2005-10-30 -- 2013.zenb
Ehundegian elkarren paraleloan ezartzen diren harien multzoa da irazkia. Kolore guztietako hariak bildu eta elkarrekin nahasten dira kultur aniztasunaren aldeko elkarte honetan. Irazkik Tolosa du kokagune eta etorkinei lagundu eta integrazioa errazteko dagoen beharrari erantzuteko sortu zen. Hasieran etorkinak etxeetan elkartzen ziren eta antolakuntza gabezia nabaria zen. 2001. urtean hasi ziren biltzen; horretarako, kalean hazpegi ezberdina zuen jendearengana jotzen zuten eta apurka zerbait sortzeko asmo eta gogoa zuen jende multzoa elkartu zen. Gogoak eraginda eta hainbat diru laguntza eskuratu ondoren, aurrera egitea lortu dute; gaur arte.
Tolosako Udalak utzitako lokal batean edo Santa Maria elizan biltzen dira, ez baitute gune fisikorik oraindik. Hala ere, jadanik hainbat ekintza burutu dute. Euskal Herrian Murgilduz egitasmoaren barnean, euskara ikastaroak eta Euskal Herria ezagutzeko hainbat txango eta irteera antolatu dituzte, etorkinei integratzen laguntzeko. Magrebtarren jardunaldiak egin izan dituzte, etorkinaren arreta batzordea osatu dute... Azkena egunotan Tolosan bisitatu daitekeen Ipuinartean I egitasmoa dugu.
Euskal Herrian Murgilduz egitasmoaren barruan, euskara eskolak eskaintzen dituzte larunbatetan, Tolosako kultur etxean. Harrera oso ona izan du ikastaroak, Rita Calderón Irazkiko lehendakariaren esanetan. Heldu eta umeen artean 38 ikasle inguru daude une honetan, etorkinak guztiak ere. Ikastaro hauen helburua euskara ezagutzea da, euskararen mundura hurbiltzea, Ritaren hitzetan, "oso garrantzitsua delako, bizi diren herrian dauden hizkuntzak ezagutzea".
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa