Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-11-20 -- 2016.zenb

Jon Gurrutxaga

Aurreko lanetan pianoa, bateria eta baxua zenituen lagun. Disko berrirako formazioz aldatu duzu. Haize berrien beharra sentitu al duzu?
Bai, aldatzeko eta gauzak oso modu soilean egiteko beharra sentitzen nuen. Istorio bat kontatzeko beharra gitarra akustiko batekin eta neskaren ahotsarekin. Ahotsaren kontua ere aspalditik nuen buruan. Baina ez denbora osoan abesten duen ahotsa, baizik eta momentu zehatz batzuetan beste kolore bat eransteko. Zergatik aldatzeko beharra? Barneko behar bat zen, ez dut oso arrazionalizatua. Aspalditik buruan nuen aldaketa da. Bestalde, beldurra ematen zidan aldaketa ere bada. Izan ere, aurreko formula oso finkatua zegoen, lau disko kalean, kritika onak... Bazegoen onarpen bat! Baina aldaketa egitera ausartu nintzen eta kontent nago.

Zeintzuk dira lan berriaren ezaugarri nagusiak?
Testuak garrantzia handia du. Egileen artean batzuk betiko kolaboratzaileak dira eta beste batzuk berriak. Ohikoak ziren batzuk, adibidez, ez daude lan berri honetan. Baina ez dago horretarako arrazoi berezirik. Horrela gertatu da eta kito. Testua berriro ere egunerokotasunaren esparru horretan kokatzen da. Orain kritiken artean entzuten ari naizena da aldaketa ez dela hainbesterainokoa. Eta horrek pozten nau. Hasieran niri aldaketa handia iruditzen zitzaidan, baina orain promozioan gaudela, kazetariekin berbetan-eta, konturatzen naiz praktikan diskoan Jabier Muguruzaren kontzeptua dagoela. Beraz, diskoan, nahiz eta kontraesanean ere badauden, bi klabe horiek daudela uste dut: alde batetik, lehengo lanen jarraipena da; eta bestetik, nire ustez aldaketa handia zena (formazioarena) ez dela izan hainbesterainokoa. Dagoeneko emanaldiekin dihardugu, eta zuzenago heltzen dela iruditzen zait. Instrumentu gutxi daudenez egunerokotasunaren istorio horiek publikoari zuzenago heltzen zaizkiola iruditzen zait.

Jorge Drexlerrek hartzen du parte lan berrian. Nola sortzen da zuen arteko harremana? Ez da oraingo kontua, ezta?
Hemen, Irunen ezagutu genuen elkar Jorge eta biok. Beno, bion familiak ezagutu ziren. Hemengo baserri batean zegoen egun batzuk pasatzen orain dela lauzpabost urte. Eta baserrikoak nire lagunak zirenez bertan ezagutu ginen. Elkarren berri bagenuen eta batak bestearen lana estimatzen zuela ere esan dezaket. Harrezkero harremanetan egon gara, telefonoz deitu izan gara bakoitzaren proiektuen berri jakiteko, familia nola dagoen jakiteko... Enegarren postala diskoan berak kolaboratzeko kanta baten bila ibili nintzen. Baina kantua da agintzen duena, eta ez nuen topatu berak abesteko kanta aproposik. Aldiz, disko honetan Bizitza bizitza da kanta Jorge eta biok abesteko egokia zela ikusi nuen. Gero Oscarra eman zioten eta batzuek horretaz aprobetxatu naizela esan didate broma artean, baina hori ez da horrela izan. Kiko Venenorekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Iñaki Irazuren letra hura, senar-emazteen elkarrizketa surrealista, Kikorekin abesteko primerakoa zela iruditu zitzaidan. Eta horregatik egin nuen.

Hainbat testu egile dago diskoan. Zer da guztiak batzen dituena?
Urteekin bizitzari buruzko, poesiari buruzko eta musikari buruzko irizpide orokor bat jasotzen goazela uste dut. Eta horrek norberak egiten duen horretan isla zuzena du. Eta irizpide orokor horrek ikustarazten dit hor badagoela batzen gaituen zerbait. Nik, adibidez, testu bat oso dogmatikoa dela ikusten badut, ziurrenik ez dut aukeratuko. Egia esan ez da batere erraza azaltzen. Nire ustez urteetako esperientzia horrek galbahe funtzioa betetzen du eta idazle hauek guztiek zerbait partekatzen dutela esaten dit. Kontua da praktikan puntu hori zein den azaltzea zaila dela. Behin baino gehiagotan esan dut niri egunerokoa interesatzen zaidala. Non eta Euskal Herrian, epikotasunak hainbesteko garrantzia duen tokian. Niri hori ez zait interesatzen, niri egunerokoa interesatzen zait. Beraz, uste dut testu horietan eta olerkari horietan badagoela puntu hori.

Abenduak 29 data seinalatua da zuretzat ala besterik gabe aukeratutako titulua da?
Besterik gabe aukeratu nuen. Harkaitz Canoren poemak du Abenduak 29 izena. Testuak begiratzen hasi nintzen titulu bila eta horixe gustatu zitzaidan. Praktikan, ordea, ez da espero bezala joan kontua. Karteletan diskoaren titulua irakurtzean kontzertuko datarekin nahasten baitute. Abenduaren 29an Durangon izango dugu kontzertua, egun horretarako kartela perfektua izango da behintzat.

Euskal kantautorea izaki ez diozu gaztelerari muzin egiten zure kantetan.
Gaztelera nire ama hizkuntza da. Nik gaztelera ere maitatzen dudala esan ohi dut. Baina horrek ez du esan nahi ez naizenik kontziente gaztelerak gizartean duen indarraz, eta beraz, badakit diglosia egoera horretan euskara dela galtzaile ateratzen dena. Bestalde, nik uste dut praktikan eraginkorragoa dela euskarari eguneroko bizitzan lehentasuna ematea, nik ematen diodan bezala, nire diskoetan, nire literaturan, nire etxean, tabernetan, toki guztietan. Baina ez zait iruditzen ez komenigarria ezta inteligentea ere beste hizkuntza baten aurka jotzea, are gutxiago amaren hizkuntza denean. Gaztelera gure etsaia dela esaten duten pertsonengan puntu eskizofreniko bat ikusten dut. Gainera horiek dira kasu askotan mihian gaztelera besterik ez dutenak. Nik katalanez, frantsesez, gazteleraz, galegoz kantatu dut eta halere %90 euskaraz abestu dut. Hori da nire aukera. Badakit ez dela politikoki zuzena. Baina nirekin gustura sentitzen naiz, eta beraz, kontent nabil.

Garai batean pop eta rock taldeetan aritutakoa zara. Bakarka, berriz, kantautore gisa diharduzu aspaldidanik. Ez duzu soinu elektrikoetara itzultzeko asmorik?
Ez. Nik uste dut bila ibili naizela urte askoan. Berantiarra izan naiz beti eta berandu heldu naiz toki gehienetara. Garai batean ez nintzen kantatzera ausartzen, Les Mecaniciens taldean, adibidez, ez nuen nik kantatzen. Askotan erabakiak hartzea eta aurrera egitea kostatu egin zait. Baina 92an gauzak nire modura esatera eta kantatzera ausartu nintzenez geroztik, garbi ikusten dut orain egiten ari naizena egin nahi dudala. Orain, adibidez, umeentzako ekoizpenak kaleratuko dituen zigilu txiki bat sortu dut. Mara-mara izena du eta nire kapritxoak argitaratzeko zigilua izango da. Laster kaleratuko den lehen lanean nik musikatutako Juan Kruz Igerabide-ren testuak izango dira. Garai batean egin nahi nuenarekin zalantza gehiago nituen, pop estiloa... Joxe Ripiau-en ere soinua jo nuen, eta gustura gainera. Baina, orain ez daukat atzera bueltatzeko tentaziorik. Oso gustura nago egiten ari naizenarekin.

Duela urte batzuk SGAEk eta AIEk ematen dituen Musika Saria jaso zenuen urteko euskarazko kantarik onenaren atalean. Nola baloratzen duzu sari hori jaso izana?
Egia esan, momentu hartan balioa eman nion eta gainera ilusio handia egin zidan. Orain askoz gutxiago baloratzen ditut sari hori eta horrelako sariak. Niretzat saria iazkoa izan zen, Liverpoolekoa. Liverpooleko L.I.P.A.k (Liverpool Institute for Performing Arts) deitu zidan han egoteko irakasle gisa eta bertako ikasleekin nire errepertorioa euskaraz prestatzeko. Norvegiako, Ipar Ameriketako ikasleak zeuden tartean, kataluniar bat ere bai. Denborarekin asimilatuz, hura izan zen niretzat sari garrantzitsua. Orain, ordea, berriro musika saria jasoko banu, beste era batera hartuko nuke.

Nola sortzen ditu Jabier Muguruzak bere kantak, hitzetik ala musikatik abiatuz?
Garai batean musikatik abiatuz lan egin nuen, baina kantautore gisa hasi nintzenetik hitzetatik abiatuz dihardut. Testua bide ezberdinetatik ezagutzen dut. Ohiko kolaboratzaileak daude eta gero liburuak ere hor egoten dira. Kirmen Uriberen eta Harkaitz Canoren testuak horrela jaso ditut, adibidez. Testua hamaika aldiz irakurri eta barneratzen saiatzen naiz lehenik. Olerkiaren esanahia eta hitzen musikaltasuna barneratu ostean pianoarekin edota gitarrarekin musikatzen ditut.

Unai Brea

komunikabideetan batez ere. Zine aretoek, dokumentalei dagokienez, ia hutsik jarraitzen dute-eta.Dokumental hitza entzunda, askori gogora etorriko zaion lehenengo irudia, beharbada, bazkalosteko digestioak eragindako logalearen lanbro artetik doi-doi suma daitezkeen lehoi eta gepardoak dira. Ikus-entzunezko arloan arakatzen hasita, batzuek onartu egiten dute dokumental deitzea horiei, baina sormen-dokumentalez ongi bereiziz, eta beste batzuek, Irusoin ekoiztetxeko Aiala Fernándezek esaterako, izena ere ukatzen die telebistan ikusi ohi ditugun horiei: "Horiek erreportajeak dira, ez dokumentalak". Garrantzitsua da bereizketa egitea, besteak beste telebistetan lehenbizikoetatik asko eta bigarrenetatik gutxi ikus daitekeelako.


Terminologia kontuak gorabehera, sormen dokumentalez arituko gara ondorengo lerroetan. Generoa zinema bera bezain zaharra da eta osasun ona eduki du hainbat epetan. Denbora luzez, ordea, erdi-ezkutuan utzi du fikzioak. Orain, bat-batean, dokumentalak existitzen direla gogoratu da asko. Ez dira gutxi berpizkunde hori Michael Moore zinemagilearen Bowling for Columbine lanaren arrakastari egozten diotenak. Beste batzuek, berriz, berpizkundea dagoenik ere ukatzen dute.


Teknologia berrien bultzada

Ernesto del Río Zinebi dokumental eta film laburren jaialdiko zuzendariaren ustez, azken urteetako teknologia berriek "demokrazia" eraman dute dokumentalen mundura. Gehiago egiten da, errazagoa delako. Horrek, jakina, batez besteko kalitatea gutxitzea dakar del Ríoren ustez. Hala ere, Euskal Herrian bertan aipatzeko moduko hainbat filmek ikusi dute argia azken boladan. Horrek ez du esan nahi, Zinebiko zuzendariaren ustez, ezer berpiztu denik, "urtero egiten baitira hiruzpalau lan txalogarri". Askok pentsatzen dute kontrakoa.

Carlos Juárez Euskal Produktoreen Elkarteko presidenteak, berbarako, sektorea gorantz doala dio, "fikzioaren gainbeheragatik batez ere". Berarekin bat dator Arturo Cisnéros iruindarra, Bagdad Rap film arrakastatsuaren zuzendaria: "Gero eta dokumental gehiago estreinatzen dira zine aretoetan. Dokumentalak, gainera, fikzioarekin lehiatzen hasi dira zine jaialdi handietan".

Sanfermines 78, El Cielo Gira, The Dragon House, Sahara Maraton, Bagdad Rap bera... Euskal herritarrek -edo nolabaiteko euskal parte hartzeaz- egindako zenbait dokumentalek sona lortu dute komunikabideetan, baina horrek ez die bidea errazten. Ezinbestekoa da, honaino ailegatuta, diruz hitz egitea. Orain hiru urte, ARGIAn genioen Euskal Herrian egindako dokumentalen batez besteko aurrekontua 100.000 eurokoa zela. Gaur egun kopuru hori lau halako egin da, Aiala Fernándezen esanetan. "Eta diru laguntzak lortzea oso zaila da, tradiziorik eta generoarenganako interesik ez dagoelako. Telebistan zein zine aretoetan, apenas inork ikusten ditu dokumentalak, eta horrek asko zailtzen du produkzioa aurrera ateratzea".


Ikusle gutxi

Fernándezek oraintsu aretoetan egon den Bagdad Rap dokumentalak lortutako zenbakiak eman dizkigu: "3.156 ikusle eta 16.356 euro Espainia osoan". Halakoxeak dira ohiko kopuruak. Zine areto batzuk dokumentalen aldeko apustua egiten hasiak dira, baina film gehienek ez dute astebete baino luzeago irauten. Salbuespenetan Julio Medem zuzendariaren lana aurki dezakegu: Euskal Pilota: Larrua harriaren kontra. Sanfermines 78k, berriz, bi hilabete baino gehiago egin ditu Iruñeko Golem aretoan, hiriari lotutako gaiaz jarduteari esker. Oasi hutsak, eta Torrenteren etekinetatik oso urrun edonola ere. Zerbaitengatik dio Carlos Juárezek dokumentalgintza "militantzia kontua" dela.

Nola bultzatu generoa? Horretan ere denek bat egiten dute: administrazioaren eta telebisten laguntza ezinbestekoa da, eta gaur egun ematen dutena ez da nahikoa. Biek, baina, ahal duten guztia egiten dutela aldarrikatu dute. Iñaki Gómezek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendariak, "azken lau urteetan aurrerapauso garrantzitsuak" eman direla azpimarratu du. "Kontua da dokumentalen arazoa oso sakona dela Europa osoan. Telebistek ez dute interesik dokumentalenganako, eta hori bereziki larria da Italian eta Espainian. Dena dela, EAEn ekoizleek finantzaketaren zati garrantzitsu bat lortzeko duten erraztasuna ez dago beste inon".

Telebistari dagokionez, Europar Batasuneko legediak kate guztiak behartzen ditu euren irabazien %5 ikus-entzunezko ekoizpen independenteari ematera. ETBn, Aintzane Pérez del Palomar arduratzen da horretaz. Esan digunez, kateak hitzarmena sinatu du aurten EAEko ekoizle elkarte biekin. Horren arabera, hitz ematen du urtero zazpi dokumentalen finantzaketaren %20 bere kargu hartzeko gutxienez. Gainera, 12.000 euro emango dio dokumental horietako bakoitzari, igorpen eskubideak direla eta. "Legeak ez du zehazten nongo ekoizpenei lagundu behar diegun, Europa osokoak izan daitezke, baina guk bertokoak indartu nahi ditugu, horregatik sinatu dugu hitzarmena. Guretzat oso ahalegin handia da". Nahikoa? Zenbat buru...


Jaialdiek ere bultzadatxoa ematen dute

Azaroaren 21etik 26ra Zinebi Bilboko film labur eta dokumental jaialdia egingo da berrogeita zazpigarrenez. Zaharrena da Espainiako Estatuan, eta zaharrenetakoa Europan. "Adinagatik besterik ez bada ere, Espainiako garrantzitsuena da", diosku Ernesto del Río zuzendariak. Aurten 100 herrialde inguruko 1.537 filmek eman dute bertan parte hartzeko izena, eta horietatik 90 aukeratu dituzte nazioarteko lehiaketarako. Munduan egiten diren dokumental eta fikzioko film laburren erakusleiho ona da, del Ríoren ustez, eta baita haientzat ezinbesteko bultzada ere: "Sariak daude alde batetik; bestetik, jaialdiak saihestezinezko geltokia dira dokumental baten ibilbidean".

Zinebiko ikusle mota dokumentalek izan ohi duten bera da: "gazteak, gutxiengo bat, esan genezake. Ez da, behinik behin, ikuslego zabal batentzako zinea, nahiz eta gutxiengo hori ere zabala den". Ikusle eredua, eredu bat egotekotan, unibertsitatean ikasten duen gaztea da, dokumentalak hein batean militantziagatik ikusten dituena, zine mota horrekin konprometitua akaso. Arturo Cisnéros, Bagdad Rap filmaren zuzendaria, harago doa definizioa ematerakoan, zorionez garaiak aldatzen ari direla uste badu ere: "Dagoeneko, dokumental ikusleak ez gara betiko lau freakieak edo zine aretoko saguak bakarrik, gero eta jende gehiagok estimatzen ditu halako lanak".

Zinebi Euskal Herriko dokumental jaialdi bakarra izan da urtetan, baina aurten bidelagun bat agertu zaio Nafarroan, bertako gobernuak antolatuta: Punto de vista. Otsailean ekin zioten, guztira 55 pelikula erakutsiz. Bigarren edizioa ere iragarri dute honezkero, non eta azkeneko Donostiako Zinemaldian.


«Ikuspegi dokumentala» nagusi Donostian

Donostiako Zinemaldi ospetsuak, bestalde, ez dauka dokumentalei propio eskainitako atalik, baina kritikari batzuen ustez, aurten oso indar handia eduki du bertan "ikuspegi dokumentalak". Ikuspegi hori, gainera, fikzioko zenbait filmetan ere igarri omen da. Izan ere, eta Ernesto del Ríok dioskunez, "azken aldian dokumentalen estilora hurbiltzen hasiak dira fikzio lan asko. Mugak lausotzen ari dira". Dena dela, Zinebiko zuzendariak berak gogorarazten digu kontua ez dela hain berria, bide bera jorratu baitzuten, esate baterako, Frantziako nouvelle vaguek, Italiako zenbait zuzendarik -Rossellinik, adibidez- edo, berrikiago, Ken Loachek.

Pilar Iparragirre

Zer eskaintzen diozu irakurleari lan honetan?
Narratiban errazagoa da azaltzea zer kontatzen duzun liburuan. Dena den, narratiban fikzio eta argumentu jakin baten bitartez gauza berdinak adierazi nahi izaten dira: heriotza, bakardade sentimendua, sexuaren edo maitasunaren aurreko esperientziak... Nik hori bera egin dut baina fikziozko pertsonaien ordez ni pertsonaia hartuta. Horrelako banidosoak gara poetak!

Zertan oinarritu zara hori guztia azaltzeko?
Eguneroko bizitzan: nire familian, nire lagunetan, nire amodio ezinezko eta posibleetan, baina hori guztia fideltasun dokumentalista batekin manipulaturik. Hemen agertzen dena ni naiz, baina ez hainbeste. Egunerokotasunaz da gehienbat liburua, baina egunerokotasuna gai mitiko bihurtuta. Orain pentsatzen dugu antzinako erromatarrak edo Veneziako dukeak zer zoriontsu ziren, baina ziur aski bere eguneroko bizitzan guk egiten ditugun gauza berberak egiten zituzten, antzekoak edo okerragoak akaso. Bada, ni pixka bat atera naiz nigandik eta nire eguneroko bizitza etorkizunetik bezala begiratzen saiatu naiz.

Eta zein izan da lorpena?
Nire gaztetasuna ospatzea. Azken batean gazte guztiak dira ederrak, ni barne; edo ederrak ez bagara ere, izango garen baino ederragoak bai behintzat. Baina horren ospakizuna den arren, liburuak badauka puntu mingotsen bat eta nihilismo asko, nik gauzetan ez dudalako gehiegi sinesten. Hala ere, zerbaitek salbatzen ahal bagaitu, hori umorea eta ukimena -harreman pertsonalak- dira.

Pilar Iparragirre



Cuento vasco de Navidad
Alber Vázquez
Verbigracia
110 orrialde

Olentzaroren mitoa berrikusia

Toti Martínez de Lezearen hitzaurrea daraman Alber Vázquez errenteriarraren liburu honek euskal mitologia du oinarri, baina Olentzaroren mitoaren gainean berrikuspen bat eskaintzeko. Cuento vasco de Navidad narrazioak basajaunak gure artean bizi ziren garaira garamatza. Gure arbasoak euskal lurretara etorri aurretik jada hemen ziren beraiek, askoz denbora gehiago zeramatelako bertako basoetan bizitzen. Mesfidantzaz begiratu zieten etorri berriei, eta gauza bera gertatu zen haiekiko gure arbasoen partetik. Beraz, hasiera-hasieratik erabaki zen batzuek basoan jarraituko zutela bizitzen, eta etorri berriek haranetan. Eta horrela jarraitu zuten luzaroan, gure arbasoei inondik ere espero ez zuten arazoak eraso zien arte.

Bertako pentsio-sistema nola eratu: hausnarketak
Batzuen artean
Manu Robles-Arangiz Institutua
112 orrialde

Pentsio sistemaren gaineko tesi interesatu asko deseginez

Manu Robles-Arangiz Institutuak euskaraz eta gaztelaniaz plazaratu duen Mikel Gómez Urangaren, Garikoitz Otazuaren eta Mª Luz de la Calen Bertako pentsio-sistema nola eratu: hausnarketak lanak Gizarte Segurantzako sistemaren eginkizuna Ongizatearen Estatuan, etengabeko doiketak pentsio sistemetan eta Toledoko Itunak pentsioen sistemarekiko erakarri zuena aztertzeaz batera, pentsioen sistemak porrot egingo duela lehenago edo beranduago, edota euskal esparruko gizarte segurantzako sistema batek ez lukeela inongo bideragarritasunik diotenei aurre egiten die, etorkizunerako proposamenak plazaratuz: finantziazio-iturriak bereizteak lekartzakeen aukerak eta hainbat aztergai trantsiziorako, adibidez.

Desobedientziaz ibiltzen
Ekai Txapartegi
Txalaparta
303 orrialde

Euskaldun gisa bizitzeko bidea

Ekai Txapartegik plazaratu duen Desobedientziaz ibiltzen lanak lau alor zaintzen ditu nagusiki: desobedientzia zibilaren nondik norakoak, zer den desobedientzia zibila eta zer ez den, non aplika daitekeen eta desobedientzia zibila Euskal Herriari dagokionez. Desobedientzia zaleak sortzea helburu du liburu honek, eta errugabe zigortuaren paradoxa sortzeko gaitasuna dela protesta modu honi aparteko indarra ematen diona azpimarratzen du, nahiz eta gogoratu teoria hori motz geratzen dela, ez duelako azaltzen, adibidez, desobedientzia zibilak Euskal Herriari egin diezaiokeen mesederik handiena: nazioa egiteko gaitasuna. Ekai Txapartegik dioenaren arabera, desobedientziako ekintza bakoitzean -eta trukean jasotzen den zigor bakoitzean- euskaldun izateko erabakia sustraitzen zaigu euskaldunoi.

Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatea
140 orrialde 7,81 euro

Curriculumaren ebaluazioa

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza aldizkariaren 33. zenbakian eskaintzen diren lanen artean, curriculumaren definizioa, funtzioak, helburuak, metodoa, objektua eta nork zein nola ebaluatu behar duen azaltzen digun Xabier Etxague Alcalderen Curriculumaren ebaluazioa lana dago. Jarraian, José Francisco Lukasek, Olaia Jiménezek eta Karlos Santiagok landu duten Hezkuntza ebaluazioaren esparruak dator, ikasleen ebaluazioa, ikastetxeena, irakasleena eta Hezkuntza Sistemaren ebaluazioa zertan den agertuz. Gainera, irakaskuntza unibertsitarioan erabiltzeko webgune baten diseinua, Xabier Etxaniz Erleren Gure arteko haur eta gazte literatura, eta Axier Huegun Burgosek landutako Ikasbide esperientziala: gorputz-sentsazioak hezitzaileen prestakuntza praktikorako bidean ere bertan aurkituko ditu irakurleak.

Gorputz osorako poemak
Juan Kruz Igerabide
Aizkorri
94 orrialde 5,94 euro

Poemak, sei urtetik aurrerako haurrentzat

Elena Odriozolaren marrazki esanguratsuak lagun, Juan Kruz Igerabidek Aizkorri argitaletxearen eskutik kaleratu dituen poemok giza gorputza dute ardatz. Haren pozak, besarkadaren beharrak, ausardia edota izua hementxe bizi den arte, egun batean joan egingo delako. Buruari, ileari, bekokiari, betazalei, ahoari, hesteei, giltzurrunei, gibelari, urdailari, birikei, Eustakioren tronpari, hankei, belarriei zein geure gorputzeko beste atal askori eskaini dizkie olerki jostariok Juan Kruz Igerabidek, haatik, ahaztu gabe haurrei hainbeste gustatzen zaizkien etengabeko onomatopeiak sudurraren trikitia, belarrien elkarrizketa, hortz-haginen kantua eta beste kontu asko aipatzeko garaian.

Ametsaren aro...
Batzuen artean
Saure
48 orrialde. / 16 euro

Nacho Fernández eta Vicente Ibáñezen komiki berria

Pedro Díez de Ulzurrunek euskaratutako komiki honen izenburu zehatza Ametsaren aro berria da, eta 12 urteko mutiko bat du protagonista nagusi: Manu. Izatez peruarra da, baina orain Australian bizi da, bere aitak pentsatu zuelako bertan ospatu behar ziren Olinpiar Jokoen ondorioz Sydney munduko tokirik onena izango zela etorkizun hobea izateko. Eta «etorkizuna» aurkitu zuten Manuk eta gurasoek, baina ez Liman baino hobea, Australian ere aberatsak bai, baina jende pobre asko bizi delako.

Gorputzeko humoreak
Angel Erro
Alberdania
88 orrialde 11,50 euro


Angel Erroren bigarren poema liburua

Burlatako olerkariak idatzitako bigarren poema liburua duzue Gorputzeko humoreak. Aurrenekoa Eta harkadian ni olerki bilduma izan zen. Oso poesia modu ezohikoa da Angel Errorena, poesia molde klasikoa baitarabil gaur egungo pil-pileko gauzak tratatzeko, mingostasun puntu batekin baina umore askorekin. Medizina tratatu zaharretan agertzen ziren humoreak kontuan hartu ditu oraingoan. Nolanahi ere, osasunaren funts gisa berarentzat oinarrizko direnak Melankolia, Hazia, Odola eta Tinta dira, bere bizitzan azken bi isurkin horiek garrantzi gehiago dutelako behazunak eta flemak baino. Melankoliaren atalean tedium vitaez eta ederminaz ari da -azken batean, melankoliko jartzen gaituena edertasuna ezin eskuratzea delako-. Haziaren bitartez sexuaz eta maitasunaz ari da. Odolaren atalean, berriz, adiskidetasun harremanetan, gerran eta kontu politikoetan zentratu da gehienbat. Eta Tintan irakurketan eta idaztean. Egunerokotasuna gai mitiko bihurtzearekinegiten du jolas Angel Errko bere azken lan honetan, gure etorkizuneko heroi sentitzearekin. Bestalde, Gorputzeko humoreak lanak badu barruan beste liburu bat, Garai heroikoak izenekoa, liburu osoaren muina dena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan