Jakoba Errekondo
Zientzia eta jakinduriaren txilborra Europa. Botanikan are gehiago. Mundu osoa arakatu, geure lorategiak urrutiko landarez bete eta ustez denaren jabe egin garenean katuen mugarrien barruan dugunari begira hasi gara, txilborra izan uste duena zilborrari begira... Eta etengabe nobedadeak topatzen ditugu. Euskaldunok Asian eta Ameriketan hor ditugu Davidia eta Echeverria generoak, Lardizabalaceae familia osoa... eta herenegun aurkitu dugu atari aurreko itsas labarretan ez beste hazten den Armeria euskadiensisa.
Auzoko lagun batzuen gurasoen jaioterrian, Espainiako Badajozko Olivenza eskualdean aurkikuntza bitxia egin berri dute Extremadurako Unibertsitateko Botanika sailekoek. Europan lehenengoz txoriek polinizatzen duten landare bat aurkitu da. Euskarazko izenik topatu ez diodan Anagyris foetida, lekadunen Fabaceae familiakoa alegia. Urtetan zuhaixka hau ikusmiran izan ondoren, udazkenean eta neguan irekitzen dituen loreak txinbo kaskabeltzak, txinbo burubeltzak eta txio arruntak bisitatzen dituztela jabetu dira. Loreak petalo artean sortzen duen nektar gozoa jaso asmoz mokoa sartzen dutenez, hark estrategikoki kokatzen ditu polen biltegiak eta asko uste gabe mokoa polenez josia eramango du txoriak. Hurrengo lorea bisitatzen duenean nektarra hartu eta polena eraman bai, baina baita aurreragokoaren polena utzi ere. Auzokoaren polen horrek lorea ernalduko du.
Bestela ere landare xelebrea da hauxe. Espainian "sorginaren idunekoa" eta "deabruaren alua" deitzen diote, hostoak purga gisa erabiltzen dira, haziak goragalea eragiten du eta gezi muturrak pozoitzeko eta baleztak egiteko erabili izan denez, gazteluen inguruan landatu eta zaintzen zen.
Ernalketarako txoriak erakartzeko nektar gozoena egiten badaki baina ugaltzeko haziak inork jan ez ditzan pozoia eransten die...
Txorien bidezko polinizazio ornitofiloa erabiltzen duen beste landarerik ez da ezagutzen Europan. Landareen polinizazioa egiten duten hegazti ezagunenak kolibria eta ermitaua dira, amerikarrak biak. Txori hauen gisan lan hau egiten duen beste animalia asko dago: intsektuak batik bat baina baita ugaztunak ere -saguzar eta beste-.
Jabier Agirre
Aspirina edo azido azetilsalizilikoa, eta baita beste AIEE batzuk ere -esaterako, ibuprofenoa edo naproxenoa- erabiltzeak, koloneko minbizia izateko arriskua nabarmen murrizten du, Harvard-eko Medikuntza Fakultateko ikertzaileek Jama aldizkari ospetsuan argitaratu berri duten osasun-azterketak erakusten duenez.
Azterketa horretan ia 83.000 emakumeren datuak bildu dira, 1980. urtean hasi eta 2002ko ekaina bitartean beren analgesiko eta antiinflamatorioen kontsumo-erabilerak jarraitu baitzituzten ikertzaileek. Eta autoreek mesede esanguratsua aipatzen dute Aspirinaren erabilera ohizkoarekin lotuta -gutxienez bi konprimitu hartu behar lirateke astean horretarako-, koloneko minbiziari aurrea hartzeko orduan.
Hala ere botikaren mesede horiek hamarkada bat baino luzaroagoan kontsumitu ondoren nabaritzen dira bereziki: zenbat eta handiagoak izan erabilitako aspirina edo AIEEen dosiak, orduan eta txikiagoa da minbizi-mota hori garatzeko arriskua. Horrela, astean 14 pastilla azido azetilsaliziliko hartzen dituzten emakumeak -eta horrela 10 urtetan zehar- dira minbizia jasateko arriskurik gutxien dutenak, botika hori erabiltzen ez duten emakumeek baino %53 gutxiago, hain zuzen ere. Naproxenoa edo ibuprofenoa bezalako antiinflamatorio ez-esteroideekin ere antzeko emaitzak lortu dira, horiekin ere dosi handiak erabili behar dira. Eta, horregatik, ikertzaileek alderatu behar izan dituzte onura potentzialak botika horiek hartzeak ekar ditzakeen kontrako erreakzio grabeekin. Izan ere, aspirina denbora luzean erabiltzeak odoljarioak gertatzeko arriskua gehitzen baitu.
Hona hemen ikertzaileen ondorioa: aspirina ahalik eta dosirik handienean erabiltzeak, botika hori ez erabiltzearekin alderatuta, kolon eta ondesteko minbiziaren balizko bi kasutatik bat prebenituko luke, 1.000 pertsonen artean, eta 10 urteko epean. Baina denbora horretan heste-urdailetako 8 odoljario larri kasu gertatuko lirateke. Botika horiek kontsumitzearen mesedeak eta kalteak zorrotz baloratu beharko dira, beraz, kasu bakoitzean, azken erabakia hartu aurretik.
Joxerra Aizpurua
Ozono geruzaren zuloa, 2003ko maximoetatik behera
Metereologiaren Mundu Erakundeak aditzera eman duenez, ozono geruzan bi poloen gainean sortzen den zuloa txikitzen hasi da aurten, ez baita 2000 eta 2003 urteetan erregistratutako maximoetara heldu: 2003 urtean 29 milioi kilometro koadroko zuloa neurtu zuten eta aurtengoa 26,9koa izan da. Nolanahi ere, Geir Braathen zientzialari eta MME erakundeko kideak aipatu duen gisan, gutxienez hamar urtetako datuak behar dira eboluzioaren emaitzak ontzat emateko. Gainera, Braathen-en hitzetan beti ere, "ozono geruza indartzeak ez du atmosfera osasuntsua ziurtatzen, eta negutegi efektua eta aldaketa klimatikoa oso kontuan hartzeko arriskuak dira".
Eraikuntza eta kutsadura atmosferikoa
Jarduera industrial guztien artean eraikuntza eta hari atxikitako industria dugu baliabide natural gehien kontsumitzen duena eta atmosfera gehien kutsatzen duena. Hala, berriki egin diren kalkuluen arabera, eraikitako metro koadro bakoitzeko ia hiru tona material erabiltzen dira.
Bestalde, ez da harritzekoa ekologistek etxebizitzari aparteko ardura eskaintzea. Beste hainbat giza jarduerekin konparatuz gero, eraikuntza lanetan ez da energia handirik kontsumitzen berez, baina erabiltzen diren materialen prozesamendu edota eraikinetan eta azpiegituretan egunero egiten den erabilera kontuan hartzen badugu, eraikinak kontsumitzaile nagusitzat eta ondorioz elementu kutsatzaile garrantzitsutzat hartu beharrean gaude: kontsumitzen den energiaren erdia eraikinetan erabiltzen da.
Nanoautomobilak
Nanoibilgailuak egitea ez da ametsa, errealitatea baizik. AEBetako Houstonen dagoen Rice Unibertsitateko ikerlariek 3 nanometroko ibilgailuak egitea lortu dute. Kontuan hartzen badugu giza ile batek 80.000 nanometroko diametroa duela irudika dezakegu zein tamaina txikitan murgiltzen ari diren. Automobila karbono esferikoko molekulaz osatutik dago (C60) eta hasieran hainbatek zalantzan jarri bazuen bere gurpilak benetan biraka higitzen ziren edota irristatuz, gerora frogatzerik izan da gurpilak bira eginaz higitzen direla.
Lorpen honek ez digu berehalako ekarpen praktikorik ekarriko, baina urte gutxian ibilgailuen mundua irauliko du.