Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-23 -- 2012.zenb

Landareak: Ganbara bete... bete!

Jakoba Errekondo


Lehengo asteko kalamuaz beste behar du ganbarak, neureak behinik behin... Mongitxoak, pasmo-belarra, azeri-buztana... dagoenerako etxean, neguaren esperorako azken uztak aterperatu behar orain.
Kui edo kurkubiak etxeko abelburu guztiontzako onak izango dira. Mihilu-erreboilak zopa eta zapore berexietarako. Izotzak harrapatu aurretik azken piper eta tomateak bildu, geldu gabe egonagatik jaso; azken kutixi hauek umatzeko leiho baten atzean eguzkitan jarri. Ganbaran zoko ilun, fresko eta oreaturik ez bada upategian edo lurpean bertan hobeto egongo dira patata, beterraba edo erremolatxa, arbi, arbitxo eta arbi-apioa. Azenarioak atera eta kanpoan edukitzez gero, mamia bigundu gabe tente mantentze aldera sartu hondarretan.
Fruituetan sagarrak, udareak, mizpirak eta mahatsa aukeran. Seko sanoa dagoenak soilik merezi du jasotzea, besteak jan edo ontziratu (likore, mermelada...). Mahats mordoak eta udareak ondo irauteko txorten muturra argizariz lakratu. Kiwiondoen hostoak erortzen hasi direnez, geure klima honetan arbolean ia inoiz heltzen ez diren fruitu hauek jasotzeko sasoia da. Jan ahala, heldutako edozein fruiturekin ontzi batean jarri hauek ere heltzeko. Haizearen magalean kiski-kaska erortzen ari diren hur eta intxaur eguzkitan edo toki oreatuan zabalduta lehortu. Indabekin antzera, lekan ondo lehortuz gero alde ederrean aletzen da gero... neronek lehorrak baino gustokoagoak ditut, baina, berritan, fresko eta gozo.
Aurtengoan badut bada beste luxu bat dastatzeko gutizia. Baratzaren bueltan ibili ohi diren lagun batzuk Sizilia aldetik tomate haziak ekarri eta landareak eman zizkidaten. Tomate hau lehortuta jateko hazten da. Oraintxe gorritzen, bildu, azala lixiba ttantta batez garbitu, uretan pasa, ondo baino hobeto xukatu eta lehorrean jaso. Negu partean hidroponikoan, lurrik gabe alegia, hazitako freskoen aldean...

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan