Iñaki Barcena
Duela bost urte jasangarria zen hitza. Maileguan ingelesetik hartutako sustainable adjektiboak gure artean itzulpen ugari izan ditu, esate baterako: sostengarria, eramangarria, eutsigarria, orekatua, iraunarazgarria, mantengarria, jasangarria, eta azkenik, Euskaltzaindiaren aburuz, iraunkorra. Sinonimoak bilatzeko eta eztabaida filologiko zein politikoetan sartzeko ahalmen berezia izaten dugu euskaldunok, beste kontu bat da, ea gauza garen gure garapen ereduaren gaitzan erreparatzeko edota norabide ezkorrari zuzenketa minimoak egiteko.
Garraio alorrean topa dezakegu gure bizimodu sostengaezinaren ebidentzia, nahiz eta administraziotik eta automobilen, porlanaren edo petrolioaren multinazionaletatik iraunkortasunaren dohain berri eta berezia iragarri, gau eta egun.
Europako Batasunean eta gure Euskal Herri txikian berdin, garraioa hazkunde iraunezinaren sintomak agerian ditugu bere ingurumen, ekonomia eta gizarte manifestapen argiekin. Pertsona eta lehengaien garraioa gora doa etenik gabe eta dinamika hori hazkunde ekonomikoaren bete beharreko baldintzatzat jotzen da. Gaixotasun honen aurrean, Bruselan eta Gasteizen bilatu den botika magikoa garapen ekonomikoa eta bitarteko motorizatuen bidezko garraio-eskaera orokorra "bereiztea" izan da, baina ez dute lortu. Aitzitik, ibilitako kilometroak eta garraio azpiegituretan inbertitutako diruak BPG baino azkarrago igotzen dira.
Kalkulu unibertsitarioen arabera (mugikost'05-ww.ingurumena.net) garraioak sortzen dituen kanpo-kostuen kopurua BPGren %10 inguruan dabil, EAEn eta Europan ere eta negutegi efektuko gasen heren bat isurtzen du, azkarren hasten den eragilea dela ahaztu barik.
Arazoak bistan daude. Zorionez, hemen ez ditugu oraindik Europako beste tokitan pairatzen dituzten kongestio motorizatuaren eragozpen eta gastuak, kutsadura atmosferikoa edo akustikoaren mailak, agian horregatik gure hirietako erdialdeko trafikoa ez da inoiz dekretuz debekatu, ez bada World Series karrera zaratatsu hori antolatzeko.
Tesitura honen aurrean, Gasteizko Jaurlaritzari, Aldundiei edo gure tokiko administrazioari bururatzen zaien ildo bakarra azpiegitura gehiago egitea da, errepideak (Eibar-Gasteiz, Bilboaldeko Super-Sur, Durango-Beasain, Donostialdeko saihesbideak, Gipuzkoako A-8aren hirugarren erraila...) portuak (Bilbo, Pasaia, Mutriku...) eta nola ez, mugikortasun iraunkorraren proiektu izarra: Euskal Y.
Aurreko legealdian Alvaro Amman eta Sabin Intxaurragaren sailen arteko liskarrak izan baziren azpiegitura proiektu erraldoien gainean, badirudi Nuria Lopez de Gereñu (Garraio saila) eta Esther Larrañaga (Ingurumen saila) adostasun gradu altuago batera iristen ari direla. Zoritxarrez, garapen iraunkorra izateko, lehenik hazkunde ekonomikoa behar dela diote biek ala biek, eta gero... ingurumen eta gizarte egokitzapenak.
2000. urtean Bruselatik "Autorik gabeko eguna" iragarri zenean batzuk aukera paregabea zela mugikortasun modu alternatiboak martxan jartzeko pentsatu genuen, motorrik gabekoak, kolektiboak, energia aurrezkiarekin... Bost urte pasa eta gero, Eric Britton eta mugikortasun gaian adituak diren beste batzuekin batera, EAEn praktikatzen diren garraio politikak zaharkituak eta erratuak direla esan behar dugu. Yonkien antzera, lur eremua agortzen ari zaienean, azken azpiegitura dosia dela diote, baina laster ez dugu drogarik (petrolioa) erraz topatuko eta aukera galduaz gogoratzeak ez du deus balioko.
Hainbat lekutan, Suitzan edo Londreseko City-an kasu, beste norabide sostengarriagoak ibiltzeko adibideak ditugu. Aldiz, onartezina dirudi, eztabaida eta eskrupulurik gabe mugikortasun iraunkorra deitzea, garapenkeriaren betiko ereduaren jarraipen hutsa dena.
Xabier Barandiaran
Espainiako Estatuak ez du onartuko kataluniarren gehiengoaren erabakirik. Espainiar nazioa kataluniarren borondatearen gainetik jartzen dute eta kito. Espainiako Alderdi Sozialistak Diputatuen Kongresuan murrizketa zorrotza iragarri du. Alderdi konstituzionalistentzat Espainiako nazioaren borondatetik kanpo ez dago demokraziarik. Mendeetako errealitatea behin eta berriro baieztatzen da. Jose Luis Rodriguez Zapateroren alderdiak ez dirudi autonomien estatuaren eredua gainditzeko borondate handirik erakusteko asmorik duenik. Ibilbide politikoa amaitzear duen Maragallek ordezkatzen duen herriaren aurrean duintasunez geratzeko ahalegina egingo du nahiz eta Madrilen dituen mugak ongi ezagutzen dituen.
Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian Katalunian gertatzen ari dena interes handiarekin jarraitzen ari gara; Espainiako Estatuaren borondatea zertan den benetan jakin nahi dugu eta kataluniarrek nola aurre egingo dioten Diputatuen Kongresuko estatutuaren aldaketa eskariei eta, nola ez, nola eragingo duen egoera honek kataluniarren etorkizuneko mapa politikoan eta alderdien arteko indar korrelazioan. Interesa dugu gure artekoaz argi bila jarraitzen dugulako.
Euskal gizartean bakea egunez egun atzerabiderik gabeko zerbait bezala bizi dugu. Eguneroko gizarte errealitateak politikaren eremua irentsi egiten du. Oraindik konponbiderik egon gabe gizartean sorturiko espektatiba bake dinamizatzailerik handiena bilakatu da dagoeneko. Euskal gizartearen eskabide nagusi horri huts egiten dion aktore politikoak bere proiektu politikoaren garapenerako baldintzarik ez du aurkituko berehalako etorkizunean.
Euskal Herriaren normalizazio politikoa, herri eskubideen aitortza, Espainiako estatuarekin lortutako une jakin bateko akordioa baino gehiago prozesu luze baten ondorioa gertatuko da; Espainiako estatua ez dagoelako Euskal Herriaren herri eskubideak aitortu eta bere estatu eredua aldatzeko prest. Ikuspegi teoriko batetik aitorpen sinbolikoak egin ditzake, baina praktikan Madrilek aitortzen duen nazio bakarra Espainia da. Orduan nola egin aurrera?
Erabateko normalizazio politikoak Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen gaitasunaren aitortza esan nahi du; normalizazio politikoa helburu duen hitzarmen batek eszenatoki horretara bideratu behar gaitu. Hego Euskal Herriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko alderdien arteko adostasunak ez du ziurtatzen normalizazio politikorik, baldin eta ondoren Madrilek egoera berri hori onartzen ez baldin badu. Madrilek onartu dezakeen euskal adostasun bakarra Espainiako Konstituzio sistema kolokan jartzen ez duena da. Egoera honek Zapatero eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren mugak non dauden garbi ezartzen du.
Euskal Herrian eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan alderdi guztiek onartuko duten marko berri bat onartu ahal izateko, euskaldunon erabakitzeko eskubidean oin hartzen duen Espainiarekiko hitzarmena garatzea ezinbestekoa da. Oinarrizko erakunde arau honekiko adostasun formula ezberdinak topatu beharko dira baina presa duen gauza da. Une honetan posible den marko berriak, ziurrenik, ez ditu gauzak egun batetik bestera aldatuko, baina Ezker Abertzalea sisteman barneratzea bideratuko du eta eguneroko herrigintzan aktibo bilakatzea. Nik ez dut uste orain eskuratu dezakegun marko berri batek gauzak egun batetik bestera konponduko dituenik, baina uste dut Euskal Herriaren herri eraikuntzan sinesten dugunon arteko herri ikuspegia bateragarriagoa eta lankidetza posibleago egingo duela. Une honetan euskal aberrigintzaren aldeko lanean eguneroko lan eraginkorra bigarren mailako geratzen ari da eztabaida teorikoetan dihardugun bitartean.
Normalizazio politikoa bideratu lezakeen marko berri batek herri bezala dagozkigun eskubide guztien bideratze praktikoa suposatu ez arren, abertzaleon arteko herri ikuspegi bateratua sendotzea posible egin behar du eta euskal aberrigintzaren eztabaida eguneroko proiektu eraginkorren mailara ekarri behar dugu ekonomia eta enpresa, gizarte eta kultura eta politikaren alorrean. Normalizazio politikoa dagoeneko ez da bidearen amaiera, baizik eta bidea egiten jarraitu ahal izateko ezinbesteko tresna.
Abertzaleok lan komuna egiten hasi beharrean gaude euskal komunikazio sistema sendotzeko, hezkuntza sistema indartzeko, unibertsitatea mailarik gorenenera eramateko, Euskal Herriko enpresak indartzeko, euskarazko aktoreen ariketa eta gizarte sareak indartzeko eta abar. Markoaren inguruko adostasuna bezain garrantzitsua da, marko horren barruan herri estrategia sendo bat pentsatu eta praktikara eramatea. Gainontzean ahotik indarra joango zaigu egunerokoan geroz eta espainiartuago gabiltzan bitartean.
Iñaki Zubeldia
Gauza zaila eta arriskutsua da gaurko errepideetan gidari izatea. Istripua eta ez-ustea edozein txokotan zain dituzu. Kilometrotako karabanak ere bai, presaka eta urduri zoazen gidari koitadu hori ernegatuta jartzeko. Asfaltoa autoz, kamioiz, traktorez, garabiz, dunperrez eta abarrez beterik daukazu, sarritan gainezka egiteko zorian. Eta zuk, gidari errukarri horrek, hor ibili beharra daukazu, ez nahi zenukeen lasaitasun eta askatasunarekin, uzten dizuten erritmo motel, etenez beteriko horrekin baizik. Eta horrek haserrekor eta odol-bero bihurtzen zaitu. Ez noa aipatzera ere errepide askoren egoera, A-8 autopistarena, bereziki, obraz, alferrikako seinalez eta eragozpenez beterik baitago. Eta errepide horretara irtetea berez lan zaila, neketsua eta arriskutsua baldin bada, erantsi iezaiozu errepideko manamenduak ez dakizkien gidari tentel batekin -uste baino gehiago dira horiek ere- topo egitea. Orduan bai etsigarria eta amorragarria suertatzen dela gidariaren zoria.
Goazen bada azaletik bederen manamendu horiek ikustera. Aurreneko bost manamenduak bat bera dira: "errepidean beste gidariei trabarik ez egitea". Hori da manamendurik garrantzitsuena eta Ebanjelioko beste manamendu haren antza ere badu: "Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala".
Zenbat eta zenbat kaiku, berekoi eta erretxin dabil errepideetan, ezkerreko karrilean jarrita, traba eginez, eta inola ere karril horretatik kendu nahi ezta. Hori da gidaririk arriskutsuena. Munduko erregea bailitzan dator, bere abiaduran, eta arauek abiadura azkarragoa onartzen badute ere, jaun usteko kaiku horrek ez dizu utziko. Denek egokitu beharko dute haren abiadurara. "Zer uste dute ba, horiek! Niri pasa egingo didatela? Ez, horixe! Hortxe joan beharko dute nire atzetik!" Eta une horretantxe hasten da arriskua. Atzetik argiak, bozinazoak, asko arrimatzen diren gidariak, ezker-eskuin dabiltzanak ea zirrikiturik ikusten duten nonbaitetik pasatzeko... eta, azkenik, eskuinetik ahal duten bezala pasatzen direnak, kirioak dantzan eta amorruz beterik. Eta nork eskatzen dizkio kontuak gure Don Kirten Malapartatu horri? Inork ere ez. Gidariei egiten zaizkien gomendioetan beti ikusiko duzu gehiegizko abiadura arriskutsua dela, 80ra edo 50era jaisteko zure abiadura, baina sekula ez duzu ikusiko 110ean edo 120an joan litekeen bide batean 90ean ezkerreko karriletik doan gidari setatsu, petral hori askoz arriskutsuagoa dela 140an doana baino.
Beti entzun izan dut Portugalen gaizki gidatzen dela, baina aurtengo udan Lisboa, Setubal, Cascais, Fatima, Leiria eta inguru horietan ibiltzeko zoria izan dut, eta inguru horietan ia denak 3 karrileko autopistak dira. Eta neure begiez frogatu ahal izan dut portugesak oso gidari onak direla eta euren akats bakarra azkar samar gidatzea izan daitekeela. Baina trabarik ez egitearena eta errepidean besteak errespetatzearena hemen baino askoz hobeto betetzen dakite haiek. Ezkerreko hirugarren karrilean azkar joaten direnak bakarrik ibiltzen dira, eta gainera ikusten badute atzetik beste bat eurak baino bizkorrago datorrela, berehala pasatzen dira bigarren karrilera, harik eta hirugarrena berriro libre ikusi arte. Bigarren karrilean ere azkar samar gidatzen da, eta azkarrago joan nahi duenak hirugarren karril hori dauka. Geldi joan nahi dutenek eskuineko karrila daukate, paisaiaz gozatzeko eta lasai-lasai joateko. Egia esan behar badut apenas istripurik ikusi dudan Portugalen, ezta istripua sortzeko egoera larri edo arriskutsurik ere. Inon baino seguruago sentitu naiz Portugalgo errepideetan.
Beste manamenduak izan litezke zirkulazio kodea betetzea, abiadura ahal duzunean errespetatzea, abiadura errepidearen egoerara egokitzea, adi eta arriskurik sortu gabe gidatzea, eta azkenekoa berriro errepidean inori trabarik ez egitea. Hauxe da gidari onaren lehenengo eta azkeneko manamendua. Hala bedi!
Jexux Mari Irazu
Bertsolari Txapelketak inoiz askatzerik izango ez duen korapiloak, epaitze sistemak, nire bi hitz ere jasango ditu. Epaileei buruz bai, asko hitz egingo da, baina, epai-irizpideei buruz agian hainbeste ez, eta hor dago kakoa. Epai irizpideetako sarrerak horrela dio: "Bertsolaritza garaian garaiko gizarte ereduei lotua egon izan da lehen eta orain, eta gizartea aldatu den bezala bertsogintza bera ere aldatu egin da eta baita ulertzeko modua ere". Konforme, baina, sententzia inpertsonalek ez dute balio. Ez dute balio, gizartea ez delako bere kasa aldatzen, bertsolaritza ere ez delako bere kasa aldatzen, eta bertsoa ulertzeko modua -adituen belarriek ulertzeko modua, behintzat- are eta gutxiago aldatzen delako bere kasa. Bertsolaritza komunikazio estrategia terminotan ulertzea pertsona jakin baten azterketaren tesia da, eta tesi hori dago gaur egungo epai irizpideen oinarrian. Gaur bertsolaritza ulertzeko dagoen diskurtso osoa gizarte aldaketen izenean bentilatuta bi oker egiten dira: bat, bertsolaritzaren ikuspegi jakin bat neutraltasunera eramatea, eta horren gainean antolatzea bertsolaritzaren ekintza sozial eta mediatikorik handiena; eta bestea, ekarpen teoriko berria eta emankorra egin duenari bererik ez aitortzea. Ikuspegiak ikuspegi, bakoitzari berea.
Joxe Iriarte 'Bikila'
Ingurumenaren egoera aztertzen dituzten adituek zera esaten digute: "Mende erdian, ahalik eta etekin gehien lortzea helburu duen munduko ekonomia -kapitalista- zazpi bider handitu da, baina ekonomia hori sostengatzen duten sistemak suntsitzen ari dira: itsasoaren gehiegizko ustiaketa eta kutsadura, ur eskasia, zoruaren erosioa, baso soiltzea, klima aldaketa, espezie ugariren galtzea, baliabideen eskasia, hondamen naturalaren ugaritzea. Guzti horrek ondorio bat dakar: biziari eusteko behar diren zikloek oreka baten menpe daude. Egun oreka hori arrisku latzean dago, betirako galtzeko arriskuan". Salbuespenak salbuespen, politikari, enpresa gizon-emakume edo edozein dela ere, ingurumenaren inguruan hitz egiterakoan, aldez edo moldez -nabardura kontuak- ez dago iritzi hori bere egiten ez duen pertsonarik, eta bide batez, "garapen iraunkorraren" alde mintzatuko ez denik. Demokraziaz eta emakumeak jasaten duen diskriminazioari buruz hitz egiterakoan bezala, ingurumenaren inguruan ere "politikoki zuzena" kontsideratzen den hizkera bermatu da. Jarduera, berriz... beste kupeleko sagardoa da.
Izan ere, zertan datza "jasangarria, bideragarria eta iraunkorra» -hirurak batera- oinarri duen garapen ekonomikoa? Ingelesek sustainable development izendatzen duten kontzeptu horren benetako esanahia.
Garapen iraunkorra?
Eusko Jaurlaritzak edo hiru Foru Aldundien -gauza bera esango nuke Nafarroako Gobernuari buruz edo Espainiakoaz- azpiegitura proiektuak "iraunkortasunaren" labelaz bataiatuak izan arren, oso gutxik betetzen dute kontzeptu horrek adierazten duena.
Egia da, alor batzuetan egoerak hobera egin duela -ibaien ura, zuhaitz kopuruen gorakada, zenbait industrien desagerpena edo birmoldaketa-, alabaina, oro har, okerrago gaude. Gure garapena ez da soil-soilik tximeleta efektuaren kanpo eraginagatik desegokia. Jorge Reichman ekologistak dioen bezala, "garapen itsu honi emergentzia galgak" ezartzen ez badizkiogu okerrago egongo gara.
AHT eta mugikortasuna.
Urtetan, Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak trenbide sarearen desegite politika bultzatu dute eta errepide sarea hobetsi. Egun, sare hori ez da gauza neoliberalismoak eragiten duen pertsonen eta merkantzien etengabeko mugikortasunari aurre egiteko. Adibidez, egungo A-8ko 35.000 ibilgailuen joan-etorria, hirukoiztu egingo da hamar urte barru.
Orain esaten digutenez, fluxu hori desbideratzeko Y izeneko AHT sarea eraiki behar dugu. Gure ustez planteamendu hori okerra da. Alde batetik ez duelako auzitan jartzen jada jasanezina bihurtu zaigun mugikortasuna, eta bestetik, Y ez delako behar dugun garraio mota.
Trenbide sare berri bat izango dugu. Alabaina, hartzen dugun aldetik hartzen dugula, tren mota honi, onura gutxi eta kalte gehiegi ikusten dizkiogu: 250.000 milioi euroko aurrekontua duen egitasmo honek ez du logikarik ikuspuntu sozialetik begiratuta. Eta energia gastuen aldetik are gutxiago: tren normal batek baino sei bider energia gehiago kontsumitzen du, 50.000 biztanleko hiri batek baino gehiago. Eta kalte ekologikoak kalkula ezinak dira da: milaka tona lur mugimendu. 128 km-ko tunel sarea, 20 km zubi... 443 km-ko sarea gure orografia menditsuaren erdi erditik. Izugarrizko txikizioa, iraunkorra omen den tren bat eraiki ahal izateko.
Inposizioa eta errepresioa.
Horrek guztiak ez al du eskatzen eztabaida zabal eta demokratikoa? Nola eman hitza bestela herriari? Zoritxarrez -Boroako zentralarekin edo herrietako Agenda 21 eztabaidetan gertatzen ari denarekin bezala- interes ekonomiko handiak tarteko direnean, gure agintariei bost axola zaie demokrazia. Gure agintariek nahigo dute komunikabideen bitartez iritzi publikoa manipulatu, propaganda gezurtia eta ezin demagogikoagoaren bitartez manipulatu ere.
Manipulazioarekin aski ez, eta errepresioa ere erabiltzen ari dira: Udaletxeen baimenik gabeko zundaketa lanak oztopatzen saiatu diren ekintzaleentzat isun gogorrak. Eusko Trenbideko bulego batean ordu bateko egonaldi baketsua burutzeagatik hiru urteko kartzela zigorra ezarri nahi digute 24 lagunoi.
Ez dugu etsiko. Santiago Alba Rico idazleak arrazoia du dioenean: "Propietatearen eta ondasunaren alorrean oso erradikalak, iraultzaileak izan behar dugu, naturarekin, berriz, geroz eta kontserbatzaileagoak".
Horregatik antolatu berri dugu hamar eguneko aldarrikapen gunea Lakua aurrean eta manifestazio arrakastatsua burutu urriaren 22an, Bilbon.