Sudur gorria, zapata handiak eta janzki zabalak soinean. Aurpegia margotuta eta eskularru zuriak. Mundu osoan antzerako itxura dute eta era bertsuetan eragiten digute barre. Hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituzte, baina bakoitzak bere estiloa du, bere trikimailuak. Gurean, euskaraz, talde askok egiten dute.
Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenarekin jaio ziren euskaraz egiten zuten lehen pailazoak. Txirri azkarra, Mirri bihurria eta Txiribiton mutua, bihurtu ziren gero. Txiribitonek ikasi du harrezkero euskaraz, baina turutaren hotsa da oraindik bere ele bakarra eszenan. Gainontzekoek, gehienek behintzat bai, euskaraz egiten dituzte euren saioak.
Antzeko jantziak, estilo ezberdinak
Talde asko dira baina ez dute konpetentzia denik uste; ume asko edo gutxi izan, bakoitzak nahikoa definitua ikusten baitu bere estiloa eta beraz, bakoitzak bereari eusten dio. Telebistan, aretoan edo plazan, guztiak ere Euskal Herrian haur eta ez hain haurren irribarrea erdietsi guran jarduten dute.
Formatu handia Txirri, Mirri eta Txiribitonek egiten dute. Larunbatero, bazkalostean 40.000 ikus-entzule izaten dituzte lagun, telebistako "Triki Traka-Triki Tron" saioan eta zinemarako film luze bat ere prestatzen ari dira. Guztion gogoan da pailazoon irudia, euskal pailazogintzaren aitzindariak baitira. Herriz herri, euskal haurrentzako euskarazko dibertsioa eskaintzea xede bakar zutela hasi ziren lanean orain jada 33 urte.
Egun ez dira herriz herri ibiltzen, beste taldeei egin diete leku. Gustu guztietarako pailazoak ditugu, kanpoko taldeak harritzeraino beste. Herrietako jaiak, eskolak edo ospakizun bereziak izaten dituzte eszenatoki eta aurrekontuaren arabera moldatu behar izaten dute ikuskizuna.
Pirritx eta Porrotx esperientzia handikoak dira herriz herrikoan. Euskal Herri osoko haurrak euskaraz eta alai heztea da euren helburua; bai gaur eta baita orain 18 urte Lasarte-Oriako plazan Olentzerori ongi etorria egiteko lehen emanaldia egin zutenean. Sona handikoak izatea lortu dute eta baita afizioa ofizio bihurtzea ere, taldekoak esklusiboki horretara dedikatzen baitira. Orain arte bidaide izan den eta aurrerantzean lagun izango duten Takolo agurturik, Pirritxek, Porrotxek eta lagunek Katxiporreta taldea osatu dute.
Lan handia hartzen dute gaiak ongi pentsatzen, gidoiak egoki idazten, diskoetarako kantu politak konposatzen eta DVDak grabatzen. Ohartuak dira dagoeneko, hainbeste haurrengana heltzeak esan nahi duenaz. Joxe Mari Agirretxek (Porrotx) gaiak kontu handiz hausnartzera eta mezua oso ongi prestatzera behartuta daudela kontatu digu, haien oihartzuna kontuan izanda.
Euskal Herriko haurrak aurrerakoiak ere izan daitezen lortu nahi dute eta horregatik elkartasuna, naturarekiko errespetua edo anaitasuna bezalako baloreak oso presente izan nahi dituzte euren ikuskizunetan.
Agirretxek dio pailazoa beti barreari lotu izan dugula eta ez dela hori bakarrik, pailazoak emozio guztiak sorrarazteko ahalmena baduela. Horretan bat dator Ramón Irizar (Montxo) eta pailazoa norberak barruan sentitzen duen zerbait dela argitu digu. Bokazioa eta mundu osoko profesionalekin harremanak izatea dira bere eskola eta baita bere taldekideena ere.
Gari, Montxo eta Joselontxo duela urte dezente hasi ziren Europako hainbat zirkutan eta beste hainbat nazioarteko topaketetan parte hartzen. Oso pailazo klasikoa egiten dute eta musika instrumentuak izaten dituzte beti lagun. Barrea eragitea dute helburu bakar eta horretarako ez diote euren publikoari adinik jartzen.
Uste berekoa da Alain Pérez de San Román (Moko), bere publikoa bitik 102 urte bitarteko pertsonek osatzen dutela onartu baitigu. Orain gutxi hunkitu egin omen zen 86 urteko andreak aspaldi loak hartua zuen umea esnatu ziotela-eta eskerrak eman zizkionean.
Alain pailazoen artean hazi dela esan daiteke. Azkona taldean ibilitakoa, gaur Kiki, Koko eta Moko taldeko kide da. Azkona taldea orain 25 urte jaio zen, Trintxerpeko (Pasaia) animazio talde bateko 10 kide Azkonara (Nafarroa) joan eta herriko haurrekin, zirkuko teknikak, gorputz espresioa eta abar lantzen hasi zirenean.
Ospetsu egin eta 1990an Eusko Jaurlaritzak Pategenik zirkua ekarri zuenean sortu zuten pailazoen taldea. Aita, ama eta bi seme euskarazko sketchak antzezten ibili ziren hilabete eta erdiz, Europako hainbat herritatik etorri ziren profesionalekin batera ikuskizun handi batean. Semeetariko bat Alain zen eta egun aitarekin eta beste Koko batekin, baina talde berean jarraitzen du.
Gizartean falta den alaitasuna pailazoek betetzen dutela uste dute eta pailazoaren egitekoa hutsune hori betetzea dela sinesten dute. Hori, eta beldurra eta lotsak gainditzen laguntzea. Alaitasuna bilatzen dute, jolasa, barrea, dantza eta kantuaren bitartez. Horretarako, parte-hartzea lantzen egiten dituzte euren ahaleginik handienak.
Potxin eta Patxin ere ikuskizun benetan interaktiboa egiten saiatzen dira. Hauena ere zirkuan oso oinarritua den pailazogintza da. Gauza sinpleekin, argi eta efektuen beharrik gabe ere jolas egin eta ongi pasa daitekeela frogatu nahi dute. Lehen guztiek ere hala egiten omen zuten eta nahikoa izaten zen, orain argi eta soinu efektuak eta medio tekniko aurreratuenak jai txikienetan ere eskatzen dituztela antzeman dute. Gainera, konturatu dira herriko jaietan aurrekontuak, haurrentzako ikuskizunetan, helduentzakoetan baino gehiago estutzen dituztela Udalek eta ez zaie bidezkoa iruditzen estima txikiagoan izatea.
Iker Galartza Poxpolo eta Mokolo tolosarren partaidea ere harritu egiten da egun eskatzen den kalitatearekin. Dioenez, saio on bat, traba teknikoek zapuztu dezakete ikusleen begietara. Alde horretatik, ikuskariek erromantizismo pixka bat ere galdu dutela irizten dio.
Poxpolo eta Mokoloren estiloa bestelakoa da, klasikoa egiten dute hauek ere baina bikotea dira. Hermanos Calatravarenarekin konparatzen dute euren saioa. Hizkuntzarekin eta hitz jokoekin asko jolasten dute. Elkarri adarra jo eta ikuskizuna osatu eta eszenatoki gainean gatazka sortzen laguntzeko erabiltzen dituzte hirugarren pertsonaiak.
Gai barregarriek ez dute iraungitze datarik
Pailazoek erabiltzen dituzten gaiak betikoak direla esatekoan bat datoz gehienak. Diotenez, umea beti ume izango da eta barre egiteko prest izaten da.
Lehen aldiz pailazoak ikustera joaten direnean begiak zabal-zabal dituztela begiratzen dietela diote pailazoek. Harritu eta kasu batzuetan beldurtu ere egiten dituztela. Baina haurraren begirada zintzoa dela sentitzen dute. Badakite ez duela konpromisoz ordubete hor aurrean eserita itxarongo. Horregatik asko eskertzen dute begirada eta irribarre lotsati horren goxotasuna. Haiek erakartzeko teknikak bilatzen dituzte eta horrek lana eskatzen duela onartzen dute.
Gertukoen zaizkien gaiak eskolako egoerak deskribatzen dituztenak izaten dira eta pailazoa mundua deskubritzen ikustea ere gustatzen zaie. Esaterako, pailazoa Afrikako beltzekin giro dibertigarrietan ikustea atsegin dute eta ikastolan bi gehi bi lau direla ikasi badute, pailazoek gauza horiekin txantxak egiten dituztenean lehertzen dira barrez. Karkara zaplazteko eta erorikoek eragiten diete, batez ere bigarren aldiz pailazotara joaten direnetik, pailazoa pertsona gaiztoa ez dela ohartzen direnean eta une batetik bestera gertatuko dena susmatzen hasten direnean.
Hobe gurasorik gabe
Haurren artean ez dute beraz aldaketarik sumatu, bai ordea, gurasoengan. Lehen baino interes gutxiago eta parte hartzeko gogo eza nabari dute. Gainera, euren zaplazteko, telebistako tiroek baino gehiago kezkatzeak mindu egiten ditu. Izaro Garmendia Potxin eta Patxineko kideak, esaterako, gurasorik gabe ikuskizuna hobeto moldatzea dagoela uste du; eskoletan batez ere, haurrak ez daudelako hain distraituak.
Umeak ume izango dira, baina lehen 13 urteko haurrak haiek ikustera joaten baziren, dagoeneko beste ardura edo burukomin batzuk dituztela ohartarazi dute pailazo taldeetakoek eta horrek harritu egiten ditu. Helduen munduan lehenago barneratzen ditugula ikusi dute.
Etorkizuneko irribarrearen bila
Euskal Herrian ez Espainian, ez dago karrerarik, ez masterrik. Clown ikastaroak nahiko ohiko bihurtu dira, baina ez dute dudarik egiten bakoitzak bere bidea eginez ikasten duela ofizioa.
Guraso pailazoen ibilbidea gertutik jarraitu dute eta haien bideari jarraiki, ikasten hasi berriak dira, hain zuzen ere, Mikel Otaegi, Kattalin Ansorena eta Fernando Ruiz. Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldea sortu dute eta apurka-apurka ari dira lekutxo bat egiten. 18-19 urterekin, gurasoek herriko plazetan utzi zuten hutsunea bete asmoz ekin diote gurasoek jotako erronkari. Xabier Otaegik (Txirri) gurasoen ibilbideari esker marka bat sortzea lortu dutela aitortu digu, markak berak eskatzen zuela produktu berri hau eta pailazoek hor jarraituko dutela, jantzien barruan diren pertsonak aldatzen badira ere.
Oraingoz gurasoekin aldi berean baina leku ezberdinetan lan egingo dute. Hala ere, seniorrak ez dira beldur egun batetik bestera euskal pailazogintzaren ikono bihurtu direnak agurtu behar badira. Seme alabek eta gainontzeko taldeek ederki beteko omen dute euren hasierako helburua, alegia, haurrei euskaraz dibertitzeko modua eskaintzea.
Pilar Iparragirre
Cuestión de hábitos
R. H. Moreno-Durán
Kutxa Fundazioa
104 orrialde 4 euro
Gaztelaniazko antzerki saria
Iragan urtean gaztelaniazko lanei begira Kutxa Fundazioak antolatutako Donostia Hiria antzerki lehiaketa eskuratu zuen R. H. Moreno-Durás kolonbiarraren Cuestión de hábitos lanak. Pertsonaia ugari agertzen dira bertan, baina Sor Juana Inés de la Cruz da denen artean nagusi. Moja bazen ere, nortasun ikaragarriko pertsona izaki, etsai asko egin zituen Espainia Berria izenarekin ezagutzen zen Mexiko hartan. Zoragarri idazten zuelako erregeordeen eta haien emazteen miresmena eta laguntza bere alde izan arren, Eliza katolikoak agintari zeuzkanekin ez zen horrela gertatu. Nola onar zezaketen misogino haiek emakume batek idaztea, eta edozein gai ukituz gainera? Bere lanen bat errearazi eta Inkisizioaren aurrera eraman nahi izan zuten.
Eguzki sistemaren sekretuak azken bidaia zientifikoen arabera
Artizar taldea
Gaiak
296 orrialde
Unibertsoaz jakin beharreko hainbat gaien bilduma
Eguzki sistemaren barnealdeko zein kanpoaldeko ibilaldiek eskainitakoaren berri emateaz gainera, Eguzki sistemaz haraindi dagoenaz ere mintzo da Artizar taldeak plazaratu duen liburu hau. Hona gai batzuk: ilargiaz dagoen hipotesi katastrofista; ilargi berriaren enigma; Merkurio, Jupiter, Neptuno, Pluton-Karon sistema eta beste hainbestez gaur arte jakin ahal izan dena; Artizarraren ezkutuko historia; Marteko meteoritoez eta biziak jatorria planeta gorri horretantxe izateko aukera; Europan ei dagoen ezkutuko ozeanoa; Saturno eta Titaneko haizeak; Lurraren jatorrizko atmosferak eta oraingo Titanekoak izan dezaketen antzekotasuna; bilioika mundu ikusezin dituzten Oort hodeiak...
Bidebarrieta
Batzuen artean
Bidebarrieta Kulturgunea
560 orrialde Harpidetza: 12 euro
Bidebarrieta aldizkariaren azken alea
Seihilabetekaria dugu Bilboko giza eta gizarte zientzien aldizkaria. Komunikabide eta enpresen bilakaera Bilboko historian barrena aztertzeko ospatu zen IX. Symposiumaren mamia eskaintzen du bere azken zenbakian. Besteak beste, Ramón Zallok azaldutako Bilbo euskal industriaren, kulturaren eta komunikabideen egituran gogoeta; Juan Graciaren Hedabideak eta komunikazio erak aro garaikidearen Bilbon (XIX.-XX. mendeak) hausnarketa; Joseba Agirreazkuenagak Bilboko kazetaritzaren aitzindaria gogoratuz azalduriko Lehen agerkariak eta komunikazio enpresak: J.E. Delmas «padre del periodismo bilbaino» lana; Miguel Urquijoren Prensa ebanjelizatzailetik komunikazioaren factory system-era (Bilbo, 1868-1937), eta Jurgi Kintanaren Euskarazko prentsaren hasiera eta garapena Bilbon (1815-1937).
Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 orrialde 5,15 euro
Aiako Harria, Aizkorri, Gorbeia
Anboto, Aizkorri eta Gorbeiako tontorrak egun bakar batean bisitatzeko aukera; Aiako Harria inguruan edo Baigorri eta Aldudeko paraje ederretan galtzekoa; Araban dauden Erdi Aroko dorreei begira erabat txunditurik geratzekoa; edo Austria eta Italiaren mugan, Alpeen oinetan altxatzen diren Dolomita mendietara joan ahal izatea. Hauexek dira Sua argitaletxeak plazaratzen duen Euskal Herria aldizkariak azkeneko zenbakian irakurleei proposatzen dizkien gaietatik batzuk. Jakina, ibilaldi hauek oinez egiteko edo -edozein dela ere erabiltzen den garraio mota- behintzat bertaraino iristeko aproposak diren arren, irudimenarekin ere egin daitezke, Euskal Herriak eskaintzen dituen mapei eta bestelako zehaztasunei, eta batik bat lan guztietan agertzen diren argazki zoragarriei esker.
Familien karta jokoa
Julen Tokero
Katxiporreta, Elkar
37 karta 4,50 euro
Familien aniztasuna agertzen duten kartak
Ume Alaia, Gehitu, Agipase eta Beroa elkarteek plazaratutako karta joko honetan egungo familien dibertsitatea agertzen da, Katxiporretaren eskutik. Txinatik ekarri zuten Li neska adoptatuaren familia; bere gurasoak zaindu ezin dutelako harreran hartutako Alfonsiño mutikoarena; bi ama dituen Gorkarena; gurasoak banaturik dituen Nerearena; Nikaraguatik etorritako Kintxorena, eta ama euskalduna eta aita berberea dituen Tiderren familia. Karta joko hau liburu dendetan eros daiteke, baina dohainik eskuratu nahi izanez gero, badago horretarako aukerarik ere: azaroaren 5etik aurrera Berria egunkariak kaleratuko dituen kupoiak bilduz.
Beñat eta hodeiak
Sió Riba
Ttarttalo
24 orrialde. / 4 euro
Meriendaren gosez akabatzen dagoen mutikoaren ametsak
Francesc Roviraren marrazki esanguratsuekin etxeko txikienei eskainitako Sió Ribaren kontakizun hau minuskulaz zein maiuskulaz idatzia irakur daiteke. Liburuxka ireki bezain laster, Beñat txikia agertzen zaigu. Leihotik begira dago, amonak merienda prestatzen dion bitartean. Gose da, eta tripa zorriak dantzan hasi zaizkio. Zerura begira jarri eta hiru hodei zuri ikusten ditu. Esnegainaren itxura dutela iruditzen zaio. Gero, bi hodei beltz nola datozen antzeman, eta azukrezko ikatz koskorrak direla esango luke.
Kixmi elurpean
Arrate Egaña
Elkar
200 orrialde 11,10 euro
Bere nortasuna erabat aldatu nahi zuen gaztea
Orain arte haur literatura baizik ia landu ez duen Arrate Egañak nerabezaroa utzi berri duen neska-mutil koadrilaren inguruan girotutako nobela plazaratu berri du. 1997ko Errenteria da gazte hauen bizilekua. Urtezahar gauaren aurrean daude, eta bakoitzak bere asmoak ditu hastekotan den urte berriari begira. Adibidez narratzaileak, baserrian bizi den koadrilako bakarra delako-edo, bizimoduz zeharo aldatzeko erabakia hartu du bere lagunekin elkartzera atera aurretik. Horretarako, guztiz aldatu behar du bere nortasuna. Hau da, koadrilakoentzat, eta bereziki bere txikitako laguna den Karlos Felix zirikatzailearentzat Kepa Kuraki baino ez dena betirako hil, eta Indio, Lurdiz Super-Ideiak eta besteek bezain ausarta izango den Kepa Kuraia sortu. Baina berak uste ez bezala joango zaizkio gorabeherak zorioneko gau hartan, bere neska-lagunak haurdun dagoela aitortuko diolako, eta aurre egin beharko dietelako abortuaren erabakiari, etxekoei ezer esan gabe, eta haurdunaldia eragoztea dirutan kostatuko zaiena biltzeko ahaleginei. Presoen aldeko manifestazioak, droga mundua, zerraldo agertzen zaien urre eroslea... denetarik bizi beharko dute gau horretan.