Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-11-06 -- 2014.zenb

2025: sormenean baino arazoak merkatuan dira

Xabier Letona

Kultur sorkuntzari buruz joan den urriaren 25ean Iruñean egindako mahai-inguruarekin amaitu ziren ARGIAk antolatutako Euskal Herria 2005-2025. Nora eta Nola? topaketak. Mahaikideen aburuz, 2025ean egoera hobean izango da euskal kultura, baina antzeko arazoak izango ditu.


kultur sorkuntza izan zuten hizpide urriaren 25ean Iruñean egindako mahai-inguruan Jose Ignazio Ansorena, Aingeru Epaltza, Tere Irastortza eta Xabier Mendiguren Elizegik. Esandakoetatik LARRUNeko 93. zenbakian ateratako ondorio berbera azpimarra liteke: 2025ean euskal kultura egoera hobean izango da, baina egungo arazo berdintsuekin jarraituko du. Akaso ez da kasualitatea mahaiko nafar bakarra -Epaltza- agertu izana etorkizunari buruz ezkorren: "Inguruan ikusten dudanagatik, ez dut uste gazteek euskal kulturaren pertzepzio ona dutenik». Kultur produkzioaren merkaturatzean ikusten du arazorik handiena, eta horretarako Kataluniara gehiago begiratu beharko genukeela azpimarratu zuen: "Han, una llingua es un mercat esaten dute eta guk ere ûaskok merkatu kontuak batere gustuko izan ez arrenû ikusmolde horretatik asko ikasi beharko genuke". Epaltzak onartu zuen gaur egun "inoiz baino gehiago eta hobeto produzitzen dela", eta krisi urte batzuren ondoren, "halako berpizte bat" ikusten du. "Azken 25 urteetan euskal kulturan egin den jauzirik handiena produkzioarena da, sekulakoa, baina nire kezka harrera da». Eta LARRUNen idatzi zuen bezala, argi utzi zuen bera ez zegoela "amets handietarako".

Ansorenak erantzun zion etorkizunari so egitean amets handiak egiten direla eta berak amets txikiak dituela. Baietz, merkatua oso garrantzitsua dela, baina "kultura ez da bakarrik merkatua". Eta gazteei dagokienez, hizkuntza handiek ere arazo handiak dituztela gazteekin, «besteak beste, gero eta gutxiago irakurtzen dutelako». Diru laguntzei buruz ere, hizkuntza indartsuetako kultur produkzioek diru laguntza handiak jasotzen dituztela esan zuen: "Gaztelaniazko zinemak, adibidez, sekulako diru laguntza du". Azken hamarkadetan euskal kultur munduan lan itzela egin dela azpimarratu zuen Ansorenak eta arloan nekea sumatzen badu ere, bera baikorra dela zehaztu zuen: "Eta baikortasun horrek kemena ematen dit".

Xabier Mendiguren Elizegiren ustez, "kontua ez da baikor edo ezkor agertzea, ikuspegi bietatik egin baitaiteke aurrera; baikortasunetik edo ezkortasunetik izan, hartzen den jarrera baita garrantzitsuena". Egoera politikoari egin zion erreferentzia eta erne ibiltzeko deia egin zuen, gatazkaren gaia konponduta ere horrek ez duelako miraririk ekarriko: "Orduan hasiko da benetako borroka". Amets handiak desenkantua dakarrela zioen Mendigurenek, eta Epaltzak gaineratu zion, desenkantu horretatik sortu zela lehenago aipatutako depresioa eta honen ondorengo loraldia.

Tere Irastortzak zuzen heldu zion jarrera kontuari: "Nik espiritu baikorra aldarrikatzen dut, ezin gara beti kexaka eta tristuraz aritu. Asko dugu egiteko, baina asko egin da azken urteetan: gaztetan guretzat pentsaezina zen gaur egun 12 lagun euskaraz idaztetik bizi zitezkeenik". Euskaraz aritzeagatik sortzaileak autozentsuraz aritzen direla zehaztu zuen, eta hori gainditu beharra dagoela, egindako lanari eta hartzaileari dagokien balioa emanez: "Bestela beti normalizazio lanetan ari garela dirudi». Aurrera egiteko, aldiz, jauzia ematea funtsezko ikusten du eta horretarako hitz klabea mahaigaineratu zuen: elkarlana.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan