Katixa Garate
Zinemara beldurrez
Urriaren 29an hasiko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Astea Paco Plazak telebistarako egindako Cuento de Navidad filmarekin eta azaroaren 5a arte beldurrezko makina bat film ikusi ahal izango da. Hamahiru film lehiatuko dira sail ofizialean eta publikoak erabakiko du zein izango den irabazlea. Besteak beste, Beneath Still Waters (Brian Yuzna), Antikorper (Christian Alvarten), Evil aliens (Jake Westen), La monja (Luis de la Madrid), Seven Swords (Tsui Harken) eta Next Door (Pal Sletaune) izango dira lehian. Film laburren sail ofizialean hamabost laburrek hartuko dute parte eta hamar labur lehiatuko dira Dama sarirako, Koldo Almandozen Amuak eta Igor Legarreta eta Emilio Pérezen El gran Zambini azken horien artean. Horiez gain azken bi hamarkadetako Espainiako beldurrezko zinemari eskainitako zikloa eta sei erakusketa -euskal komikiaren gainekoa da bat- apailatu ditu jaialdiak.
BAD zazpigarrenez
Dantza eta antzerki garaikidearen azken tendentziak ikusi ahal izango dira Bilboko VII. BAD jaialdian, urriaren 21etik 30era bitarte. Hogeita hamar ikuskizun inguru eskainiko ditu Bilborock, Arriaga, La Fundición, Bilbaoeszena aretoetan eta Arriaga plazako Karpaespazioan: Hamelin (Animalario eta Vania), Historia natural (Matarile), Psitt!!! Psitt!!! (Gelabert-Azzopardi), El festín de los olvidados (Gaitzerdi), Pressioa (Txusma & Lagunak)... Emanaldiez gain, Kaleko Arte Eszenikoen III. Jardunaldiak egingo dituzte, kaleko arteen estetikaz hitz egiteko. Urriaren 25etik 28ra hogei orduko Proiektu eszenikoen kudeaketa + Microsoft project ikastaroa eskainiko dute. Hitzaldiak ere ez dira faltako: Ramon Bareak Euskal Herriko antzerkiaren historiaz hitz egingo du, Marta Oliverasek jaialdiez eta programazio iraunkorraz hitz egingo du...
Poesia astea Bilbon
Kataluniako, Eskandinaviako, Espainiako eta Euskal Herriko poetek hartuko dute parte Bilboko Poesiaren Astean. Hilaren 19an poeta katalanei helduko zaie txanda. Josefa Contijochek, Anna Aguilar-Amatek eta Francesc Parserisasek eskainiko dute errezitaldia eta Serratek emanaldia eskainiko du Arriagan. 20an Eskandinaviako poetei, Lasse Soderberg eta Jan Erik Voldekei, pasako diete lekukoa eta 23an Itxaro Bordak, Miren Agur Meabek, Castillo Suarezek eta Edorta Jimenezek parte hartuko dute. Halaber, Gabriel Aresti eta Lauaxeta omenduko dituzte.
Praile Haitz 1: errituen kobazuloa
Aurkikuntza garrantzitsua egin du Aranzadi zientzia elkarteak Debako Praile Haitz 1 kobazuloan. Izan ere, Goi Paleolitoko Madeleine garaiko altxorra gorde du 15.500 urtez. Cromagnon gizakiak eskuz landutako eta grabatutako 29 pieza aurkitu dituzte: harri beltz leuneko lau lepoko, ahuntz hortzez eginiko bat eta 12 zentimetroko zintzilikari bat tartean. Orain arte, garai bereko aztarnategietan agertutako arrastoak eguneroko bizimoduko tresnenak ziren eta Praile Haitz 1ekoak aldiz, objektu apaingarri ugari izaki, kobazuloa jarduera berezientzako gunea zela adierazi dute Aranzadiko ikerlariek.
* * * * * * * * * * * * * *
Xalbador eguna antolatu du Deiadarra elkarteak urriaren 30erako. Urepelen izango da eta ekitaldi ugari prestatu dituzte okasiorako. Xalbadorrek askotan kantatu zion mendiari eta eguna mendi ibilaldi batekin hasiko dute. Patxi Lascaray eta Jon Belokik mendian egindako argazkiak izango dira ikusgai. Eta Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin batera, Mizel Mateo eta Gillen Iribarren gazteak arituko dira kantuan.
Surfa eta filmak bat eginik. Urriaren 23a bitartean, izango dute zer ikusi surfzaleek Donostian egingo den Surfilm jaialdiaren hirugarren aldian. Alde Zaharreko Liburutegi Nagusian, Patxi Oliden oriotarrak 1970 eta 1978 bitartean egindako surf taulen erakusketa paratu dute, Itxastresna izenekoa. Oliden dugu Espainiako Estatuko lehen surf taulen egilea. Urriaren 19an Mundakako olatuaren desagertzearen gaineko hitzaldia izango da Aquariumean. 20tik 22ra surfaren gaineko dokumental eta filmak eskainiko dituzte Antzoki Zaharrean (Takeshi Kitanoren A Scene at the Sea, Angus Dunlopen The Elusive...). Bukatzeko, festa egingo dute 22an Guardetxean.
Félix Viscarret zinemagile nafarra lehen film luzea errodatzen ari da egunotan Nafarroako hainbat herritan: Bajo las estrellas. Fernando Aranbururen El trompetista del Utopía eleberria du oinarri eta Enma Suárez eta Alberto San Juan aktore nagusi.
Nafarroako Antzerki Eskolak hogei urte bete ditu. Aktore andana atera da bertatik, baina NAEren lana ez da hezkuntzara mugatu. Antzerki programazio interesgarria eskaintzen du. 20 urte bete dituen arren, oraindik ez du ikasketa ofizialik eskaintzea lortu.
Iker Barandiaran eta Iban Toledok RIP talde mitikoaren gaineko DVDa egin dute: RIP, punkaren 25 urteko historia bizia (Goiena eta Gaztelupeko Hotsak). RIP taldeak zuzenean jo zituen baina grabatu ez zituen hamalau kantu ere badakartza DVDak.
Harkaitz Canok irabazi du euskal literaturako Euskadi saria Belarraren ahoa narrazioarekin (Alberdania). Haur eta gazte literaturakoan, aldiz, Xabier Olaso gailendu da Pupuan trapua poesia liburuarekin. Azaroaren 22an jasoko dituzte sariak.
Josu Goikoetxearen hitzok jaso zituen Berriak: «Nori begira jarri behar ditugu gaiak? Bertsolariari begira, noski, baina gai jartzaileak ez du kontuan hartu behar zer entzulego daukan? (...) Txapelketa bertsolariak neurtzeko plaza dela ez dut hain argi. Jokoa edo jolasa da txapelketa? Jokoa bada, entzulea ere zaindu beharko dugu. Bata hobetsi gabe, eta bestea kaltetu gabe».
Raquel eta Fernando Beittu Art Galleryko arduradunak Deian: «Gertatu izan zaigu, behin baino gehiagotan, margolanaren prezioa zein den esatea eta lapurra deitzea aurpegira (...) Jende askok ez du ulertzen kolore nahaste horren atzean, marra lodi horien atzean... erabaki horien guztien atzean urte askotako lana dagoela, hausnarketa luzea. Osagile, fisikari edo kimikari bati ez zaio bere lana zalantzan ipintzen. Zergatik ezin da gauza bera pentsatu artistetaz?».
Arantxa Iurre Kontaizun: «Antzerkia oraingoz ez da euskal kulturaren parte, eta neurri batean ulertzekoa da bere egoera, hemen antzerki tradizioak 30 urte besterik ez baitauzka. Dirua banatzeko orduan horrek zera esan nahi du: musika eta gainerako kultur esparruek lehentasuna dutela. Nola jendeari antzerkia ez zaion interesatzen, ez digute kasu handirik egiten erakunde publikoek».