Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-30 -- 2013.zenb

Joxerra Aizpurua


Pertsona bakoitzak dauka munduari buruzko bere ikuspegia eta gainera batetik bestera asko aldatzen den zerbait da. Hala ere, estereotipo sozialak egon badaude eta hainbat gaitan uste kolektiboak existitzen dira.

Gure ikerketa-zentroetan dauden ikerlariak gazteak dira, gainera batzuk beka batekin aritzen dira doktoregoa egin edo beste lan hobe bat topatu bitartean. Plantilletan finkotasuna lortzen dutenak alor konkretuetan espezializatzen dira eta kongresuetan parte hartzea, argitalpen ahalik eta gehien egitea eta ikerketa-proiektu potoloetan parte hartzea izaten dute helburu.

Alor horretan dabilen nire lagun bati Alemaniara joatea egokitu zitzaion proiektu europar bat zela medio. Bospasei estatutako ikerlariak elkartu ziren, guztiak berrogei urtetik beherakoak Alemaniako eta Erresuma Batukoak izan ezik, hauen ekipoetan hirurogei urtetik gorako ikerlariak baitzeuden. Nire lagun hau harritu egin zen, hain ikerlari adinekoak inoiz ikusi gabea baitzen, baina batzarra aurrera egin ahala harridura handituz joan zen adineko ikerlarien jakinduria agerian geratu zenean.

Euskadira itzultzean lagunari galde egin nion kongresuko emaitzei buruz, baina bere erantzuna ez zen itxarotako alderdi teknikotik joan.

"Joxerra: gauzak ez gara ongi egiten ari. Euskadin ikerlari onak eta saiatuak ditugu, baina gehienak gazteak gara eta atomo mailan asko badakigu ere, industriak behar duen aplikazio praktikoez ezer gutxi dakigu. Alemaniako kongresuan Alemaniako eta Erresuma Batuko hirurogeita gutxi urteko bi ikerlarik esku artean dugun proiektuaren ikuspuntu globala eta praktikoa aurkeztu zuten, hau da, proiektuaren zergatia eta helburua bizitza praktikoaren alorrean. Bi pertsona horiek ingeniariak ziren eta beren bizitza laborala enpresa eta ikerketa-zentroen artean garatzen zuten.

Beraiekin hitz eginez naturaltasun osoz adierazi zidaten pertsona batzuei erretiroa hartzeko garaia ailegatzen zaienean, pertsona horiek urtetan pilatutako ezagutza ezin dutela alperrik galtzen utzi eta sistemak edo metodoak antolatzen dituztela gazteei ezagutza-transmisioa egiteko.

Euskal Herrian pertsona asko eta asko erretiroan pentsatzen aritzen dira eta enpresak ere bai eskulan merkeagoa lortu ahal izateko. Horrela, belaunalditik belaunaldirako ezagutza-zubia ez gara eraikitzen ari eta belaunaldi bakoitzak eraiki behar du berea, askotan aurrekoak egin duena errepikatuz".

Euskadiko ikerketa-zentroak gazteak dira eta agian hemendik hogei urtera adineko ikerlari asko izango ditugu. Ikerketa-zentroen arteko bileretan parte hartzea suertatu zaidanez, egun baieztatu dezaket beti jende gaztea topatzen dudala eta inoiz beste pertsona baten falta sumatu dudanean "enpresara pasa da" esaldia maiz samar entzun dudala. Enpresak ikerlarien ehizan aritzen dira eta beraz, ikerkuntzatik enpresarako jauzia ematen da eta enpresen I+G+B departamentuak indartzeko bide aproposa dela uste dut. Baina, kontutan hartzen badugu Euskadin egiten den ikerketak Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duela ez dut garbi ikusten enpresatik ikerketa-zentrorako informazio-fluxua, are gehiago informazio-fluxua eskasa edo behar adinekoa ez dela esango nuke.

Gure enpresetan gero eta onartuago dago ikerketa, garapena eta berrikuntzak duen garrantzia eta gero eta gehiago dira aipatu ildoetan enpresaren barneko departamentuak sortzen dituztenak. Hala ere, kasu askotan enpresentzat oso interesgarria izan daiteke ikerketa-zentroekin elkarlana bultzatzea, baina horretarako biek norabide berean begiratu beharko lukete.

Hori lortu ahal izateko bere bizitza laborala amaitzen ari diren pertsonek ekarpen handia egin dezakete ikerlari-taldeetan kokatuz. Hau gertatu ahal izateko agian denok aldatu behar ditugu gure ikuspuntuak eta adibidez, horrelako txertaketen kostuaz hitz egin beharrean inbertsioaz hitz egin beharko genuke, eta abar.

Agustin Errotabehere ( kazetaria)


Europako Konstituzioari frantziarrek emandako ezetzak arrazoi bat baino gehiago ditu. Horietako bat ezker aldean gehienik aipatua: "la defense du modele social". Frantziar modelo sozialaren zaintzea, zenbaitentzat lorpen ezinbestekoa. Erresakaren biharamunean bat baino gehiagok egin duen galdera: "baina zer da delako sozial modeloa, hain ozenki zaindu behar duguna?".

"Frantziaren beheraldia" hitzarekin ikuskari gehienek bestelako hitzak dituzte ahoan modeloari begiratuz. Alain Lamassoure Iparraldeko eurodiputatuak Gobernuak galdeginik egindako azterketan ongi aditzera ematen zuen azken hogei urteetan Frantziako mugetan gertatua, hots, Belgika, Italia edo Espainiako Estatuen mugetako erregioak pobreagoak izanez, Frantzia aldera heldu zirela lan bila. Gaur egun, aldiz, egoera erabat alderantzizkoa da. Froga ezin argiagoa frantziar ekonomia eta gizartea krisian direlarik: azken hogei urteetan hazkunde ekonomikoa %1-2en artean mugatua da, Europako ahulenetarik. Estatistiken manipulazioen gainetik langabezia %10 ingurutik ez mugitzen. Industriak 1,6 milioi lanpostu galduak hogei urtez. Zor publikoak 1,1 mila milioi euro gainditzen. Jendarteak ikusi edo onartu nahi ez badu ere gure haurren bizkar bizi gara, dudarik ez.

Panorama beltzari gehitzen ahal zaizkionak: segurantza sozialaren zulo erraldoia; erretretak ez direla hurbiletik ere segurtatuak. Europako Estatuen artean ikaskuntzari diru gehienik dedikaturik ere eskolak ez dituela emaitza onak, ezberdintasunak handitu baizik ez dituela egiten. Etxebizitzetan eta hirigintzan nabaritzen diren ezberdintasunak ahantzi gabe. Zoritxarrez baliteke zer gehiago kontatzeko.

Horrelako modeloak merezi ote du zaintzea? Ez ote du hobe aldatzea lehenbailehen? Galdera bera egina da Europako beste estatu gehienetan. Demografiaren eraginez zaharrak gehiago, langileak gutiago. Mundializazioarekin kanpoko ekonomien konpetentzia. Mundua aldatzen ari da abiadura handiarekin. Gure ekonomiek ere horien arabera aldatu behar lukete. Eta lehen-lehenik, nahi eta nahi ez, xuhurrago biziz. Baina nork onart horrelakorik? Berekoikeriaz "nik ez, baizik auzoak" diogu gehienek.

Horretan da, bada, gobernuen ezintasun handiena. Erreforma funtsezkoak egin behar litezkeela. Eskolan, osasun arloan, zerga, erretreta hala lanaren merkatuan nola langabeziaren tratamenduan... Besteak beste. Baina nork izanen ote du fermutasun ala bertute erreforma horien bideratzeko. Jakinez politikoki bere buruaren urkatzea dela, lobby, korporatibismo eta berekoikeria guztiei aurka egitea.

Bizkitartean berehalako erremedioen beharretan da frantziar ekonomia. Zein medikuk izanen ote du, fermutasun, zuzentasun eta bertute aski, erreforma handien egiteko. Sharonek neurri gogorrak hartu ditu bere herriaren onetan. Arrisku handiak ere bai. Horrelakorik gertatuko ote da frantziar mapa politikoan? Blair eta Britainia Handiari begira jarriak dira zenbait. Besteak Europako iparraldeari. Bi urteren buruan eginen diren hauteskundeen erronka nagusia. Beti erreforma atzeratuak, oraingoan ezin izango direla baztertu.

Julen Gabiria


Urteak baditu garai bi, asmo berrietarako aproposak: urtearen hasiera bata, iraila bestea. Irailean kioskoak bildumaz betetzen dira, jendearen asmo ona faszikuluka eraikitzen da, eta telebistek aurpegi berria erakusten dute. Tira, batzuek ez dute sekula erakusten aurpegi berririk: betiko aurpegi gogorrarekin jarraitzen dute, irailetik irailera eta buelta morena.

Iaz, gure telebista publikoak "Galanta dator" esan zigun, eta ez zuten gezurrik esan: ETB1 katearen iazko balantzea galanta izan da, dardarka hasteko modukoa. Eta aurten, iraila heldu eta ze lelorekin harrituko gintuzten zain geundela, gure bizitzetan "Gatza eta piperra" jarriko dutela agindu digute, eta gogoratu naiz uztailean eztabaida izan nuela kate horretako aurkezle batekin, Euskal Herrian eta euskaraz eskaini beharko litzatekeen telebista ereduari buruz.

Iazkoa galanta izan zela esateko arrazoietako bat gabonetan Harry Potterren pelikula dontsua euskaraz eta gaztelaniaz une berean eman izana da. Gero entzun dut horren atzean eskubide kontu batzuk egon zirela, ezin zirela pelikula haren bi bertsioak eman, ez bazen une berean. ETBko arduradunek bi bertsioak batera ematea erabakitzen dutenean, ze ikuslerenganako begirunea dute? Dudarik gabe, publiko erdaldunarenganakoa: datuek argi diotenean gero eta ume gehiago matrikulatzen dela D ereduan, eta badirudienean A ereduari Teleberri bi geratzen zaizkiola, ETBko buru-argiren bati -nori zehazki? Zergatik ez du dagoeneko dimititu, lotsaren lotsaz?- bururatzen zaio umeentzako pelikula bat euskaraz eta gaztelaniaz ematea une berean. Euskal Herriko ume gehienak euskaraz mintzatzeko gai direnean, ETBk begirunea die gai ez diren horiei. Eta, jakina, gaztelaniazko bertsioa ikusi zuen mundu guztiak, euskarazko eta gaztelaniazko bikoizketen arteko lehian euskarak ez duelako zereginik. Horretarako erremedioa argi asko eman zuen Urtzi Urrutikoetxeak aldizkari honen 1.974. zenbakian: erremedioa azpitituluak dira, baina ETBko arduradunak itsu eta gor daude kontu horretan.

Urtea era galantean hasi ostean, beraz, ETB1en miseriek aurrera jarraitu zuten, zerrenda amaiezinean. ETBren miseriarik handienetakoa da ez duela lortu ETB1ekin hazi ginen umeak, behin heldu bihurtuta, ETB1era lotzea. Argi esan beharko da ETB1ek programazio ona daukala umeentzat, ondo bikoiztutako marrazki bizidunekin eta euskara egokian. Baina hortik aurrera, ume horiek heldu bihurtzen direnean, aukera ez da sekula ETB1 izango, ezpada beste kateren bat, tartean ETB2. Euskara txakurren eta umeen hizkuntza dela ondo erakusten du, beraz, ETB1ek.

Uztaileko eztabaida hartan, telebistako aurkezlea eta ni bat gentozen gauza batean: euskaraz egiten diren saioak, oro har, ez direla erakargarriak. Ez gentozen bat hori konpontzeko moduetan: bere ustez, euskara kontu serioekin erlazionatzen da, eta euskarazko saioetan umorea sartu behar da, gatza eta piperra gehitu behar da. Basetxea edo Sorginen Laratza bezalako saioak behar direla esan zidan, kontuan izan gabe saio horietan, askotan, gehiago entzuten dela gaztelania euskara baino. Ezin bat etorri berarekin: ETB1ek dituen saiorik onenak, nire ustez, saio serioak dira: Sautrela, Teknopolis, Hitzetik Hortzera, Beste Gu, EiTB Kultura, Wazemank -kalitatezko umorea egiten dute, beraz saio serioa da-, esate baterako.

Euskarak, telebistan zein kalean, kalitatea behar du lehenengo eta behin: kalitatezko saioak egin behar dira, eta, kalitatearen premisatik abiatuta, saio horietakoren baten ardatza umorea bada, umore hori kalitatezkoa izango da.

ETBko arduradunei, baina, ez dakit askorik ardura zaien euskara. Gatza eta piperra proposatzen digute, konturatu barik euskarak zauri handi bat duela, konturatu barik zaurietara ez dela gatzik bota behar.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan