Hasi da negoziaketa garaia, orain ikusiko dugu katalanen itunerako joera ezagun eta trebea noraino iristen den. Denek irentsia dute ur dezente gehiago botako zaiola Kataluniako Legebiltzarrak mahairatutako ardoari. Zenbat ur, ordea? Zaila da irudikatzen katalanak Estatutua erretiratzen ikustea, Zapaterok jokaldi txarregia egin beharko luke horretarako, eta orain arte behintzat ez du jokalari txarra denik erakutsi. Baina Katalunia-Espainiako partiduaz gain, Katalanen artean ere gauza asko daude jokoan eta negoziazioaren langa gorago edo beherago jartzeko eragin egingo dute. Esate baterako: PSOEko sektore batzuek CiUri egiten dizkioten adiskidetasun keinuak, eta jakina, txerri goseak ezkurra amets; edo ERC baino abertzaleago agertzeko CiUk egin dezakeen kanpaina... Zaila da irudikatzen Zapatero noraino iritsi daitekeen, orain arte honek gehientsuenetan azken orduan erakutsi baitu bere erabakia nondik nora joango den. Baina erdibiderik izango da, alde biei komeni zaie.
Azaroaren 16tik 18ra Informazio Gizartearen 2. Mundu Gailurra egingo da Tunisian Nazio Batuen Erakundearen babespean. Internet garapenean diren herrialdeetara nola hedatu izango da gailurraren gai zentrala, baina zeharka bada ere, beste gai batek hartu du jada Interneteko nazioarteko eztabaidaren mamia: nork eta nola kontrolatu behar du sarea? Gaur egun sarearen kudeaketa Icann izeneko enpresa estatubatuarrak egiten du, berak banatzen ditu eta kontrolatzen ditu Interneteko domeinuak, Kalifornian du bere egoitza eta diru irabazi asmorik gabeko erakundea bada ere, Amerikako Estatu Batuen (AEB) Merkataritza Departamentuaren menpe dago. Hor dago koska, kontrolean, eta Europako Batasunak eta beste herrialde batzuek -India, Txina...- kontrol hori beste era batera bideratu nahi dute. AEBek, jakina, ez. Informazioa boterea bada, bistan da gaur egun den informazio sare indartsuenaren kontrolak zer garrantzi duen. Oraingoz, dena den, ez da aldaketarik aurreikusten, baina AEBen jarrera hori berean mantenduko balitz, ezin da baztertu etorkizunean sare bat baino gehiago izatea, eta horrek bertan behera utz lezake egungo sare izaera.
Kike Amonarriz
Guraso Erdaldunei zuzenduriko motibazio saio bat prestatzeko eskatu zidaten aurtengo urtarrilean Zaldibarko Eskolatik eta esku artean hainbat aukera erabili eta gero, Mi hij aprende en euskara y yo no sé ¨Cómo le puedo ayudar? izenburua aukeratu genuen. Ez dakit, izenburuak atentzioa eman zuelako edo kezka hori oso zabalduta dagoelako, baina, saio bakar baterako prestatutako hitzaldia, hainbat herri eta ikastetxetan eskaintzea egokitu zait. Eta deigarria egin zait gurasoen erantzuna, hala kopuruan, nola adierazitako kezka eta galderetan.
Ondoren aipatuko ditudan galderak hitzaldi horietan jasotakoak dira (euskarara itzulita eta egin diren herria zehaztuta). Hasi aurretik, post-itak banatzen zaizkie gurasoei, buruan darabiltzaten zalantzak edo galderak anonimoki idatz ditzaten. Era horretan, leku bakoitzeko gurasoen kezkak zeintzuk diren eta zenbatenak diren jakin ahal izateko.
Etxeko lanak
Hauxe da guraso erdaldunen kezka nagusietako bat: «Nola lagundu seme-alabak etxeko lanetan, euskaraz ez badakigu?» Galdera hau ikastetxe eta herri guztietan azaldu da, nahiz eta askotan informazioa banatu duten eta gaia guraso bileretan aztertu. Nabarmena da, ezintasun honek askori sortzen dion kezka: «Ezin diegu lagundu eta lekuz kanpo sentitzen gara» (Otsagi). Maiz ez baitakite ongi ari diren ala ez, edo egoera zehatzetan zer egin. Elorrion kasu hau aipatu zuen batek: «Nik ez dut ulertzen haurrak egin behar duen ariketa. Haurrak ez daki itzultzen. Zer egin dezaket? Hiztegiaz baliatu?».
Laguntzen saiatzen diren gurasoek ere, batzuetan nabari dute seme-alabei ahalegin hori ez zaiela erosoa egiten. Beren euskara maila mugatua da eta haur batzuek errefusatu egiten dituzte: «Niri ez dit laguntzen uzten, gaizki irakurtzen dudala esaten dit» (Elorrio). «Testu bat irakurtzen dugunean biok arazo berbera dugu: hiztegi eta ulermen maila eskasa, eta estu eta urduri jartzen gara» (Ermua). «Niri esaten dit: æIxo! zuk ez dakizu eta!Æ» (Berriz). «Euskara ez dut ondo ulertzen eta horregatik semeari etxeko lanekin ezin diot lagundu». «Nire arazoa da aditzak» (Astigarraga). Eta norberak bere bideak asmatzen ditu: «Euskaraz dituen testuliburuak nik erdaraz erosten ditut; hori egokia al da?» (Ermua).
Gutxi izan arren badira etxeko lanetan lagundu ahal izateko seme-alabak B ereduan matrikulatu dituztenak: «B ereduan balego gehiago laguntzerik izango al nuke?» galdetu zuten Durangon.
Dakiten apurra erabili ala ez?
Hau da leku gehienetan errepikatzen den beste kezka nagusietako bat. Asko baitira euskaltegian edo eskolan zerbait ikasi, baina maila eskasa dutela ohartzen diren guraso gazteak. Kasuotan hau da galdera: dakiten euskara apur, eskas edo txar hori erabiltzea, ona ala kaltegarria ote den seme-alaben ikasketa prozesuan; alegia, beraiek egiten dituzten akatsak kutsatuko ote dizkieten seme-alabei: «Ona al da haurrekin euskara eta gaztelania nahastea?» (Muskiz). «Ona edo txarra da, euskaraz komunikatzeagatik, gaizki egituratutako hitzak eta esaldiak erabiltzea?» (Sestao). «Zer egin behar dut, euskaraz gaizki hitz egin edo hobe da erdaraz ondo hitz egitea?» (Elorrio)
Adinean aurrera egin ahala gainera, kezkak handitu edo aldatu egiten dira: «2 eta 5 urteko bi seme dauzkat -esan zigun Elorrioko aita batek- Orain arte euskaraz egiten nien ahal nuen moduan, baina ohartu naiz agintera besterik ez dudala erabiltzen. Orain zaharrenari batzuetan erdaraz egiten diot baina 'aita, euskaraz!' esaten dit. Zer egin behar dut?». Gauza bertsua Astigarragan: «Laster berak nik baino gehiago jakingo du. Nola jarraituko dut euskaraz hitz egiten berak esaten badu nik ez dakidala?» Bestalde, gurasoak ohartzen dira seme-alabek zuzendu egiten dituztela, eta egoera horren aurrean ere askok ez daki nola erreakzionatu: «Zer jarrera hartu behar dugu zuzentzen gaituztenean?» (Zumaia).
Euskaraz ez jakiteagatik haurrek gurasoez izan dezaketen irudiari buruzko kezka ere azaldu izan da noiz edo noiz. «Zer egin dezaket seme-alabek inutiltzat (analfabetotzat) har ez nazaten? Zerbait galdetu eta æez dakit, euskaraz dagoÆ erantzun behar izaten diet eta beraiek: æJo ama, zipitzik ere ez dakizuÆ» (Elorrio). «Zer eragin izan dezake haurrengan ez dakidala esateak?» (Durango). «Alaba euskaraz ari denean, ulertzen ez badut, zer esan behar diot?» (Iruñea).
Egoera bakoitzak erantzun desberdina izan badezakete ere, oro har, ezaugarri hauek nabarmendu nahi izaten ditugu: batetik, etxeko hizkuntza erdara bada, ongi transmititu behar dutela. Testuinguru horretan, dakiten euskara erabiltzeak motibazioan duen eragin ona. Bestetik, haurrek euskarari dagokionez ez dituztela eredu gisa hartzen eta beraz, akatsen erabilera gehiegizkoa ez bada, normalean ez duela ondorio kaltegarririk izango eta azkenik, hizkuntzaren alde egin duten eta egiten ari diren ahaleginaren dimentsioa eta arrazoiak jakinarazi egin behar dizkietela seme-alabei: «Beraiek normaltzat jotzen dute euskaraz hitz egitea. Nola azaldu nik ez jakitea?» (Iruñea)
Maila, erabilera eta etorkizuna
Seme-alaben euskara maila ere bada kezka guraso askoren artean: «Eta daukan arazoa kontatzeko gai ez bada ulertu ez duelako?» (Elorrio). «Daukaten arazoa itzultzen ongi baldin badakite, baina ez baldin badakite edo ez badira gai adierazteko?» (Iruñea).
Bestalde, guraso hauen artean badira euskararen erabilerarekin eta normalizazioarekin kezkatuta daudenak. Batzuek harrituta ikusten dute, egindako ahalegin guztiak egin eta gero, haurrek ez dutela euskararik egiten eskolatik kanpo: «Nola lortu anai-arreben artean euskaraz egin dezaten? Eta kalean? Nola motibatu?» (Ermua eta Iruñea). «Euskararik gabeko opor garaiek kezkatzen naute» (Iruñea). Euskararekiko jarrera ezkorra gutxitan azaldu da: «Batzuetan euskaraz hitz egitea ez duela gogoko aipatzen du» (Muskiz).
Egoera honek epe luzera izan ditzakeen ondorioez ere galdetu ohi dute. Bitxia da, baina era honetako galderak ez dira arraroak 2-3 urteko haurren gurasoen artean: «Batxilerrera edo unibertsitatera heldutakoan, zailtasun handiak al daude B eredutik Dra pasatzeko?» (Muskiz). «Etxean erdaraz hitz eginda, bermatu al daiteke ikasketak amaitzean, haurra behar bezala prestatuta irtengo denik?» (Tutera). «Arazorik izango al dute, aurrerantzean erdaraz ikasi behar badute?» (Iruñea eta Ermua).
Desadostasun gutxi
Gaur egun indarrean dagoen hizkuntza politikarekiko desadostasuna gutxitan azaldu da -seguruenik jarrera horretakoak hitzaldi hauetara azaltzen ez direlako-. Irakasleen egoera, jasotako hezkuntzaren kalitatea, eta gaztelaniaz hitz egiteko zailtasunak dira agertutako gaietako batzuk: «Nire seme-alaben hezitzaileek euskara azkar eta behartuta ikasi dute. Zer kalitate du ikasten ari diren euskarak?» (Sestao) «Nik ez daukat euskararen kontzientziarik. Oso gustura nago alabak ikasiko duelako baina ohartzen naiz haur asko ez dela egiazki elebidun eta erabateko okerra iruditzen zait» (Zumaia). «Nola lortu elebitasun orekatua? Iloba bat zuzenbidea euskaraz ari da ikasten eta ez da gaztelaniaz irakurtzeko gai» (Elorrio).
Galdera hauek guztiak, euskararekiko kezkaren seinale ere badira. Gurasook beren seme-alabek euskaraz jakin dezaten nahi dute. Horregatik, oso garrantzitsua da kezkak argitzea eta, haurrekin batera (eta euskaltegietan, noski), beren euskara maila modu atseginean hobetzeko duten aukera ikustaraztea. Guraso erdaldunei zabaldu beharreko mezuaren laburpen ezin hobea egin zuen Elorrioko guraso gazte batek: «Lehen egoera hau arazo gisa ikusten nuen, eta entzundakoak entzunda, hemendik aurrera aukera paregabe bezala ikusiko dut».
Daniel Udalaitz
Toledoko Ituna delakoa berrituko dute aurten. Orain dela hamar urte jaio zen Espainiako Estatuko pentsio publikoak arautzeko eta Administrazioak, Patronalak eta sindikatu espainiarrek hartzen dute parte bertan. Itxura denez, aurten ere murriztu egingo dira pentsioak. Euskal Herriko pentsioak Madrilen eta Parisen hartzen diren erabakien menpe daude, eta erabaki horietan ez dute parte hartzen sindikatu abertzaleek.
guztia irakurri
Teresa Palacios epaileak -Auzitegi Nazionala- bertan behera utzi du Gara-ko zuzendari Josu Juaristiren aurkako salaketa. 2004ko Gudari Egunaren karira ETAren agiri bat argitaratzeagatik jarri zion kereila fiskaltzak eta orain fiskaltzak berak erabaki du prozedurarekin ez jarraitzea. Gara-ko zuzendariek behin eta berriz jasaten dutena gertatu da beste behin ere.
Mikel Asurmendi
Tomas Urzainkik demokrazia eta subiranotasun kontzeptuak batu ditu bere azken liburuan. Nafarroako Infanzones-en Konstituzioko «Pro libertate patria gens libera state» maxima izan du erreferenteetako bat. Hots, «Estatua libre izan dadin, jendarteak ere libre behar du». Gizarte hark bere sistema juridikoa zeukan, konstituzionalismo moduko bat. Iragan bi mendeetan Euskal Herrian izan ziren Konstituzioak aztertu ditu abokatu eta historialari honek: «Alderdi hori ez da aski ezaguna. Estatutuetan erreparatu izan da gehienbat, 1932ko II. Errepublikaren Estatutuan eta 1936ko Estatutuan; eta berrikiago, 1978ko Konstituzioaren ondoko Estatutuetan (Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntza). Estatutu hauek Espainiako Konstituzioetatik sortuak dira ordea, eta Estatu Nazional Handia bermatzen dute».
Soberanía o subordinación liburuaren egileak jendartea subiranotasunaren beharraz kontzientziatzea du xede. Soberaniak giza kolektibo baten eskubideak ekarri behar ditu, hauen baitan eskubide soziala, juridikoa, politikoa, ekonomikoa eta kulturala izaki.
Nabarraldeko lehendakariaren aburuz, gure gizartea ez da menperatu izanaren horren kontziente. Alta, indarkeriazko prozesuen eta konkisten ondoren, gizarte menperatua da gurea, ukatua lehenik, eta ondorioz bere eskubidez desjabetua.
Subiranotasun eta menpekotasun kontzeptuak azaltzeaz batera, Euskal Herriko Konstituzioak jaso dituzu liburuan.
Bai, nolabait. Eta hauek ez dute zer ikusirik Espainiako Konstituzioekin eta hauek ekarri dituzten Estatutuekin. Gure Konstituzioek geure herrialdearen tradizio historikoari segitu diote. Horien artean dago Nafarroako Infanzonesen Konstituzioa eta arestian aipatutako maxima. Nafarroako Foru Nagusiak egiazko Konstituzioak ziren. Artean, Nafarroako Erresumak Europako Estatuen izaera zuelarik. XIV. mendean, berriz, 1528ko Foru Laburtuaren -1512ko konkistaren ostean onartua- kontzeptuek argi eta garbi diotenez, Erregea herritarrek hautatua zen. Irizpide hau Nafarroako Gorteek onetsia zen, printzipio konstituzionalen oinarria eta bestelako gizarte baten isla izaki.
Zer jite izan zuen berriz II. Errepublikako Konstituzioak?
Konstituzio horren aita Ortega y Gasset izan zen, Autonomia Estatutuak aurreikusi zituen lehena. Katalunia eta Euskal Herriarekin zeukaten arazoari irtenbidea emateko, gizarte hauen presioa eta subiranotasun nahia apaltze aldera egin zen. Ortegaren planteamendua oso garbia da: Estatuak presioa jasaten duenean egitura berri bat sortzen du gizarte hauek barnean biltzeko, baita euren arteko sesioak medio Estatuaren kudeatze lasaiagoa izateko ere. Estatua gainera, epaile gailentzen da .
Estatua eredu juridiko eta politiko bezala ezbaian dago. Zu baina, bere garrantziaz arduratuta zaude.
Bai horixe. Estatu eredua ez dago likidazio garaian, ez dago ahul, batzuek sinetsarazi nahi diguten bezala. Egitura juridiko politiko bezala etorkizun luzea du, oso praktikoa baita. Hobetu beharra dagoela? Demokratiko eta sozialagoa bihurtu behar dela? Jakina. Errealitatea hauxe duzu ordea: Europako dozena bat herrialde Estatu bilakatu dira berriki. Batzuen behin-behineko asmoa urrun zegoen Estatu bilakatzetik, baina testuinguruak hartara eraman dituzte. Bistan denez, gizarte horiek ez dira egitura horren aurka jazarri izan. Estatu eredua ez dela ongi begiratua? Baliteke. Baina zurea bada, ez horrenbeste. Globalizazio garai honetan zein gizartek ez du Estatuaren babesa nahi?
Nazio politikoa (Nafarroa) edo nazio kulturala (Euskal Herria) kontzeptuak aipagai dituzu, besteak beste. Gure gizarteak bere diskurtsoa landu beharra duela azpimarratu duzu.
Gizarte menperatuok geure subiranotasunaren kontzeptuak galduz joan gara. Geure lengoaia definitu beharra daukagu geure burua, egitura eta bitartekoak izendatzeko, bestela, gizarte menperatzailearen lengoaia erabiltzen dugu. Sarritan Estatu modernoen adiera eta mezu zehatzak darabiltzagu. Gizarte menperatuak zapaltzaileen kontzeptu berberak erabiltzea arras ezkorra da. Menpeko gizarteok geureak landu beharko genituzke. Espainiako Estatu Nazional Handiaren baitan Katalunia, Galizia eta Euskal Herriaren diskurtsoak zehatzagoak izatea gakoa da beren subiranotasuna lortzeko.
Nola ikusten duzu gizarte menperatu hauetako politikarien diskurtsoa?
Nire ustez, oraindik ere ez diote beren buruari betebehar hori taxuz planteatu, beren diskurtsoa Estatu Nazional Handia eta menperatzailearen egiturak hipotekatuta dago.
Kontzeptuak kontzeptu, zer deritzozu «subiranotasun partekatua» edo «nazionalitate bikoitza» delakoez?
Frantziar, espainiar edo ekuadortarra euskaldunarekin nahastea posible da. Alabaina, euskaldunak ez bezala, besteek ezagutza unibertsala daukate, subiranotasunaren ezagutza. Bai Frantziako Estatu ahaltsuaren herritarrak nola Ekuadorreko Estatu ahulekoak. Euskalduna, katalana, galiziarra edo eskoziarrak ez ordea. Orduan, subiranotasun partekatua, nazionalitate bikoitza, edo nortasun anitzez mintzatzerakoan, hasteko, harremana berdintasunezko baldintzatan planteatu beharra dago. Bestela, kontzeptu hauek ez dute balio, subiranotasun partekatuaren aurretik subiranoa izan behar duzu. Hau da, berdintasuna helburu badugu, subiranotasuna behar dugu lehenik.
Subiranotasuna galdu duten gizarteetan eztabaidak izaten dira: gurea ote da errua edo menperatzaileena?
Baiki. Zoritxarrez, historiako menderakuntza prozesu asko ontzat eman dira. Berauek haatik oso tinko eta luzeak izan dira, ondo programatutakoak. Ez dira berez etorri, aliritzira, ez. Estatu menperatzaileek hasteko, konkistatutako lurraldeak zapaldu ondoren, ondoko gizarteen zabalkuntza bideratu zuten gurera. Horrek guztiak hegemonia ezartzeko borondatea eta inplikazioa eskatu ditu. Horrezaz gain, gizarte bat beste batek ordeztea nahi izan du menperatzaileak: hasi kultura eta lengoaia ezabatzetik, zuzenbide publikoa eta zibila kenduz, geure erakunde politikoak eraitsi arteraino. Hau guztia estatu menperatzaileek aldez aurretik kalkulatu eta gauzatu dute. Historiaren fase edo aldi horiek oso ondo dokumentatuta daude, eta funtsezkoa da horiek kontuan hartzea. Prozesu burujabe eta subiranoa garatzeko hori guztia kontuan hartu beharra dago.
EAEko Estatutu Berrirako Proposamenak -Ibarretxe Plana deitua- hartzen ote du hau guztia kontuan?
Ez. Defendatu nahi omen dituen printzipio eta helburuak kontuan hartuko balitu prozesu historiko horiek islatu beharko lituzke, nazio-genozidioak, alegia. Baina ez ditu aipatzen. Eta kontzeptu eta prozesu hauek ez dira antzinakoak ezta zaharkituak ere, ez horixe. Hauek guztiak gaurkotasun handiko prozesu historikoak dira, gori-gori daudenak.
Hitzaldi ondoko eztabaidan Kode Zibil Propioaren gaiaz mintzatu zara. EAEko Estatutu Berriaren Proposamenak ez omen du halakorik aurreikusia, katalanek berea dute aldiz.
Estatu guztiek badute berea, eta katalanek ere bai. Estatutu berri hauetan herritasunaren aspektuak ez dira ondo zehaztuak, eta katalanek berea gaurkotu eta gauzatu nahi dute. Hiritar katalanak eskubide zibilen ikuspuntutik definituta daude beren Estatutu Berriaren Proposamenean. Nafarroaren historian ere badago Kode Zibila, bertako kode zibila badugu eta erabil zitekeen Euskal Herrian. Eskubide zibil horien bidez, jabegoa, ezkontza, familiaren eskubideak edota kontratuak aurreikusi daitezke. Abiapuntua izan badugu: Nafarroakoa. Berauen oinarriak hartu litezke, berritu eta euskaldunontzat aplikatu. Borondate kontua da, baina beharra ere sorrarazi behar da. Euskara berreskuratzeko ahalegina egiten ari den gizarte honek, bere Kode Zibilaren aldeko mugimendua bultzatu beharko luke. Alegia, euskararen beharretarako bezala gizartearen beharretarako Kode Zibila gauzatu beharra dago.
Liburuaren tesia geure Estatua berreskuratzea da, nik uste. Bien bitartean guk gure «estatutxoak» (Estadillos) (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea) ditugu...
Espainiako Estatu Nazional Handiaren pentsalariek oso ondo asmatu zuten historia, liluragarria da gizarte espainolarentzat. Orain berriz ere, Herrero de Miñon, bere egunean Ortega y Gassetek egin zuena egiten ari da, loriatuta dago zuk izendatu dituzun EAEko eta Nafarroako «estatutxo» hauekin. Hori bai, betiere Estatu Nazional Handiaren baitan. Eta gezur txikietan diotenez, Estatu horren baitan nazio kultural batzuk daude. Hor dago koska: nazio politikoa nazio espainiarra da, eta gainerakoak nazio kulturalak.
Artean, zer egin ordea?
Gutxienez, mintza gaitezen argi eta garbi. Ereduak ez du balio, ez da zuzena. Estatu eredu honen baitan kulturak eta nazioak ezagutuak dira, baina gizarte, kultura eta nazio hauek ez dira politiko eta juridikoki onartuak. Gizarte hau erdibitua dago, politikoki batetik eta kulturalki bestetik. Hau da, Mikel Asurmendi euskal hiztuna da, euskal kulturaren hainbat espresioren jabe. Baina zure giza eskubide politiko eta juridikoak, zure baitan daudenak, zure izaeraren funtsa direnak, ez dizkizute ezagutzen eta onartzen. Hori ez da zuzena. Gizarte honi euskaraz bizitzea onartu zaio -neurri eta alderdi batzuetan-, baina eskubide politiko-juridikoak izaterik ez. Eta eskubide hauek izan gabe, nola indartu eta berreskuratu galdutakoa? Hori ez dute onartu nahi, ez hemen, ez Katalunian ez Galizian. Artean, zuk esan duzun bezala «estatutxo» hauekin aritu behar dugu.
Herritarrak zer egin behar du ordea: instituzioak ontzat eman edo ez?
Hori bakoitzak ikusi behar du. Nik uste dut erabili behar direla, behar dugunez gero, beste erremediorik ez zaigu geratzen. Baina betiere subiranotasuna berreskuartzeko bidean, subiranoa izan nahi duen herritarrak jomuga hori argi eta garbi izan behar du. Hondarribian gaude, Udaletxeko Kultur Etxean aritu gara, baina horregatik ez dugu Espainiako Estatuaren legitimitatea ontzan ematen, ez. Udala instituzio eta tresna bezala erabili behar da, jakina, eta kasurako, Hondarribiako gizarteak bere udaletxea, bere eskubide politiko eta juridiko osoen erabilpena lortu beharrez. Fase honetan gaude, eta erabili behar da, baina aldi berean, subiranotasun osoaren berreskurapena aldarrikatu behar dugu, autodeterminazioaren eskubidea.
Jarrera hori liskarren iturri izan da, posibilistatzat joa...
Hori akatsa da, bide bat hartzeagatik bestea ukatzen dela uste izan da. Nik ez dut horrela ikusten. Herritarra koherente izan daiteke erakunde hauetara etorrita ere. Udal batzarrak, Foru batzarrak edo Gasteiz nahiz Iruñeko batzarretan egoteak ez du esan nahi iparra galdu dugunik. Baina berauetan egonagatik ere, jomuga argi eta garbi izan behar dugu, hau da, geure gizartearen eskubide osoen berreskuratzea.
Azkenik, autodeterminazioa gauzatzeko moduak azaldu dituzu liburuan eta hitzaldian. Ex tunc (orduz geroztik) eta ex novo (oraintxe beretik)
Historiaren eraginez ari naiz, teoriaren eremuan beti ere. Nik, gizartearen subiranotasuna berreskuratzerakoan atzeraeraginezko (retroactivo) izaera kontuan hartu behar dela diot, gure eskubideak berreskuratzeko gertakari historikoak kontuan hartu behar ditugula, alegia. Gizarte honek historian eskubideak izan zituela onartzea, egun ere eskubideak dituela onartzea da. Izateko eskubidea daukat, hasteko izan nuelako. Izan ere, bien bitartean, egoera ez zuzena eta anomaloa jasan ditu gizarte honek, zuzenbidearen aurkakoa, horregatik ex tunc eragina eta efektua erabiltzea ere komenigarria da. Tira, subiranotasuna ez da preskribatzen, eta horregatik ex novo efektua ere erabili behar da.
Joxe Anjel Altzuguren izan da euskal gatazkak utzi duen azken hildakoa. Beste espetxe politika batekin seguruenik saihestu zitekeen heriotza berri hau, baina ez da halakorik izan, egungoak hil egin du. Gogorra bezain garbia. Eta espetxe politikaren ondorioz hil bada, heriotza honek bere erantzukizunak izango ditu egungo legedia eta politika hori indarrean mantentzen dutenen aldetik. Baina ez, ez da izango erantzukizunik, ezta halako eskakizunik ere. Kasua ez da espetxean bere buruaz beste egiten duten beste kasu askoren desberdina, baina atxiloketak, torturak eta espetxeak Estatuaren politika antiterroristaren testuinguruan eman dira, eta horrek bihurtzen du oraindik ere egiazkoa bezain gordina den gatazka baten azken biktima. Ohi bezala ikusi da biktima guztiak ez direla berdinak ezta haiekiko politika instituzionala eta mediatikoa ere. Kasuak konparatu nahi izan gabe, irudika dezake norbaitek zer gertatuko zen Ortega y Larak, jasaten zituen baldintza larri eta izugarrien ondorioz, bere buruaz beste egin izan balu?