Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-11-27 -- 2017.zenb

Daniel Udalaitz


Dassault Aviation, S.A. talde aeronautiko frantsesa da eta produkzioko instalazioetako bat Biarritzen (Lapurdi) dauka. 1936an sortua da eta Frantzian ez ezik, bost kontinenteetako 70etik gora herrialdetan ere badago, zeinetan milaka langile ari diren lanean. Talde aeronautiko frantsesak arlo zibilerako eta militarrerako egiten du lan, eta goi teknologiako konpainia industrialen sare bati ematen dio negozioa, hala Frantzian, nola Europan, Estatu Batuetan eta munduko beste herrialde batzuetan. Jarduera militarrean, gerrako hegazkinaren Europako kontsortzio baten buru da, Frantziarekin, Greziarekin, Italiarekin, Espainiarekin, Suediarekin eta Suitzarekin batera. Hain zuzen, iaz izenpetu zuen ardurako kontratu bat gerrako hegazkinari buruz, EADS multinazionalarekin. Biarritzeko instalazioetan, osagai aeronautikoak ekoizten ditu eta ekipamenduak errebisatzen, baina, horrez gainera, hegazkinen fuselajeen akoplamenduak eta haien osagai batzuen muntadurak ere egiten ditu. Lapurdin, mila lanpostu baino gehixeago dauzka. 2004. urtean, Dassault Aviation, S.A.k 3,3 milioi euro fakturatu zituen: %51 arlo zibilean eta %49 arlo militarrean. Irabazietan, 295 milioi inguruan ibili zen.





Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia kalean


Orotariko Euskal Hiztegiak 16 liburuki ditu -lehenengoa 1987ko abenduan argitaratu zen-, 125.987 sarrera eta 14.028 orrialde. Koldo Mitxelenak Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés izan zuen abiapuntu eta Ibon Sarasolak Mitxelenaren lanari segida eman zion. Sarasolak argi adierazi duen moduan, hiztegia «obra deskriptiboa da; eta beraz, ez da arauemailea». Hiztegian garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzen da. Euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, azaldu duenez, hurrengo urratsa hiztegia digitalizatu eta sarean jartzea izango da.


Datu soziolinguistikoen bilketa kolokan

1981az geroztik, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustat-en arteko hitzarmenari esker, EAEko errolda datuez gain, hainbat datu soziolinguistiko jaso da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bost urtero izan ditugu euskararen ezagutzari, ama hizkuntzari eta etxeko hizkuntza erabilerari buruzko datuak. Badirudi ordea, INEk errolda ez duela bost urtez behin berrituko, baizik eta etengabe berritzeko sistema ezarriko duela. Horrela egiten bada EAEn datu soziolinguistikoak jaso gabe geratuko dira. Eustat-ek adierazi duenez, ezagutza eta ama hizkuntzari dagozkion datuak biltzeko modua egin dezake erakundeak berak, baina erabilerari buruzko datuak jaso gabe geratuko lirateke baliabide ezagatik.


Azti-Begia elkarteak urtarrilean jarriko du irratia abian

Irratia abian jarri baino lehen bazkideen sostengua lortzeko kanpaina egin dute, baina ez dute beharrezko bazkide kopurua lortu. Hala ere, proiektua urtarrilean bertan abian jartzea erabaki du Azti-Begia elkarteak eta irratia martxan dagoen bitartean jarraituko dute bazkide berriak egiteko kanpainarekin. Irratiaren izena ere aurki ezagutaraziko dute.


Haurrentzako filmak euskaraz

Tinko euskara elkarteak lau film prestatu ditu Donostiako Warner aretoetan emateko: Mozart txakurra, (abenduak 4), Mixina (abenduak 18) eta Iratxoen erregea (urtarrilak 6). Ikasgela hegalaria filma azaroaren 20an hasi ziren eskaintzen. Ikusle kopuruaren arabera asteburu gehiagotan edo gutxiagotan eskainiko dituzte filmak.


Unai Parot presoaren aurka salaketa berria bideratu nahi du Auzitegi Nazionalak, oraingoan «talde armatuko kidea» izatea leporatuz. Salaketaren oinarrian Juan Antoni Olarra eta Ainhoa Mujikari harrapatutako dokumentazioan topatutako gutunetan litzateke, eta bertan presoak ETAkide izateko borondatea agertzen ei du. Parotek 15 urte darama preso eta kasu bitxia bizkarreratzen du, aurten bertan Auzitegi Nazionalak 30 urteko bi espetxealdi egin beharko dituela erabaki duelako, orain arte guztiz berria eta ezohikoa den ebazpenean.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan