Jakoba Errekondo
Gizartearen gorentasunaren neurria kutsadurak ematen du: argia, zarata... zenbat eta kutsadura gehiago orduan eta gizarte Ğaurreratuagoağ. Argia, polizia bezala segurtasuna dela esango du bateren batek, harako harek zaratari musika deituko dio... gustatu egin behar...
Musika fina sortu izan du, esku iaioetan, zurak: gitarra, xirula, txistu, piano, arrabita... Uste honetatik abiatuta Satoshi Imamura ingeniari japoniarrari, sortzeko bezalaxe, musika entzuteko ere oinarriak zurezkoak ziren bafleak eraikitzea bururatu. Bururatu eta egoskorra izaki, hogei urtetara burutu.
Baflean soinuaren iturria den diafragma aluminioa, karbono-zuntza, papera eta abarrez egin ohi da.
Bat eta beste dasta eta urkia egokiena omen... Seinale akustikoen frekuentzia aukera zabala transmititzeko gai da, nonbait, eta seinalea garbitzeko adinako amortiguazioa du, agidanean.
Zortzi mila saiotan zurezko diafragma pitzatu, ezpaldu, zartatu. Otordu batean txibia lehorrak samur asko jan eta sikua samurtu bide zitekeela jabetu. Sukaldariak kakoa: arroz-ardotan, saketan beratu. Amaren batean urki-diafragmak sake-asetu eta horra! musika eroateko nahikoa malgu.
Ardoa izaki, hartziduraz ez distilazioz sortua, sakearen aminoazidoek omen dute ardura. Geurean musika tresnatarako urkian baino fede gehiago izan izan da astigarrean. Astigarra sagardo, txakolin edo ardotan beratuta probatu behar...
Erosteko eran dira urkizkoak, musika eraikitzen duten urkizko bafleak. Zura betiko legez, eraikuntzan oinarri.
Jabier Agirre
Mundu osoan urtero gertatzen diren heriotza guztien %40 arrazoi kardiobaskularren eraginez izaten dira, Ipar Amerikan egindako ikerketek diotenez. Eta hori kezkatzeko modukoa baldin bada, are beldurgarriagoa da erasandako pertsonen artean 100dik 8 ospitalera iritsi baino lehen hiltzen direla jakitea.
Euskal Herrian -eta proportzioak antzekoak dira Espainia eta Frantzian ere-, bihotzekoen eragina urtean gertatzen diren heriotzen %38 inguruan gelditzen da, dieta mediterraneoaren babesari esker. Europar Batasunean %42ra igotzen da zifra hori, eta Europako gainerako herrialdeetan %48raino iristen da. Espainian bihotzekoen portzentajea 700 biztanletik 1 zen duela 10 urte; gaur egun, ordea, jaitsi egin da (500etik 1ekoa da).
Eta sexuen arteko desberdintasunetara joz, emakumeak dira estatistiketan lekurik txarrena hartzen dutenak, jendeak bestela uste duen arren. 50 urte artean, hormona femeninoek babestu egiten dituztenez, bihotzeko gaitzak (kardiopatiak) usuagoak dira gizonezkoetan emakumeetan baino. Baina behin menopausia iristen denean, arrazoi kardiobaskularrek eragindako heriotzen portzentajea handiagoa da emakumeetan (%48), gizonezkoetan baino (%38).
Gaixotasun kardiakoak dira, beraz, heriotzen lehen arrazoia adin horretako emakumeetan. Gipuzkoan, esate baterako, 1.400 pertsona inguruk izaten dute infartua urtean, eta zifra hori 65.000 pertsonakoa da Espainiako Estatuan. Erasandako hamar pertsonatik hiru hil egingo dira -eta horietako bi ospitalera iritsi aurretik-. Horregatik da hain garrantzitsua arazo koronarioak izan dituztenak, bereziki, baina baita populazio orokorra ere, kontzientziatzea, miokardioko infartuari aurrea hartu ahal izateko. Eta zer egin? Jan-neurri orekatua, bizimodu osasungarria eta ariketa fisikoa egin neurriz, baina egunero. Horiexek dira prebentzio-lanaren ardatz nagusiak, batez beste bizitza 10 urte laburtzea ekarri ohi duen bihotzeko madarikatuari aurre egin eta lasai bizitzeko.
Joxerra Aizpurua
Ikusi orduko ezagutu
Chou Hung doktoreak zuzendutako ikerketaren arabera, primateek 200 milisegundotan ezagutzen dituzte objektuak. Antza, prozesu azkar eta sinplea dena azpian mekanismo konplexuz josita dago. Batetik kolorea, tamaina, itxura, eta abar erlazionatu behar ditu eta horiek garuneko hainbat gunetan prozesatzen dira: Itxurari dagokion informazioa garunaren lobulu tenporalean prozesatzen da eta ezagutzeko prozesuak 12,5 milisegundo irauten du.
Ikerketa honetan badago beste datu harrigarri bat, hau da, ezagutze prozesuan 100 zelulaz osaturiko neurona-talde batek egiten duela lan; kontuan hartu 80 milioi baino zelula gehiago daudela garunean.
Chou Hung doktoreak bi metodo erabili ditu ikerketan, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Metodo teorikorako ereduztapen informatikoa erabili du neuronen funtzionamendua birsortzeko eta metodo praktikoa animaliekin egindako saiakeretan oinarritu da, hain zuzen ere makakoekin egindako frogetan. Bi teknika horiei esker kortex infero-tenporalean kokaturiko neuronen lanean kokatu dute ezagutza prozesua.
Ikerketaren lehen fase honetan tximinoei 8 kategorietako 77 objektu jarri zaizkie begien bistan, baina ikerketaren bigarren fasean begien bistan jarriko zaizkien objektuak konplexuagoak izango dira. Horrela objektu asko dauden planoak nola prozesatzen diren jakin nahi dute ikerlariek.
Groenlandiako izotz maila
Cryosat satelitearen bidez poloetako izotzaren gorabeherak ezagutu nahi baziren ere, itsas azpian geratu ziren itxaropenak. Beste satelite bat martxan jarri bitartean ikertzaileek esku artean dituzten datuak erabiltzen dituzte izotz mailaren joan-etorriak ebaluatzeko.
NERSCko Ola Johannessen-ek zuzendutako ekipoak Europako espazioko agentziarenak (ESA) diren ERS-1 eta 2 sateliteek radarren bidez azken 11 urteotan egindako neurketak aztertu dituzte. Science aldizkarian argitara emandako artikuluan diotenez, 1.500 metroko altueratik gorako lurretan 6,4 zentimetrotan handitu da urtero izotz-geruza eta altuera txikiagoetan 2 zentimetro hazi da. Gogoratu beharra dago Groenlandiak 1,9 milioi kilometro koadroko azalera duela eta batez besteko izotz-geruza 2,3 kilometrokoa dela.
Beste ikerketa batzuk izotza urtzen ari dela diotenez, eztabaida sortu da ikerlarien artean datuen estrapolazioari buruz. Dena den Ola Johanssenek argi eta garbi utzi du hamaika urtetan jasotako datuetatik joera orokor bat iragartzea ez dela zuzena eta datu horiek bere horretan ulertu behar direla.
Dena den ESAk urte amaiera bitartean beste satelite bat espazioratzeko erabakia hartu nahi du, hori izango baita datu fidagarriak eta jarraiak lortzeko biderik aproposena.