Daniel Udalaitz
Euskal siderurgian talde gailenena da altzairu berezien fabrikazioan; Europan, berriz, nagusietako bat. Sociedad Anónima Echevarría (SAE) taldearen jatorrikoa da Sidenor eta 1882ko Castrejanako Santa Águeda enpresa izan zen sozietate horretako lehena. Ibilian-ibilian, altzairu-fabriken fusio ugariez gain, erdibidean Acerialesen jaiotza ere ezagutu ondoren, Acenor eratu zen 1988. urtean Gobernu Zentralaren eta Euskadikoaren eskutik, eta hartan integratu ziren SAE taldea, Aceros de Llodio, Hernaniko Pedro Orbegozo eta Loiuko Olarra. Guztiek estatuaren kargurako erretiro aurreratuak eta indemnizazioak aplikatuz zegozkien lanpostuak murrizteko planak zituzten. Hurrena, 1995. urtean, Aceros y Forjas de Reinosa eta Acenor fusionatu eta gero, Sidenorren pribatizazioa heldu zen, eta goiko multzoko ia enpresa guztiak desmantelatu ziren, salbu SAEren Basauriko instalazioak, non baitago, hain zuzen, oraingo Sidenorren zentro neuralgikoa. 2000. urtean abiatu zen Basauriko altzairu-fabrika berria. Esportazio oparoei esker, Sidenorrek 721.000 tonako salmentak lortu zituen 2004an, eta 551 milioi euroko diru-sarrera izan zuen. Bost milioi euroko inbertsioa egin zuen, eta 16 milioi euroko irabazia bereganatu. 2004. urtearen bukaeran, 2.241 laguneko plantilla zeukan.
Hik Hasi aldizkaria berrituta
Irakaskuntza alorreko Hik Hasi aldizkariak azken zenbakia (101.a) itxuraldatuta argitaratu du. Hemendik aurrera koloretan izango da eta diseinu berriarekin. Orain arte argitaratu dituzten zenbaki guztiak sarean jarriko dituzte edonoren eskura.
Euskarazko prentsa idatziaren eskaera
2006ko Diru-laguntzetan milioi bat euro gehiago emateko eskatu diote segidako hedabideek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari: ARGIA, Aizu!, Elhuyar, Berria, Gaztetxulo, Xirika, Galtzaundi, Nabarra, Bertsolari, Topagunea, Jakin eta Herriko (Herri Komunikabideak Kooperatibak). Hedabide hauen ustez, azken bost urteotan ez da gehitu euskarazko prentsarentzako diru-laguntza. Gainera, eskatu dute zenbatekoa lehen seihilekoan jakinarazteko eta ordaintzeko. Aurtengo diru-laguntzen kopurua oraindik ezezaguna da.
Euskal Herrian Euskarazen
hausnarketa eta etorkizuneko ildoa
Euskal Herrian Euskarazek urteroko Nazio Batzarra egin du Agurainen eta orain artekoaz hausnartzeaz gain, aurrera begirako ildoak landu ditu. Batetik, barne eztabaida egingo du datorren ikasturtean eta bestetik, bi ekitaldiren berri eman du: azaroaren 26an Ezabaketa Eguna egingo dute eta 2006ko apirilaren 2an, Santurtzin Hizkuntza Eskubideen Eguna.
Unibertsitateak Europar Batasunean
Udako Euskal Unibertsitateak antolatu du jardunaldia urriaren 28an. Europar Batasuneko goi mailako hezkuntza eremua orain ari da antolatzen eta Europako herrialde guztietako goi mailako sistemek eredu berrira egokitu beharko dute. Jardunaldietan prozesu honek Euskal Herriko unibertsitateei nola eragingo dien aztertuko dute.
Ikea lepotik helduta
Ikea multinazionalak Barakaldon ateak ireki zituenean euskararen presentzia urriagatik kexuak izan ziren. Katalunian gogor hartu dute Ikea. Generalitateak espedientea ireki zion otsailean 2006ko produktuen katalogoa gaztelaniaz baino ez argitaratzeagatik. Plataforma per la Llengua elkarteak katalanei eskatu die multinazionala salatzeko. 2006ko katalagoa katalanez dago sarean, aurten itzuli dute katalanera web orria ere eta Llobregat eta Badalonako dendetako seinalizazioek hizkuntz araudia betetzen dute. Katalan batzuk ordea gehiago nahi dute.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak jadanik izendatu ditu Kongresuko Batzorde Konstituzionalean Kataluniako Estatutuaren negoziazioaren zama eramango duten pertsonak. Soledad Gallego-Diaz El Pais egunkariko kazetariak idatzitakoaren arabera, Zapaterok gaurkoz garbi duen gauza bakarrenetakoa da talde honen osaketa: Alfredo Perez Rubalcaba, PSOEko bozeramailea Kongresuan; Jordi Sevilla, Industria ministroa eta PSCko lehendakaria eta Francisco Caamaño, Gorteeko Harremanetarako estatu idazkaria eta Zapateroren konfiantza taldekoa ei dena.