Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-11-06 -- 2014.zenb

Katixa Garate






Kultur politikak aztergai

Kultur Politikei Buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo dute azaroaren 14an eta 15ean, Eusko Jaurlaritzak eta Kulturaren Eusko Kontseiluak, Bilboko Euskalduna jauregian. Kulturaren Euskal Planean (KEP) jasotako helburuak lortzeko bitarteko izateko asmoz antolatu dute eta bertako eta atzerriko hainbat adituk kultur politikak izango dituzte hizpide. UNESCOren Kultur Esperientzien Aniztasunari Buruzko Gailurra, demokratizazio teknologikoaren eta jabego intelektualaren eskubideen arteko harremanak, kultura kudeatzeko eredu instituzionala, kultura gutxituen erronkak... izango dituzte mintzagai Suedia, Katalunia, AEB eta Quebeceko adituek. Anjel Lertxundik kulturaren hainbat esparru aztertuko ditu, euskarak arlo horietan beharko lukeen lekua oinarri hartuta. KEPren baitan, ikerketa batzordeek egindako lana jakinaraziko dute: Jabier Muguruza fonografiaren arloan egindako lanaren gainean mintzatuko da, Santi Erasok arte plastikoen arloan aztertutakoez hitz egingo du, Juan Mari Torrealdaik euskarazko literaturaz egindako azterketa aurkeztuko du... Kultur politiken erronkak eta eztabaidak mahai gainean jartzeko.


Nafarroako Kantu Txapelketa prest

Azaroaren 6an abiatuko da Nafarroako Kantu Txapelketa. Ahots beroketak egiten hasiak izango dira jada antolatzaileek -Euskal Kantuzaleen Elkartea- espero dituzten ehun inguru kantariak. Euskal kantagintza zabaltzea, kantatzeko zaletasuna piztea eta kantari berriak azaleratzea du asmo hamahirugarrenez egingo den Kantu Txapelketak. Eta gozatzea jakina. Kantari amateurrek bina kantu abestu ditzakete eta epaimahaiak doinua, hitzak, ahotsa, interperetazioa... hartuko dituzte kontuan epaia ematerakoan. Lehen kanporaketa Irurtzungo kultur etxea izango da azaroaren 6an, bigarrena 13an Agoizkoan eta finala Doneztebeko Bordatxo aretoan jokatuko da azaroaren 19an.


Arkitektura eta eskulturaren loturak

Mundu osoko 180 eskultura, pintura eta maketa biltzen ditu Bilboko Guggenheim museoan zabaldu berri den Arkieskultura: Arkitekturaren eta eskulturaren arteko harreman XVIII. mendetik orain arte erakusketak. Ugaritzen ari dira eskultura handiak diruditen eraikinak eta Guggenheimen den erakusketak horiei erreparatzen die, eta eskultura eta arkitekturaren arteko harremanaz hausnartzeko parada eskaintzen du. 50 arkitektoren maketak -Frank Lloyd Wright, Adolf Loos, Juan Navarro Baldeweg, Minoru Yamasaki...- eta 60 artistaren ûEduardo Chillida, Cristina Iglesias, Alexander Archipenko, Alberto Giacometti...û lanak ikusi ahal izango ditu bisitariak.



Euskal kultura ezagutuko dute Bartzelonan eta Alacanten

Euskal herria sona! jaialdiak euskal musikarien lana Bartzelonan ezagutaraziko du, zortzigarrenez. Azaroaren 26a bitarte, txalaparta eta kantu tailerrak tarteko, hiriburuko kale, plaza eta aretoetan, Ttakunpa, Benito Lertxundi, Sei Urte, Bat Gehio, Xabi San Sebastian eta Triki Ta Ke talde eta musikarien kontzertuak izango dira. Alacanten ere izango da aukerarik euskal kulturaz gozatzeko, azaroaren 9a bitarte. Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren itzulpen ugariak izango dira ikusgai. Taun-Taun txotxongilo taldeak Txio-txioka lana eskainiko du, Atxagak eta Ruper Ordorikak poesia errezitala eta Imanol Uribek Mikel Laboaren gainean egindako Haika Mutil emango dute.

* * * * * * * * * * * * * * *

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) kongresua egin berri du elkartearen egitura indartzeko asmoz. 50 kide inguruk parte hartu du eztabaidetan. EIEko zuzendaritza batzordeak lehendakari liberatuaren edo zuzendariaren figura sortzea proposatu du, elkarteak hartu duen tamaina dela-eta. Bestalde, literaturaz bestelako idazlanak egiten dituztenei leku egitea eta idazle txartela sortzea proposatu ditu. Proposamen horiek eta beste batzuk bazkideen batzar orokorrean aurkeztuko ditu zuzendaritza batzordeak.

MusikHerria herri diskoetxea sortu dute hainbat musikari eta musikazalek. Berrogei taldek osatzen dute: Kloratita, Jauko barik, Oze, Gatazka, Dirtis, Ufestuek... Gaztemugi topaketetan hasi ziren proiektua mamitzen eta musikaren egoeraz hausnartzen. Musikaren egungo egoera aldatu nahi dute eta horretarako herri diskoetxe bat sortu dute: taldeek euren lana kudeatzeko eta herriari zabaltzeko. Internet izango dute habi eta, hartara, www.musikherria.org ataria jarri dute sarean. Ez da enpresa izango diskoetxea, herri mugimenduko eragile baizik. Diskoetxeak ez du dirurik eskuratuko, beraz, diskoak merke salduko direla aurreikusi dute.


Elias Amezaga idazleak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona saria. Eusko Ikaskuntzak nabarmendu duenez, gaztelaniaz Euskal Herrian idatzi duen idazle emankorrenetakoa da; 60tik gora liburu idatzi du.

Jone bakarlari anoetarrak estraineko diskoa plazaratu du Bonberenea Ekintzak zigiluaren eskutik. Jonek 19 urte besterik ez ditu eta Karlos Aranzegi, Fran Iturbe eta Joni Ubeda izan ditu lagun sei abestiko diskoa grabatzerakoan.

EKEk (Euskal Kultur Erakundea) Batekmila ikuskaria estreinatuko du Luhuson, azaroaren 4an eta 5ean. Euskal Herriko kondairen gaineko begirada eskaintzen du lanak, antzerkia, dantza eta musikaren bitartez.

Jon Zabaletak bere osaba Manuel gogoan egindako marrazkiak jarri ditu Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Urtarrilaren 7a arte bisitatu ahal izango da.

Sonia Gonzalezek irabazi du aurtengo Irun Hiria poesia saria Poema amniotikoak (Gerizpeko guda) liburuari esker. Euskarazko eleberri saria, ordea, eman gabe utzi du epaimahaiak.


Nerea Mujika Gerediagako lehendakariaren hitzok jaso zituen El Correok: «Ez dakigu egiten duguna saltzen, marketing asko falta zaigu. Oso latza da 40 urte beranduago oraindik ere azoka antolatzen duen elkarte bezala ezagutzen gaituztela ikustea. Kudeaketarekin zerikusia duen guztia ere hobetu behar dugu, horregatik kontratatu dugu duela gutxi gerente bat».

Berri Txarrak taldekoak Deiari esanak, Jaio. Musika. Hil diskoa plazaratu berritan: «Gure diskoa badago Interneten, badago emule-n, baina horrek bere alde onak ere baditu. Mexikon ezagutzen gintuzten ia abesti guztiak Interneten jaisteagatik. Tristea da Euskal Herriko taberna batean gure diskoa jarri eta ohartzea diskoa grabatuta dagoela (...) Diskoetxekoek esan digute diskoaren salmenta jaitsi dela, eta hori errealitate bat da».

Xabier Silveira Nabarran: «Besteenaz bilduz osatzen dituzte askok bertsoak. Gaur egun holako bertsolari mogollón dago. Bere ideiak errimatu beharrean, errima baten aitzakian bueltaka aritzen direnetakoak. Baina denborak jarriko du bertsolaria bere lekuan. Ez bertsolari bakoitza, baizik eta bertsolaria bera. Denborak erakutsiko digu bertsolariak zer izan behar duen, eta izango gara berriz bertsolari».

hemeroteka

2013. zenbakia | 2005-10-30
2012. zenbakia | 2005-10-23

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan