian, nik asmatutako idazle bat agertzen da: E. H. Beregor, eta haren hirugarren nobela zen Vredaman. Beregor nobela hori idazten ari zela zati bat lapurtu zion baten batek, eta hutsune batekin publikatu zuen eleberria: ez zuen berriro idatzi nahi, lapurtutako zati hari perfektu irizten zion eta. Modu berean, nire hirugarren nobela da Vredaman. Eta hutsune bat dago kapitulu batean... Izen bi nahastu ditut Vredaman izena osatzeko: "Vardaman" Faulknerren pertsonaia, As I lay dying nobelakoa; eta "Vredeman de Brie" izeneko pintore nederlandarra. Egia esan, pintoreak bi ziren, aita-semeak. Nik semeari begira hartu dut izena; izan ere, semeak ez zuen koadro originalik egin, aitak eginikoak kopiatzen eman zuen bizitza osoa.
Esan ote liteke, Van't Hoff-en ilean bezala hizkuntzarekiko jolasa bilatu duzula, baina narrazioaren garapenari kasu gehiago eginez?
Hori da. Van't Hoffen ilea liburuan biekin jolastu nuen: hizkuntzarekin eta argumentuarekin. Batzuek ez zuten ulertu bigarren jolas hori. Izan ere, adarra jotzeko makina zen argumentua, inora ez zeramana, heriotzara ez bada. Irakurle batzuek estiloaren jolasa ulertu zuten, baina argumentuarenak ernegarazi zituen. Arthur Conan Doyleren estiloko bilakaera espero zuten, antza. Vredaman honetan, aldiz, askozaz modu gozoagoan garatzen da argumentua edo argumentuak, lau istorio baitira. Irakurlea eskutik eraman nahi izan dut eleberri honetan, galeria batetik, azken argiraino, eltxoak balira bezala.
Narratzaile ugari daude liburu honen barruan: haurrak, zaharrak eta abar, nor bere hizkerarekin, hitz egiteko eta kontatzeko moduarekin...
Bai, hori da nire ustez literaturaren aberastasunetako bat. Nobela honen irakurlea jendez inguratuko da, konpainia noblean. Istorio bakoitza ahots diferentez kontatuko da, ikuspegi diferentez, izaera diferentez. Hala ere, guztiek daukate antzeko helburua: istorioa kontatzea. Kontatzearen plazera dago hor. Inor ez da pertsona osoa gauzak kontatzen ez baditu. Eta istorioak ere ez dira istorio osoak angelu desberdinetatik kontatzen ez badira.
Lau istorio txirikordatu dituzu: gauza asko kontatu nahi zenituelako, ala istorio bakarrak joko gutxi ematen zuelako, ala...?
Ume baten ikusteko modua kontatu nahi nuen. Eta ume baten bizitzan ezinbestekoa da familia; familiak eraikitzen du umea. Umeak eraman ninduen, beraz, familiakoengana. Bide horretatik lau istorio sortu ziren: aita ospitalean dagoen bitartean osaba-izekoenean dagoen Tomas haurrarena, Gur lagunarekin gauez golf-zelai batean sartu den osaba Simonena, aitona ebanistaren historia ikertzen dabilen lehengusu Mateorena, eta izeko jostunen lagun batena, Piedadena. Azken batean umearen unibertsoa kontatzen da, familiaren laguntzaz. Horrek ez du esan nahi beste hiru istorioek nortasunik ez dutenik. Irakurleren batek aipatu dit aparteko ipuinak balira bezala irakurri daitezkeela.
Liburu hasieran zuhaitz genealogikoa eta hegalean zure txikitako argazki bat ipini duzula-eta: badu esanahiren bat, keinuren bat?
Julen Gabiriak esan zidan moduan, zuhaitza baino gehiago bonsai genealogikoa. Berez erraza da jakitea nor den Tomas, umea. Inork ez dezala pentsatu, alabaina, nire biografia idatzi dudanik. Ezta hurrik eman ere. Asko dira, bai, datu biografikoak, baina askozaz gehiago asmatutakoak. Nire bizitzak ez dauka aparteko interesik, Euskal Herriko edo, beharbada, munduko edozein umek kontatu dezakeena da. Nik haurtzaroko eta familiako datu batzuk hartu, nahastu, irabiatu, elementu fantasiatsuekin elkartu eta gauza askori buruz hitz egiten duen eleberria idatzi dut.
Bestalde, zure liburu guztietan bezala geografia zehaztugabea ageri da, baina hemen inoiz baino nabarmenago ezagutu liteke Algorta. Bertako tokiak eta jendeak. Eta baita inguruko batzuk ere, hala nola Neguri.
Aurreko nobeletan ez nuen lekuei buruzko datu zehatzik eman nahi. Izan ere, Algorta, Getxo, Neguri eta ingurukoei buruz irakurleek izan zitzaketen aurreiritziak saihestu nahi nituen. Arreta pertsonaiengan nahi nuen, ez euren jatorrian. Zama hori kendu nahi nien pertsonaiei. Modu horretan, irakurleek euren herrietan imajinatu zitzaketen pertsonaiak eta etxekotzat hartu. Irakurle argentinar batek esan zidan SPrako tranbiako herria Banfield-en imajinatzen zuela, bere txikitako herrian, Buenos Aireseko aldirietan. Beste batek Polonian kokatu zuen herria. Ni ez naiz ez Argentinan ez Polonian egon. Vredaman eleberrian, ostera, lotsagabeago aritu naiz. Honezkero hamaika aldiz esan dut eleberriak Algortan gertatzen direla eta jendeak gehiago begiratzen dio nobelari berari herriari baino. Horregatik ez dut erreparorik eduki izenak eta lekuak agerian uzteko.
Baten batek kritikatu izan dizu munduaren ikuspegi eztiegia ote duzun. Berriki hitzaldi batean komentatu duzu Hobbes, guztiz bestelako pentsaera duen autorea. Zer duzu esateko, gizakiaren on-gaiztasun kontu horietaz?
Niretzat tamalgarriena honakoa da: literatur kritikari batzuk gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere parametro horietan mugitzea; hau da, mundua (literatura, beraz) on eta gaiztoetan banatzea, manikeismo xalo horretatik ez irtetea. Munduan ez dago pertsona on edo txarrik. Jendeak bizi nahi du, eta bizitzeko ahalegin horretan pertsona batzuk, une jakin batzuetan, egoistagoak dira, eta beste batzuk inuzenteagoak, beste momentu batzuetan. Beste batzuetan pertsona jakin bat zapaldu egingo dute batzuek, aldagai jakin batzuk direla tarteko, baina beste batzuetan horren alde egingo dute. Batzuetan Jekyll doktorea izango dira; beste batzuetan Hyde. Baina beste askotan Robert Louis Stevenson ere badira. Edo Rudyard Kipling. Edo Franz Kafka bera. Esan nahi dut gizakia hori baino askozaz konplikatuagoa dela. Nire pertsonaiak ere, batzuek ulertu ez dituzten arren, askozaz konplikatuagoak dira. Ez dira ez onak ez gaiztoak. Nire pertsonaiek, bizitzeko ahaleginean, aukera bat egin dute, eta aukera horren bitartez bizi dira: bidea egokia edo okerra izan daiteke, baina, Cortázarren dioen moduan, euren bizitza pentsatu dute eta euren bizitza ulertu. Hortik gorakoa neurologia da. Eta ez dago jakiterik zergatik entzun ditzakeen pertsona batek bere Italiako herriko kanpaiak Londresen bizi bada... Thomas Hobbes, bestalde, lotsabako bat zen.
Aurreko nobela biak zerorrek ipini dituzu gaztelaniaz; honekin ari zara?
Horretan ari naiz, bai. Alfaguara argitaletxean apirilean entregatu behar dut eta kalera, Jainkoa lagun, ekainean aterako da.
Idazle profesionalen taldetxoan zaudela esan liteke, liburuekin eta hitzaldiekin-eta. Pribilegioa da hori ala ardura berezia eskatzen du?
Ardura berezirik ez, inondik inora; ez behintzat publikatzen hasi aurretik neukana baino bereziagoa. Esan nahi dut kalean libururik ez neukanean ere, asko eskatzen niola neure buruari. Eskatu daitekeen guztia eskatzen nion neure buruari. Pentsatzen nuen: munduko testurik onena argitaratuko dut, bestela tiraderan geldituko da. Beti eduki dut neurri hori buruan. Gero, gertatu liteke buruan daukazun neurritik %5 baino ez lortzea, baina ardura beti dago hor, buru barruan, lehen eta orain. Literaturarekiko errespetua ez dut aldatu, beraz. Dudarik gabe, pribilegioa da. Eta bestela lortu ezin den giltzarri bat ematen dizu gainera: denbora.
Hurrengo liburua gogoan duzu dagoeneko, ala atsedena hartu behar duzu oraingoz?
Hurrengo liburua, laugarrena, buruan neukanVredaman idazten hasi baino lehenagotik. Baina paperera eraman aurretik, lehen esan dudan bezala, honen itzulpena egin behar dut. Apirilean amaituko dut, dena ondo badoa, eta ondoren beste asmo txiki bat daukat: Vredamanen agertzen den lau istorioetako bat, Tomasena, umearena, liburutik atera, apur bat moldatu, marrazkiak ipini eta umeentzat argitaratu nahiko nuke. Azken batean, umeentzako literatura horixe baino ez da: umeei ere gustatzen zaien literatura. Hori guztia uda parterako amaitu nahi nuke. Gauzak horrela, irailean hasiko naiz hurrengo liburuarekin. Idazten hasterako goitik behera pentsatuta eduki nahiko nuke. Orain Psikiatria eta Neurologiari buruzko testu asko irakurri behar ditut, ia osorik teilatu batean gertatzen den liburu hori idatziko badut.
Pilar Iparragirre
Zergatik De Rerum Natura titulua?
Niretzat «hitz egin dezagun edozein gauzaz» moduko zerbait da. Egin dezagun inguratzen gaituzten gauzen katalogo bat. Baina aldi berean badu «natura» hitz zoragarri hori, oso zen bihurtzen duena, gauzen funtsa eta irudia, zer da erreala, zer ilusioa (dena da ilusioa).
Erriberan jaioa zara. Noiz gerturatu zinen euskarara?
Erriberan jaio nintzen, baina hiru urte bete nituenetik Iruñean bizi izan naiz. Euskarara, berriz, ikastolatik atera nintzenean hurbildu nintzen. Euskara galtzen ari nintzenean. Orduan jabetu nintzen nire barruko zer edo zer garrantzitsuarekin lotzen ninduela euskarak. Kuriosoa da zeren gakoa Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzean aurkitu nuen.
Noiz ekin zenion komikiak egiteari?
Korrok aldizkarian. Aurretik ez nuen marrazten. Irrati libreetan aritzen nintzen. Haatik, marrazkilaritza ogibide bihurtzea zaila eta aldi berean erraza izan da. Erraza, zeren ez diot denborarik eskaini, ez naiz lan horren bila tematsu ibili. Zaila, zeren ez dago aukera gehiegi aurrera egiteko.
Berriako komiki-tiretan agertutako pertsonaietatik, zein duzu gustukoen?
Morroiak beti, ahulenak. Nabarrako erregearen bufoia, Talibanaren yoda, Kapitainaren Petilla. Patxiren Xaxa katua.
Umoreak ezinbesteko al du gizarte kritika?
Ez, ezinbestekoa ere ez da. Baina eskertzen da. Nire ustez -ni oso ideologizatua nago, aitortzen dut-, gizarte kritika behar dugu, ezinbestekoa da.
Pilar Iparragirre
Neguko zirkua
Harkaitz Cano
Susa
224 orrialde 15 euro
Harkaitz Canoren azken lana
Aurtengo Euskadi saria eskuratu duen idazlearen azkeneko argitalpena dugu Neguko zirkua, hemeretzi narrazio labur guztiz ezberdinak batzen dituen ipuin bilduma. Hildako baten beilatik zetorren mutikoak eskularruak galtzeko izan zuen arrazoia, haur batek bere aita ameslariarekin izandako harremanak, Alemaniak Polonia inbaditu zuenekoa, Parisen bizi den idazlearen ibilaldiak eta gogoetak, morroi bat bere errebolberra garbitzen ari zela gertatutako ezbeharraren ondorioak, Jon Miranderen balada Jim Morrisonen omenez, tren geltokietan bagoiak «husten» dihardutenei zertarako balio izango dien ogi bat eskuratzea, Aulkien Historiako une estelarrak, oholari eutsiz gorroto duen anaia haren gainean noiz igoko dagoen gaztearen sentimenduak...
Lege fisikoaren izaera
Richard Feynman
Gaiak
198 orrialde
Richard Feynman Fisika Nobel saridunaren hitzaldi bilduma
AEBetako Cornell Unibertsitatean 1964ko azaroan Richard Feynmanek emandako hitzaldien bilduma jasotzen du Gaiak argitaletxeak plazaratutako Lege fisikoaren izaera liburuak. Bertan erantzuten diren galderen artean honako hauexek daude: zer den lege fisiko bat, nolako egiatasun maila duen, zein mugak ditugun lege fisiko horiek mundu errealean aplikagarriak izateko eta nola sortzen den lege fisiko berri bat. Gainera, eta besteak beste, mekanika kuantikoa eta denboraren itzulgarrigabetasuna azaltzen ditu; grabitazioaz dihardu, lege fisikoaren arazoak azaltzeko, eta hortik abiatuta, Matematikak Fisikan duen garrantzia adierazten du, eta simetriak eta iraupenerako printzipioak aztertzen ditu.
Hotsateko basoa
Xabier Olaso, Belén Lucas
Aizkorri
36 orrialde 5,50 euro
Hotsez eta hitzez beteriko basoa
Pupuan trapua liburuarekin aurtengo haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi zuen Xabier Olasoren lana dugu Hotsateko basoa. Aurrekoa bezala, lehen irakurleei zuzendua dago. Narratzailea baso berezi baten barrena doa, bai goizez zein gaueko hamabietan, eta jakina, animalia, izaki zein gizaki askorekin egiten du topo, eta beraiek egiten dituzten hotsei jartzen die arreta: zor-zor, txor-txor, bee... Flap-flap dabilen arranoari, eta flip-flip egiten duen txantxangorriari. Bat-batean, bi sorgin ikusten ditu dantzan ilbeteari begira. Laster, kantari ari diren aguretxo bi ikusiko ditu, eta haiekin txor-txor ari diren bi atso. Gero, iturriko uraren pol-pola entzungo du, eta bertan ura edaten ari den lamia ere ikusiko. Toko-toko-tok ari da okil handia, artzaina lotan dagoen bitartean.
Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
128 orrialde Urteko harpidetza: 12 euro
Euskararen gizarte erabilera
Euskal Herriko Karmeldarrek kaleratzen duten hiruhilabetekariaren azken zenbakian euskararen gizarte erabilera aztertu dute, Institut dÆEstudis Catalans-ek katalanaren gizarte erabileraz egin zuen lanaren argitan. Bestalde, Donostian Einsteinen Annus Mirabilis ospatu zela-eta, ekitaldietan euskarak izan zuen trataera eredugarria ere aipatzen da. Gotzon Garatek, bere aldetik, Euskal Herriko zazpi probintzietan adin handiko euskaldun zaharrek duten euskara ederra goraipatzen du, hala nola euskara aberatsa eta guztirakoa duten liburuen zerrenda bat eskainiz. Guztiz aipagarriak dira ere Juan Mari Arrizabalagak Donostia, Azpeitia eta Markinako hainbat eraikin eta parajeen gainean egindako marrazkiak, eta Patxi Uribarrenek Errioxako Naierako monasterioan aurkitutako iruzur historikoa.
Nikolas Txikiren historia ezezagunak
Goscinny&Sempé
Elkar
256 orrialde 12,20 euro
Nikolas Txikiren itzulera jadanik euskaraz
Koro Navarro eta Josu Zabaleta itzultzaileei esker hamabi urtetik aurrerako irakurleek dagoeneko goza dezakete berriro Asterixen sortzaile izandako Rene Goscinnik sortu zuen Nikolas Txiki ume bihurriaren abentura barregarriekin, beti ere Jean-Jacques Sempé marrazkilariak egindako irudi jostarien laguntzaz. Goscinni hil zenean Nikolas Txiki eta bere lagunen abentura gehiago ikusiko ez zutela uste zutenek, oker zeuden. Haren emazteak eta alabak gehiago aurkitu baitzituzten etxeko txokoren batean, eta Sempéri erakutsi zizkioten gero. Hara Nikolas Txikiren historia ezezagunak 1. Itzulera liburu honen nondik norakoa. Ondo pasa dezazuela irakurtzen.
Ostiela!
Batzuen artean
Paperzaleak
46 orrialde / 3 euro
Ostiela!: lanaren kolokoiaren aurkako gomendioak eta guzti
Paperzaleak kultur elkartearen Ostiela! aldizkariaren azken zenbakian, Iñaki Segurolak Hondarribia eta Irungo biztanleei alardeen ordez inauteri bereziak ospatzeko egiten dien proposamena, lan giroan zabiltzan ala ez jakiteko alu-testa, Paul Lafarguek alferrak izateko egin zigun gomendioaren oroimena, dohaineko diruaren aldeko manifestua, Inork ez luke lanik egin behar Bob Blackek egindako aldarrikapena, Valle Inclanen Luces de Bohemiaren atal bat eta beste gauza anitz aurkituko dituzue.
De Rerum Natura
Patxi Huarte
Elkar
160 orrialde 15,50 euro
Patxi Huarte Zaldi Eroaren komiki-tiren bilduma
Elkar argitaletxeak plazaratutako De Rerum Natura liburuan, Patxi Huarte faltzestarrak Zaldi Eroa goitizenarekin Berria egunkarian pare bat urtean ateratako komiki-tiren bilduma dago jasorik. Orain irakurleak aukera izango du jarraian irakurtzeko Euskal Taliban Jatorraren irakaspen zorrotzak, Nafarroa kapitaina eta Petilla komandanteordearen ibiliak, Begoñaren bizitza eta heriotza, 9.000 urte dituen Jaizkibelgo gizonak bera bizirik zegoeneko garaietaz dioena, Kasparovek X3D ordenagailuarekin dituen lehiak, kalean aditutako gauza bitxiak, Iturgaitzen ukondo autonomoak egiten dituenak, Gizon Jakintsuak esandakoak, La Pelota Basqua, Petrus Secundus Nabarrako erregearen bizitza, The Organitationen gorabeherak, ogibidez bidaiaria den Tom Olabaren joan-etorriak, in dolce far niente egotea atsegin duen Xaxa katuarenak, Euskal Supersuperrak egiten dituenak, Txurroaren Kofradia, Iruñeko politika kulturala, Patziku Joxemielen ilobaren iradokizunak, Aznar irakaslearen irakaspenak, mundu zabaleko armarriak, Takonerako igande arratsaldeko misterioak, euskañola nola ikasi 3 leziotan, Mieltxo plastilina irakaslearen azterketak eta beste asko.