Daniel Udalaitz
Petróleos del Norte enpresaren akronimoa da Petronor. Petrolioaren industriako enpresa da eta Bizkaiko Muskizen dauka egoitza soziala. Instalazio nagusiak ere herri horretan dauzka, Kantabriako mugan, La Arena hondartza ezagunaren ondoan. Petronor 1968an legeztatu zen enpresa gisa. Kapital soziala eratzen hainbat fase izan ondoren, zeinetan kapital mexikarra (PEMEX) ere hartu baitzuen, gaur gaurkoz Repsolek kontrolatzen du: enpresa horrek dauka kapitalaren %85,98a, eta Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK-k) gainerako %14,02a. Aldi oro berritutako instalazioak tarteko, urteko 11 milioi tona errefinatzeko kapazitatea dauka, eta gasolioak, gasolinak, fuelolioak, bunker erregaia, asfaltoa, kerosenoak, sufrea eta abar produzitzen ditu. Produkzioaren parte handi bat Europara eta Ipar Amerikara esportatzen du. Bilboko superportuaren barruan, kapazitate handiko portu propioa dauka. Urte osoan, ia itsasontzi bat iristen da eguneko, hainbat eratako produktuak garraiatzeko. 2004. urtean, 351 itsasontzi igaro ziren. 774 laguneko plantilla arras doitua daukan arren, 3.108 milioi euro fakturatu zituen 2004an, eta 212 milioi euroko irabazi garbiak egin.
Europako Kontseiluaren aholkuak bete ditzala Nafarroako Gobernuak
Hala eskatu dute Udal Administrazioan ordezkaritza duten sindikatu guztiek, hala nola, AFAPNA, CCOO, UGT, ELA, LAB eta ASIT-ek. Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak, Pedro Pegenautek, eman du bere erantzuna: Nafarroako Hizkuntza Politikak ez omen du parekorik inongo herrialde demokratikotan eta orain arteko bideari segiko omen diote.
Zavalak herri literaturaz bildutakoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku
Antonio Zavalak berrogeita hamabi urtez bildu ditu herri literaturarekin zerikusia duten agiriak, hala nola, bertso-paperak, eskuizkribuak, liburuak eta grabaketak. Euskaltzain osoak material hori Sendoa argitaletxearen Auspoa sailean argitaratu du aldika-aldika. Agiri horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarri ditu eta Foru Aldundiak zein Jesusen Lagundiak hitzarmena sinatu dute. Bilduma Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean gordeko dute eta Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik hitz eman du bilduma digitalizatu eta edonoren esku jarriko dutela.
Guridiren El Caserío Baserria izango da
Guridiren El caserio zarzuela lehenengo aldiz euskaraz entzuteko aukera izango da abenduan. Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak antzeztuko du Baserria izena hartu duen zarzuela Arrasateko Amaia Antzokian. Lehenengo aldia da zarzuela bat euskaraz taula gainean entzun ahal izango dena. Naroa Elortzak itzuli du euskarara zarzuela.
Duela urte batzuk Azpeitian zarzuela beraren abestiak kantatu zituzten euskaraz, Xabier Euzkitzek egindako itzulpenak, alegia.
Arrasaten, abenduaren 10, 11, 16 eta 17an taularatuko dute Baserria.
Katalanez ari diren tokiko telebista digitalek puntu gehiago izango dituzte
Generalitateko Kontseilu Eragileak hala erabaki du tokiko telebista digital pribatuen baimenak banatzeko oinarriak onartu dituenean. Gutxienez emanaldien erdia katalanez eskaintzen duten telebistek puntuazio handiagoa lortuko dute.
Euskara Sustatzeko zuzendari berria
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Igone Etxebarria Zamalloa izendatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko zuzendari. Etxebarriak Lorea Bilbao ordezkatu du.
EAJko EBBko lehendakaritzarako botoen emaitza honakoa izan zen, Arzalluzek bere memoria liburuan esandakoaren arabera: Egibarrek 5.709 boto eta Imazek 4.967. Juan de Etxano Izaronews agerkari digitaleko sinadura -gaitzizen- ezagunenetakoak botatako datuak dira. Horrez gain, EAJko afiliatuen hirutik batek bakarrik bozkatu zuela dio, baldin eta alderdi jeltzaleak dioen moduan, 32.000 afiliatu baldin baditu. Egibarrek boto gehiago lortu zituela ere atera da aurretik, eta Imazek irabazi zuela lurraldeen arteko ordezkarien orekaren irizpidea afiliatu kopuruaren gainetik dagoelako. Bitxiena da Juan de Etxanok zergatik ateratzen dituen orain datu hauek, seguruenik berak ere aldez aurretik ezagutzen zituenean.