2005-11-20 -- 2016.zenb
Dokumentalak egiteko garaian, finantzazioa lortzea da oztoporik handiena. Horrek bide berriak jorratzea eragin du, eta hala sortu dira, orain dela hamarkada bat inguru -Europan behinik behin- pitchingak. Hau da, dokumental proiektuak balizko erosleen aurrean aurkezteko ekitaldiak.
Irusoin ekoiztetxeko Aiala Fernándezek azaldu digunez, pitchingetan aldez aurretik aukeratutako zenbait dokumentalen egileak eta dokumental horiek erosteko interesa eduki lezaketen telebista kateak elkarrekin batzen dira bi egunez. "Burutu gabeko proiektuak izan behar dira, oraindik ere finantzaketa bila dabiltzanak".
Pitchingak zazpi zenbakiaren inguruan egituratuta daude, minutu kopuru hori baitauka dokumental-egile bakoitzak bere proiektua aurkezteko. Denbora tarte horretan, dokumentalaren laburpen bat egiten da, aurrekontua zehazten da eta trailer laburra eskaintzen da. Ondoren, telebista kateetako ordezkariek galderak egiten dituzte beste zazpi minutuz.
Munduko pitching garrantzitsuenak Amsterdamen eta Toronton egiten dira. Bigarren horretan, hain zuzen, Irusoin euskal ekoiztetxeko The Dragon House lana egon da orain gutxi. "Espainiako Estatutik Torontora joan den lehenengo dokumentala izan da gurea -dio Aiala Fernándezek-; horrek asko esaten du gure inguruan generoak daukan osasunaz". Lorpen horrek, baina, bi aurpegi ditu: pitchingek gauza asko ematen diete ekoiztetxeei, baina oso inbertsio gogorra egin behar da horietara joateko.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa