Iker Zaldua
Irazki elkarteak antolatuta eta Tolosa 750. urteurrena fundazioak bultzatuta,
Ipuinartean I erakusketa ikusgai da Tolosako Aranburu jauregian egunotan; azaroaren 4a arte egongo da zabalik. Ipuinak eta artea uztartzen dira bertan, kulturartekotasuna aldarri.
Bost kontinenteetako 36 artistek parte hartu dute. Fabrizio Cajas ekuadortarrak, Antonio Di Bellonio italiarrak, Felix Edu Alo ginearrak, Hiromi Inomata japoniarrak, Sukrü Karakus turkiarrak, Darcy Kiefel estatubatuarrak Tanya Tagaq kanadiarrak edo Jose Luis Zumeta eta Juan Gorriti euskaldunek, besteak beste. Kultura ezberdinetako elezahar, kondaira eta mitologiak -Paraguay, Egipto, India, Txina, Eskandinavia edo Euskal Herrikoak- margolan eta eskultura ederretan islatu dituzte. Artelanak egin dituzten artistei bospasei ipuin eman zitzaizkien aukeran, horren arabera lanak osa zitzaten, baldintza bakarrarekin: norberak aukeraturiko ipuina ezin zen izan bere kultura edo kontinentekoa. Artista bakoitzak ipuina aukeratu ondoren, ipuin horrek sentiarazten ziona margotu edo zizelkatu zuen eta, horrela, gauza bitxiak ikusteko parada daukagu erakusketa honetan. Esaterako, Greziako Poseidon ipuin ezagunari kubatar batek egindako lana edo Euskal Herriko Ligiko zubiko kondairak Japoniako artista batengan izandako sentipenak islatzen dira. Modu horretan, artisten artean ere kultura aniztasunaren eztabaida piztu nahi izan dute, beste kultura bateko lanak gertutik ezagutzeko aukera ematen duelako eta egilea ere, ezagutu dezaketelako hainbatetan.
Ipuinak hiru hizkuntzatan irakur daitezke erakusketan, euskaraz, gaztelaniaz eta jatorrizko hizkuntzan.Gainera, guztiak liburu batean bildu dituzte, Alberdania argitaletxearen eskutik, eta bertan ipuinez gain, margo lanen argazkiak ere ikus ditzakegu.
Hector Luna
Ipuinartean Ieko koordinatzaileak adierazi duenez, erakusketa ibiltari hau bi urtean behin egiteko asmoa dute eta ekitaldi bakoitzean herrialde jakin bat gonbidatuko dute. Oraingoan Ekuatore Ginea gonbidatu dute eta herrialde hartako Kultura Ministerioak, Felix Edu Alo eta Ricardo Madana artista entzutetsuen partaidetza finantzatu du. Urriaren 29an, Ekuatore Gineako kultura ezagutzeko ekitaldi erraldoia egingo da Tolosan; egunean zehar hitzaldiak eta herrialde hartako janari dastaketa izango da. Iluntzean, berriz, dantzak izango dira. Horretarako Gineako dantzari eta abeslariak etorriko dira.
Kultur trukea
Ipuinartean I egitasmoa gauzatzeko ideia Alberto Letamendi ordiziarrak eta Hector Luna margolari ekuadortarrak izan zuten iazko irailean, literatura eta artea uztartuz erakusketa egiteko aukera ikusi zutenean. Sukrü Karakus, Jeannine Obono eta Ana Sanz elkarteko kideek begi onez ikusi zuten egitasmoa eta bosten artean koordinatu dute. Helburua zera da: beste herrialde batetik etorritako jendeak kultura bat baduela ikustaraztea eta bertako kulturari kalte egin gabe, kanpotik etor daitekeen kultura hori erakustea. Kultura ezberdinak uztartuz ekimen interesgarriak egin daitezkeela eta kultur aniztasuna guztiontzat aberasgarria dela erakutsi nahi izan dute hala. Urtebeteko erronka izan da, baina azkenean gauzatu egin da, guztien lan gogorrari esker eta Arteleku, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kutxaren babesarekin.
Erakusketa baino gehiago
Irazki elkarteko lehendakari Rita Calderónek adierazi digunez,
Ipuinartean I ez da erakusketa bat bakarrik, egitasmo horrek dituen zutabeetako bat besterik ez da. Erakusketaz gain, kulturartekotasunari buruzko jardunaldiak egiten ari dira ostiralero eta horretarako era guztietako ekitaldiak antolatu dituzte: mahai inguruak, filmak, hitzaldiak eta ipuin kontaketak, besteak beste. Irailaren 23an eman zitzaien jardunaldi hauei hasiera
Go filma japoniarraren proiekzioarekin eta Gineako tradizioei buruzko dokumental baten proiekzioarekin itxiko dituzte urriaren 29an. Tolosa eta Ibarrako ikastetxeekin ere lan egin dute. "Garrantzitsua da gazteek ere kultur aniztasunaren ikuspegia garatzea, eta horretarako ezberdina dena ezagutu egin behar da, ezezagunari izaten zaion beldurra alde batera utzi eta topikoekin amaitu egin behar da, behin betiko", esan digu Calderónek.
Ipuinartean I egitasmoa bilduko duen bideoa ere abian da jadanik. Aurelio Vicente ari da lan horretan. Bertan, erakusketa, parte hartu duten artisten balorazioak eta
Ipuinartean I egitasmoaren garapena ikusi ahal izango da, erakusketak ateak ireki zituenetik datorren urteko abenduan Leioan itxiko dituen arte.
Erakusketa ibiltaria izango da; izan ere, une honetan eta azaroaren 4a arte Tolosan badago ere, bi hilero mugituz joango da eta Andoain, Eibar, Basauri, Iruńea, Zarautz, Donostia eta Leioan izango da, hurrenez hurren. 2006ko abenduan emango zaio amaiera.
Beraz, badago zer ikusi eta ikasia. Mundua behatzeko beste ikuspegi bat eskaintzen du
Ipuinartean I erakusketa ibiltariak. Bide batez, goi mailako arteaz gozatzeko eta ipuin ederrak irakurtzeko aukera baliatu dezakegu, bidaiatu edota poltsikotik dirua atera gabe.
Unai Brea
Bilbo. Aste barruko edozein egun, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Bizkai euskal folklore elkartearen egoitzan, ohi denez, hamarren bat lagun dantza-urrats batzuk ikasten ari dira. Baina gaurko eskolak badu zerbait berezia: irakasleek ingelesez egiten diete. Zoltán Szalay eta Rozália Antal senar-emazteak dira, eta Errumaniatik etorri dira hungariar folklore ikastaroa emateko. Bai, ondo irakurri duzue. Izan ere, Szalay eta Antal Errumaniako hungariar gutxiengo batekoak dira. Baina hobe dugu dantza irakasleok Euskal Herriraino ekarri dituen bidearen hasierara itzultzea.
Bizkai 1964an sortu zen Bilbon, "tradiziozko kultura ikertu, gorde, sustatu eta zabaltzeko asmoz", elkarteko arduradunen berbetan. Zer esanik ez, euskal kulturan dihardute gehienbat, eta horren barruan dantza eta musikan. 1976an jende aurreko emanaldiak egiteari utzi eta Euskal Dantza Folklorikoen Eskola sortu zuten. 1979an eman zuten lehenengo ikastaroa, eta harrezkero ez dira gelditu.
Atzerriko dantza ikastaroak, hirugarren urtez
2003an atzerriko dantza ikastaroak eskaintzen hasi ziren. Ana Gallo elkarteko presidenteordeak dioenez, "Bilboko jendeari erakutsi nahi diogu badaudela beste kultura batzuk". `Erakutsi' hitza ez du alferrik erabili Gallok, ikastarootan ikasitakoa ez baita Bizkairen egoitzako lau horma artean geratzen. Hilean behin,
Bilbo Dantzan izeneko erromeria antolatzen dute Areatza plazan, eta hor, noizbehinka, ikasitako dantza atzerritarrak ere antzezten dituzte.
Orain arte bina ikastaro antolatu dute urtero, eta beraz, hungariar dantzei buruz egin berri dutena seigarrena da. Aurretik, Norvegia, Okzitania, Ingalaterra, Bretainia eta Esloveniaren txanda izan da. Batez beste hamar ikasle izaten da ikastaro bakoitzean. Irakasleei dagokienez, Bizkai elkartekoek herrialde horietako ospetsuenetakoak ekartzea lortu dute orain arte, kosta ahala kosta.
Errumania erdi-erdiko dantza hungariarrak
Hungariar folklore ikastaroak 36 orduko iraupena dauka. Hori nahikoa omen da Szalayk eta Antalek irakatsi nahi duten guztia ikasteko. Lehenbizikoak dioskunez, "gurean hogeita bost orduko ikastaroak antolatu ohi ditugu, eta ikasi egiten dute". Arbela txiki batean idatzi dituzte irakatsi beharreko dantzen izenak. Zerrenda oparoa da, euskal mingainentzat eginda ez dauden hitzez betea: Csárdás, Öreg zsidós, Kezes, Gölyás, Kerekes... Irakasleen herritik gertu dauden eskualde bitan daukate jatorria: Felcsík eta Gyimes, biak Errumania erdi-erdian, Transilvania eskualdearen hego-ekialdean eta Hungariako mugatik urrun samar. Gutxiengoa izateak arazoak sortzen omen zizkien 1989a arte, baina urte hartako aldaketa politikoez geroztik gauzak bareago daude. Gaur egun, euren ohiturak gordetzeko ahaleginean dabiltza. "Kanpotar bat, beharbada, ez litzateke konturatuko Errumaniako dantzen eta gureen arteko aldeaz, baina guk hori azpimarratu nahi dugu, hain zuzen".
Hiru dantza mota
Hungariar dantzak hiru multzotan banatuta daude, Szalayk dioenez. Batetik borobilean dantzatzen direnak daude, "oso antzinakoak". Hungariarrak X. mendean Europa erdialdera iritsitako Asiako leinuen oinordekoak dira, eta oso litekeena da dantza horiek migrazio harekin batera ailegatu izana. Beste talde bat bikoteka dantzatzen direnek osatzen dute. "Horietako gehienak Hungarian bertan sortuak dira, eta oso ospe handia daukate han". Azkenik, atzerritik heldutakoak daude: Alemaniakoak, Poloniakoak, Errumaniakoak...
Seguruenik bigarren multzoari dagokio ikasleak orain egiten ari direna. Csárdásen aldaera geldoa da -badago azkar bat ere-, eta oso ekialdera garamatzan doinuaz dantzatzen da. Horretan ere igartzen da hungariarren jatorria zein den. Csárdásek ez dauka antzik Euskal Herriko inongo dantzarekin. Ez da batere bortitza, eta ez du zailegia ematen, irakasleei begiratuta batez ere. Ikasleak baldarrago ari dira, noski, baina hala eta guzti nabari da dagoeneko ordu batzuk eman dituztela. Inoiz zerbait bitxi dantzatzen ari den jende talde bat topatzen baduzu Bilboko Areatzan, galde egiezu ea dantza hori Felcsíkekoa edo Gyimesekoa den.
Katixa Garate
Ixiar eta Norden oso pertsona ezberdinak dira. Ixi adineko euskal emakumea da, barazkiak saltzen ditu herriko azokan eta iragana ondo gogoan du, bere familia, bere gaztaroko istorioak, bere senarra izandakoa... Norden afrikarra da. Gerra bizi izan du hezur-haragitan, gosea, eta Euskal Herrira etorri da bizimodua ateratzera. Beldurrari aurre egiteko abesten ikasi zuen amarengandik eta horixe du euskarri: musika. Bere taldearekin musika jotzen du azoka ondoan eta ahal duen beste, diskoak nahiz zapiak, saltzen saiatzen da. Kultura, bizipen eta adin ezberdinekoak izan arren, uste baino gauza gehiago partekatzen dute: laster behin betiko itxiko den azokan egiten dute lan eta aldaketak abiada bizian gertatzen diren mundu honetan biziraun nahi dute.
Gaurkotasun handiko gaiak jorratzen ditu
Neska politak, artasoro alaiak antzezlanak. Ateak betiko itxiko dituen azoka da obraren kokalekua eta, kasualitatez, estreinatu zen herrian, Errenterian, azoka zaharra itxi berri dute eta antzokiaren ondoan dago zabaldu berri duten merkataritza zentroa. Eta azoka zaharreko baserritar barazki saltzaileek merkataritza zentroaren kanpoan dute saltokia, estalpe baten azpian.
Maite Agirre dugu antzezlanaren zuzendari eta idazlea.
La baladilla de San Sebastián izenburupean plazaratu zuen antzezlana Hiru argitaletxeak duela urte batzuk eta haren moldaketa da Agerre teatroak aurkeztu berri duen antzezlana. Mielanjel Haranak eta Arantxa Gurmendik hartu dute obra euskaratzeko ardura eta taxuz egin dute. «Arrazoi ugarik eraman ninduten lana idaztera. Bat-batean, Donostiako Bretxa merkatua zegoen tokian zulo bat zegoen eta irudi horrek indar handia izan zuen. Konturatu nintzen oso azkar goazela, bizitza oso azkar doala eta guk martxa horretan, erritmo horretan sartu behar dugula. Horrekin batera, garai berean etorkinak gero eta gehiago etortzen hasi ziren. Ordura arte inmigrazioa hiri handietako gauza zen, baina, orduan, Donostian bertan, Euskal Herrian bertan hasi ginen hori gertutik bizitzen».
Antzerki-kontzertua
Arantxa Gurmendik eta Jon Gaubekak txukun gorpuztu dituzte Ixi eta Nordenen rolak. Haiekin batera Karlos Nguema eta Freenetik taldea daude oholtzan, Nordenen musika taldea irudikatzen eta taldearen kantu propioak jotzen. Izan ere, tarte handia du musikak bai eszenatokian bai obran. «Etorkin asko ezagutzen dut eta gehienak musikariak dira. Eta horrek bultzatu dit agian etorkin hau musika talde batean kokatzera. Karlos Nguemak aita etorkina du eta beraz, lotura handia du protagonistarekin», dio zuzendariak.
Entseguek aurrera egin ahala, Maite Agirrek argi ikusi zuen obrak erritmoa, musikalitatea eskatzen zuela, hala testua esateko moduari zegokionez nola taula gainean antzezteari zegokionez. Horrexegatik, esaera zahar asko esaten ditu Ixik eta hitz jokoak egiten ditu Nordenek. Maite Agirreren hitzetan, «adineko emakume eta gizonek, beste hizkuntza bat daukate, aberatsagoa. Hitz egiteko modu horrekin nire ama omendu nahi izan dut, oso hizkera berezia zuen, ez zen bertsolaria baina errimak egiten primerakoa zen». Erritmo hori areagotzeko, Ixik eta Nordenek abestiak kantatzen dituzte eta jakina, Freenetik taldeak abestiak zuzenean jotzen. Taldearen zuzeneko soinuaren bolumen altuak aktoreen presentzia ahultzen du gure irudiko, baina baliteke nahita bilatutako kontrastea izatea. Belarrietara ez ezik, ikusleen begietara ere iritsi behar zuen erritmoak, eta hartara, dantza egiten dute protagonistek, dela pasodoblea, dela Afrikako kantu tribala. Bi aktoreek esperientzia zuten dantzaren munduan eta ondo moldatu dira.
Barazki kaxak lubaki
Zuzendariak ez zuen eszenaratze kostunbrista egin nahi eta bi artista gazterengana jo zuen eszenografia eta jantziak egin zitzaten. Inés Martínez de Iturrate arduratu da eszenografiaz. Barazki kaxekin instalazio mugikorra egin du. Kaxez osatutako egitura euskarri egokia da Josu Rekalderen bideo eta irudien proiekziorako. «Bagenekien hasieratik hor bideo batzuk proiektatu behar genituela eta horretarako egokia izan behar zuen. Niri ez zaizkit batere gustatzen pantailak eszenatokian. Proiektatzea permititzen du eta aldi beran, kontrako fokoak jartzea». Jantziak Amaia Zabalak egin ditu, folklorismotik ihesi. Bartzelonan moda diseinu ikasketak bukatu berri ditu eta datorren urteko Gaudi pasarelan parte hartzeko hautatua izan da.
Lanpetuta dabiltza Agerreko kideak.
Neska politak, artasoro alaiak aurkeztu berri dute,
Puta zahar alkauete Zelestina antzezten jarraitzen dute eta EHUn antzerki tailerra eskainiko dute ere aurten. Proiektuak ere ez dituzte faltan. Emakumeen komedia bat idatzi nahi du Agirrek eta koadernoan ohar batzuk idatzita ditu jada.
Pilar Iparragirre
Zein dira omenaldi honen nondik norakoak?
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren babespean, omenaldi-liburua eskaini nahi izan zitzaion Txillardegiri bere zahar-saritzean. Arazoak arazo, omenduaren 75. urtemugan plazaratu da liburua azkenean.
Nola gauzatu zenuten asmoa?
Parte-hartzaileen kopurua mugarriztatu behar izan zen, ezinbestez. EHUri dagokiola, orduko Euskal Filologia Saila, geroztik Euskal Filologia eta Linguistika eta Euskal Ikasketak deituetan banatua, izan zen deitua; bai eta beste irakasleren batzuk ere. Euskaltzaindiari dagokionez, euskaltzain oso eta ohorezko guztiak. Atzerriko izen batzuk gaineratu zituen Txillardegik berak eta haiek ere hartu zuten gure gonbita.
Eta nolakoa izan da jasotako erantzuna?
Omenaldiaren arduradunok geure poza eta esker ona agertu behar dugu jaso dugun erantzun eskuzabalagatik. Liburu gotorra ez ezik, mamitsua ere bada. Bereziki nahiko genizkioke eskerrak eman Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekari, Txillardegiren bibliografia guztiz ugaria hain trebeki biltzeagatik. Liburu honetan argitaratzen den zerrenda bibliografia akademikoa da soilik, omenduak berariaz hautatu dituen idazlan batzuk izan ezik. Gainerakoa, Euskaltzaindiaren webgunean ikus daiteke. Bata eta bestea burulangile nekaezinaren eta euskaltzale suharraren ibilbide luzearen ispilu garbiak dira. Bi parte-hartzaile joan zaizkigu artean, zorigaiztoz: Andolin Eguzkitza eta Kas Deprez. Betiereko atsedenean gerta bitez.
Pilar Iparragirre
Ńami Mishakunchik
Batzuen artean
Mikelazulo Kultur Elkartea
158 orrialde
Txatxi eta Kitxua herrietara bidaia
Oreretako Mikelazulo Kultur Elkarteko hamairu kidek 2003. urteko urrian Ekuadorren gauzatutako proiektuaren isla eskaintzen du Ńami Mishakunchik. Ekuadorrera kultur bidaia liburuak. Ńami mishakunchik kitxuera esaerak «iristear da garaipenaren eguna» adierazi nahi du. Horrela entzun zuten Mikelazuloko partaideek «Zubibegidezu» proiektua Ekuadorren gauzatzen ari zirela, Txatxi eta Kitxua komunitateen borrokak, ametsak eta errealitate politiko-soziala ezagutu nahian beraien artean murgildu zirenean, hango artista eta lagunen ahotik. Liburuan, hamabost egunetan zehar idatzitako sentimenduak, marraztutako uneak, antzeztutakoak, ikasitako istorioak eta bertakoei egindako elkarrizketetan entzundako aldarrikapenak jaso dituzte.
Xabierko Frantziskoren Eskutitz eta Instruktzioak
F. Olariaga J.J.-ek itzulia
Ediciones Mensajero
764 orrialde
Xabierko Frantziskoren eskutitz ospetsuak euskaraz
Datorren urtean beteko dira 500 urte Xabierko Frantzisko jaio zela. Hori dela-eta, bai santuari, bai euskaldun kristatuei zer edo zer eskaini nahirik hartu zuen Frantzisko Olariaga josulagunak Nafarroako erresuman 1506ko apirilaren 7an jaiotako hark bere bizitzan zehar idatzitako eskutitzak euskarara itzultzeko lana. Antza denez, Xabierko Frantziskok Paristik, Indiatik, Indonesiatik, Japoniatik zein Txinako itsasertzeko Sancian irlatik bere senide eta lagunei bidali zizkien idazkiok jendearen oso gustuko izan ziren, eta behin eta berriz kopiatu eta itzuliak hizkuntza askotara, aurkitu berri zituzten herrien jakingarri asko emateaz gain, milaka konbertsio ere azaltzen zituelako.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
124 orrialde 9,10 euro
Gotzon Garateren nondik norakoak
Jakin aldizkariaren 149. zenbakian Josu Alberok Nafarroako abertzaletasun politikoaren eta euskalduntasunaren arteko harremana aztertzen du, topikoz josita dauden bi kontzeptu direla aurreikusita. Eta Hasier Etxeberriak elkarrizketa mamitsua egin dio Gotzon Garateri. Ikastolan zebilela ezagutu zuen abade josulaguna Etxeberriak, eta estralurtar bat zela iritzi zion. Nerabe garaian bestearen Marxen marxismoa eta antzeko lanak irakurri zituen. Halako batean estralurtarra autostop egiten ikusi, eta baserri bateraino lagundu zuen. Euskara ikastera omen zihoan. Etxeberria zur eta lur, jakina, baina esperientzia hartatik atsotitzen lan eskerga ekarri zuen Garatek. Gerora, polizia eleberriak kaleratzen hasi zen, eta honez guztiaz mintzo dira biak elkarrizketan.
Boletin
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
390 orrialde 12 euro
Gatz Estankoaren matxinadaz
Lan ugari eta mamitsu argitaratu ohi du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen Boletin aldizkariak, eta oraingoan ere berdin egin du. Aipa genitzazkeenen artean, XV. mende amaiera eta XVI. mende hasierako Hernaniko udal diputatuen nondik norakoak aztertzen dituen Iago Irijoa Cortésen lana, Mikel Zabala Montoyak 1631 eta 1634 bitarteko Bizkaiko Gatz Estankoaren matxinadari buruz eskaintzen duen berrikutea, José Luis Barrio Moyak osatutako La colección pictórica de don Juan Fernández de Luco, un ganadero alavés en el Madrid de Felipe V (1740), eta Aitzol Rodríguez Mendizabal Llorentek eskaintzen digun Los inicios de la predicción metereológica en Euzkadi. Los escritos de Juan Miguel Orcolaga (1863-1914) daude.
La decandencia del imperio
Immanuel Wallerstein
Txalaparta
312 orrialde 15,50 euro
Immanuel Wallerstein AEBen ahultasunez
Editores Independientes zigilupean Euskal Herrian, Txilen, Uruguain eta Mexikon batera plazaratu den Immanuel Wallersteinen saio honen izenburu zehatza La Decadencia del imperio. EEUU en un mundo caótico da. 1930ean New Yorken jaio zen intelektual arduratsuak dioenaren arabera, Afganistan eta Irak inbaditu eta munduko jendarmea izateko ahaleginetan badabil ere, nabaria da AEBen ahuldadea, iragan mendeko laurogeiko hamarkadatik hona porrot ugari izan dituelako maila ekonomikoan -japoniarrek eta europarrek irabazi diotelako produkzioan, teknologian, merkataritzan eta finantzetan-. Militarra da soilik bere gailentasuna. Beraz, bere botere hegemonikoa laster amaituko da.
Txan-pi erregeren meatzeak
Miquel Desclot
Erein
24 or. / 4,75 euro
Ikatz meatzeak zituen Txinako enperadore hori-beltza
Irakurle gazteenei zuzendutako Miquel Descloten Txan-pi erregeren meatzeak ipuineko protagonista ikatz meatze pila daukan Txinako enperadorea da. Oso bakezalea izaki Txan-pi, meatzeen kontu horrengatik bakarrik da mundu osoan ezaguna. Baina halako batean ikatzaren salmenta erruz jaisten ari dela ohartu eta konponbidea aurkitzeko eskatuko dio bere lehen ministroari. Eta honek bezero berriak lortuko ditu: Errege Magoak. Baina handik epe batera ikatzaren salmenta berriro jaitsiko da.
Nerekin yaio nun
Batzuen artean
Iker-17, Euskaltzaindia
528 orrialde 15 euro
Txillardegiren omenean egindako hainbat idazlan
Jose Luis Alvarez Enparantza
Txillardegi idazle, irakasle eta politikariaren omenez, Pilartxo Etxeberria eta Henrike Knörren ardurapean, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Euskaltzaindiako hainbat partaidek osatutako idazlanak plazaratu ditu
Iker-17k. Asko dira omenaldian parte hartutakoak, eta denak ezin aipatu, baina, besteak beste, honako lan hauek aurkituko ditu
Nerekin yaio nun-en irakurleak: Pruden Gartzia eta Henrike Knörrek prestatutako
Txillardegiren bibliografia hautatua eta Txillardegi berak egindako emaria -eta zehaztasun gehiago jakin nahi dituenak
www.euskaltzaindia.net webgunera jotzea baino ez du-; Joseba Agirreazkuenagaren
Euskal historian barrena, etorkizunari begira, Patxi Altunaren
Loiolako bisitariak, Jose Antonio Arana Martijaren
Luois-Lucien Bonaparte eta Italiako dialektoak, Andoni Barreńa eta Andolin Eguzkitzaren
Gaztelaniazko de preposizioaren eta euskarazko genitiboen jabekuntzaz, Kas Deprez eta Armel Wynantsen
Les mutations institutionnelles de la Belgique. Porquoi? Jusqu'oů?, Jean-Louis Davant-en
Baionako biltzarra (1964), Jean Haritschelharren
Dibarrart-en kantu batean aldaketak, eta Beńat Oyharçabalen
Tokiz kanpoko numero komunztadura.