Anjel Lertxundi2005-11-06 |
Militarkote baten fanfarroikeria? Sanzen botoak eta nireak berdin balioko balute, barre egingo nuke Oxobik bere fabula hartan bezala: "Zinkulin eta Xanfarin, sable herdoildu zahar batzuekin". Hurrengo hauteskundeetan Sanzek ez luke Zapatero bozkatuko. Kito. Horretan geldituko litzateke auzia.
Hori da, behintzat, saltzen digutena.
Baina hautestontziak huts egiten badio, zertarako eta zer egiteko dagoen abisatu du Sanzek. Espainiako Gobernuak ez du erreakzionatu. Sanzek esandakoak entzun nahi zituelako seguru asko.
Konstituzioa korapilo
Iritzi publikoa deitzen diogun plazako builan gezurrak sortzen du egia, ez da paradoxa bat. Gaur egiatzat hartzen dugun kontu askok gezur handi bat -edo gezur txiki piloen meta handi bat- izan zuen bere garaian oinarri. Konstituzioa aipatzen dute, horra ba Konstituzioa. Beste hainbat tokitan aplikatzeko moduko formula bat omen, ez ditut haren alde esandako guztiak -asko arrazoizkoak- hona ekarriko. Baina ez dute sekula esaten zein baldintzatan atera zen aurrera. Ez dute esaten diktaduraren ondorioen beldurrak eragin zuela batzuen posibilismo gehiegizkoa, ez dute esaten diktaduraren itzal faktikoak atera zituela aurrera gaur sakratutzat dauzkaten hainbat kontu.
Beldurrak zaintzen du mahastia, beldurrak eragindako Konstituzioa errealitate bat da. Egia bat da, bai, baina gezur txiki eta handi asko ditu oinarri. Ez omen zen zaurian ozpina botatzea komeni, eta Estatuaren egitura, monarkia, ejertzitoa, diktaduraren kondena...: dena geratu zen ondo lotuta -Francok nahi izan zuen bezala alafede- Konstituzioaren korapiloarekin. Diktadurak irabazi zuen neurri handi batean, eta diktadurak irabazten segitzen du gaur ere: Espainiak ez ditu oraindik Franco eta haren diktadura kondenatu. Ez da, ordea, konturik itsusiena: hainbeste gezurren gainean eraikitako Konstituzio hura darabilte gaur Espainiaren egiturari kilima txikiren bat egingo liokeen ezer aurrera ateratzeko iniziatiben kontra.
Zentzuzkoa den
Hurrengo urtean sekulako uzta aberatsa izan zuten Inperioan. Eta bigarrenean. Eta hirugarrenean.
Jendea hain zoriontsu ikusiz, lehen ministroak enperadorearen gorpu baltsamatua erakutsi zion herriari:
- Ikusten? Azken urte hauetan hildako bat egon da tronuan, eta neu izan naiz benetan gobernatu dudana. Ikusi duzue zer nolako uztak izan ditugun. Neuk behar nuke zuen enperadore.
Herriak zentzuzkotzat jo zituen haren hitzak eta enperadore koroatu zuten. Ondoren, hil egin zuten, aurreko enperadorea bezain ona izan zedin eta uzta onak ekar zitzan beste hiru urtez.
Nik kontatu nahi dudana
Egunen batean polemikaren bat banu demagun Fernando Savaterrekin edo haren antzekoren batekin, Silvia Iparragirreren La tierra del fuego nobelako indigenak Londoneko epaile bati esandako hitzok edo antzeko samarrak baliatuko nituzke, neure hizkuntzan, badakit-eta arkakuso herren asmatiko bat naizela berek hain berenak eta indartsuak dituzten baliabide erraldoien azal gainean.
Europan hotz
Gauez, taberna ixteko orduan, tabernako neska, paketea zabaldu gabe dagoela ikusirik, haserretu egingo zaio marinelari. "Ez al duk zabaltzeko asmorik?".
Gera gaitezen une batez marinela paketea askatzen hasi den uneko eszenan. Sekulako hotza egiten du eta, sorgortuta baitauzka hatzak, baldar-baldar ari da paketea zabaltzen. Deseroso dago, tabernako neska begira baitauka, ez baitu ahuldaderik agertu nahi, ez baitu bere ohiko irudi petrala pitzatu nahi, ez baitu sentimendu positiboetan sinesten, gogorrarena egin beharra baitauka bizitza aurrera aterako badu...
Paketea zabaldurik, marinelak artilezko bufanda bat atera du bertatik. Bat-batean, negar zotinka hasi da eta hitz batzuk aterako zaizkio zotinen artetik: "Inork ez dit inoiz oparirik egin".
Melillako hesia gainditu nahi zuten etorkinek. Inork ez die inoiz ez bufandarik ez ezer oparitu.
Sekulako hotza egiten du Europan.
Idazleak garelako
18/98+ kaiera
Euskal kultura
Eta horren kontrapuntuan, Koldo Izagirrek zioena: Euskaraz egindako oro sektorializatzeko joera dago, euskaraz egindako guztia euskara da, ez da kultura, ez da zinema, ez da teknologia.
Lerrootan eta aldizkari honetan agertu den guztia ere euskara da nonbait. Ez kazetaritza edo zutabegintza.