Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-10-23 -- 2012.zenb

Patxi Meabe ( Donostiako Justizia eta Bakea-ko kidea)

Gure herriaren bakegintza eta elkarbizitza aztertzen daramatzadan urte luze hauetan, gutxitan bizi izan dut hain aldi itxaropentsurik, aro berriaren hasieran egon gaitezkeela edonon sumatzen baita.

Elkarrizketarako deiak, elkarlana egitea, negoziaketarako mahaiak osatzea, topaguneak... nonahi aldarrikatzen dira. Eta guztia, hala esaten da behinik behin, Herriaren baketzea eta elkarbizitza lortzeko asmoz. Hau horrela ote? Egia esaten ote da gonbidapen hauek guztiak egiten direnean? Kasu! Ez dut inola ere proposamen hauen egiatasuna zalantzan jartzen.

Benetako konfiantzaren oinarria
Baina hala ere -eta ziur nago euskal gizarteko sektore zabaletan aurki daitekeela kezka hau- topagune, elkarrizketa mahai eta negoziazio proposamen horien guztien atzean, bizikidetza baketsu eta demokratikoa ahalbidetuko luketen bideak eta soluzioak bilatzeko benetako borondaterik ba ote dagoen galdetzen diot neure buruari, edota etekin politikoa ateratzera bideratutako beste era bateko estrategiak ote diren. Politika harremanak hain narrastuak daudenean eta pertsonaren funtsezko eskubideak urratzen direnean, konfiantza berriro irabazteko beharrezkoa izango da emandako hitza zorrotz betetzea eta gainerakoen eskubideak errespetatzea. Horregatik, arrazoi osoarekin esan izan da Irlandako gatazkaren gainean, bakea, herrialde hartan, ez dela bakarrik eskubide arazoa, baizik eta elkarrenganako konfiantza kontua, ezin ikusiak gainditu eta elkarrekin bakean bizi ahal izateko. Eta elkarrenganako konfiantza Euskal Herrian aspaldi galdu zen.

Sinesgarritasun demokratikoa
Goiko galdera hori egiten dut -horrekin batera, nire harridura adieraziz- iruditzen zaidalako zenbait alderdi eta buruzagi politiko edo sozialen adierazpen eta posturetan antzematen diren jarrerak eta proposamenak ez direla egokienak lortu nahi diren helburuetara heltzeko. Halaxe da, ez du zentzurik norabide jakin batean adierazpenak egin eta, ondoren, ekintzen bitartez, juxtu kontrakoa aldezteak. Aurkari politikoa kriminalizatu eta hitza ukatzeko zalantzazko legaltasuna duen legea ez litzateke erabili behar. Halaber, elkarrizketaren izatea bera sustraitik baliogabetzen duten baldintzak jartzea elkarrizketarako. Elkarrizketa mahaiak eta topaguneak aldarrikatu ostean, norberaren proposamenak onartzen diren kasuan bakarrik izango dutela arrakasta esaten duena hasieratik ukatzen ari da arazoaren soluziobidea. Eta are kontraesan handiagoan erortzen dira oraindik, bakea eta herriarentzako justizia aldarrikatu eta pertsona eta ondasunen aurka atentatuak egiten jarraitzen dutenak, errealitatearekin zerikusirik ez duen azterketa guztiz sektarioetan oinarriturik. Gauza bera esan daiteke era horretako ekintzen aurrean isilik geratzen direnez. Ezin daiteke ekintzekin ukatu hitzaldi eta aldarrikape- netan adierazten dena.

Bestalde, jendaurrean erreferentzia gisa proposatzen diren zenbait ekintzek, teorian, normalizazioaren eta bakegintzaren zerbitzuan legokeen elkarrizketarako borondate serioa adieraziko luketenak, hori baino gehiago, helburu politiko jakin batzuk lortzeko borondatea adierazten dutela dirudi, elkarrizketa eta negoziazio horren emaitza izan beharko lukeen lorpen adostuaren aurretik.

Sufritzen ari direnekin elkartasuna
Gogora dezagun, baita ere, joan diren asteotan, terrorismoaren biktimen familiartekoen kolektiboek, alde batetik, eta presoen familiartekoek, bestetik, bakegintza eta normalizazio prozesuan partaide izateko borondatea agertu dutela. Ez dut zalantzan jartzen esandako kolektiboen ekarpenaren baliagarritasuna eta uste dut kontuan hartu beharko dela. Biktimen sufrikario etengabea ez da inoiz behar bezala ordainduko. Era berean, ez dugu ahaztu behar oinazea ez dela ezein gizarte talderen ondare esklusiboa. Eta oinazeak ez dio, besterik gabe, arrazoi politikoa ematen pairatzen duenari. Nire iritzian, esandako kolektiboetatik proposatzen diren zenbait eskakizun eta proiektu politiko, guztiz zilegi izan arren, ez dago inposatzerik, inolaz ere, oinazean eta sufrikarioan haiengandik hurbil sentitu arren, halakoekin bat ez datozenei. Uste dut, bestalde, aipatutako kolektiboetatik egiten diren adierazpenetan argiago aldeztu behar luketela bakerako, elkar ulermenerako eta guztien arteko elkarrizketarako borondatea, bazterrera utzi gabe, jakina, justiziaz zor zaizkien eskubide guztien aldarrikapena. Sarri askotan mendekutik askoz gertuago gaude, justizia eta barkamenetik baino. Ez dugu sentiberatasunik minez dagoenarekiko, gutarra ez denean eta honek guztiak gizartea deshumanizatu egiten du.

Preziorik ez duen konpromisoa
Berebiziko balioa ematen diot hainbat kolektibo eta pertsona partikularren ahalegin zintzoari, egoera zailetan, modu anonimoan, etengabe, egunero lan egiten dutelako herritarren arteko bizikidetza zuzenago baten alde. Ordaintzerik ez dagoen lana egiten dute. Lehen begiratuan gutxi badirudi ere, izatez asko da, eguneroko lanak egingo baitu posible, noizbait, gizarte berradiskidetu batera heltzea.

Gorka Moreno Márquez

Joan den hilabetean Katrina urakana izar mediatiko nagusia izan genuen mundu osoko komunikabide guztietan, honen inguruan eginiko gogoeta, ekarpen eta interpretazioak mota askotarikoak izan dira. Niri, kasu honetan, nire haurtzaroko marrazki bizidunetako abestitxo bat etorri zait burura, Willy Fogen ateratzen zena eta "Amerika, Amerika" -marrazki bizidun hauetan Amerikako Estatu Batuei (AEB) buruz dihardute- izenekoa. Bertan Iparramerikako dohainei buruzko laudorioa egiten zen, bere edertasuna eta ametsen lurraldea zela goraipatzen zelarik. Abesti honen hitzak gogora etorri zaizkit George Bush presidenteak Katrinari buruz esandakoak entzun ostean -gauza asko esan ditu, baina beno, ni esaldi bakar batean zentratuko naiz...-. Izan ere, bere hitzak erabiliz, urakanak agerian utzi du orain arte AEBetan ezkutatuta eta erabat ezezaguna zen pobrezia. Eta noski, hau entzun bezain laster artikulu hau idazteko gogoak piztu zaizkit bat-batean.

Benetan ezezaguna al da pobrezia AEBetan? Gauza berria al da? Eta zeinentzat berria? Beste hainbatetan bezala, Bush jaunak beste mundu propio eta marabillosoan bizi dela azaldu digu. Izan ere, AEBetako egoera sozialaren berri, batek baino gehiagok badu eta ez da gauza berria inondik inora. Argi dago Katrinak pobrezia agerian utzi duela eta gordin-gordinik erakutsi dizkigula oso irudi bortitzak. Baina agertu zaiguna AEBetako errealitateetako bat da, ez gehiago, ez gutxiago. Era honetan, Hollywood eta Syllicon Valley-rekin batera New Orleans edo Harlem ere badaude eta ikusi nahi ez duenak itsuarena baino ez du egiten. Zenbait estatutan pobrezia %20 inguru kokatzen da -Louisiana, horien artean- eta lurralde honetan ematen diren ezberdintasun ekonomikoak izugarriak dira: Disney enpresako zuzendariak, adibidez, Orlandoko Disneyworld-eko 4.000 lorazainek batera bezainbeste irabazten du; "torero ilustratu" bati kopiatuz, bi hitzetan esanda "ikaragarria"...

Zentzu honetan, argi dago AEBetan nagusia den ikuspegi neoliberalak eragin izugarria duela, eta ezin da ahaztu hartutako erabaki politiko garrantzitsuenak ideologia honetan sostengatzen direla. Horrela bada, Estatua behartsuenez ahaztu egin da, baina ahanzte honek ez du esan nahi desagertzen direnik, ezta urrik ere. Hona hemen datu bat: aurreko mende bukaeran 40 miloi pertsonek ez zuten inongo osasun segururik AEBetan, baina gaixotu, gaixotu egiten dira, aberatsak baino gehiago... Nahiz eta Bush jaunak pobreak ikusi urakanak agertzen direnean bakarrik, pobreak hor daude urte osoan zehar, aterbe-etxetan, metroko geltokietan edota kale gorrian. Honi, buruz ere, Katrinak erakutsi digu pobreziak kolore jakin bat baduela AEBetan, eta hori afro-amerikarrena dela. Telebistan agertutako zenbait irudik, esaerak esaten duen bezala, mila hitzek baino indar handiagoa dute. Honen inguruan, hona hemen adibide bat, batzuentzat sinesgaitza izango da datu hau, baina benetakoa da: Nueva York hiriko Harlem auzoan, esaterako, gizonezko afroamerikar baten bizi esperantza 54 urtekoa da, Bangla Desh-en bezala...

Katrinak erakutsi dio Bush jaunari pobrezia bere lurraldean badela, hori agerikoa izan da, baina "amerikar amets" honen aurrean zer edo zer egingo al du? Ez dut uste, eta ez dut uste arrazoi batengatik: «amerikar ametsa» emateko «amerikar zorigaiztoa» ere beharrezkoa delako. Neoliberalismoak zatiketa eta bazterketa soziala bultzatzen du eta datu makroekonomiko onak -hau ere eztabaidatu daiteke, baina hori hurrengo baterako utziko dugu- izateko gizarte gaixo bat edukitzea da ordaina. Hauxe al da hain zoragarria eta kopiatu behar den eredua? Europako Konstituzioaren eztabaidan hain modan izan den kontzeptuen jokoa jarraiki, "Europa zaharrarekin" gelditzen naiz, eta zuek?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan