2005-10-23 -- 2012.zenb
Saskia onddoz betetzeak baditu bere lanak. Garai honetan, udazkeneko tenperatura epelaren (10-25º) eta eurite handien ondoren, lurrazpian bizi diren onddoek beren gorputz ugalkorra kanporatzen dute gure atseginerako. Naturan kolore, forma eta tamaina guztietakoak daude, baina guk gutxi batzuei baino ez diegu erreparatzen. Kolpea jotzen duenean leku eta momentu aproposean egotean datza erronka. Leku heze eta ilunak dituzte gogoko. Eta hainbeste zale dabiltzan lekuan, derrigor malkarretan ibili behar zerbait topatu nahi izanez gero, bestela jai dugu. Onddo biltzaile amorratuak bere izerdiaz ordaintzen du jaki paregabea. Badira profesionalizatu direnak ere eta dirutza galantak irabazi dituztenak izaki bizidun hauen kontura. Belateko basoan onddo dibertsitatea izugarria da. Noski, denetarik dago, zartaginerako onak eta txarrak direnak, guztiek dute beren lekua baso zabal hauetan. Kate trofikoari dagokionez, materia organikoaren ustelketan parte hartzen dute, deskonposatzaileak dira, gure basoak garbi mantentzen dituzte. Onddoen bila gabiltzala, askotan asko pentsatu gabe, aurrean topatzen dugun guztia labanaz moztu edota ipurditik ateratzeko ohitura dugu, nahiz guretzat txarrak direla jakin. Guk behar ez baditugu ere, naturak behar ditu. Saia gaitezen beraz, izaki bizidun ikusgarri hauek errespetatzen.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa