![]() | Joxerra Aizpurua2005-11-20 |
Ikerketa honetan badago beste datu harrigarri bat, hau da, ezagutze prozesuan 100 zelulaz osaturiko neurona-talde batek egiten duela lan; kontuan hartu 80 milioi baino zelula gehiago daudela garunean.
Chou Hung doktoreak bi metodo erabili ditu ikerketan, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Metodo teorikorako ereduztapen informatikoa erabili du neuronen funtzionamendua birsortzeko eta metodo praktikoa animaliekin egindako saiakeretan oinarritu da, hain zuzen ere makakoekin egindako frogetan. Bi teknika horiei esker kortex infero-tenporalean kokaturiko neuronen lanean kokatu dute ezagutza prozesua.
Ikerketaren lehen fase honetan tximinoei 8 kategorietako 77 objektu jarri zaizkie begien bistan, baina ikerketaren bigarren fasean begien bistan jarriko zaizkien objektuak konplexuagoak izango dira. Horrela objektu asko dauden planoak nola prozesatzen diren jakin nahi dute ikerlariek.
Groenlandiako izotz maila
NERSCko Ola Johannessen-ek zuzendutako ekipoak Europako espazioko agentziarenak (ESA) diren ERS-1 eta 2 sateliteek radarren bidez azken 11 urteotan egindako neurketak aztertu dituzte. Science aldizkarian argitara emandako artikuluan diotenez, 1.500 metroko altueratik gorako lurretan 6,4 zentimetrotan handitu da urtero izotz-geruza eta altuera txikiagoetan 2 zentimetro hazi da. Gogoratu beharra dago Groenlandiak 1,9 milioi kilometro koadroko azalera duela eta batez besteko izotz-geruza 2,3 kilometrokoa dela.
Beste ikerketa batzuk izotza urtzen ari dela diotenez, eztabaida sortu da ikerlarien artean datuen estrapolazioari buruz. Dena den Ola Johanssenek argi eta garbi utzi du hamaika urtetan jasotako datuetatik joera orokor bat iragartzea ez dela zuzena eta datu horiek bere horretan ulertu behar direla.
Dena den ESAk urte amaiera bitartean beste satelite bat espazioratzeko erabakia hartu nahi du, hori izango baita datu fidagarriak eta jarraiak lortzeko biderik aproposena.