Daniel Udalaitz
Iberdrola bi enpresa elektrikoren fusiotik sortua da: Iberduero, (egoitzaz Bilbokoa zena) eta Hidroeléctrica Española (egoitzaz Madrilgoa zena). Iberdrolak, izen horrekin aski berria den enpresak, Bilbon dauka egoitza soziala, halaber. Iberdrolaren kasuan, 1901-1944 urteetara jo behar da jatorri bila. 1901ean, Hidroeléctrica Ibérica jaio zen, hainbat urteren buruan Hidroeléctrica Española izena hartu zuen enpresa. Iberduero, berriz, 1944an jaio zen, Hidroeléctrica Ibérica eta Saltos del Duero elkartzetik. 1991. urtean erabaki zen Iberduero eta Hidroeléctrica Española fusionatzea, eta batura haren ondorioz jaio zen oraingo Iberdrola. Egungo egunean, Iberdrola da munduko enpresa elektriko pribatuetako lehenetakoa eta elektrizitatea generatzea, garraiatzea, banatzea eta merkaturatzea ditu jardun. 13.000 lagunez gorako plantilla dauka: 8.546k Espainiako zentroetan egiten dute lan, 1.871k, Espainiako estatuan, %100ean partaidetutako enpresetan, eta 3.133k, Hego Amerikan, enpresa partaidetuetan. 2004. urtean, 10.314 milioi euro fakturatu zituen eta 2.109 milioi eurora heldu zen irabazi garbietan.
Generalitatea boikota diruz laguntzen?
Periodista Digital sareko kazetan Elena de Regoyos kazetariak aditzera eman duenez, Generalitateak aurten 548.000 euroko diru-laguntza eman dio Omnium Cultural elkarteari. Periodista Digital-eko kazetaria aztoratu egin da diru-laguntzagatik, elkarte horren aktibitate lerro bat ez zaiolako asko gustatu. Omnium Cultural elkarteak produktuak katalanez etiketatzen dituzten ekoizleak sustatzen ditu eta gutxieneko baldintza hori betetzen ez duten enpresen kontra boikot aktiboa bultzatzen dute. Periodista Digitalek galdetu dio Generalitateari nola diruz laguntzen duten boikota sustatzen duen elkartea eta Generalitateak erantzun dio elkartea kultur elkartea dela eta produktuen etiketak katalanez ager daitezen nahi duela «gure hizkuntza eta gure nortasuna direlako».
Euskararen Erakunde Publikoak 2012rako aurreikuspenak egin ditu
Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Max Brisson-ek eta Jean-Claude Iriart zuzendariak aurkeztu dute euskarazko irakaskuntza egituratzeko 2012rako programa. Aurreikuspenen arabera, lanpostuak eta ikasgelak ugaldu egingo dituzte bai irakaskuntza elebidun publikoan, bai pribatu elebidun katolikoan eta baita Seaskan ere. Honako helburuak aipatu dituzte EEPko arduradunek: familia guztiek haurrak euskaraz eskolatzeko aukera izatea, ama eskolatik lizeoraino euskaraz ikasteko aukera izatea eta gurasoek haurren eskola askatasun osoz hautatzeko aukera izatea.
Barruti bakoitzeko euskarazko tokiko telebista eskatu du Tokiko elkarteak
Abenduaren 31 baino lehen tokiko telebistentzako lizentzia banaketa egingo da Espainian eta hori kontuan izanda, Tokiko elkarteak (hainbat tokiko telebista biltzen ditu) Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gutxienez barruti bakoitzean euskarazko tokiko telebista bati lizentzia ematea. Barruti bakoitzeko lau telebistentzat egongo da tokia eta lizentzia horiek hamar urteko balioa izango dute. Nafarroako euskarazko bi tokiko telebistak, Xaloa eta Ttipi-Ttapa telebistak, dagoeneko baimenik gabe daude lizentzia banaketa Nafarroan egina baita.
Nafarroako Gobernuak Patxi Larrainzar handitzeko 3,5 milioi euro onartu ditu
Patxi Larrainzar ikastetxeko irakasle eta gurasoak kexu ziren haurrak ikastetxean kabitzen ez zirelako, aurrez fabrikatutako geletan ikasi beharra zutelako eta ikastetxearentzako eraikin berriaren hasierako lanak behin eta berriz atzeratu dituztelako. Orain, Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi euroko diru kopurua onartu du Patxi Larrainzar eta Ave Maria ikastetxeak biltzen dituen eraikina handitzeko. Patxi Larrainzar ikastetxearentzako eraikin berria 2006-2007 ikasturterako eginda egongo dela baieztatu du Luis Campoy Hezkuntza kontseilariak.
Espainiako Erregea «torturatzaileen burua» dela esan zuelako, Espainiako Auzitegi Gorenak urtebeteko kartzelarekin zigortu du Arnaldo Otegi. Espainian torturatzen dela oso zabaldua eta onartu dago Euskal Herrian, eta hori egi borobila dela badakitenentzat, Espainiako estatu burua -gutxienez- erantzule sinbolikoa da, Espainiako auzitegiek A edo B esan.