Fiskaltzak bere garaian argi utzi zuen ez dagoela Juan Maria Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren aurka epaiketarik egiteko arrazoirik, balizko desobedientzia delitu hura ez dagoela frogatzerik. Orain ere badaki hori epaiketako fiskalak, baina bestelako itxura erakusten ari da, seguruenik fiskaltzaren irudia babesteko. Garai bateko borroka politiko baten ondorio da epaiketa, beste garai politiko bati lotutako ebazpena beharko lukeena. Zaila da une honetan zigorraren aukera irudikatzea, nahiko zigor sinbolikoa da Parlamentu baten Mahaiaren gehiengoa ordezkatzen dutenak akusatuen aulkian jarraraztea. Desobedientzia delitua dago mahaiaren gainean, baina lehia, nagusiki sinbolikoa da: bere garaian, Eusko Legebiltzarrak irabazi zion irudiaren borroka Espainiako Auzitegi Gorenari, Sozialista Abertzaleen taldea desegin gabe geratu zelako; orain, ordea, bi botere nagusiren arteko lehiari halako zigor erantzuna emanda, emaitza bestelakoa da: Espainiako judikaturak argi utzi du nor dagoen noren gainetik..
Etxeraten azken ostiraleko bilkuran edo beste batzuetan ELA eta LABeko ordezkariak elkarren ondoan ikus badaitezke ere, bi sindikatu abertzaleen arteko harremana hotza dela esatea ez da errealitatea bortxatzea; akaso errealagoa litzateke oso hotza edo izoztua dela esatea. German Kortabarriak hala adierazi zuen berriki ARGIAren 2012. zenbakian bi sindikatuen egoeraz: «Eta nola daude gure egunoroko harremanak? Oso gaizki». Haserre diren lagunen irudia zabaltzen dute. Lehiak bultzatuta seguruenik, bezero berdintsuaren inguruan aritzeak dakarren lehia. Sindikatu izateak ez ditu merkatuaren legetik at uzten. Bata eta bestearen diskurtsoetan antzeko eduki asko irakur daitezke. Eguneroko jarreretan, aldiz, gero eta urrutiago dirudite, eta elkarren arteko harremana berotzen hasten ez badira, «estrategia bera eraman beharko luketen bi sindikatuak» (Jose Elorrieta, Donibane Garazi, urriak 18) gero eta urrunago izango dira elkarrengandik. Komunikazio eskasa dago bien artean eta, bizitzako gainerako esparruetan gertatzen den bezala, komunikazio ezak harremana usteltzen du. Une politikoaren irakurketa, negoziazio kolektiboa eta sektoriala, konpromiso falta... Nahi dena, baina zaila da ulertzen nazio eraikuntza eduki sozialez bete behar dela diotenak, horren une garrantzitsuan dauden egoeran izatea.
Zihara Enbeita
Berton aldizkariak, Bilboko Mahatserrian argitaratzen den agerkariak, zortzi urte beteko ditu hilabete gutxi barru. Oraintsu, hilabetekariko edukiak Internetenjartzen hasi da Batana Batu Kultur Elkartea. 125.000 biztanleren artean20.000 euskaldun bizi diren tokian ari dira lanean.
guztia irakurri
Daniel Udalaitz
Espainiako Gobernuak 2010 artean 680 bat milioi euro jartzea erabaki du, energia berriztagarriak bultzatzeko. Abuztuan, Ministroen Kontseiluak onartu zuen Energia Berriztagarrien Plana, eta helburuen artean dago energia eolikoaren oraingo potentzia instalatua 1,68an biderkatzea. Azkeneko urrats hori, bultzada handia izan daiteke energia eolikoaren arloko euskal enpresentzat. Garrantzitsuenak dira Gasteizko Gamesa eta Iruñeko Empresa Hidroeléctrica de Navarra (EHN).
guztia irakurri
Edozelako boterek beti izan du zuria beltza agertzeko trebezia handia eta Lluis Maria Xirinacsen espetxeratzean beste behin errepikatu da historia. ETAren eta HBren laguna zela esan zuen 2002an Bartzelonan egindako ekitaldi batean eta horregatik epaitu eta bi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigor hori betetzeko espetxeratu dute orain. Urte haietako giro bortitzean Espainian erasotzat har zitezkeen hitzok, eta hemen ere ulergaitz samarrak izateaz gain, inor gutxi ausartuko zen halakorik modu publikoan esatera. Zer falta da esaldi hori ulertzeko? Mundu honetan gertatzen den edozer ulertzeko funtsezkoa dena, testuingurua. Honakoak izan ziren bere hitzak: «Gandhi-k zioenez, ezbiolentoa ezin zitekeen neutrala izan gatazka baten bi aldeekin: erasotzailea da etsaia, erasotua laguna, berau biolentoa bada ere. Nire bizitza osoan saiatu naiz ezbiolentziaren bidean borrokatzen. Baina zera adieraziko dut, eta ozen gainera, polizia edo fiskal bururen bat balego ere: Estatu espainiarraren etsaia naiz eta ETA eta Batasunaren laguna». Zigor Kodearen arabera, 70 urtetik gorako pertsonak baldintzapeko askatasunean utzi behar dira eta Xirinacsek 74 ditu. Pentsatzekoa da laster aterako dela baldintzapeko askatasunean, baina Auzitegi Nazionalak argi utzi nahi izan du bere jarrera. Arnaldo Otegiren kasuan bezala, Auzitegi Goreneko fiskalak 15 hilabeteko espetxe zigor eskaerarekin ûlehen EAEko Auzitegi Gorenak libre utzi zuenû argi utzi dio bere egoera zein den.
Mikel Asurmendi
Pere Ortega, Tarragona, 1945. Alejandro Pozo, La Vall d'Uxió (Castelló) 1975. Bartzelonan bizi dira biak, gatazken eta desarmeen ebazpenetan adituak izaki. Donostian burutu berri diren Indarkeria-eza aktiboaren IV. Jardunaldien karietara solastatu gara beraiekin. Jardunaldiek Ortega eta Pozoren Noviolencia y transformación social liburuaren lema izan dute ardatz. Hona hitzaldi-aurkezpenaren ostean, gaiaz eta liburuaz bildutako ikuspuntu adierazgarriak.
guztia irakurri