Katixa Garate
Bertsoaren aroa
Abian da XV. Bertsoaroa, Iruñeko Udalaren eta Bertsozale elkartearen eskutik. Urriaren 27an Esteban Urkiaga Lauaxetaren omenezko ikuskizuna izango da Gaiarre antzokian. Musikari ugarik -Xabier Montoia, Anje Duhalde, Petti...- poetaren poema musikatuak eskainiko dituzte, Oihane Enbeita aktore lanetan lagun dutela. Azaroaren 3an bertso saioa eskainiko dute Julen Zelaieta, Sustrai Colina, Estitxu Arozena eta Joxe Juan Zubieta Etxabek Gurutze Plaza institutuan. Azaroaren 8an Patxi Zubizarretak 10 mezu eta dei bat errezitala eskainiko du, Josetxo Goia-Aribe eta Txema Garcés musikarien laguntzaz. Institutuan bertan arituko dira bertsotan Xabier Amuriza, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso azaroaren 10ean.
Wintercase: musika jaialdi ibiltaria
Laugarren urtez lau hiritako aretotako bozgorailuak astinduko ditu
Wintercase Musika Independentearen jaialdiak. Hamabi bandek Bilbon (Kafe Antzokia), Valentzian, Bartzelonan eta Madrilen eskainiko dituzte kontzertuak lau astetan zehar. Besteren artean, Teenage Fanclub, The Tears, Kaiser Chiefs, The Decemberist, Ian Brown, Supergrass eta Mercury Rev taldeek.
Mota guztietako antzezlanak
Gasteiz, Santurtzi eta Bilboko jaialdiei, beste hiru batuko zaizkie egunotan. Urriaren 27tik 30era, Irungo Gazte Antzerkiaren XXI. Erakustaldiak talde gazteen lanak jasoko ditu. Besteak beste, Antzerkiola Imaginarioaren eta Sagarroiren Ezekiel, Pikor taldearen Al fondo a la derecha eta Kolax konpainiaren Ingurumenua izango dira ikusgai. Azaroaren 4an hasiko da Berako VII. Kafe Antzerki zikloa eta hiru lan eskainiko ditu: Teresa López de Munainen Ugaztun baten antsiak (azaroak 4), Txireneren Nora hoa, neska? (azaroak 11) eta Bele Bizi taldearen Ke takoiak (azaroak 18). Azpeitiko XXIII. Euskal Antzerki Topaketak ere azaroaren 4an abiatuko dira. Besteak beste, Kandido Urangak Henry Bengoa Inventarium eskainiko du, Txalo ekoiztetxeak Erreleboa estreinatuko du eta Lakrikun taldeak Zintzilik antzeztuko.
Manterola liburudendak berrogeita hamar urte.
Juan Arbelaizek liburu asko biltzen zuen etxean, liburu zaharrak, arraroak... harik eta Donostian Manterola liburu denda zabaltzea erabaki zuen arte. Arbelaizen seme-alabek eman zioten dendari segida eta aurten 50 urte bete behar ditu. Eta ospatzeko Koldo Mitxelena kulturunean egingo dituzte jardunaldiak, urriaren 26-27an. Euskal liburu bitxien erakusketaz gain, bi mahai-inguru izango dira, euskal liburuek liburutegi publikoetan duten lekuaz eta liburu zaharrez.
Nazioarteko trikiti festa.
Aurten ere Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute Kursaaleko Ganbara aretoan. Urtetik urtera, gorantz doa partaide kopurua. Irma Karrera eta Amets Arteaga, Axier eta Oroitz Unsain, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar, Leire Zumeta eta Amaia Arza eta Eneritz Bengoetxea eta Edurne Errandonea bikoteez gain, Sardiniako Totore Chess et Luigi Lai, Kataluniako Pomada, Frantziako Marc Perrone eta Marie-Odile Chantran eta Irlandako James Hogan eta Denise Bracken izango dira oholtzan.
Abesbatza lehiaketa Tolosan
Nazioarteko abesbatza andanaren doinu eztiak entzuteko parada izango da Tolosan, urriaren 28tik azaroaren 1a bitarte. Mundu mailan entzutetsua den Lehiaketaren 37. edizio honetan, Bielorrusia, Kanada nahiz Argentinatik etorritako hogeita bat abesbatza izango dira lehian, Leidor aretoan: Coral Antiphona, Yellow Case, The Tudor Consort, Coro Universitario de San Juan, Maria Vokalemsemble... Ez da bertako partaiderik izango. Abesbatza horietako batzuk kontzertu gehiago emango dituzte Euskal Herrian. Esaterako, Ordizian, Erriberrin eta Muskizen izango dira. Doinu eztiekin.
Manuel Lasarte (Leitza, 1927) bertsolariaren omenez erakusketa zabaldu dute Arantzazuko Gandiaga topagunean. Haren hitzak entzungai eta irakurgai daude erakusketan, argazkiez lagunduta. Abenduaren 11 arte izango da zabalik.
José Angel Jiménezek zuzendutako Sanfermines 78 dokumentala bide egiten ari da. Iruñeko zinema aretoetan sei astez egon eta gero, Bilbora heldu da eta gero Donostiara joango da.
Karlos Zabalak eta Ramiro Pinillak jaso dituzte Itzulpengintzako eta Gaztelaniazko Euskadi sariak Emile Zolaren Parisen sabela eta Verdes valles, colinas rojas trilogiako La Tierra Convulsa liburuengatik.
Kike Turmix (Bilbo, 1957) musikari eta punk-rockaren sustatzailea hil zen pasa den astean Madrilen, azken 23 urtetan bizileku izan duen hirian. Pleasure Fuckers taldearen sortzailea, kontzertu promotorea... lan ugari egin zuen musikagintzan.
Patxi Huarte Zaldi Eroak Berriarako egunero egiten duen komiki zinten antologia plazaratu du: De Rerum Natura (Elkar). 350 komiki inguru bildu ditu, bere pertsonaia guztienak: Taliban jatorra eta Yoda, Txosten eta Emendakina...
Iñaki Gómez izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendari berria. Zinema ekoizleak Jose Antonio Arbelaitz ordezkatuko du.
Ez dok hiru bikoteatroak, alegia, Mikel Martinez eta Patxo Telleriak, Larru haizetara, sexu kuadernoak antzezlana estreinatu du oraintsu. Euskara sencilloaren manifiestoaren ildotik, gure buruaz barre egiteko gonbita da ikuskaria.
Estitxu Arozenak Bertsozaleari adieraziak: «Bertsolariak gogor entrenatzen ari omen dira txapelketarako (...). Zeren bila? Eskaparatea probextuz saio gehiago egiteko? Ba ni ez naiz izenak ematen hasiko, baina argi dago txapelketako postuak eta urtean zehar egindako saio kopuruak ez dutela korrelazio zuzenik. Saioak egitea bada zure helburua, nor izan behar duzula».
Jon Benitok hitzok izkiriatu zituen Beterriko Liburuan: «Literaturak errealitate paraleloak eraikitzen ditu. Idazle askori gertatu izan zaio: idazten ari diren liburuen barruan bukatu dute bizitzen. Eta irakurle askori ere antzeko zerbait. Nahiago izan dute liburuen barruan bizitzen jarraitu (...). Nahiago pertsonaia bat izan, pertsona baino. Nahiago fikziozko mundua, errealitatezko hau baino».
Koldobika Jauregik Aldaketa 16ri: «Artistak, eskolatik ateratzen denean, nahi duen gauza bakarra lanerako toki bat da. Ez duzu hari berogailurik ipini beharrik. Baina horiek jendea urrezko kaioletan sartzen dute, eta bekak amaitzen direnean, guztia amaitzen da».
Edurne Ormazabal Zabaliken: «Herri normalizatuetan, horrelako irrati motak pribatuak izaten dira; negozio bat. Hedabide publikoak minorizatuagoak diren kantu edo musika motak bultzatzeko erabili ohi dira. Euskadi Gazteari euskararen ikuspuntutik gertatu litzaiokeen gauzarik onena, desagertzea litzateke».