Iazko abenduan Espainiako Estatuko telebista kateek eta herrialde horretako gobernuak akordioa izenpetu ostean, otsailean hasi zen Telebista Edukien Aurrean Haurrak Babesteko Autorregulazio Kodearen ibilbidea. Gizarte erakunde askoren ustez, ordea, kode hori ez da behar bezala betetzen ari. Kateek eta administrazioak, berriz, baietz diote, huskeriatzat jotzen dituzten salbuespen batzuk salbuespen.
Telebista Edukien Aurrean Haurrak Babesteko Autoerregulazio Kodea iazko abenduaren 9an jaio zen modu ofizialean, baina istorio honen hasiera askoz lehenago bilatu behar dugu. Izan ere, hamar urte baino gehiago da Mugarik Gabeko Telebista zuzentaraua indarrean dela Europako Batasunean. Herrialde guztiek gehitu behar izan diote arau hori euren legediari; Espainiako Estatuan 25/94 legea da eta, besteak beste, adinez beherakoen eskubideez arduratzen da.
Legearen akatsik behinena zabalegi izatea da. Ume eta nerabeentzat kaltegarri izan daitezkeen edukiez ari da, baina ez du irizpide gehiegirik ematen eduki horiek zeintzuk diren argitzeko. Europako Batasuneko herrialde gehienetan, hala ere, arazo hori ez da hain larria, irizpideok zehazteko eta, behar izanez gero, zigorrak ezartzeko arduratzen diren ikus-entzunezko kontseilu independentak daudelako.
Kateen arteko akordioa, PSOEren konponbidea
TVEk eman zuen lehen urratsa, bere autorregulazio kodea eginaz, eta ondoren estatu mailako telebista kate pribatuak -Antena 3, Telecinco eta Sogecable- batu ziren. Azkenik, gobernuak akordio bat izenpetu zuen haiekin, kodea sustatzeko konpromisoa hartuz. Irrati-telebista Erakunde Autonomikoen Federazioak (FORTAk) ere abenduan bertan eskatu zuen Autorregulazio Kodean sartzea, baina alferrik oraingoz, Enrique Lauzirika idazkari orokorraren berbetan: "Kodea moldatzea eskatu genien kateei eta gobernuari gu sartu ahal izateko, baina oraindik erantzunaren zain gaude".
Babes indartuko ordutegia
Edukien egokitasuna aztertzeko, Autorregulazio Kodeak lau atal bereizten ditu: giza-jarrerak, bortizkeria, sexua eta gai gatazkatsuak. Horietako bakoitzerako irizpide batzuk ezartzen ditu, eta horien arabera sailkatzen dira saioak adin baterako ala besterako.
Azkenik, batzorde bi osatu dira Kodea behar bezala betetzen dela segurtatzeko: Autorregulazio Batzordea -erabakiak hartzen dituena, azken batean- eta Jarraipen Batzorde Mistoa. Lehenbizikoan Kodea sinatu duten lau kateak, produktoreak eta Prentsaren Elkartea daude, eta bigarrenean, berriz, lau telebista kateak eta gizarte erakundeen lau ordezkari: guraso elkarte bi -Espainiako Ikasle Katolikoen Guraso Elkartea CONCAPA eta Espainiako Ikasleen Gurasoen Elkarteko Konfederazioa CEAPA-, umeen eremuan lan egiten duten erakundeen ordezkari bat -Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa (UNICEF)- eta kontsumitzaileen ordezkari bat, dagoeneko behin baino gehiagotan aipatu dugun Alejandro Perales, hain zuzen.
Gizarte erakundeen salaketa
Lehenik eta behin, OCTAk programazioa aldatzeko eginiko ahalegin eskasa azpimarratu du. Bigarrenik, hainbat trikimailu erabili izana salatu du, babes indartuko ordutegian lehengo saioei eutsi ahal izateko. "Lehen hamahiru urtetik gorakoentzat ziren saio batzuk -dio Alejandro Peralesek- orain sailkatu gabe utzi dituzte, ikusle guztientzat egokiak bailiran. Zein da aitzakia? Edukiak arindu omen dituztela".
Txistu-hotsa irainak ez entzuteko
Biraoak, bortizketia, jarrera intoleranteak...
Ehunen bat kexa orain arte
Garcia Castillejoren ustez, ez da bidezkoa Autorregulazio Kodea ez dela betetzen ari esatea: "Kodeak, ongi ala gaizki, funtzionatu egiten du. Lortu egin da, modu lasaian eta zalapartarik gabe, zenbait eduki pantailetatik desagertzea. Bitxia da egiten ari diren kritika asko Kodea ezagutzen ez dutenengandik datozela. Izan ere, Autorregulazio Kodeak ez du behin ere esan umeei bereziki zuzendutako programaziorik egingo denik. Baina kritikek ez daukate zerikusirik Kodearen irizpideekin. Programazioa gustatu egingo zaigu ala ez, hori beste eztabaida bat da, baina oraingo edukiak ez dira kaltegarriak, eta horixe da Kodeak lortu duena.".
Antena 3eko Julio Sanchezen ustez, "aurkezten diren kexetako asko huskeria dira, sarritan testuingurutik kanpo ateratako esaldiak". Uste berekoa da TVEko Juan Jesus Buhigas: "Gizarte erakundeek gehiegi erreparatzen diete xehetasunei". Bitxia bada ere, gizarte erakundeek gauza bera leporatzen diete telebista kateei. Alegia, xehetasunez eztabaidatzea, saioen izaera bera kontuan hartu beharrean. Telebistako ereduekin bat ez datozenak, bitartean, ikus-entzunezko kontseilua noiz eratuko zain jarraitzen dute. Berau sortzeko prozesua abiarazita dago behintzat. Hori izango ote da benetako konponbidea?
Estatu frantsesean, telebistako edukiak arautzea Conseil supérieur de l'audiovisuel (CSA) erakundeari dagokio 1989tik. Hala, CSAk eskumena dauka hedabideetako arduradunei gomendioak emateko, legeak ezartzen dituen printzipioak babeste aldera. Era berean, CSAk aukera dauka telebista-kate pribatuekin akordioak egiteko, haur eta nerabeen babeserako neurriak zehazteko. Kontseiluak, gainera, zigor gogorrak ezar diezazkieke euren konpromisoak betetzen ez dituzten kateei. Hala, isunak jartzeaz gain, igortzeko baimenak aldi baterako edo behin betiko -arau-haustea oso larria bada- ken ditzake.
1989ko maiatzean, sortu eta lau hilabete eskasera, kontseiluak zuzentaraua plazaratu zuen haur eta nerabeak beraientzat kaltegarriak izan daitezkeen telebista saioetatik babesteko xedez. Haren arabera, Frantziako telebista kateek ezin dute gaueko 22:30ak baino lehenago 16 urtetik beherakoentzako debekatutako pelikularik eskaini, ez eta erotismoa edo bortizkeria agertzen duen edukirik erakutsi. Oro har, ezin da telebistaz eman ikusle gazteenen sentiberatasuna mindu dezakeen ezer, eta audientzia handieneko orduetan familia osoarentzako saioak ematea gomendatzen da.
Euskal Telebista, gainerako telebista autonomikoak bezala, ez dago Autorregulazio Kodean, baina Irrati-telebista Erakunde Autonomikoen Federazioa FORTAren ildoari jarraiki, onuragarritzat du era horretako neurria hartu izana, helarazi digun oharrean dioenez: "Izan ere, orain arte zenbait operadorek -telebista komertzialek- egin duten programazioaren zati batek -telezaborra bezala ezagutzen denak- telebista eskaintza osoa kutsatu du. Zenbait operadoreren jarreraren eraginez telebistak sinesgarritasuna galdu du". ETBren ustez, telebista pribatuek, eta bereziki Telecincok -Aquí hay tomate, Gran hermano eta A tu lado saioak aipatu dituzte bidali diguten oharrean-, "haurrentzako ezegokiak diren edukiak ematen dihardute, bai gaiei dagokienez -garrantzi gabeko kontuak azpimarratuz-, bai eta tratamenduari dagokionez ere -pertsonen intimitateari dagozkion azaleko gaiak zehaztasunik gabe landuz-. Jarraipen Batzorde Mistoak ez du egoera hori bideratzea lortu". Ildo beretik, ETBk zalantzak agertu ditu aipatutako telebista kateek etorkizunean izango duten jarreraz: "Telebista pribatuek Burtsan jokatzen dute, eta irabaziak lortzea beste helbururik ez duten akziodun anonimoen interesei erantzun nahi diete. Honenbestez, ez diote æautorregulazioaÆri jaramonik egingo, neurri horrek audientzietan eraginik izango ez badu".
Audientzia neurtzeko orduan, lau urtetik gorako umeak baino ez dira kontuan hartzen, hortik beherakoek telebistako mandua erabiltzeko gaitasunik ez daukatelakoan. Gainerakoei dagokienez, eta Corporacion Multimedia erakundeak adierazi digunez, lau eta hamabi urte bitartekoek bazkalorduan ikusten dute telebista gehien, ondoren prime timen eta arratsaldean hirugarrenik.
Corporacion Multimediak aurtengo irailaren 12tik urriaren 17ra arteko audientzia datuak helarazi dizkigu, beti ere aipatutako adin tarteko umeei dagokienez. Bitxia da denbora tarte horretan 8.000 ume egon direla goizeko orduetan telebista ikusten aste barruan, eta 20.000 asteburuetan. Prime time eta gaueko orduetan, kopuruak dezente hazten dira: aste barruan 726.000 umek ikusi zuten dute telebista prime timen (iluntzean, beraz), eta 106.000k gauean. Umeek gehien ikusi dituzten 30 saioen artean, asko gauekoak dira. The Simpsons da gehien ikusi dena, eta haren ondotik Pasión de Gavilanes, zenbait futbol neurketa, Aida telesaila, eta Operación Triunfo ageri dira zerrendan, besteak beste.
Telebistako bortizkeriaren eragina
Jordi Busquet soziologo katalana Ramon Llull unibertsitateko Indarkeria eta Komunikazioa taldeko koordinatzailea da. Telesbistaz erakusten den bortizkeriak zazpi eta hamabi urte bitarteko umeengan daukan eragina aztertu berri dute, eta behatutakoak harritu egin ditu zenbaitetan: "Konturatu egin gara umeek ondo ezagutzen dutela programazioa, eta badakite interpretatzen, badakite pasarte bat umorezkoa den, edo dramatikoa, edoà Eta bortizkeria ikusten dutenean, askotan, jakin egiten dute hura txantxetakoa den edo ezà Ez dira uste bezain babesgabe eta amarrugabeak".
Zer nolako kaltea egiten die umeei telebistan ikusten duten bortizkeriak? Jordi Busqueten ustez, "indarkeria motak bereizi behar dira, eta gainera, ez da berdin pertsona heldu bat ondoan edukitzea ala ez. Heldu batek ikusten ari direna azal diezaieke, eta hori onuragarria ere izan daiteke. Nire ustez, bortizkeria fisikoa ikustea ez da uste dugun bezain kaltegarria, umeek badakitelako hori txarra dela. Beharbada, bortizkeria sotila da arriskutsuena, batez ere umeak bere eguneroko bizitzan ikusten dituen zenbait jarrerarekin bat badator, zerbait arrunt eta naturala dela adieraziko baitio".
Lola Abello, CEAPAko presidente eta Autorregulazio Kodearen Jarraipen Batzorde Mistoko kidea
"Guretzat aurrerapausoa izan zen zenbait telebista kate pribatuk eta publiko batek kode hau egiteko konpromisoa hartzea, eta gobernuarentzat ere lehentasunezko gaia izatea, baina egia esan azken aspaldian ez da betetzen ari, behin eta berriz urratzen da".
Juan Jesus Buhigas, RTVEko zuzendari gerente komertziala eta Autorregulazio Batzordeko eta Jarraipen Batzorde Mistoko kidea
«Zenbait komunikabidek, elkartek eta alderdi politikok zalaparta handia egin badute ere, gai honenganako jendartean dagoen kezka ez da hainbestekoa. Eta horren froga da ez direla hainbeste kexa jaso, eta jasotzen direnak txikikeriengatik izaten direla gehienetan, eta ez gertakari esanguratsuengatik".
Alejandro Perales, AUC Komunikazio Erabiltzaileen Elkarteko presidentea eta Jarraipen Batzorde Mistoko kidea
"Espainian ume mordo batek ikusten du telebista gaueko hamarretan, eta kateek eurek hori bultzatzen dute, familia osoarentzako saioak ipintzen dituztelako ordu horietan".
Jose Maria Ruiz Trueba, Euskadiko ordezkaria CONCAPAko Espainiako Ikasle Katolikoen Guraso Elkarteko Kontseilu Konfederalean eta Jarraipen Batzorde Mistoko kidea
"Dagoeneko, zenbait saio umeentzako desegoki bihurtzen dutenak ez dira pasarte jakin batzuk, saio osoak baizik. Ez daukate zentzurik ordutegi horretan".
Julio Sanchez, Antena 3eko programazio zuzendaria eta Autorregulazio Batzordeko kidea
"Batzuek nahastu egin dituzte umeek ikus ditzaketen saioak eta eurei beren-beregi zuzendutakoak, eta guk -ûkate pribatuok esan gura dutû ez dugu umeentzako saiorik egiten. Guk, bostetatik zortzietara, umeei interesatzen ez zaizkien, baina ikusiz gero kalterik egingo ez dieten programak egiten ditugu".
![]() |
|
||||
2014 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa