Nagore Irazustabarrena
Irailean jarri zen abian Ballet Biarritzen senide txikia. Printzipioz, 12 dantzari gazteri 6 hilabeteko formazioa eskaintzeko jaio zen; bokazioz, Euskal Herri osoko gazte konpainia iraunkorra eraikitzen hasteko. Horretarako publikoaren eta erakundeen babesa beharko dute. Eta merezi duela frogatzeko hil honen 17an euren lan propioa, Tximeleta, estreinatuko dute.Euskal Herrian ez dago ballet dantzarien formaziorako azpiegiturarik. Horregatik, dantzari gazteek erabaki bat hartu behar dute: txikitatik hainbeste ahalegin eskatu dien hura utzi edo atzerrira joan bide horri eusten saiatzeko. Joan den irailean, ordea, oasi txiki bat sortu zen gazte horiei profesionaletarako jauzia ematen laguntzeko. Oasiak Ballet Biarritz Junior (BBj) du izena eta Donostiako Egiako Kultur Etxean dago.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Bilboko bazter eta bizilagunak azaltzen dizkigu Urtzi Urrutikoetxea idazle eta kazetariak Auzoak lehen narrazio liburuan. Preso politikoen senideak; ontziolan edo fundizioan bizitzako urterik onenak eman eta gero, langabezian edo bizimodua ahal duten eran ateratzen duten langileak; Bilbora datozen turistak; Otxarkoagako azokari bisita egiten dion unibertsitarioa; seme bat kartzelan eta beste bat bizkartzainarekin ibili beharrean daukan familia bateko hileta; mota guztietako poliziak; eskolatik etxera estreinakoz bakarrik doan haurra; gaztetxeko kontuak; gau batean milioia irabazi eta ospatzea erabakitzen duten taxistaren bezeroak... eta beste jende askoren bizipoz eta minak.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Hain berezia al da Zumarragako trikitia?
Osatzen ari garen historian leku aipagarria du, nahiz eta inoiz ez den, ziur aski, trikitirik ortodoxo eta esanguratsuena izan; aitzitik, Zumarragako trikitilariak aitzindariak, berritzaileak eta heterodoxoak izan dira eta hortik datorkie sona eta ospea.
Zergatik diozu hori?
Trikiti doinua baserri girotik kalera jaitsi zuten lehenengoetakoak izan zirelako, baita diskoa argitaratu zuten aurrenekoak ere, eta euskaraz ez ezik, trikitia gaztelaniaz ere abestu zuten estrainekoak. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, Zumarragako trikitia majo goraipatu dute batzuek eta gogor kritikatu beste batzuek, baina, iritzi guztien gainetik, jarraitzaile franko izan dute. Hala ere, Zumarragako trikitia ez da bere kasako sorkuntza izan, transmisio kate luze baten maila garrantzitsu bat baizik.
Ia ehun urteko historia jaso duzu zure lanean. Baina emakume bat gogoratuz ekiten diozu zureari...
Halaxe da. Izan ere, Zumarragako trikitiaren historian parte hartu duten gizon-emakume guztiek aipamena merezi dute sikiera, baina badaude trikiti kronika honetan berritasunik ekarri duten bi pertsonaia esanguratsu: Mikaela Zunzunegi eta Sekundino Esnaola. Biak zumarragarrak, biak musikariak. Mikaela Zunzunegi Olarte baserriko trikiti kastako pandero jolea izan zen, mende hasieran gure inguruan plazetan jo zuen pandero jole emakumezko bakarra. Bestalde, Donostiako Orfeoiko lehenengo zuzendaria izan zen Secundino Esnaola Zumarragako trikitia izen artistikoaren asmatzailea dugu.
Pilar Iparragirre
El soborno del cielo
Victor Moreno
Pamiela
187 orrialde 15 euro
Erlijio katolikoak erakarritakoak
Zer ekarri digu erlijioak historian zehar, katixima eta kristau arau gisa? Horixe da Victor Morenok bere buruari egin dion galdera El soborno del cielo liburuaren mamia plazaratu aurretik. Egilea ez da erlijio mota horren fededun, eta horregatik historian zehar gertaturikoetan oinarritzen da gure inguruan nagusitu den erlijio mota hori ezein tolerantzia, zientzia, ikerketa, askatasun eta erantzukizun mota moztu izan duen eskalpeloa izan dela aldarrikatzerakoan. Erlijioa, Victor Morenoren aburuz, adimenaren zein sexuaren munduak irensten ahalegindu da. Funtsean, adimenaren, arrazionaltasunaren, aurrerabidearen eta, beraz, gizon-emakumeon zoriontasunaren aurka altxa diren azpilan askoren oinarria izan da.
Euskal Herriko historia ezkutua
Gotzon Aranburu
Gaiak
272 orrialde
Euskal Herriaren historia ez ofiziala
Gotzon Aranburuk Gaiak argitaletxearen eskutik kaleratu duen lan honetan gure herriaren historian letra handiz azaltzen ez diren gertaerak biltzen dira. Adibidez, Burdin Aroan La Hoyako herriak oso teknika aurreratuko armak zerabiltzan armada izan zuela; erromatarrek Arditurriko meatzetako zilarra eraman zutela; Gesaltza-Añanako lur azpiko gatzak urrezko bihurtu zuela; Errege Katolikoek Gasteizko juduak egozteko dekretua ezarritakoan hiriari oparitu ziotela Judizmendi judu hilerria, betiko larre izan zedila baldintzapean; garia eta artoa merkeago eskuratzeko hainbat lekutan izandako matxinadak; Altzoko erraldoia Europako erregeen ikuskizuna izan zenekoa; Sacamantecasen historia...
Euskaldunen Uhartea
Joan Fontcuberta
Artium
190 orrialde
Fontcubertaren argazkiak
Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak plazaratutako liburu eder honetan, Joan Fontcubertaren hitzak eta argazkiak aurki ditzakegu. Lurreko hainbat bazterretan ibilia dugu Fontcuberta, eta haietako batzuen berri ematen du liburuan. Lancetillan, Honduraseko kostaldeko Atlantikoan aurkitutako ezkutuko botanikari buruzko irakaspenak, adibidez. Edo Eskoziako iparraldean dagoen fauna sekretuaz, kasu. Digneko sirenak eta zeruko konstelazioak ere baditu aztergai. Baina euskal marinelak baleak harrapatu nahirik antzina egindako bidaiak ditu hemen ardatz, eta San Lorenzo ibaiaren beheko aldean dagoen Kanada inguruko Euskaldunen Uhartea bereziki. Uharte horren aberastasunak erakusteaz gain, Michau Oiartzabal ziburutarraren abenturak eta beste azaltzen ditu.
Euskerazaintza
Batzuen artean
Euskerazaintza
48 orrialde Borondatea
Euskeraren Erri Akademia
Euskerazaintza izenarekin ezagutzen den Euskeraren Erri Akademiak plazaratzen duen aldizkariko azken zenbakian, 2005ean aurrera eraman dituzten egitasmoen eta jasotako diruen berri emateaz gainera, bi lan nagusitzen dira: Latiegi eta ErasoÆtar Bixentek osatutako AragoiÆko toki-izen euskaldunak Erdiaro garaian 893, eta Atutxa'tar Paulek EuropaÆren Erkidetasuna izenburupean eskaintzen duen lan luze bezain oparoa, 1923an sortu zenetik gaur arte eramandako bidea jarraituz. Bide batez, Euskeraren Erri Akademiak, On Manuel Lekuonaren bidetik, nortzuk izan dituen sortzaile jakin ahal izango du Euskerazaintza LV. zenbakiaren irakurleak: Mª Dolores Agirre, Lino Akesolo, Amale Arzelus, Joxe Joakin Azurtza, Martin Olazar, Santi Onaindia, Jon Oñatibia, Angel Sukia... Luzea da zerrenda.
Luma berrien eleak
Batzuen artean
Idazle Eskola
74 orrialde
Idazle gazteenek egindako lanak
Iritziak, narrazioak, poesiak, elkarrizketak, Idazle Eskolako lehenengo kurtsorako horoskopoa eta beste biltzen ditu Luma berrien eleak aldizkariak. Lan asko dira, eta ezin denak aipatu, baina hor aurkituko dituzue Pili Agirreren Birziklapena, Juan Luis Mugertza Unanueren Hello, Idazle Eskolakoak!, Mikel Santiago Arizagaren Lilit, Arantza Urbieta Aranzastiren Bost minutu, Alfredo Rodríguez Landaren Epaixka, Ainhoa Odriozola Lacarraren Ene oroitzapen minena, Anttoni Lopetegi Senperenaren Erabakia, Iker Zaldua Zabaluaren Serapio Miranda, Isabel Etxeberria Ramírezen Edo agian, Iñaki Albisua Goñiren Amet, eta Iker Zalduak Mikelazuloko Oier Guilláni egindako elkarrizketa, besteak beste.
Kamile...
Nancy Delvaux
Ttarttalo
20 orrialde. / 4,30 euro
Sendagilearengana joateko beldur den neskatoarena
Kamile neska txikiaren amak garbi azaldu dio sendagilearengana joan behar dutela eta hark zizta egingo diola. Zizta horrek ez duela minik ematen ere esan dio, baina Kamilek ez du sinetsi, bere lagun Iratik arantzak baino min handiagoa ematen duela aitortu diolako. Amari ezin aitortu horrelakorik, eta beti aldamenean daukan hartz txikiari kontatu dio dena neskatilak, ea bere ordez joango den sendagilearengana galdetuz. Baina amak ez du onartu trukea, eta han joan behar izan du Kamilek sendagilearengana.
Zumarragako trikitixa
Antxiñe Mendizabal
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
124 or ./ 14,25 euro
Zumarragako trikiti doinu kaletarra CD eta guzti
Dokumentazioa eta irakaskuntza atalei erantzunez jarri zuen martxan Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2001ean Soinuaren Liburutegia, kontuan harturik trikitiaren lekuko zaharrak hiltzen ari zirela beraien altxor guztia ia inon jaso gabe eta katalogatu gabe. Koldo Izagirreren Elgeta, sasiaren sustraiak argitaratu eta gero, Pako Aristiren Gelatxo, soinuaren bidaia luzea, Xabier Amurizaren Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak, Iñigo Aranbarriren Sakabi, soinu txikiaren handitasuna eta Xabier Gantzarainen Epelde, mende baten soinua liburuak argitara eman ditu. Orain, berriz, Antxiñe Mendizabal Aranburuk osatutako Zumarragako trikitixa. Trikiti doinu kaletarra eskaini digu, trikitixa berritzaile eta heterodoxo baten historia, bere CD eta guzti -non jasoak dauden Etxesa-Korta eta Joxe Oriak 1920ko hamarkadan plazaratutako pare bat pieza, Carlos Egigurenek eta Joxe Oriak 30eko hamarkadan grabatutako beste bi, eta 50eko harmakadan Urteaga-Oria anaiak eta Joxemiel Ormazabalek eskainitako gaztelaniazko trikitia eta euskarazko porrusalda-. Zumarragakoak trikiti doinua baserri girotik kalera jaitsi zuten lehenengoak izan ziren, eta baita diskoa grabatu zuten aurrenekoak ere.