Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-11-13 -- 2015.zenb

Jakoba Errekondo


Sakanan, Baztanen, Organbidexkan... harrapatu ninduen udazkenak. Azkenaren hasiera zen. Lonbardian ito nau udazkenaren onenak, bihotzak.
Harroa da Lonbardia, badaezpadakoak lonbardoak ere. Horregatik zurzuri zorrotza, altziprearen tamainako zorrotza, Lonbardoa izenez ezagutuko da... Baina ni haruntzaratzerako neguratuak ziren zurzuriak... hostaiaren horia ezerezeratua zen.
Milanon jo ninduen dardarizoak. Haizea, uraparra eta zakurraren putzaren moda bai, nonahi lapurreta den Milanen lorategiak urri. Gutxi horietako bat, handiena, zuhaitz galantez jantzia da. Zedro aukera deigarria da. Konifero beti beltz hauen artean udazkeneko kolore parranda eder zen: Likidanbarrak ardo eta platanoak sagardo kolore. Belardi artean, urezko zirauna baten ertzetan taxodiumak, padura eta urusteletako zuhaitzak, uretan ez itotzearren sustraiak uraren gainetik zeruruntz luzatzen dituztenak. Hostaia kalpar zintzilikarioaren udazken kolorea deskribaezina zait (arrosa, hori, laranja, gorri, gris...), literaturazko udazkenarena. Zineman ezinezkoa den benetako padurarena... Haruntzaxeago Milanon tranbiaren kableek kaiolan dute zerua Piazza Cordusion. Harrez gero bihotzean min dut, udazkenaren bihotzekoa.
2005-11-02, ospitalean.

Jabier Agirre

Transplanteen Espainiako Erakundeko zuzendari den Rafael Matesanz doktoreak era guztietako iruzkinak egin zituen, 2004. urtean giltzurruneko transplanteen inguruan egindako lanen berri emateko ekitaldian. Badira itxaropenerako arrazoiak: donazioek ia %5 egin dute gora, eta bestetik familiartekoen aldetik gero eta ezezko gutxiago jasotzen dituzte medikuek hildakoen organoak transplanteetan erabiltzeko baimena eskatzen dietenean.
Baina berri pozgarriekin batera, ezin ahaztu bestelakoak ere: esaterako gaixoek ia bi urte itxaron beharra daukate giltzurruneko transplante bat lortu arte. Eta horregatik, gaur egun itxarote zerrendetan giltzurrunaren zain dauden 4.200 gaixoen artean, aurten ez dira 2.250 transplante besterik egingo, aurreikuspenen arabera.
Giltzurruneko transplanteak ez dauka aparteko zailtasun teknikorik, gaur egun horretara jarriak dauden kirurgialariak oso trebeak baitira. Arazo nagusia organoen eskasia da. Gure herrialdean, transplanteetan erabilitako giltzurrun guztietatik %2,8 besterik ez ziren emaile bizietatik lortu, eta gainerakoak hildako pertsonei erauzitakoak izan ziren. Zifra horiek oso urruti daude Europako beste herrialde batzuetakoekin konparatzen baditugu (%13), eta zer esanik ez Ameriketako Estatu Batuetara begiratuz gero: bertan giltzurrun transplanteetan erabilitako organoen %41,5 bizirik dauden pertsonek emandakoak dira.
Gure artean nahiko arrakasta izan dute hildako senideen organoak emateko egindako kanpainek, eta horrela Espainia da aurrenekoa transplante tasari dagokionez: 36,4ko indizea, milioi biztanleko. Eta Euskal Herrian tasa are handiagoa da, 46,4koa milioi biztanleko. Baina hori guztia oso positiboa izanik ere, emaile bizietatik lortutako giltzurrunen kopurua gehitzea da osasun agintarien asmoa. Izan ere, EAEn milioi biztanleko 86 pertsona daude giltzurrunaren zain, baina gaur egun, Osakidetzako ospitaleetan ez da egiten emaile bizien giltzurrun transplanterik.

Joxerra Aizpurua



Telefonoko elkarrizketen atzetik

Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) ikerlariek telefono-elkarrizketen bideak jarraitzeko sistema asmatu dute. Oraingoz elkarrizketak ez dituzte entzuten, baina hiri batean uneoro gertatzen diren milaka deien arrastoa jarraitzerik badute.

Frogak Austrian egin dituzte, Graz hirian hain zuzen ere. Horretarako Austriako telefono eramangarrien operadorerik handiena den A1/Mobilkomek datu anonimoak eskaini zizkien ikerlariei eta hauek beren proiektuan baliatu zituzten.

Ikerlariek hiru datu mota erabili zituzten ikerketetan: batetik telefono deien dentsitatea; bestetik deien jatorria eta helburua eta azkenik, dei-egileen kokagunea denbora tarte erregularretan neurtuta. Horrela hainbat irudi informatiko prestatu zituzten eta irudi hauek bata bestearen gainean jarriz telefono deien paisaia osoa lortu zuten.

Proiektu burua den Carlo Rattik esan zuenez, "lehen aldiz, denbora errealean hiri bateko deien dinamika osoa ikusteko gai izan gara", eta gainera "honek hiriaren planifikazio telefonikorako bideak zabaltzen ditu. Sistemak era jarraian ikus dezake telefono deien mapa eta gainera denbora errealean, beraz, une kritikoak edota gainkargarenak ere uneoro ikus daitezke"

Azken urteotan, batez ere Madrilen eta Londresen gertatutako atentatuen aitzakian, asko indartu dira telefonoen inguruko ikerketak eta testuinguru honetan kokatu behar da hemen ematen ari garen berria.


Blue Gene/L-k bere errekorra hobetu du

IBMrena den Blue Gene/L ordenadoreak lau bider hobetu du kalkulatzeko ahalmena urte betean, beraz, superordenadoreen artean lehena izaten jarraitzen du. AEBetako Kaliforniako Lawrence Livermore National Laboratoryn dagoen ikerlari ekipoak iragarri du, Blue Gene/L-k 280,6 teraflopeko abiadura lortu duela. Beste hitz batzuetan esanda, 280 bilioi eragiketa egiten ditu segundoko.

2004ko azaroan 500 superordenadoreren arteko azkarrenen rankinga egin zen eta Blue Gene/L-k lehen postua eskuratu zuen 70,7 teraflopeko abiadurarekin. Orduantxe ikerlari taldeak 360 teraflopeko abiadura lortzeko itxaropena plazaratu zuen.

Blue Gene/L proiektua Kaliforniako ekipoa garatzen ari da, National Nuclear Security Administration erakundearen laguntzarekin. Lortzen diren emaitzak AEBek erabiltzen dituzte, beren gordailu nuklearraren mantenu informatikoa egiteko, hau da, froga errealik egin gabe, froga informatikoak baino ez dituzte egiten.

Erabilpen gehiago baldin badu ere, hemen bakarra aipatuko dugu: Blue Gene/Lrekin lortutako abiadura proteinen egitura hobeto ulertzeko erabiltzen omen da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan