Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-23 -- 2012.zenb

Euskararen normalizazioan politikaren pisua

Onintza Irureta


Lau mahaikideen artean hitz egiten lehena Paula Kasares izan zen eta beste ezer baino lehen, gogorarazi zuen Iparraldeko ordezkaririk ez zela mahaian eta pena zela. Lau hizlariek beren txostenetako jarduna laburbildu zuten eta aurrera egiteko moduak baditugula azpimarratu bazuten ere, garbi adierazi zuten datozen 20 urteotan ez dugula euskararen erabateko normalizaziorik ezagutuko.

Ondorengo iritzi trukaketarako haria Joxe Jabier Ińigok eman zuen. Ińigok azpimarratu zuenez, euskararen normalizazioan, arlo sozialean eta norbanakoaren mailan, gutxi-asko asmatzen ari gara, baina arlo politikoan eragiten ez. Datozen 20 urteotako klabe moduan azaldu zuen politikaren alorra, eta gizarte eragileak eskas sumatu ditu instituzio eta alderdi politikoei eragiten. Gai hau jorratzea zaila dela onartu zuen. Estatu burujabea izatearen garrantzia mahai gaineratu zuen. Arlo politikoan lan egiten ez bada, beharbada, euskararen katastrofeaz edo bukaeraz hitz egin beharko dugula adierazi zuen. Kontzientzia politikorik edo apustu politikorik ez egotea azpimarratu zuen Ińigok, euskara lehentasunetatik at dagoela, alegia, euskararen alorrean ez dagoela ausardiarik. Hitzok Miren Mateori begira esan zituen eta Mateok honakoa erantzun zion: «Hizkuntz politika epela egin dugula diozu? Beroa? Hotza? Batzuk hotzagoa egitea ere nahiago zuten. Malguak garela? Bai, gerri pixka batekin jokatu dugu». Ińigok hizkuntz politika ez molestagarria egiten saiatzen direla esan zion Mateori eta azken honen ustez, «hizkuntz politika beti izango da molestagarria, baina inposatuta ez dago ezer». Entzuleen galderak hasi aurretik euskararen normalizazioan estatua izateak ala ez izateak duen garrantziaz aritu ziren hizlariak. Ińigok estatua izatearen berebiziko garrantzia aipatu zuen eta Mateok euskara normalizatzeko autogobernua badugula erantzun zion eta zera gaineratu: «Hizkuntz politika ezin dugu kolore bakarrekoa egin». Erramun Osak gogorarazi zuen euskararen eremua abertzaleena eta ez abertzaleena dela.


Hizkuntz politika Lehendakaritzan

Hizkuntz politika Kultura Sailean zergatik dagoen galdetu zion entzule batek Miren Mateori; bere ustez, kokapen egokia Lehendakaritza litzateke. Honela erantzun zion Mateok: «Lehen Lehendakaritzan zegoen hizkuntz politika, baina ez zuen pezetarik ere. Nahiago dut organo periferikoa izatea eta baliabideak izatea. Ez dut uste, hala ere, Jaurlaritzan hizkuntz politikak duen kokapena denik soluzio bidea». Erramun Osak berriz, hizkuntz politika Lehendakaritzan kokatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen.

Mateori aurkeztu zitzaion hurrengo gaia honakoa izan zen: euskara ikastea erronka positibotzat hartu beharrean, jendea behartuta sentitzearena. Presioaren eta atsegintasunaren arteko nolabaiteko oreka egon beharko lukeela aipatu zuen entzuleak. Miren Mateok erantzun zion egitura politikoak ez dakarrela berez normalizazio politikorik. Eta zera gaineratu zuen: «Ez dut uste inposaketa jokabide ona denik, baina bai, tentsio puntua mantendu behar da gizartean, deseroso xamar senti dadila». Horren harira Joxe Jabier Ińigok aipatu zuen nola Kontseiluak eskatu duen, Katalunian dagoen moduan, euskararen ezagutza derrigorrezkotzat hartzea. Dena den, eskaera hori ez du uste Ińigok inposaketa denik.

EAEko hizkuntz politikaz bero-bero aritu baziren hiru hizlari (batez ere Mateo eta Ińigo) azken hitza Paula Kasaresek izan zuen, berak esan bezala Nafarroako «periferia»tik: «Nafarrok EAEren esperientzia dugu erreferentzia, baina batzuetan antzeko miseriak aurki ditzakegu batean eta bestean».

Ezin esan etorkizuna ezkor irudikatu zutenik hizlariek, nahiz eta mahai-ingurua baikortasun kutsuagatik nabarmendu ez, eta beraz, Kasaresek katalan bati hartutako esamoldea gogoratuko dugu: «Egin dezagun euskaraz egin daitekeen guztia eta erdaraz euskaraz egin ezin daitekeena».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan