Astekaria

 Bestelakoak 

Sarean harrapatuak

Jon Alonso

Jon Alonso


2016. alea
2005-11-20
alde 0    kontra 0

Internet eguna ospatu berri da. Horren harira emandako iritzi gehienek Internet askatasun-gune bat dela azpimarratzen zuten.

Zer nahi duzue esatea. Nik ez dut hain garbi ikusten. Internetek askatasun erlatibo bat, edo askatasun itxura bat ematen du, hori egia da. Zehatzago, informazio-sarrera izugarri bat da; hain izugarria ze, askotan nahasgarria ere gertatzen baita edo gertatzen ahal baita. Nahita nahasgarria, manipulatua, alegia? Ez dakit hainbeste, baina oso litekeena da nahikoa izatea parasma-metxaren hariak denon eskura uztea, nork bere neurriko urka-bilurra egin dezan.

Gaur bertan irakurri dut Guardia Zibilak pederastak harrapatzeko sare barruko sarea osatu duela. Ez dut oso ongi konprenitu prozedura -ez naiz aditua, ezta gutxiago ere-, baina, dirudienez, milaka irudiei ez dakit zenbat digitutako kode bana eman, formula matematiko baten arabera, eta inolako oker-tarterik gabe jakiten ahal da zer ordenagailuk dauzkan irudiok, nondik bidali diren eta non deskargatu diren. Laster ikusiko omen ditugu ikerketa berezi honen emaitzak. Egia izango al da? Pentsa dezakegu pederastak izutzeko modua dela, guztiz egia dela edo egia teknologiko erlatibo baten gainean eraikitako izutzeko prozedura bat dela.

Ni, behin-behinean, sistemaren erabateko okertezintasunaren gaineko zalantzak edukita ere, funtsean egia izango dela ziur naiz. Eta ikaragarria iruditzen zait, zentzu hertsiki etimologikoan, ikara emateko modukoa, alegia. Bistan denez, eztabaida dago: sarean delituak egiten ahal dira eta egin egiten dira -iruzurra, haur pornografia eta beste-; baina nolakoa behar du izan legegintzak esparru horretan? Eta nola uztartu delituaren jazarpena norberaren datuen babesarekin? Jakina, kasu honetan, denoi hain iruditzen zaigu pedofilia delitu nazkagarria ze ontzat eman dezakegu, are lasaiago geratu ere. Baina azpimarratu nahi dudan kontua ez da hori, beste hau baizik: zer gertatzen da sarearen kontrolatzaileek delituak ez diren bestelako jo-puntuak dituztenean?

Horrelako gauzez omen dakitenek esaten dute Errusiako Zar direlakoen poliziaren teknika, informazioa jasotzeko, adiskidetasun-zirkuluen arabera antolatzen zela. Nik Urlia zelatatzen dut, Urlia Sandia eta Berendiarekin elkartzen da halako eta halako tokietan halako eta halako egunetan. Sandia, bere aldetik, X eta Y-rekin, Berendia Z-rekin. Kontrolatzen ditudan pertsonen ibilerak nire interesekoak diren jarduera batzuen -greba bat, manifestazio bat- gertatzearekin konparatuz gero, denbora-epe nahiko luze batean, antolatzaileak nortzuk diren jakitera irits naiteke, okerreko tarte ez hain handi batekin. Gezurmendietan are gehiago esaten dute: teknika zahar hau eguneratuz, susmopeko hiritarren telefono-deiak kontrolatzea -adi! Ez telefono-dei horien edukia, nor norekin mintzatu den jakite hutsa baizik!- aski izan daiteke gertatzen ahal diren zenbait fenomeno sozial aurreikusteko. Adibidez: mendira joan aurretik, Urliari deitzen diot; astean behin Aralarrera joateko bada, bi-hirutan Pirinioetara eta zenbait egunetarako irteera bada; zer pentsa lezake nire bizitzaren alderdi horretaz interesaturik legokeen sudurluze batek ikus baleza zazpi aldiz deitu diola Urliari lau eguneko epean? Oker daiteke, noski. Txisteak egin ditzakegu, jakina. Baina datu-masa handiak modu sistematiko eta estatistikoan kudeatzen dituen erakunde bat gauza asko jakitera iritsiko da modu honetaz, interesatzen zaizkion gaiei buruz.

Orain, telefonoari gehi diezaiogun Internet. Bai, hau paranoia bat da. Baina gure mendean, nagusitzen ari den gizarte-modu honen presio itogarria modu ia fisikoan nabarmentzen hasi garenean, Internet askatasunerako ireki diguten leiho bat dela pentsatzeak, inozokeriatik ere badu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2015
 
azala2014

2016 zenbakia.
2005ko azaroaren 20a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia