Azken hamar urteetan Elkarriko nazioarteko harremanen arduradun izan den Gorka Espiauk Washingtonen iragango ditu datozen hamar hilabeteak eta AEBtako Bakearen aldeko Institutuarentzat (USIP) Euskal Herriko gatazkari buruzko txostena egingo du. Institutu hau AEBtako Kongresuak sortu zuen eta munduan zehar diren gatazken kudeaketa eta irtenbideak aztertzen ditu. Elkarri aldizkariaren 119. zenbakian elkarrizketa interesgarria egin diote Espiauri eta bertan munduan zehar euskal gatazkaz entzundakoen berri zabal eta zehatza ematen du.
Ainara Sarobe
Nazio Batuen Erakundeak Informazioaren Gizarteari buruzko Munduko Goi-Bilera abian jarri zuen duela bi urte. Informazio eta komunikazio alorrean teknologia berrien garapenak aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak eragin dituela dio eta Nazio Batuak jabetu dira teknologia hori guztion zerbitzura jartzeko premia dagoela. 2003an Genevan (Suitza) egin zuten lehen atala eta bigarren atala azaroan amaituko da Tunisian. Aurrez, Bilbon, azaroaren 9tik 11ra agintari lokalak bilduko dira gaiari buruz hausnartzeko.
guztia irakurri
Onintza Irureta
Lau mahaikideen artean hitz egiten lehena Paula Kasares izan zen eta beste ezer baino lehen, gogorarazi zuen Iparraldeko ordezkaririk ez zela mahaian eta pena zela. Lau hizlariek beren txostenetako jarduna laburbildu zuten eta aurrera egiteko moduak baditugula azpimarratu bazuten ere, garbi adierazi zuten datozen 20 urteotan ez dugula euskararen erabateko normalizaziorik ezagutuko.
Ondorengo iritzi trukaketarako haria Joxe Jabier Ińigok eman zuen. Ińigok azpimarratu zuenez, euskararen normalizazioan, arlo sozialean eta norbanakoaren mailan, gutxi-asko asmatzen ari gara, baina arlo politikoan eragiten ez. Datozen 20 urteotako klabe moduan azaldu zuen politikaren alorra, eta gizarte eragileak eskas sumatu ditu instituzio eta alderdi politikoei eragiten. Gai hau jorratzea zaila dela onartu zuen. Estatu burujabea izatearen garrantzia mahai gaineratu zuen. Arlo politikoan lan egiten ez bada, beharbada, euskararen katastrofeaz edo bukaeraz hitz egin beharko dugula adierazi zuen. Kontzientzia politikorik edo apustu politikorik ez egotea azpimarratu zuen Ińigok, euskara lehentasunetatik at dagoela, alegia, euskararen alorrean ez dagoela ausardiarik. Hitzok Miren Mateori begira esan zituen eta Mateok honakoa erantzun zion: «Hizkuntz politika epela egin dugula diozu? Beroa? Hotza? Batzuk hotzagoa egitea ere nahiago zuten. Malguak garela? Bai, gerri pixka batekin jokatu dugu». Ińigok hizkuntz politika ez molestagarria egiten saiatzen direla esan zion Mateori eta azken honen ustez, «hizkuntz politika beti izango da molestagarria, baina inposatuta ez dago ezer». Entzuleen galderak hasi aurretik euskararen normalizazioan estatua izateak ala ez izateak duen garrantziaz aritu ziren hizlariak. Ińigok estatua izatearen berebiziko garrantzia aipatu zuen eta Mateok euskara normalizatzeko autogobernua badugula erantzun zion eta zera gaineratu: «Hizkuntz politika ezin dugu kolore bakarrekoa egin». Erramun Osak gogorarazi zuen euskararen eremua abertzaleena eta ez abertzaleena dela.
Hizkuntz politika Lehendakaritzan
Hizkuntz politika Kultura Sailean zergatik dagoen galdetu zion entzule batek Miren Mateori; bere ustez, kokapen egokia Lehendakaritza litzateke. Honela erantzun zion Mateok: «Lehen Lehendakaritzan zegoen hizkuntz politika, baina ez zuen pezetarik ere. Nahiago dut organo periferikoa izatea eta baliabideak izatea. Ez dut uste, hala ere, Jaurlaritzan hizkuntz politikak duen kokapena denik soluzio bidea». Erramun Osak berriz, hizkuntz politika Lehendakaritzan kokatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen.
Mateori aurkeztu zitzaion hurrengo gaia honakoa izan zen: euskara ikastea erronka positibotzat hartu beharrean, jendea behartuta sentitzearena. Presioaren eta atsegintasunaren arteko nolabaiteko oreka egon beharko lukeela aipatu zuen entzuleak. Miren Mateok erantzun zion egitura politikoak ez dakarrela berez normalizazio politikorik. Eta zera gaineratu zuen: «Ez dut uste inposaketa jokabide ona denik, baina bai, tentsio puntua mantendu behar da gizartean, deseroso xamar senti dadila». Horren harira Joxe Jabier Ińigok aipatu zuen nola Kontseiluak eskatu duen, Katalunian dagoen moduan, euskararen ezagutza derrigorrezkotzat hartzea. Dena den, eskaera hori ez du uste Ińigok inposaketa denik.
EAEko hizkuntz politikaz bero-bero aritu baziren hiru hizlari (batez ere Mateo eta Ińigo) azken hitza Paula Kasaresek izan zuen, berak esan bezala Nafarroako «periferia»tik: «Nafarrok EAEren esperientzia dugu erreferentzia, baina batzuetan antzeko miseriak aurki ditzakegu batean eta bestean».
Ezin esan etorkizuna ezkor irudikatu zutenik hizlariek, nahiz eta mahai-ingurua baikortasun kutsuagatik nabarmendu ez, eta beraz, Kasaresek katalan bati hartutako esamoldea gogoratuko dugu: «Egin dezagun euskaraz egin daitekeen guztia eta erdaraz euskaraz egin ezin daitekeena».
Fresnes, La Santé, edo Marsellako Les Baumettes espetxeak ezagunak dira Euskal Herrian azken urte luzetan Frantziako euskal presoen egoera jarraitu dutenentzat. Egoera gogorra eta baldintza eskasak oso orokorrak dira Frantziako espetxeetan eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisario Alvaro Gil-Roblesek, espetxeak eta atxiloketa gunek bisitatzeko egin duen bisitaren ondoren, egoera «izugarria» dela aitortu du. Bisitatutako toki batzuk Europan ikusi dituen txarrenetakoak direla aitortu du, eta adibide gisa jarri du Parisko Justizia Jauregiko atxiloketa gunea. Gil Roblesek salatu duenez, Nicolas Sarcozy barne ministroa izan da Europa osoan egindako bidaietan berarekin bildu ez den barne ministro bakarra.
Mikel Asurmendi
Normalizazioa, prozesua edota konfrontazio hitzak azaldu dira elkarrizketan. Kontzeptuak kontzeptu, hona German Kortabarriak zehaztutako bat: «Ezker abertzalea kontzeptua baino ENAM (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) izendatzea hobesten dut». Sarreran aipatutako Hausnarketarako agiriaren "Burujabetza irabazteko konfrontazio demokratikoa prestatu" izenburuko txostenak sorrarazitako erreakzioak baloratuz abiatu dugu solasaldia.
Zein da erreakzioez egiten duzun balorazioa?
Dirudienez, txostenak batzuei hausnarketarako aukera eman die, eta beste batzuei buruko edo tripako mina. Gure asmoa ez da inori inolako mina ematea izan. Guk aldian aldiko egoera politikoaren azterketak egiten ditugu. Aldion, batetik, itxaropenerako arrazoiak ikusi ditugu. Jarrera eta tonu politikoak aldatu dira, borondate eta konpromisoak mahai gainean agertuz joan dira, orain urte bat ez zeudenak. Bien bitartean, «ELAk zer dio?» entzun dugu han-hemenka. Horiek horrela, gure ekarpena egin dugu, baita zuhurtzia handiz egin ere.
Baten batek aldion joka-lekutik kanpo edo missing egon zaretela esan du.
Ez, inola ere ez. Guk ez dugu onartzen missing egon garenik. Batzuek joka-lekuak ezartzen dituzte eta, gure ustez, era unilateralean ezarri ere. Hasteko komeni da gogoratzea gu sindikatu bat garela, ez daukagu aspertzeko astirik, ez gara missing ibiltzen. Eguneroko lanean aldarrikapen eta lan gogorrak egiten ari gara, baita erakunde mailan egin ere. Alde horretatik ELAk badu zereginik. Hori batetik, eta bestetik, gu arlo politikoan egon gara eta egongo gara.
Pernando Barrenaren hitzetan "kezkatuak omen zaudete konponbidearen egunaren ondoren sor daitekeen joka-leku politikoarekin".
Inondik inora ere ez. ENAMn badago horrelako irakurketa bat, eta horrek harritu egiten nau. Tankera horretako iritziei ez diet antzik ematen. Gu konponbidearen egunaren ondoren kezkatuak? Irakurketa hori, batzuek erakunde eta alderdien arteko harremanak lehia klabean ulertzen dituztelako da. Eta gu ez gaude klabe horretan. Aitzitik, guk alderdi eta erakundeen arteko harremanak eta aliantzak irabazteko egiten direla pentsatzen dugu. Eta ez, nik zure kontura irabazi eta zuk nire kontura, baizik alde biek irabaziz. Lizarra-Garaziko Akordiora iristeko klabea hori izan zen.
Lizarra-Garaziko Akordiora iristeko eskema ulertzea funtsezkoa da, antza.
Garai hartan LAB eta ELAren artean diferentzia handiak ziren, dudarik gabe, egoera bera ere oso gogorra zen eta elkarlanak oztopo handiak gainditu behar zituen, baina helburu bateratu batzuk genituen. Lizarra-Garaziko Akordioa bi sindikatuen elkarlanak ahalbidetu zuen -beste askoren lana ahaztu gabe-. Abertzaleok batuz gero, geure helburuak hobeto lortzeko indar eta errespetu gehiago, baita mobilizaziorako eta borrokarako gaitasun gehiago genuela ohartu ginen orduan. LABek «ELArekin batera ondo goaz, irabazten ari gara» pentsatu zuen, eta guk ere bai. Baina Lizarra-Garaziko Akordio garaian LABek, ELArekiko elkarlana sendotu beharrean, lehiari lehentasuna ematea erabaki zuen. Hori da behintzat gertatutakoaz egiten dugun irakurketa. Eta, noski, lehia kezka nagusi bihurtzen denean, elkarlana hondatuz doa. Ez orduan eta ez orain, gu ez gaude esparru-lehiari begira, denoi irabazteko balioko digun esparrua eraikitzeari begira baino.
ENAMn PSOErekin bidea jorratzeko aukera ikusten dute nonbait.
Eta guri hori oso ondo iruditzen zaigu. Guk, aldiz, hainbat gai ez ditugu nahiko landuak eta garbiak ikusten. Hala ere, gai delikatuak dira eta ari denari egiten utzi behar zaiola pentsatzen dugu. Alde horretatik guk zuhurtziaz eta errespetu osoz jokatu dugu, eta gurekin aldiz ez da horrela jokatu. Guk denbora luzea daramagu egurra jaso eta jaso. ELA deskalifikatzen ari dira. Gu errespetatzen ari gara besteak egiten ari direna, baina gu ez gara sartuko gure burua ikusten ez dugun lekuan. Eta eskema batzuetatik kanpoan geratzea erabaki badugu ere, ez dugu beldur eszenikorik. Hala ere, ELAk gizartearekiko ardura dauka, eta aurrena bere afiliatuekiko ardura. Eta alde horretatik, zuhurtziaz eta tentuz bada ere, egoerari buruz dugun iritzia adieraztera behartuta geunden; horregatik erreakzio batzuk lekuz kanpo daudela iruditzen zaigu.
Nazio Eztabaidaguneak azken jardunaldia Zarautzen burutu berri du. LAB bertan dago. ELA ez. Zertan dago bi sindikatuen arteko elkarlana?
Oraindik arlo batzutan elkarlanari eusten badiogu ere, oro har ez dago elkarlanik. Guk Nazio Eztabaidaguneari hauxe galdetu genion: "Zer egiten dugu, adibidez, lan harremanen esparruan? Horretaz eztabaidatzen hasten bagara Nazio Eztabaidagunean, norekin aurkituko gara? LABekin, ezta? Eta nola daude gure eguneroko harremanak? Oso gaizki. Horri heldu behar zaio beste ezer egin baino lehen, oinarrizko eztabaida eta akordioak gauzatu ezean gune sinbolikoek ezer gutxirako balio baitute.
Alderdi politikoen arteko mahaia nola ikusten du ELAk?
Alderdien arteko mahaiak "normalizazioa" ekar lezake. Baina prozesu honetan "normalizazio" hitzak zentzu ezberdina du eragile edo parte bakoitzarentzat. Hau da, normalizazioaren bidez ziklo armatuari irtenbide bat bilatzen lagundu dakioke. Balio dezake halaber, gutxienez, alde guztien parte-hartze politikoa bermatzeko, eskubide zibil eta demokratikoak finka daitezen, eta hori guretzat aurrerapauso handia litzateke. Oso ondo, eta laguntzeko prest gaude, lagundu ahal bagenezake behintzat...
Baina?
Baina beste kontu bat da prozesu bide horrek izan ditzakeen mugei buruz egiten dugun azterketa. Eta gure azterketan erratuak egon gaitezke. Baina ulertu gaituztela pentsatzen dugu, bestela ez zuten horrela erreakzionatuko. Erreakzioak prozesu honen ahultasunaren adierazle izan daitezke, gure hausnarketarekin zalantzan jarri badugu prozesua. Zertaz ari dira? Zein da benetan prozesuaren sendotasuna? Ulertzen dugu diskrezioa gorde behar dela, baina gai politikoez ari garenez jendeak ez al dauka eskubiderik gauzak zuzen eta garbi entzuteko, argi mintzatzeko?
«Konfrontazio demokratikoa» beharrezko dela diozue. Josu Jon Imazek ez du horrela uste, antza.
Gure agiriaren aurkako erreakzio nabarmenena Josu Jon Imazena izan da. Alderdi Egunean bera ez dagoela konfrontazio demokratikoaren alde esan zuen. Guk, aldiz, konfrontazio demokratikorik gabe jai dugula uste dugu. Eta Ramon Jauregi ere ez dago konfrontazio demokratikoaren alde. Jarrera horiek oso adierazgarriak dira. Hau da, alderdi espainol nazionalista bakoitzak badu bere proiektua, eta aldi berean alderdiek proiektu bateratua dute. PP eta PSOEren artean badute funtsezko adostasuna: Espainiaren subiranotasuna eta Estatuaren eredua zein den, eta boterea non den adostua dute. Guk abertzaleok ez dugu halakorik, eta gainera, hori izatea debekatzen zaigu. Ramon Jauregiren erantzuna oso bortitza izan da. Zergatik?
«Konfrontazio demokratikoa» kontzeptuak ez dirudi egokia Estatuko ordezkariekin negoziatzeko beraz.
Horrela dirudi. "Hitz hori ez dakit egokiena ote den, konnotazio gatazkatsua duela ematen du", esan zidan lehengoan batek. Orain buen rollito garaia dela ematen du. Bada ez. Konfrontazio demokratikoa espainol nazionalisten eta euskal abertzaleon proiektuak kontrastatzea da. Egungo indar korrelazioak ikusita, ez dut uste arazoa mahai baten inguruan soilik konponduko denik. Konfrontazio demokratikoa da ere gizarteak erabakitzea. Eta gizarteak proiektu horren alde lanean irabazi behar du erabakitzeko gaitasuna.
Kontzeptuak kontzeptu, konfrontazio hitza ez da denen gustukoa.
Guk konfrontazioari ez diogu inolako kutsu agonikoa ematen, agonismoak kalte gehiegi ekarri du herri honetara. Konfrontazioa gure planteamenduei heltzeko modua da, baita borroka gizartean hedatzeko modua ere. Inoiz edo behin entzun izan dugu Lizarra-Garaziko Akordioak huts egin zuela PSOE barnean ez zegoelako. Guk ez dugu hori uste. Jakina, PSOEk akordioan egon behar du, denok gure lekua izan behar dugu. Guk baina, egoera aztertzerakoan, akordiora iristeko lehenik oinarrizko baldintzak behar direla diogu, uneon euskal erabakigunea onartuko duen akordio baterako nahiko indar korrelaziorik ez dago eta baldintzak hobetu behar ditugu. Hasteko, autodeterminazioaren alde gaudenok gutxieneko adostasuna behar dugu. Telesforo Monzonen tesia lurperatu dute. Maltzagaraino abertzaleok elkarrekin joatearena, alegia. Maltzaga EAJrekin akordioa egitea zen eta guk beti esan dugu "egin ezazue akordioa ahal duzuenarekin, ez itxaron Maltzaga hori gauzatu arte». Baina, tira, orain Maltzaga ahaztu eta Estatua eta PSOErekin negoziatzeko bidea landu nahi dute. Segi aurrera, baina...
Baina...
...biharamunean autodeterminazio eskubidearen eta eraikuntza nazionalaren aldeko borrokan segitu beharko dugu. Egun, adostasun minimoa balego denok ahalegin egin beharko genuke fase honetan gauzatzen ari omen den prozesuari babesa emateko. Ados. Gu ez gaude jeloskor kanpoan gaudelako, baina mugimendu sindikalaren barruan ondo ikusiko genuke adostasun bat prozesu honi bestelako babesa eta indarra emateko. Eta agian garbiago hitz egin beharko litzateke, herri honetako jendeak antzematen baititu egoeraren aukerak eta mugak.
«Prozesu soziala eta klase-gatazka aintzat hartuko duen" prozesua landu nahi duzuela diozue. Nola?
Guk gakoa autodeterminazio eskubidean jartzen dugu. Batzuen ustez beste fase batean sartzear gaude, abertzaleren batek esan duenez, eskubide hori ia lortuta dago. ELAren ustez, aldiz, autodeterminazio eskubidea lortzeko borroka latza egin beharko dugu oraindik. Estatu subiranoa azken helburu izan arren, autodeterminazioa puska baterako helburu estrategikoa dela iruditzen zait; autodeterminaziorako prozesuak jendearen borondatea eta konbentzimendua irabazten lagundu behar digu. Herri bezala erabakitzeko konbentzimendua irabazteko faktore batzuk daude, identitateko faktorea funtsezkoa da, baina baita ere gizarte orekatuagoa eta baldintza sozial hobeagoak izango dituena. Hau da, herritarrek eta langileok parte hartzeko aukera emango duen joka-leku politikoa irabazi behar dugu. Izan ere, prekarietatearen aurka eta babes sozialaren alde dauden sektoreek autodeterminazioaren alde izan behar dute. Prozesuan ezin dira identitateko eta gizarte-ereduaren ezaugarriak bereizi. Eta gu langile erakundea gara eta premia horiei erantzun behar diegu.
Azkenik, zer gogoeta egiten duzu Iparraldeko Laborantza Ganbaraz.
Laborantza Ganbara konfrontazio demokratikoaren eredu bikaina da. ELB eragile nagusia izan da, baina bere estrategia nagusia indarrak biltzen joatea izan da. Laborari batzuk Laborantza Ganbarara euskal identitatea dela-eta hurbildu dira, beste batzuk, berriz, Ganbarak bere interesak ondo kudea ditzakeela ikusi dutelako. Konfiantza dute haiengan lana ondo egiten duen jende serioa delako. Babes sozial zabala bilatu dute, Batera plataformaren barruan, esaterako. ELB laguntzea erabaki genuen eta harreman egokiak garatu ditugu. Iparraldeari begira urrats garrantzizkoa eman dugu Robles-Arangiz Fundazioaren bidez. Horrekin lurraldetasunari gure ekarpena egiten ari gara. Guk ez dugu Iparraldean helburu zehatzik planteatzen, bertako egoera dinamizatzen lagundu nahi dugu Fundazioaren bidez. Ezer egiten bada Iparraldetik bertatik egin beharko da-eta.
Ainara Sarobe
Biltzarrean, nazioarteko adituak bildu dira, negozio eskola onenetako irakasleak eta esperientzia handiko enpresa zuzendariak. Sektore guztietako enpresak elkartu dira, hala nola, industria, zerbitzu profesional, aholkularitza, banku zerbitzu, ofimatika edo telekomunikaziokoak. Biltzarrak ikuspegi erabat praktikoa izan du eta Aitor Cobanera, SPRIko zuzendariaren hitzetan, «garrantzitsuena aukeratutako gaietan enpresek azaldutako esperientzia izan da».
Bertaratu diren enpresa motei dagokionez, Cobanerak azaldu duenez, «enpresa handiak txikiekin konbinatu nahi izan ditugu, batez ere Euskadiko enpresa txikiak, mundu honetan sartzen ausartzen ez diren beste enpresa txikientzat ispilu argiago izango baitira. Helarazi nahi duguna da edozein enpresatan erabil daitezkeela teknologia hauek».
Asiako herrialdeetako deslokalizazio prozesua eta konpetentzia kontuan izanda honakoa da mezua: negozioak edo enpresak sendotzeko berriztapena gero eta gehiago bultzatu behar da. Berrikuntza hau lortzeko irtenbideetako bat enpresetan informazio teknologiak erabiltzea da.
Ardoa Interneten
Informazio teknologiak enpresan txertatu dituen enpresetako bat da Grupo Faustino ardo saltzailea. Faustino taldeak duela urtebete sortu zuen web gunea (www.grupofaustino.es) beraien ardoak inportatzen dituzten bezeroentzat eta banakako erosleentzat. Ricardo Aguiriano, Grupo Faustinoko arduradunak azaldu digun bezala, «alde batetik, gure produktuak promozionatzen ditugu web gunean eta bestetik, informazio gune bilakatu dugu gure ardoa inportatzen duten enpresentzat. Hala, bertan, irudiak ere aurki ditzakete, haien katalogoa sortu dezaten». Izan ere, Grupo Faustinok ekoitzitakoaren %60 esportatzen du. Aurrera begira, ardoaren kluba sortu nahi dute eta baita denda birtuala ere.
Grupo Faustinoren web orriak El Correoren web orri onenaren saria irabazi du eta baita Errioxako web orri onenaren saria ere.
www.xelectia.com
Biltzarrean aurkeztu zen beste adibide bat Xelectia, Bikaintasun Komertzioaren Sarea izan zen. Hiru urteko lanaren ondoren, web guneak bost hilabete besterik ez daramatza martxan. Web gune honetan, batik bat, Bizkaiko eta baita Gipuzkoa eta Arabako zenbait denda txikien eskaintza bildu dute. Liburu denda, altzari eta dekorazio denda, larruzko gauza, bizikletak edo arropa saltzen dutenen berri dugu web gune honetan. Ia dendako produktu guztiak banan bana azaltzen dira dagokien informazioarekin eta argazkiarekin.
Atzean geratzeko arriskua
Euskal Herriko enpresek berrikuntzaren alde apustu egiten dutela ziur dago Aitor Cobanera SPRIko zuzendaria. Hala ere, bere ustez, «ikerketa eta garapena errazago ikus daitekeen zerbait da, baina berrikuntza badirudi hor bueltaka dabilen zerbait dela, eta ideia bikainekin duela zerikusia. Ez da horrela, egiten duzuna beste era batera egitea da, edo behintzat saiatzea, zure produktua merkatuan lehiakorragoa izan dadin». Hala ere, berrikuntza edozein mailatan ezar daitekeela azaldu du Cobanerak, bai produktuari, jendeari, prozesuari zein merkatuari lotuta.
Euskal enpresek badakite berritu egin behar dutela, baina motel badabiltza gero egin beharreko jauziak orduan eta handiagoa izan beharko du. Bestela, batzuetan, enpresaren biziraupena ere jarri daiteke arriskuan.
Cobaneraren ustez, etorkizunari begira «dauden bezala geratzea erabakiko duten enpresak egongo dira, baina hori ez da berdin geratzea, atzean geratzea baizik, beste guztiak aurrera baitoaz. Beraz, gu saiatzen gara enpresei haien sektorean dauden aldaketak jakinarazten, ez daitezen atzean geratu».
Enpresa munduan berrikuntzaren eta sormenaren alorra garatzea denen esku dagoela aitortu du Cobanerak. Hau da, «enpresek barneratuta izan behar dute berrikuntzaren garrantzia, baina administrazioak laguntza eskaini behar du eta kontzientzia sortu».
Iturri gehienen arabera 18/98 auzia azaroan hasiko bada ere, badira oraindik horren inguruko zalantzak. Auzitegi Nazionalean egindako epaiketarik handiena izango da eta ez da erraza irudikatzen antolaketa aldetik nola garatuko den hirurogei lagunetik gora epaituko duen auzia. Zortzi hilabetetik gorako iraupena aurreikusten zaio auziari, astelehenetik asteazkenera iraungo du eta Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Penal Aretoko lehendakaria aztertzen ari da uneren batean Bilbora ere ekartzea. Eskubide politikoen eta zibilen zapalketari dagokienez, auziak dakarren jauzia azpimarratzen ari da egunotan auziaren salaketaren ardura bere gain hartu duen 18/98 + Plataforma zabalak. Horren luze iraungo duen epaiketan, une bakoitzean dagokion tentsio maila mantentzea izango da talde honen zeregin zailenetakoa. Dagoeneko abiarazi du Kaiera izeneko ekimena eta jende esanguratsuaren atxikimendua lortu du, besteak beste, Adolfo Perez Esquivel, Bernardo Atxaga eta Pedro Miguel Etxenike.
Hamabost egun Espainiako hiriburu desberdinetan ibili ondoren, hilaren 15ean bukatu zen Madrilen AVTk antolatutako martxa. Bi helburu zituen: biktimak gogora ekartzea eta Zapatero eta ETAren arteko balizko elkarrizketa salatzea. Ezohikoa bada ere, oihartzun mediatikoa hutsala izan da, eta hori, gutxienez, esanguratsua da. Adibide batzuk: bukaera ekitaldiaren biharamunean El Pais-ek lerro bakarra ere ez zion eskaini, El Mundo-k ere ez, El Diario Vasco-k labur bat, ABCk zabalxeago baina Nacional atalean oso atzean eta Diario de Navarra-k orrialde erdi eskas.