Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-11-06 -- 2014.zenb

Aldeko haizea euskal negozio eolikoarentzat

Daniel Udalaitz

Espainiako Gobernuak 2010 artean 680 bat milioi euro jartzea erabaki du, energia berriztagarriak bultzatzeko. Abuztuan, Ministroen Kontseiluak onartu zuen Energia Berriztagarrien Plana, eta helburuen artean dago energia eolikoaren oraingo potentzia instalatua 1,68an biderkatzea. Azkeneko urrats hori, bultzada handia izan daiteke energia eolikoaren arloko euskal enpresentzat. Garrantzitsuenak dira Gasteizko Gamesa eta Iruñeko Empresa Hidroeléctrica de Navarra (EHN).


Egia esan, lehen ere ondo zebilen energia eolikoaren sektorean munduko liderrak diren euskal enpresen negozioa, hala nola Gasteizko Gamesarena, Iruñeko Empresa Hidroeléctrica de Navarrarena (EHNrena), Bilboko Iberdrolarena eta haien enpresa osagarriena, baina orain, Espainiako Gobernuak onartutako Energia Berriztagarrien Planaren bitartez aldeko haize berria altxatzea erabaki duenez gero, are hobeto ibil daiteke. Ez da ahaztu behar, bestalde, bai EAEko Gobernua, bai Nafarroakoa, horrelako energia berriztagarriak sustatzen aritu direla orain arte. Espainiako Gobernuaren plan berriaren bitartez, negozioa are handiagoa izango da. Espainiako Gobernuak altxatutako haize horretaz ohartuta, Gamesa euskal enpresak erabakia du etekin gutxien ematen dion dibisio aeronautikoa saltzea eta dibisio eolikoan zentratzea.

Energia eolikoaren alde egiten duen plana


Espainiako Gobernuak 2010 bitartean 680 bat milioi euro jarriko ditu energia berriztagarriak bultzatzeko. Egitamu horretan 23.598 milioi euro inbertitzea aurreikusten da. Gehienbat inbertsio pribatua izango da eta helburuen artean energia eolikoaren oraingo potentzia instalatua 1,68an biderkatzea dago. Planean, energia eolikoaren aldeko apustu garbia ageri da: 2010. urterako, gaur egunean instalatuak dauden 12.000 megawatetik 20.155era heltzea markatzen da eta ildo berean, bioerregaien erabilera bikoiztea eta eguzki-energia gehitzea. Industriako Ministerioaren planaren arabera, 2010. urtean eskari energetikoaren %12,1 energia berriztagarrien bidez estaltzea da xedea.

Negozio eoliko horretan buru diren Gamesa, EHN eta Iberdrola euskal enpresei ez ezik, sektoreko eta industria osagarriko beste hainbat euskal enpresei ere ekarriko die onura plan berriak, zeren industria osagarriko beste anitz sektoretan aritzen baitira enpresa handi horientzat lanean, hala nola forja librean, mekanizatuan, finkatzeko elementuetan eta makina erremintan, moldeak, abatzak, bastidoreak, biderkatzaileak, dorreak eta abarrak eraikitzen eta bukatzen.


Gamesak negozio eolikoa bakarrik nahi du

Gamesaren kapitalaren gehiengoa Iberdrolaren eta BBVAren eskuetan dago. Enpresa horrek azken aste hauetan plazaratu du utzi egin nahi duela oraingo egoeran garai batean bezain errentagarria ez den dibisio aeronautikoa, buru-belarri negozio eolikoan aritzeko, gaur egun errentagarria baita eta hala izango baita etorkizunean. Gamesak 2004. urtean egin zuen inbertsio-plana, 2008. urterako generadore eolikoak fabrikatzeko gaitasuna hiru aldiz biderkatzera bideratua. 2003ko ekitaldiaren itxieran, Gamesa Eolikoak hainbat potentziako 1.323 errota fabrikatu zituen. 2008. urterako, 3.400 generadore eoliko fabrikatzeko gaitasun potentziala zuen helburu, eta aurreikuspen hori negozioaren munduko urteko hazkundearen -%15etik %20ra bitartekoa edo- arabera egin zuen. Gamesak 2004. urtean 1.745 milioi euro fakturatu zituen dibisio aeronautikoa eta eolikoa kontuan hartuta, eta 222 milioi euroko irabazi garbia atera zuen.

Azken aldi honetan, Gamesa Eolikoak integratu egin du generadore eolikoak fabrikatzeko gaitasuna, prozesuko fase guztiei, diseinutik elaboraziora bitartekoei, erantzun ahal izateko. Estrategia horren haritik, hamabi enpresez osatutako taldea sortu du palak, palentzako moldeak, biderkatzaileak eta dorreak eraikitzeko. Bestalde, Gamesa Eolikoaren behar industrialei aurre egiteko, planta berriak eraikitzen ari dira han-hemen; besteak beste, Valentzian, Andaluzian, Amerikako Estatu Batuetan eta Asian eta horrela, prestatua dago merkatu berri hauek guztiak bere produktuez hornitzeko: Txina, Japonia, Australia, Brasil, Amerikako Estatu Batuak, Grezia, Egipto, Alemania, Italia, Frantzia eta Portugal.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan