Allande Boutin
Frantzia munduko futbol txapelduna izan zelarik, 1998an, bazirudien larru beltz ala xuria, ile kizkur ala zut, Mouloud ala François izan, frantses integrazio sistema guztiz ondo zebilela, frantziar orok bat egiten baitzuten beren taldearekin, Zidane buru zelarik.
Lau urte berantago, presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzuliaren gau elektoralean, Jacques Chirac frantziarren %82k hautatu zutelarik -Le Pen eskuin muturrekoaren aurka-, Parisko Bastillako plazan jauzika eta dantzan ikusi genituen inmigrazioaren bigarren belaunaldiko gazteak. Sostengatzaile berri hauek ikusirik, gogoan dut oraindik ere Chirac jaunaren emaztearen aurpegi harritua.
2005eko larrazkenean aldiz, oso bestelako aurpegiak eta jarrerak ikusten ditugu. Azken hiru aste hauetan, gainontzeko hizkuntza gehienetan hain itzulgaitza dugun banlieue delakoak sukarra du. Bertan kontzentratzen diren -kontzentratu dituzten- etorkinak eta seme-alaba-, momentu batean goraipatu zirenak, beldurgarriak bilakatu dira. Anitz auto eta autobus erre dira. Zenbait eskoletako gela eta polikiroldegi ere bai. Suhiltzaileak erasotuak izan dira eta poliziak -eskerrak, kasu oso gutxitan eta ondorio larririk gabe- tirokatuak. Istilu grabeak, biolentzia onartezinak. Baina hori esanda, zer? "Sua" itzali nahian dabiltza agintariak, ados, baina sutearen zergatietara jotzen ote dute?
Ez dezagun krisiaren abiapuntua ahantz: bi gazteen heriotza. Polizia-kontrol bati ihes egin nahian, argindar-gune batean aterbetu ziren eta elektrokutaturik hil. Inkesta oraindik ere bukatu gabe dugu baina, dirudienez, gazteek ez zuten deus gaizki egin. Bi gazteak eskolatuak ziren eta ongi kontsideratuak. Beldurraren beldurrez ihes egin zuten. Horretan datza arazoaren zati bat neurri handian. Gaurko Frantzian, hobe da "xuri" izatea kontroletatik pasatzeko, baita lan bat izateko ere, finean, normaltasunez bizitzeko. "Gaizkilea berdin etorkina edo larru beltza" ekuazioa komodoa bihurtu da. Zergatik? Ezen eta, egia da, bandalismo egileak nolaz delinkuente ttiki gehienak banlieueetakoak baitira, gehienak inmigrazioaren semeak. Giza talde txiro eta baztertuenetakoak direla egia den bezala. Hau ez ote da gakoa? Eta ez erran oldartzea erabat antolatua izan zela, kutsu erlijiosoarekin. Oldartu direnek ez diete kasurik ere egin Imameri.
Oldartu direnak frantziarrak dira. Larru kolore ezberdinetakoak, baina frantziarrak! Frantzian ezagutzen den eskubidea ez baita odolarena, baizik eta lurzoruarena. Beraz, desmasiak geldiarazteko hartu diren neurriak, frantziarren aurka hartu dira eta ez ustezko "kanpoko etsaien" kontra. Aljeriako "gertakarien" denborako 1955eko etxeratze agindua berriz indartzeak zerbait konpondu al du? Ala orain dela 50 urteko oroitzapen mingarriak berpiztu al ditu? Zer seinale ematen da? Ghettoak badirela, zeren non aplikatzen da neurri hori? Eskolari buruzko neurriak ere tristeak dira: lan eskolara sartzeko adina apaldu dute; 16 urtetik 14ra. Baina, gaur egun zein industria motak edo laborantzak behar ditu esku-lana? Auzune hauetako haurrek ezin dute ikasketarik egin? Zergatik ez laguntzarik eman horretarako? Irtenbidea ez ote da gazte hauen formatzea?
Badirudi deskolonizazioaren gerla denborako zorrak ez direla kitatu. Are guttiago lan postuak eskas direlarik. Hobena edo errua bestearena da, "gure ogia" jaten duenarena. Herenegun poloniarra, atzo italiarra, gaur afrikarra. Baina, lasai egon gaitezen, "jendaila xahutuko" da. Bokata xuria. Black/beltz, beur/arabe-urrezkorik gabe...
Koldo Aldalur
Eusko Jaurlaritzaren agindua betez, Eurogap marketin etxeak herri kirolen inguruan galdetze lana egin berri du, geure-geureak diren joko eta kirolen egoera zehazteko asmotan.
Ondorioetara iristeko bidean, herri kiroletatik gertu samar dabiltzanak hartu, elkarrizketatu eta galbahetik pasatako bakar batzuk bildu dituzte, nork bere iritzia eman dezan. Kirolariek, federazioetako arduradunek eta kirol informazioa jarraitzen duten kazetariek galderei erantzun diete eta irtenbideak proposatu, irtenbiderik ikusiz gero, jakina.
Azterketak hainbat ondorio utzi du denentzat: Herri kirolari, gaur eta hemen, gaixo itxura eta usaina dario.
Aizkolaritza: hiltzear. Begira, bestela, Durangon jokatu berri den Euskal Herriko aizkolari txapelketako parte-hartzaileen adinari, eta erdibitu beharreko hamabi enborrak erdibitzen zenbat denbora behar izan zuen irabazleak. Atzetik datozenak, gutxi, eta ez da harritzekoa, pagoak duen prezioarekin. Globalizazioa globalizazio, nazioarte mailan apenas ezer.
Harri-jasotzea: plantan, baina zaintzapean. Hobetotxo, baina hau ere ondo ez. Indartsu datozen harri-jasotzaile gazteen zain egon beharko da. Dozena-erdi baten erdia dira, baina itxaropenik ez da galdu behar oraindik, nagusiak indartsu daudelako. Merkexeagoa izateak ere laguntzen du.
Sega: zainketa berezien gelan. Nazioarteko lehiak erakutsita, txukuntasuna eta lan motzagoak bultzatu dira, eta kirolariak onartu ditu. Dena den, horrek eta noizean behineko apustu entzutetsu batek ez ditu segak zorroztuko.
Iparraldeko jokoak: segalarien alboko ohean. Orga, lasto altxatzea, ingudea, zaku lasterketa eta, hauekin batera, txingak eta trontza. Urtean behin txapelketatxo bat, herrialdeen arteko lehia, erakustaldiren bat, eta kito. Ezin jakin betiko gaixorik dauden ala ez, bizirik dauden ere ez da segurua eta.
Sokatira: egoera erabat berezian. Nazioarteko federazioak euskal tiralarien eskubideak ez onartzea erabaki politikoa izan da, eta duela hogei urte baino egoera okerragoan gaude. Bai lurrean nola goma gainean. Bertako txapelketa, hainbat ahalegin lauko taldeak antolatuta... Baina kasu askotan ilusio falta handia dago, nazioartean ezin dutelako euren maila eman.
Harri-zulaketa: zer? Eta gizon probak? Horrelakorik ere ba al da, ba? Enkarterrien inguruan lehenak eta auskalo non bigarrenak urteroko txapelketa, eta askoz gehiago ez.
Idi probek eurentzat bakarrik behar dute horrelako orri bat: kirola ala ez?
Beraz, erietxea kasik betea. Batzuk plantan, besteak larrialdietan, eta bakarren bat ilusioaren makinari lotuta, bizirik iraungo badu.
Baina garbi dago ohean dagoenari gizarajoa deituta ez zaiola askorik lagunduko, eta hona hemen elkarrizketatuek proposatutako sendabideren batzuk.
Hiru eremutan mailakatu beharko litzateke kirolerako ibilbidea.
- Ikastetxeetan hasi. Materiala egokitu umeak jolasean aritu daitezen.
- Eskualdeka, herri kirol eskolak sortu, jolasean zaletu diren horiek norekin bildu eta nork erakutsi izan dezaten.
- Federazioek txapelketak antolatu, kirolari hasi berriak bere maila eman dezan, eta gainontzekoekin indarrak neurtu ditzan.
Beharrezko ikusten da komunikabideek ere arreta handiagoa jar diezaioten gaiari, ekitaldien berri izateko jokatu aurretik, eta emaitzen berri gero. Gainera, egungo teknologien bidez, kirolari eta zaleen arteko komunikazioa bultza daiteke.
Egutegi zehatza osatzea ere ez litzateke txarra izango. Horrela, ez litzateke gertatuko bi ekitaldi garrantzitsu egun berean antolatzea, eta herriren batean norbaitek zerbait antolatu nahiko balu, egutegian begiratzea aski luke zein data komeni zaion jakiteko. Jakina, ez da lan erraza, azken uneko irtenbideak asko direlako, eta, besteak beste, ez dagoelako jakiterik Larraitzen hurrengo abuztuan belarra nahikoa izango den ala ez.
Eurogap-ek laster jarriko ditu dotore-dotore ondorioak lana agindu diotenen eskuetan. Hortik aurrera, zain egon behar. Benetan kezkaturik badaude eta hurrengo urteetarako irtenbideak topatu nahi badituzte, badute nondik hasi eta zer egin. Bakoitzak geure ahalegintxoa egiten ez badugu, laster gara hil-kanpaiei adi.
Gorka Urbizu
Urte lanpetua daramat. Idazki hau garaiz entregatzera iritsiko naizen ere ez dakit, hain nabil lanez lepo. Hamabi kantuk lan handia eman dezakete. Baina merezi du. Aurten erabaki dugu taldean musikari emanak bizitzea. Ez da erabaki erraza, baina inork ez zuen esan hala izango zenik. Profesional bihurtu gara: a ze hitz itsusia! Ikara ere ematen du, hitz potoloegia: profesionaltasuna. Musikaren munduan gaizki ikusia ere badago, ez jakin zergatik. Konplexu kontua dela esango nuke, nola gurea hala entzulegoarena. Agian profesionaltasuna profesionalkeriarekin nahasita, baliteke.
Musikaren inguruan jende asko bizi da. Oholtzara igo gabe, industria txiki honen jiran mugitzen direnak dira. Denetatik ikusiak dauzkat: entsaio lokalak ireki dituztenak, musika irakasleak, disketxeetako langileak, managerrak, jaialdiak antolatzera sartuak, soinu-ekipoetan hasitako asko, argi eta soinu teknikariak, grabaketa estudio jabeak, eszenatoki erregidoreak, road-managerrak, bakclinerrak, merchandisinga ustiatzera dedikatu direnak, jantzi-denda ireki dutenak edota disko saltzaileak, ekipo zein instrumentuen alokatzaileak, furgoneta gidariak, loutierrak, ekoizleak, kultura promotoreak, musika-kazetariak, kritikoak, irrati esatariak, bideogileak, editoreak... zerrenda amaigabea osatu arte. Musika sorkuntzaren periferian mugitzen den jendilajea. Hauetariko langile asko -denak ez- ezinbestekoak zaizkio jotzeko orduan taula gainera igotzen denari. Isilean edo nabarmenago, musikaren inguruko zirkoaren motore dira. Gehienak ere estipulatu gabeak dira, esan nahi da beste edonolako lanetan izan genitzakeen eskubide eta betebeharrak ez direla argi geratzen ofizialki edo paperei dagokienez. Administrazioari ere zail egiten zaio ulertzea musikatik bizitzen -jaten- saiatze hori. Agian horrexegatik udaletxeetan musikariak artistas y toreros deituriko azpisail zalantzagarri eta barregarrian sartzen gaituzte, nola arraio deitu oso argi ez dakizun zera bat bagina lez.
Baina hau guztia ez da «musikaz bizitzea» konsideratzen; inon izatekotan beste epigrafe batean kokatu beharko genituzke dedikazio hauek. Musika sortu, diskoak kaleratu eta zuzenean jotzeko ziklo osoa bete ondoren nola edo hala aurrera egiteko lain ateratzen duen hori da musikaz bizi dena. Hori uste du behintzat gehiengoaren gehiengoak.
Sarritan erraza da barrutik ezagutzen ez dugun ogibideen inguruan sinplifikazio hutsalak jaurtitzea, denoi pasatzen zaigu. Nork ez du txantxarik egin inoiz iturginen ordutegien inguruan, deitu eta hilabetera agertzen direnaren topikoa errepikatuz? Notarioen lana gertutik ezagutzen ez dugunontzat euren egitekoa ez al da sinadura ziztrin bat bota eta diru mordoa kobratzea besterik? Ziurrenik iturgin edo notario batek topiko horiek berehala utziko lituzke ezerezean, beren egunerokoa entzuteko prest egongo bagina. Bada musikariaren bizitzarekin halako zer edo zer gertatzen delakoan nago. Izan ere, publikoak taulagaineko ordu eta erdia besterik ez du ikusten, eta nekez imajina dezake horren atzean dagoen lana. Mundu honetan, gainera, sentimenduak ere jokoan sartzen dira eta batzuek artistak euren bizkarretik bizi direnaren sentsazioa izan ohi dute, ulertzeko zail egiten zaiguna bestalde.
Zorioneko bere afizioa ofizio bihurtzeko aukera duena. Prioridade eta pasio kontua da, eta besterik ezean gure lana duin egiteko saiakera ere bada. Eta zer esango dizuet: gauza ederra da. Musika gabe ezingo nuke bizi eta orain horrek zentzu osoa hartzen du, maite dut dependentzia alu hau. Nahiz eta ofizialki estipulatua ez egon, oraintxe sentitzen ari naizen zirrara hau bezalaxe: San Franziskoko kaleetan paseatzen eta AEBetan gure lehendabiziko kontzertua emateko bi ordu besterik falta ez direla.
Maialen Lujanbio
Semaforo berriak jarri dituzte. Semaforo berde berriak oinezkoentzat. Animazio ikastaro bateko lehen ariketa bezalako semaforoak: gorri itzali berriaren azpian badoa, badoa, oinez doa gizakitto berdea. Michael Jackson bat, 90.eko dantza-maneran, oinez eta oinez eta inora iristen ez, beti bertan. 30 segundo, 29, 28, 27... atzerantz zenbatzen du kontadore batek, 11, 10, 9... pasatu zaitez azkar zebraren bizkarretik, 3, 2, 1... azkar! Eta berriro hilko da animazio berdea, eta berriro bihurtu zutikako hilotz gorri, goian. Bego.
Eta oinezkoa zintzo berriz semaforoa berde piztu zain, autorik ez badator ere, koloreei obedientzia zibikoz. Eta oinezkoa espaloiei men, angelu zuzeneko ibilbideei leial. "Oinezkoa", bi hanken gainean doanak bere titulua du, norbait da, gremio bat bezala, izaki-mota eskubidedun bat. Oinezkoa oinezko da autoa badelako. Baina oinezkoa aldika bolanteduna ere badenez, ba konforme.
... Pi pi pi. Puntuak puntu-puntuan. Trafikoa: une honetan auto-ilarak daude La Avanzadako errepidean eta Txorierriko korridorean. Arreta beraz bi puntu horietan.
Hegaztien gripea diote gero. Hegazkinez helduko dela -birusak bussines-class-en. Txertoa ere bai-, eta Pandemia -oro Txorierri-, eta txertoa hartuko dugu, saldoan, ilaran-ilaran jarrita. Baina lehen ere bada hemen metal-txapazko gripe bat. Noiznahi asfaltoa doministikuka. Eta halere horixe amets: autoa. Nola begiratzen dion mutiko batek bere aitari igande goizean -Dolorex?! Trapuak nun dira? -Betiko tokian! Sukaldeko hirugarren kajoian!-, autoa garbitzera doanean, Aladin-en dedikazioz. Eta gazte batek autoarekin amesten duen bitartean, zerekin ez du egiten amets? Horra gaur eg ... Pi Pi Pi... t'erdiak erdiz-erdi! Trafikoa: Agurainen izan da istripua, nazional bat errepidean Gasteizerako norabidean, auto batek bidea ixten du, adi beraz puntu horretan.
Euskal Herriko geografia ezagutzeko ona da. Alzheimerraren aurkako zerbitzu publikoa: "N-111, Los Arcos eta Viana artean..." eta non dagoen kokatzen saiatzen zara. "Tafallatik Erriberrira bidean bigarren kilometroan..." eta mapa-mentalean koadranteak egiten dituzu. Mesede handiko zerbitzu bat.
Baina gero igoal "Goizueta eta Zubieta artean" eta mentalki bazoaz luze eta bihurgunetsu, bazoaz, Goizuetatik Basakabi aldera, gero Leitza, ez Leitza ez, Doneztebe, eta Doneztebera ia iritsita, hortxe Zubieta. Idatzita bakarrik ere zorabiatzen zaituen bide bat. Eta gerora ikasten duzu Goizuetan aldapa igo, eta beherakoan hortxe da Zubieta. Lurrez, noski. Ez buru-mapatuetan e ... Pi Pi Pi, Puntuak puntu puntuan! Trafikoa: Eguraldi txarra dela eta Barazarko mendatea moztuta dago, eta baita Izabatik Frantziarako errepidea ere.
Izabatik Frantziarakoa edo Errusiarakoa ere bai aurrera segiz gero...
Frantziako Estatuan bideak sutan. Oinezkoak zera erretzen: autoak. Ongizate mendebaldarraren label zigilua; objektu zerbait ustekoetan eskuragarriena. Gizarte modu honen sinbolo sutarako ona. Parisen adibid ... Pi pi pi T'erdiak erdiz erdi! Barka ezazu, polizia-bala eta harrien erdi-erditik, albistearen gunetik ari zaren «bidali berezia», zaude bertan, segituan jarraituko dugu. Orain Trafikoa: Kamioi batek zeraman karga galdu du A8an Max-Center parean, Kantabriarako norabidean. -Max Centerrek ordainduko balu bezala da istripuak beti bere parean gerta daitezen...- Eta Eguraldia Euskalmeten eskutik...
Euria iragarri dute biharko. Magia akitua, misteriorik gabeko misterio-ohia eguraldia ere. Asmatu egiten dute azken aldian; pena da.
Larunbat arratsalde euritsua. Garbera-ko parkinean gera gaitezke erromantikoki paseatzeko Sena ertzean bezala, eskaparateetan barna. Ze, azken batean Sena, beti da berdina, ura eta ura... Eta hemen, hemen aukera zabala dago: galtzerdiak, zinea, yogurrak, diseinuko lanparak... nahi dena. Eta autoz joan eta erosketak etxeraino autoz ekarri, busti gabe. Gero, etxerakoan, Pi pi pi, Naturgasek edo nik-al-dakit-zeinek esan du gaur kalefazioa 3 ordu eta 7 minutu t'erdiz pizteko. Zoragarria da zerbitzu publikoek norbere hotz-beroari halako arreta pertsonalizatua ipintzea. Eta, Pi pi pi, Informatiboak, notiziaz berri, notiziaz guri, zuzenenean eta esklusibaz, albistearen muin-muinetik. In situ kontatuko dute, zabal, sakon eta luze... elurra egin duela. Elurra egin duela neguan.