Katixa Garate
Aupa Etxebeste! estreinatu zenetik, jendea erruz hurbiltzen ari da aretoetara. Irusoin ekoiztetxeak esan duenez 40.000 ikusle behar ditu filmak errentagarri izateko.
T. Esnal: Dirua berreskuratzeko 40.000 ikusle behar diren eta halako datuak guk ez dakizkigu. Guk ez dugu asmo horrekin egin pelikula, horiek azken finean produkzioko arazoak dira. Ahalik eta jende gehienak ikusi hainbat hobe, horretarako egin dugu.
A. Altuna: Gu gustura geratu gara, bai pelikula egin genuenean bai edukitzen ari den harrerarekin. Hasieran perspektiba guztiak apurtu zizkigun Zinemaldiko harrerak eta kritikak zelan hitz egin duen pelikulagatik, baita Gazteriaren sariak ere.
T. Esnal: Pena bakarra, Espainian jendea ez doala zinemara filma ikustera. Agian promozio ahalegin gehixeago egitea bazegoen kanpoko merkatuan, baina tira.
Hain zaila al da ekoiztetxeek euskarazko film bati babesa ematea?
A. Altuna: Agian lehen zen zaila. Nik uste orain Aupa Etxebeste!rekin jende gehiago animatuko dela. Datuek esaten dute bertsio originala ikustera askoz jende gehiago joan dela bikoiztutako bertsiora baino eta ez hemen bakarrik. Espainian ere badago jarrera hori, euskaraz ikustea gustukoa dute eta jendeak ere eskertu egiten du. Euskarak ez du mugatzen, batzuetan lagundu ere bai. Bat-batean hizkuntza zahar baina zineman berria entzutea eskertu egiten du jendeak eta igual aldatzen ari dira gauzak. Nik uste pelikularen kalitateak eta emaitzak duela eragina. Pelikula gustukoa bada, igual da euskaraz edo erdaraz egotea.
T. Esnal: Pelikulak balio badu balio du.
Arlo ugaritan esan ohi da euskaldunok onak garela gauzak egiten, baina ez ordea saltzen.
A. Altuna: Guk asko ikasi dugu saltzen.
T. Esnal: Leku guztietan bezala, jende ona dago hemen saltzeko. Normalean zerbait egiten ona dena gero saltzen ez da ona. Baina ez dut uste euskaldunen kualitatea denik. Nire ustez, saltzeko jende espezializatua da ez dagoena. Katalunian, adibidez, garrantzi handiagoa ematen zaio saltzeari eta hemen egiteari, baina ez zineman, arlo guztietan baizik. Italiarrek, berriz, dena saltzen dute, diseinu italiarra agian ez da diseinu ona baina asko saltzen dute.
A. Altuna: Topikoa eta mitoa da. Enpresa munduan, hemen, oso saltzaile onak daude. Baina hori zinemara aplikatzean, denetik dago.
Oro har, kritika onak jaso ditu filmak hemengo komunikabideetan. Espainiako Estatukoen eta atzerrikoen berri izan al duzue?
T. Esnal: Gehienak onak izan dira. Bi txar eduki ditugu, bat El Correokoa eta bestea El Mundokoa, Metropolikoa. Besteak ondo, El Paísen, ABCn eta La Razónen ondo. Cinemaníakoa ere oso ona. Ezin gara kexatu. Txarra izango zen baita ere denak onak izango balira.
Film duina dela esan dute kritika bat baino gehiagotan. Gutxieneko maila emango ez zuen halako beldurra ote zegoen?
A. Altuna: Pretentsiorik gabeko istorioa da. Istorio xumea kontatu nahi genuen, efektu berezi eta izar barik... Nik uste horregatik diotela duina edo txikia dela.
T. Esnal: Kritikariek nahi dutena esan dezatela. Gu ez gara hasiko haiek esaten dutenaren gainean hitz egiten.
Zenbat aldiz erantzun behar izan diozue "zergatik euskaraz" galderari?
A. Altuna: Askotan eta Telmok ere askotan erantzun dio.
T. Esnal: Eta zergatik ez? Hasieran segurua zen galdera hori elkarrizketa guztietan. Azken boladan ez digute egiten, baina seguruena ostegunean Sevillara goazenean (urriak 13) galdetuko digute.
Zinemaldian estreinatu zenuten eta Gazteriaren saria jaso. Zinemaldian atzerriko banatzaileak interesatuta agertu al ziren zuen filmarekinn?
T. Esnal: Media Luna enpresa alemanak interesa agertu zuen eta berak errepresentatuko du filma mundu mailan. Esaten dutenez, mundu mailan zinema banatzaile garrantzitsuenetakoa. Lanean hasi dira eta gu zain gaude, ea zer esaten duten.
Esan izan duzuenez, zinema jaialdietan duzue jarrita esperantza leihatilan baino gehiago.
A. Altuna: Ez genekien filmak zein harrera izango zuen. Harrera ona izan dela eta, hemen, leihatilan funtzionatzen ari dela ikusita, orain kanpora joan nahi dugu, beste pauso bat eman. Gu ahal den pelikula onena egiten saiatu gara eta konplexu barik alde guztietara bidali nahi genuen.
T. Esnal: Esperantza geneukan pelikulak balio propioa izango zuela film bezala eta badaukala konturatu gara leihatilakoa ikusita. Astero-astero gehiagora joan da. Pelikula jada ente bat da, bizitza propioa dauka. Guk beti pentsatu izan dugu errazagoa izango zela hemendik kanpora eramatea, Europara, Espainiara baino. Azkenean ez da zaila izan Espainiara eramatea kritikari dagokionean. Leihatil beste mundu bat da, merkantila.
A. Altuna: Negozioa da. Dirua atera nahi baduzu, inbertitu egin behar duzu eta ez baduzu inbertitzen ez duzu hartzen, nahiz eta pelikula ona izan. Badira, hala ere, ondo saltzen diren pelikula txarrak.
T. Esnal: Dirurik ez daukagula jakinda, konfiantza gehiago genuen zinema jaialdietan.
Saltsa sortu da filma gaztelaniazko azpitituluekin eta gaztelaniara bikoiztuta ematen ari direlako eta euskara hutsezkorik ikusterik ez dagoelako. Zer diozue?
A. Altuna: Oso argi eduki dugu guk beti ez genuela bertsio bikoizturik nahi, azken batean hori ez delako gure pelikula. Baina tira, guk kontratua sinatu dugu ekoiztetxe batekin eta gure lana momentu jakin batean bukatzen da. Galdera hori ekoiztetxeari egin beharko diozu.
T. Esnal: Dena dela, kristoren aurrerapausoa eman dugu. Polemika hori sortu bada, filma pantailetan delako da. Lehengo urtean ez zuen inork horretaz hitz egiten. Ekoiztetxea da banatzailea eta beraiek erabakitzen dute negozioa nola egin, nola atera diru gehien. Hala egitea erabaki dute eta guk hor ez dugu parterik.
Umoreak garrantzia handia du zuen lanetan. Komedia baino, Aupa Etxebeste! drama dela diozue.
T. Esnal: Istorio gogorra umore askorekin kontatua, hori da gure definizioa. Telebistan egiten duten publizitatearekin (komedia barregarria) ez gara gehiegi identifikatzen.
A. Altuna: Komedia, drama... etiketa horiek ez zaizkigu gehiegi axola. Gu ez gara komedia egitera joan, ezta drama egitera ere. Hasi idazten eta istorioak horra eraman gaitu.
Belaunaldi ezberdinak eta bizitzeko hiru modu agertu dituzue filman. Diruzaletasunaren eta kontsumismoaren kontrako kritika ere egin duzue.
A. Altuna: Etxean sartzen den familia honen bidez istorio asko kontatu nahi izan ditugu. Ez da kritika sakon eta zorrotza, umoretsua baizik. Gaur egun nola bizi garen kontatu nahi izan dugu. Konturatu barik gurpil batean sartzen zara eta azkenean kanpora begira bizi zara.
T. Esnal: Ez genuen ezer sakonik kontatu nahi. Barre pixka bat egin nahi genuen. Hiru belaunaldik lanaren prozesua nola ikusten duten agertu dugu eta guk hirurei egiten diegu barre. Aitonaren mentalitateaz, Patriciorenaz eta semearenaz egiten dugu barre.
Filmak Berlangaren, Buñuelen, Ferreriren... eragina duela esan dute.
T. Esnal: Pelikula egiten dugunean ez diegu beste pelikulei begiratzen. Zine mota bat gustatzen zaigula, Berlanga gustatzen zaigula egia da, baina ez bere pelikula guztiak. Nik ez dut zuzendari kuttun bat, zuzendari askoren pelikulak dauzkat buruan. Berlangaren antza duela bukaeragatik esango dute, Bienvenido Mr Marshallengatik.
A. Altuna: Prozesu osoan, gidoiarekin hasten zarenetik, pelikulak ikusten dituzu baina ez zara kopiatzen hasten. Denetik jaten duzu eta ez bakarrik Berlanga eta Ferrerirengandik.
Itxurakeriaz dihardu filmak. Zineman ere ez da faltako halakorik.
T. Esnal: Asko dago, leku guztietan bezala. Zu Zinemaldira joaten zara eta beti jende bera ikusten duzu, gauza bera estreinaldietan. Ni Madrilen bizi izan naiz eta beti ikusten zenuen jende bera estreinaldietan. Ni lan egiten nuen pelikuletara baino ez nintzen joaten. Jende asko bizi da itxurakeriaz. Zineman zure irudia saltzen ari zara azkenean eta itxurakeria asko dago.
A. Altuna: Guri horrek ez gaitu askorik eragiten. Guk igual segitzen dugu, jertsea gerrian eta aurrera.
Filmaren bizitza ez da aretoetan bukatuko, gero DVDan aterako da.
T. Esnal: DVDan berehala aterako da. Baliteke honezkero Interneten ere zintzilikatuta egotea. Pelikula bat ez da inoiz bukatzen, pelikula hor egongo da bizitza guztian, hemendik urtebetera Canal Plusen jarriko dute, gero Euskal Telebistan, gero ez dakit nongo zine forumean...
A. Altuna: Esaten dute azkenean pelikulek transatlantikoetan bukatzen dutela, bertako zine aretoetan.
Zer zor dio Aupa Etxebeste!k Telmo Esnali? Eta Asier Altunari?
T. Esnal: Ez dakigu, hainbeste denbora pasatzen dugu elkarrekin ez dakigula zer duen batena eta bestearena.
A. Altuna: Guk filma aurrera ateratzeko egin dugu lan, ez bakoitzarena ateratzeko. Hori oso argi eduki behar da, bakoitzak bere aldera tiratzen badu, ezin da.
T. Esnal: Ideia berea da.
A. Altuna: Eta Telmorena faktura.
T. Esnal: Ez, hori bion artean egin dugu.
Eta zer eman dizue filmak bakoitzari?
T. Esnal: Niri poza eman dit. Kursaaleko lehen pase hartako momentua oso polita izan zen. Argiak itzali eta ikustea mundu guztiak okurritu zaizkizun txorrada guztiekin erreakzionatzen duela, jendeak barre egiten duela, ondo pasatzen duela eta bukatzean denak kontentu ateratzen direla zinetik. Sentsazio polita da.
A. Altuna: Niri konfiantza ere eman dit. Kristoren erronka da eta kristoren lana. Bukatzea lortzen duzunean izugarria da eta gero publikoarekin borobiltzea... Horrek guztiak azkenean konfiantza ematen dizu esateko «egin diagu».
T. Esnal: Esateko «kapaz izan gara hori egiteko».
Bolo-bolo dabiltza filma eta zuen izenak, baina orain langabezian zaudete.
A. Altuna: Medioetan bi astetan egunero ateratzen zara eta badirudi gelditu ezinik zabiltzala.
T. Esnal: Badirudi diru piloa irabazten ari garela, baina ez da horrela. Guk obra kontratu bat izan dugu pelikula bukatu arte. Horren barruan promozioa ere sartzen zen eta orain horretan ari gara. Jada pelikula ez da gurea, ekoiztetxearena da. Guk gure lana egin genuen, gidoia idatzi, zuzendu ahalik eta ondoen eta handik aurrera... Ez daukagu ezer orain eta berehala hasi beharko dugu zer edo zer egiten, bestela...
Bost urte eman dituzue gidoia prestatzen. Beste bost urte itxaron beharko ditugu zuen beste filma bat pantailan ikusteko?
T. Esnal: Edo gehiago.
A. Altuna: Ez dakit. Istorio bat hartu eta ondo eduki arte ez da irtengo, prozesuak oso motelak dira.
T. Esnal: Espero dugu beste film bat egiten badugu, ez baitakigu egingo dugun, errazagoa izatea finantziazioa lortzea. Hori espero dugu, hau ondo doalako. Baina noiz izango den, ez dakigu.
A. Altuna: Prozesua luzea izan da, baina ez gidoiarengatik, baizik eta ez zegoelako dirurik martxan jartzeko.
T. Esnal: Ez ginen horretara dedikatzen, beste lanetatik oporrak hartzen genituen film honen gidoia idazteko.
Azken hamarkadan film labur asko egin dira, baina luzerik batere ez. Urtetako oasiaren ostean, euskarazko zinema ernatuko dela uste al duzue?
T. Esnal: Ari da, Kutxidazu egiten ari dira zinemarako eta gero Aitzpea Goenagarena (Zeru horiek) telebistarako, baina ez Aupa Etxebeste!ren eraginez. Ez dut uste gure pelikulak eragin handirik izango duenik. Diru laguntzak ematen badituzte piztuko da.
A. Altuna: Zuzendariak behar dira. Euskaraz zuzentzen duen jende gutxi dago, gu bezala laburrak egin dituztenak badaude, baina ez dira hamar, hiru edo lau baino ez. Pelikula bat ateratzea urte asko kostatzen da eta bat-batean ez da boomik egongo eta 7 pelikula batera aterako... Poliki-poliki egingo dira gauzak, orain arte bezala.
Jon Gurrutxaga
Lehen lana duela bi urte argitaratu eta gero, hamahiru kantaz osatutako lan berriarekin datorkigu hirukote donostiarra. Oraingo honetan diskoetxe baten babesarekin gainera. Izan ere, Bizzionbizzi Oihuka zigiluak kaleratu du. Hamahiru kanta horien artean Euskal Herrian Euskaraz elkartearen hogeitabosgarren urtea ospatzeko egin zuten kanta biltzen da bonus track gisa. Eta Tori nire sexua izeneko abestiaren bideoklipa Iñaki Beraetxek grabatua. Kanta zuzenek eta punk-rockeroek osatzen dute lan berria, ekainaz geroztik makina bat kontzertu eskaintzeko aukera eman dizkieten kantek.
Ez dira berriak musika munduan Surfin Kaoseko partaideak, izan ere, aurretik beste hainbat proiektutan ibilitakoak dira. Koldo Soretek (gitarra eta ahotsa), Ibon Etxebestek(bateria) eta Dabid Gilek (baxua) osatzen dute banda gipuzkoarra. Aurretik Soret eta Etxebeste Mugatik taldean izan ziren elkarrekin. Horrez gain, Soret Utikan, Euripean Sua eta Lau Itzalen ere aritu da. Eta Dabid Gil Kolore Biziak eta Gurutze Beltzak taldean aritu izan da Etxebesterekin batera. Ramones, Foo Fighters edota AC/DC bezalako taldeen jarraitzaileak dira donostiarrak eta beraien musika estiloan nabaritzen ez den arren, badute glam rockaren eraginik ere. Batez ere, estetikan igartzen da eragina: janzkera, orrazkera, makillaje pixka bat... Egia esan, diskoaren azaleko arrosa koloreak ere laguntzen dio irudimenari eremu sentsual horietan barneratzen.
Azkenean Oihuka
Bizzionbizzi Andoaingo Garate estudioan hezurmamitu da. Eta Haritz Harreguy izan dute teknikari eta ekoizle. "Aurreko lana Garateko beheko estudioan grabatu genuen eta EHEko kanta goiko estudioan grabatu ostean diskoa ere bertan grabatzea erabaki genuen", diosku Soretek. Estreinako lana autoekoitzi egin bazuten ere, ez dute arazorik izan disko berria zigilu batekin argitaratzeko. Dena den, guztia ez da hasieran pentsatu bezala joan. Gor izan zen donostiarren lanaz interesatu zen lehen diskoetxea. Eta hasieran zigilu nafarrak hartu zuen Bizzionbizzi karrikaratzeko konpromisoa. "Gure asmoa lan berria ekainean kaleratzea zen, maiatzerako estudioa erreserbatua genuen eta entseatzen genbiltzan jo eta ke. Baina halako batean Gorrekoek diskoaren kaleratzea irailera arte atzeratzeko asmoa zutela jakinarazi ziguten. Gu jadanik martxan geunden eta udan jadanik kontzertuak eskaintzeko asmoa genuenez Oihukara jo genuen", esan digu taldeko gitarjole eta abeslariak. Lehenagotik ere zigilu honek Surfin Kaosen lan berria kaleratzeko gogoa azaldua zuen. Lehen eskaintzan Surfin Kaosek ezezkoa eman zion Oihukari, Gorri hitza emana zion-eta. Kasu honetan, ordea, taldekoak ziren ate joka. Hasiera batean taldea Oihukara diskoa fabrikatu eta zabaltzeko asmoz joan bazen ere, azkenean bete-betean murgildu zen zigilua hirukote punk-rockeroaren proiektu berrian.
Zigilu bat atzean izateak estudioan denbora gehiagoz aritzeko aukera eman die, besteak beste, gipuzkoarrei. Aurreko laneko hamabi kantak hiru egunetan grabatu zituzten bitartean, Bizzionbizziz erditzeko hamahiru egun eman dituzte Garaten. "Soinu hobea lortzeaz gain, musikari bezala denborarekin hazi egin garela uste dut, taldeak sendotasuna hartu du eta hori igarri egiten da bai konposizioetan eta baita soinuan ere", dio Soretek.
Rock&rolla zainetan
Jarreran eta hitzetan oso presente du Surfin Kaosek rock&rollaren kontzeptua. "Rock&rolla, hondartza eta petak bueltan" edota "boltioak eta batioak... omnioak eta rokanrolla" bezalako esaldi esanguratsuak entzun daitezke beraien kantetan. "Musika estiloaz gain, esanahi gehiagorekin ulertzen dugu rock&rolla, guk asko sinesten dugu gure harrikadan. Entseguetatik hasi, diskoa grabatu eta guztia bizi dugun moduagatik aipatzen dugu hainbeste rock&roll hitza kantetan", adierazi dute Etxebeste bateria joleak eta Soret gitarra jole eta abeslariak.
"Bizzionbizzi tituluarekin bizitzari ahal den zuku gehien atera behar zaiola adierazi nahi izan dugu", dio Etxebestek. Aurreko lanarekin putzuaz bestaldera egin zuten salto eta Brasilen eskaini zuten kontzerturen bat edo beste. Oraingo honetan ere, kilometroak egiteko prest daude eta ez dira aurrekoaren aldean motz geldituko. Izan ere, jadanik hasiak dira Japoniara joateko dirua aurrezten. Horrez gain, Europako pare bat herrialde bisitatzeko asmoa ere badu hirukoteak. Eta aukeren artean Berlin eta London dira momentuz gehien erakartzen dituzten hiriak.
Azken urteotan eman den punk-rockaren loratzearekin batera iritsi zaigu Surfin Kaosen lan berria. Izan ere, bai Euskal Herrian eta bai atzerrian ere estilo hau jorratzen duten hainbat talde eman dira ezagutzera azkenaldian. Abeslariaren ustez musikan zikloak errepikatu egiten dira aldika eta, heavya berriro "modan" jarri den moduan, punk-rockaren momentua ere heldu da. Horren lekuko dugu, adibidez, Azkena Rock Jaialdia, Euskal Herriko rock jaialdirik garrantzitsuena eta estatuko onenen artean dagoena.
Pilar Iparragirre
70 ipuin. Hainbeste al dira bekatuak?
Kontzientzia zama daukagun bitartean, bekatua existitzen da. Badago gizarteak ontzat hartzen duen bekatuari buruzko definizio orokor bat eta baita bekatuen sailkapen nagusi bat ere -hiltzea, bortxatzea, lapurtzea...-. Bekatu hauek edo legezkoak ez diren jokabide hauek katalogatuta daude eta horietakoren batean eroriz gero, bakoitzari dagokion zigorra ere zehaztuta dago. Horiek ez zitzaizkidan interesatzen libururako. Eguneroko bizitzan, ordea, bekatu handi hauetatik aparte ibiltzen gara, eta hala ere, ongiaren eta gaizkiaren marra fin horren harian sentitzen dugu geure burua. Ongi al dago hau egitea, bestea esatea, hurrengo hura sentitzea?
Hortaz, zer da bekatu gaur egun?
Nork bere moralaren arabera erabakitzen dugu zer den bekatua edo egingarria eta zer ez. Baina guk eta gure bikoteek, guk eta gure seme-alabek, guk eta gure lankideek, guk eta gure lagunek, ingurukoek, bakoitzak ongiaren eta gaizkiaren arteko marra fin hori leku ezberdin batean kokatzen dugu. Niretzako bekatu dena baliteke aldamenekoarentzat ez izatea. Eta hortik dator gaur egungo gizartean pairatzen ari garen sufrimenduaren eta ez ulertuaren zati handi bat.
Liburuaren helburuak?
Batetik, bekatu denaren eta ez denaren artean dagoen marra mugitu egin dela adieraztea. Bestetik, lehen bekatutzat hartzen ez ziren hainbat gertakizun, sentimendu, adierazpen... orain bekatu direla adieraztea.
Pilar Iparragirre
Bizi behar dugu
Xanti Zapirain, Kaiku
Txalaparta
208 orrialde 15 euro
Hamar urte ezkutuan
Biziak musu ematen baldin badizu, hartu eta gozatu. Horixe da Xanti Zapirain Kaiku errefuxiatuak Bizi behar dugu liburuaren irakurleari ematen dion aholkua, bere bizitzako pasarterik gogorrenetarikoak kontatu eta gero. Laurogeigarren hamarkadaren lehen urtetan hasten da bere aitorpena, Iparraldean bizi ziren errefuxiatuek GALen sarraskiaz gain era guztietako polizien segizio etengabea jasan behar izan zutenean. Paperak kentzen zizkieten, eta ia astero jartzen zuten norbait Polizia espainiarraren eskuetan. Igeltsero izan nahi zuen Xanti Zapirainek, eta biziki ahalegindu zen horretan, baina ez zuen lortzerik izan, emaztea eta bi haur txiki Hendaian zuten etxean bakarrik utzi eta hamar urtez han-hemenka ezkutuan pasa behar izan zituelako.
«San Sebastián, avanzada teatral» (1900-1950)
Mº Luisa Ibisate Elícegui
Kutxa Fundazioa
566 orrialde
19 euro
XX. mende hasieratik Donostiak ezagututako antzerkiaz
Kutxa Fundazioaren Doctor Camino Institutuaren eskutik Mª Luisa Ibisatek osatutako lan honetan XX. mendearen hasieratik 1950 urtera arte Donostiak ezagutu zuen antzerkiaren berri ematen da, irrati bidezko saioak eta beste jarduera osagarri batzuk ahaztu gabe. Bide batez, kontura dakartza Principal, Bellas Artes, Pequeño Casino, Miramar edo Victoria Eugenia bezalako antzokiak, hala nola antzerkiaren munduan ondo gogoan geratu diren hainbat erakunde pribatu, irakaskuntza-zentro, klub, elkarte zibil eta erakunde sindikal eta politikoak. Euskarazko antzerkiak ere badu bere tokia liburuan, 1936an galerazia izan zen arte bizi izan zuen gorakada nabarmena jasotzen da bertan . y
Hego Euskal Herriko Fiskalitatea. 2004
Batzuen artean
Manu Robles-Arangiz Institutua
68 orrialde
Soldatak, zerga iturri nagusi
Gure erakundeek ez digutela fiskaltasunari buruz behar dugun informazio guztia ematen-eta -nahiz eta publikoak eta gardenak izan beharko luketeen datuek- , 2004. urtean Hego Euskal Herrian aurrera eramandako fiskalitatea aztertu du ELA sindikatuko Azterketa Bulegoak. Honako ondorio hauetara iritsi da: batetik, bai Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Ogasunak bere menpe duen lurraldean egiten den presio fiskala Europako Batasuneko txikienetakoa dela; bestetik, zerga iruzurra ez dela asko gutxitu eta, hori, iruzurraren aurkako borroka eskasaren ondorio baino ez dela. Eta, oro har, soldatapeko biztanleria dela zerga bilketaren iturri nagusi. Beraz, lan errentak eta ekonomi errentak dituztenen arteko aldea handitu egin dela berriro ere.
Edurneren
kondaira
Antton Irusta
Desclée
65 orrialde 7 euro
Pirinioetako Gaztelu Madarikatua
Antton Irusta ipuin kontalariak sortu eta Enrique Morentek marraztutako istorio honetan, artzainaz maitemindu zen damaren erresuminaren ondorioz Pirinioetako gaztelu batek jasandako madarikazioaren berri ematen zaigu. Izan ere, dama horrek artzain gaztea nahi zuen beretzat, baina hark Edurne maite zuen, bera bezala artzain zen neska polita. Hori jakin zuenean, damaren maitasuna gorroto bilakatu zen, eta mendeku gisa, neska hil zezala agindu zion bere konfiantzako zerbitzari bati. Edurnek, ordea, ahalmen ikaragarriak zeuzkan amabitxia zuen, eta hark, damaren erasotik babesteko, mila urteko loaldia ezarri zion artzain bikoteari, eta biak lore bihurtu zituen, lore zuri eta urdin. Damak, hori jakin orduko, horrelako loreak erauzteko agindu zien bere soldaduei.
Soberanía o subordinación
Tomás Urzainqui
Pamiela
230 orrialde 17 euro
Tomás Urzainquiren azken lana
Gizarte demokratikoak bere Estatu burujabea behar du, burujabetzarik gabeko demokrazioarik ezin delako izan. Horixe uste du Tomás Urzainqui historialari nafarrak, eta horregatik osatu du Pamiela argitaletxearen bidez kaleratu duen Soberanía o subordinación. No hay democracia sin sociedad soberana izenburuko saioa, Nafarroan konstituzionalki azken berrehun urteotan eman diren urratsak jasotzen dituen liburua. Tomás Urzainquiren aburuz, Nafarroako Estatua da euskal hiritar ororen Estatua, eta beraz, bere zuzenbide sistema oso-osorik berrezartzea izan behar du helburu Euskal Herriak, Nafarroako Estatu europarraren sistema hura, Espainiak eta Frantziak bortxatutakoa.
Izar / Laminen mundua
Iraultza Partarrieu Elissalde
Gatuzain
20 or. / 6 euro
Hazparneko Izarri gertatutakoak kontatzen dituzten bi ipuin
Iraultza Partarrieu Elissaldek sortutako pertasonaia da Izar, zazpi urteko neskatila bihurria. Aurreneko liburuxkan haren nondik norakoak eta hainbat lagun aurkezten dizkiguten bi ipuin daude bilduak. Izar deritzanean, egun euritsu batean aitonaren baratzaren azpian ezagutu zituen lagunen berri ematen zaigu. Bigarrenean, Laminen mundua izenburukoan, pazko egun batez etxe ondoko oihanean gorderik zeuden txokolate arrautzen bila joan, eta Izar eta bere lagun onenak egindako aurkikutzaren berri.
Bekatuak
Ana Urkiza
Elkar
200 orrialde 14,40 euro
Ongiaren eta gaizkiaren arteko marra fin hori
Edozein entziklopediatan aurki daitekeen bekatuari buruzko definiziotik abiatu zen Ana Urkiza Bekatuak ipuin bilduma osatzerakoan. Baina, hain zuzen ere, Zazpi Bekatu Kapitalak ez ziren islatu nahi zituen hobenak, bekatu denaren eta ez denaren arteko marra mugitu dela aditzera eman nahi baitzuen bere lanean, irakurlearen esku utziz bere ustez liburuan agertzen diren kasuak bekatuak diren edo ez. Bekatutzat ez ditugun egoerak eta kontzientziari min handiena egiten diotenak, eta gainera, aitortu gabe eta, beraz, garbitu gabe gelditzen direnak. Bekatuak liburua osatzen duten 70 ipuinak era esanguratsuz sailkatuak daude: Gonbita, harrokeria du izena lehen multzoak. Mendekua, utzikeria, bigarrena. Desleialtasuna, hirugarrena. Kontzientziaren zama, laugarrena. Isiltasuna, inbidia, bosgarrena. Esplotazioa, seigarrena. Faltsukeria, itxurakeria, zazpigarrena. Tentazioa, zortzigarrena. Lapurreta, hilketa, zortzigarrena. Sekretua, saldukeria, bederatzigarrena. Indarkeria, damua, hamargarrena. Eta Sexua, inozentzia, hamaikagarrena eta azkena. Istorio txikiak kontatu nahi izan ditu Ana Urkizak, istorio oso irekiak eta agerikoak, batik bat irakurlea istorioaren muina eztabaidatzera bideratu nahi izan duelako.