Guraso Erdaldunei zuzenduriko motibazio saio bat prestatzeko eskatu zidaten aurtengo urtarrilean Zaldibarko Eskolatik eta esku artean hainbat aukera erabili eta gero, Mi hij aprende en euskara y yo no sé ¨Cómo le puedo ayudar? izenburua aukeratu genuen. Ez dakit, izenburuak atentzioa eman zuelako edo kezka hori oso zabalduta dagoelako, baina, saio bakar baterako prestatutako hitzaldia, hainbat herri eta ikastetxetan eskaintzea egokitu zait. Eta deigarria egin zait gurasoen erantzuna, hala kopuruan, nola adierazitako kezka eta galderetan.
Ondoren aipatuko ditudan galderak hitzaldi horietan jasotakoak dira (euskarara itzulita eta egin diren herria zehaztuta). Hasi aurretik, post-itak banatzen zaizkie gurasoei, buruan darabiltzaten zalantzak edo galderak anonimoki idatz ditzaten. Era horretan, leku bakoitzeko gurasoen kezkak zeintzuk diren eta zenbatenak diren jakin ahal izateko.
Etxeko lanak
Laguntzen saiatzen diren gurasoek ere, batzuetan nabari dute seme-alabei ahalegin hori ez zaiela erosoa egiten. Beren euskara maila mugatua da eta haur batzuek errefusatu egiten dituzte: «Niri ez dit laguntzen uzten, gaizki irakurtzen dudala esaten dit» (Elorrio). «Testu bat irakurtzen dugunean biok arazo berbera dugu: hiztegi eta ulermen maila eskasa, eta estu eta urduri jartzen gara» (Ermua). «Niri esaten dit: æIxo! zuk ez dakizu eta!Æ» (Berriz). «Euskara ez dut ondo ulertzen eta horregatik semeari etxeko lanekin ezin diot lagundu». «Nire arazoa da aditzak» (Astigarraga). Eta norberak bere bideak asmatzen ditu: «Euskaraz dituen testuliburuak nik erdaraz erosten ditut; hori egokia al da?» (Ermua).
Gutxi izan arren badira etxeko lanetan lagundu ahal izateko seme-alabak B ereduan matrikulatu dituztenak: «B ereduan balego gehiago laguntzerik izango al nuke?» galdetu zuten Durangon.
Dakiten apurra erabili ala ez?
Adinean aurrera egin ahala gainera, kezkak handitu edo aldatu egiten dira: «2 eta 5 urteko bi seme dauzkat -esan zigun Elorrioko aita batek- Orain arte euskaraz egiten nien ahal nuen moduan, baina ohartu naiz agintera besterik ez dudala erabiltzen. Orain zaharrenari batzuetan erdaraz egiten diot baina 'aita, euskaraz!' esaten dit. Zer egin behar dut?». Gauza bertsua Astigarragan: «Laster berak nik baino gehiago jakingo du. Nola jarraituko dut euskaraz hitz egiten berak esaten badu nik ez dakidala?» Bestalde, gurasoak ohartzen dira seme-alabek zuzendu egiten dituztela, eta egoera horren aurrean ere askok ez daki nola erreakzionatu: «Zer jarrera hartu behar dugu zuzentzen gaituztenean?» (Zumaia).
Euskaraz ez jakiteagatik haurrek gurasoez izan dezaketen irudiari buruzko kezka ere azaldu izan da noiz edo noiz. «Zer egin dezaket seme-alabek inutiltzat (analfabetotzat) har ez nazaten? Zerbait galdetu eta æez dakit, euskaraz dagoÆ erantzun behar izaten diet eta beraiek: æJo ama, zipitzik ere ez dakizuÆ» (Elorrio). «Zer eragin izan dezake haurrengan ez dakidala esateak?» (Durango). «Alaba euskaraz ari denean, ulertzen ez badut, zer esan behar diot?» (Iruñea).
Egoera bakoitzak erantzun desberdina izan badezakete ere, oro har, ezaugarri hauek nabarmendu nahi izaten ditugu: batetik, etxeko hizkuntza erdara bada, ongi transmititu behar dutela. Testuinguru horretan, dakiten euskara erabiltzeak motibazioan duen eragin ona. Bestetik, haurrek euskarari dagokionez ez dituztela eredu gisa hartzen eta beraz, akatsen erabilera gehiegizkoa ez bada, normalean ez duela ondorio kaltegarririk izango eta azkenik, hizkuntzaren alde egin duten eta egiten ari diren ahaleginaren dimentsioa eta arrazoiak jakinarazi egin behar dizkietela seme-alabei: «Beraiek normaltzat jotzen dute euskaraz hitz egitea. Nola azaldu nik ez jakitea?» (Iruñea)
Maila, erabilera eta etorkizuna
Bestalde, guraso hauen artean badira euskararen erabilerarekin eta normalizazioarekin kezkatuta daudenak. Batzuek harrituta ikusten dute, egindako ahalegin guztiak egin eta gero, haurrek ez dutela euskararik egiten eskolatik kanpo: «Nola lortu anai-arreben artean euskaraz egin dezaten? Eta kalean? Nola motibatu?» (Ermua eta Iruñea). «Euskararik gabeko opor garaiek kezkatzen naute» (Iruñea). Euskararekiko jarrera ezkorra gutxitan azaldu da: «Batzuetan euskaraz hitz egitea ez duela gogoko aipatzen du» (Muskiz).
Egoera honek epe luzera izan ditzakeen ondorioez ere galdetu ohi dute. Bitxia da, baina era honetako galderak ez dira arraroak 2-3 urteko haurren gurasoen artean: «Batxilerrera edo unibertsitatera heldutakoan, zailtasun handiak al daude B eredutik Dra pasatzeko?» (Muskiz). «Etxean erdaraz hitz eginda, bermatu al daiteke ikasketak amaitzean, haurra behar bezala prestatuta irtengo denik?» (Tutera). «Arazorik izango al dute, aurrerantzean erdaraz ikasi behar badute?» (Iruñea eta Ermua).
Desadostasun gutxi
Galdera hauek guztiak, euskararekiko kezkaren seinale ere badira. Gurasook beren seme-alabek euskaraz jakin dezaten nahi dute. Horregatik, oso garrantzitsua da kezkak argitzea eta, haurrekin batera (eta euskaltegietan, noski), beren euskara maila modu atseginean hobetzeko duten aukera ikustaraztea. Guraso erdaldunei zabaldu beharreko mezuaren laburpen ezin hobea egin zuen Elorrioko guraso gazte batek: «Lehen egoera hau arazo gisa ikusten nuen, eta entzundakoak entzunda, hemendik aurrera aukera paregabe bezala ikusiko dut».
Nola motibatu?
- Arreta erakutsiz eta seme-alaben ikasketa prozesuan lagunduz.
- Beren ahalegina baloratuz eta zorionduz.
- Beraiekin batera ikasiz eta beren "ikasle" bihurtuz.
- Etxeko erabilera pasiboa bermatuz: zaintzaileak, musika, telebista, liburuak...
- Irakurketarako ohitura sistematizatuz.
- Euskarazko ekintza eta jardueretan esku har dezaten bermatuz.
Etxeko lanak
- Etxeko lanen helburu nagusia ikasteko ohiturak sortzea eta eskolan ikasi dutena barneratzea da.
- Etxeko lanak haurrek egin behar dituzte. Gurasoek lagundu besterik ez, eta norberak ahal dezakeen neurrian, noski.
- Guraso euskaldun askok ere ulermen arazoak ditu, euskarak bizi izan duen egoerarengatik. Askotan soluzioak berdintsuak dira: hiztegiak, itzulpenak...
- Edukiak landu behar direnean gurasoek dakiten hizkuntzan azalduko dituzte eta ondoren haurrak euskarara egokituko ditu.
- Ikasitakoaren errepasoa egin behar denean, paragrafoak, marrazkiak, letra belztuak, eta abar lagungarri gerta daitezke euskara ez dakienarentzat.
- Zalantzak edo kezkak tutoreekin kontsultatu.
![]() |
|
||||
2015 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa