Gaurko ibilbidea, Aratxuriko xendra, zailtasunik gabeko ibilbidea da, desnibel gutxikoa, oinez nahiz bizikletaz egin daitekeena. Bertara inguratzeko, Belateko portura doan N-121 errepide zaharra hartu behar dugu. Iruñetik bagatoz, Ultzamako Bentak pasa eta 300 bat metrora, eskuineko aldean aparkalekua ikusiko dugu.
Kotxea aparkalekuan utzi ondoren, ezkerrera panel bat topatuko dugu, Belateko ibilbideen berri ematen diguna. Ibilbide hau Belateko kultur ondarearen berreskurapen proiektuaren barruan eginiko ekintzetako bat da. Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoa da, bere natur eta kultur ondarea gordetzeko. Belateko erabilera anitzak, abeltzaintza, basogintza, turismoaà bateragarri egiteko proiektua da. Izan ere, Belate Europako Batasunak "Interes Bereziko Leku" aukeratutako natur gunea da. Cederna-Garalur elkartearen proiektu honetan parte hartzen dute Ultzama eta Baztango Udalek, Plazaola Partzuergo turistikoak, Bertiz Partzuergo turistikoak, Orgiko hariztia eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak.
Ekin diezaiogun, bada, ibilbideari.
Erromatar galtzadan
Edonora begiratzen dugula ere, baso zabalak topatuko ditugu. Halako batean, bidegurutzera iritsiko gara. Ezkerrera, aldapan goiti, GR-12ak jarraitzen du bere ibilbidea; nahi izanez gero, zutarrien ibilbidea egin daiteke, Gartzaga, Okolin eta Saioa gailurretara igoz. Guk eskuinera hartuko dugu: aldapan beheiti, Aratxuriko xendrak Belateko Santa Maria baselizara eramango gaituena. Bide zahar eta dotorea da, Belateko galtzada erromatarra. Ikerlariek diotenez, galtzada II. edo III. mendekoa da. Erromatar Garaikoa, Galia eta Iruñea biltzen zituen bidea. Bide honetatik, Bidasoako ibarreko punturen batean, beste bideren bat abiatuko zen Oiarso bailarara joango zena.
Santa Maria baseliza
Belateko kultur ondarearen berreskurapen proiektuaren barruan, baselizaren berreskurapen proiektua gauzatu zen. Oraindik ere bertan ikus daitezke baselizaren konponketan erabilitako materialak. Baselizaren aurrean, teilatua berritua badu ere barrutik desegina dagoen etxean, bidea markatuko diguten seinaleak topatuko ditugu.
Bidegurutzean eskuin, pagadira
Orbel bizia
Pagadian bagaude ere, urkiak, hurritzak, hostazuriak topatuko ditugu, pixkanaka urtaroko eskaerei erantzunez hostoak galtzen ari direnak. Bidea jarraituz, eskuinera, harri molde handiekin topo egin dugu, konglomeratuekin. Harri zati desberdinez osatutako arroka sedimentarioak dira, goroldioz inguratuak. Eroritako borda pasa dugu eta ondoan hildako animalia baten hezurrak daude, bertako abeltzaintzaren lekuko. Ibilbidea zoragarria da azken zatian. Berehala bidegurutzean eskuinera hartu beharko dugu, seinalea jarraituz. Kotxeen hotsek adierazi digute errepidea gertu dugula. Aldapa txiki bat igo ondoren, berriz ere abiapuntura iritsi gara. Osteratxoa egin ondoren, aukera aproposa bertako jatetxeren batean bailarako produktuak dastatzeko.
Saskia onddoz betetzeak baditu bere lanak. Garai honetan, udazkeneko tenperatura epelaren (10-25º) eta eurite handien ondoren, lurrazpian bizi diren onddoek beren gorputz ugalkorra kanporatzen dute gure atseginerako. Naturan kolore, forma eta tamaina guztietakoak daude, baina guk gutxi batzuei baino ez diegu erreparatzen. Kolpea jotzen duenean leku eta momentu aproposean egotean datza erronka. Leku heze eta ilunak dituzte gogoko. Eta hainbeste zale dabiltzan lekuan, derrigor malkarretan ibili behar zerbait topatu nahi izanez gero, bestela jai dugu. Onddo biltzaile amorratuak bere izerdiaz ordaintzen du jaki paregabea. Badira profesionalizatu direnak ere eta dirutza galantak irabazi dituztenak izaki bizidun hauen kontura. Belateko basoan onddo dibertsitatea izugarria da. Noski, denetarik dago, zartaginerako onak eta txarrak direnak, guztiek dute beren lekua baso zabal hauetan. Kate trofikoari dagokionez, materia organikoaren ustelketan parte hartzen dute, deskonposatzaileak dira, gure basoak garbi mantentzen dituzte. Onddoen bila gabiltzala, askotan asko pentsatu gabe, aurrean topatzen dugun guztia labanaz moztu edota ipurditik ateratzeko ohitura dugu, nahiz guretzat txarrak direla jakin. Guk behar ez baditugu ere, naturak behar ditu. Saia gaitezen beraz, izaki bizidun ikusgarri hauek errespetatzen.
![]() |
|
||||
2012 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa