Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-23 -- 2012.zenb

Komunikazio teknologiak «bi munduak» gerturatzeko

Ainara Sarobe

Nazio Batuen Erakundeak Informazioaren Gizarteari buruzko Munduko Goi-Bilera abian jarri zuen duela bi urte. Informazio eta komunikazio alorrean teknologia berrien garapenak aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak eragin dituela dio eta Nazio Batuak jabetu dira teknologia hori guztion zerbitzura jartzeko premia dagoela. 2003an Genevan (Suitza) egin zuten lehen atala eta bigarren atala azaroan amaituko da Tunisian. Aurrez, Bilbon, azaroaren 9tik 11ra agintari lokalak bilduko dira gaiari buruz hausnartzeko.


Nazio batuen ustez, agintari lokalak dira Informazioaren Gizartearen sustatzaile nagusienetakoak, hau da, hiriak, erregioak eta administrazio deszentralizatua duten gainerako entitateak. Horiek omen daude, Estatu mailako aginteekin alderatuz, hiritarrarengandik gertuago. Nazio Batuek diotenez, lehenengo aldiz, sektore pribatuak eta gizarte zibilak munduko goi-bilera batean parte hartzeko aukera izango du. Nazio Batuek murriztu egin nahi dute Lehen Mundua eta Hirugarren Mundua deitutako bi munduen arteko urruntasun digitala. Erakundearen ustez, informazio eta komunikazio alorreko teknologiek, adibidez, Internetek, herrialde behartsuenetan bizi diren hiritarrei abantaila sozial eta kulturalak ekar diezazkioke.

Nazio Batuen Erakundeak abian jarritako proiektuan lau kontinentetako -Asia, Afrika, Europa eta Amerika- 1.500 milioi hiritar ordezkatzen dituzten 18.000 hiri eta eskualde ari dira lanean.

Bilbon, Hirien eta Agintari Lokalen Informazioaren Gizarteari buruzko Munduko II. Goi-Bilera honetan, Afrikako, Europako, Asiako eta Latinoamerikako 2.000 ordezkari lokal elkartuko dira.

Bilboko goi-bileran hamabost alor jorratuko dituzte. Hauek dira horietako batzuk: Software librea, e-Kultura eta Identitatea, Garapen Iraunkorra, e-Osasuna, e-Hezkuntza, e-Business, Azpiegiturak, e-Administrazioa eta e-Demokrazia. Lau hitzaldi egingo dituzte, arlo geografiko bakoitzeko bana: Europa, Afrika, Latinoamerika-Karibe eta Asia-Ozeano Barea.

Agintari lokalak beren nahiak, beharrak eta eginkizunak azaltzeko elkartu dira eta Hirien eta Gobernu Lokal Batuen erakundea sortu dute. Lehen bilera Lyonen (Frantzia) egin zuten 2003ko abenduan. Bertan, Informazioaren Gizarte demokratikoa, berdintasunezkoa, anitza eta guztion eskuragarri egongo dena lortzeko printzipioak ezarri zituzten. Hurrengo bilera Bilbon, Euskalduna Jauregian, azaroaren 9tik 11ra artean egingo dena da.

Bilboko goi-bilera prestatzeko segidako hiru pausoak emango dituzte: Lehenik eta behin, agintari lokalen ordezkariak mobilizatuko dira eta baita Informazioaren Gizartean dagokien zeregina eta Gizarte horrek dakartzan erantzukizunak eztabaidatzeko prest dauden elkarteak ere. Bigarrenik, sektore publiko, pribatu eta Nazio Batuetako kideen artean partaideak ezarriko dira, herrialde guztien garapena bultzatuko duten aplikazioak eta e-zerbitzuak garatu ditzaten. Azkenik, agintari lokalen ekarpenak biltzeko aukera emango duten hainbat ekitaldi egingo dira, bai teknikoak bai politikoak. Prozesu horretan ezarriko dira, hain zuzen ere, Informazioaren Gizartearen garapenari buruz eskura daukagun ezagutza etorkizunean elkartrukatzeko oinarriak.

Bilboko bileran ateratako ondorioak azaroaren 16tik 18ra artean Tunisian egingo den Munduko Goi-Bilerara eramango dituzte agintari lokalek.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan